Sareak

☉ Ugao

Ugaoko eskolan sukaldaria berriro kontratatzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Guraso batzuek salatu dutenez, umeek lehenengo platera bukatu ezean, bigarren platereko janaria erretilu berean jan behar izan dute, ontziak garbitzeko edo aldatzeko inor ez zegoelako

|

Maiatzaren 2an Guraso Elkarteak deitutako kontzentrazioa Leitokin // Geuria

Leitokiko jantokian dagoen zerbitzu eskasa salatzeko eta Eusko Jaurlaritzari esku har dezan eskatzeko batu dira gaur Ugaoko eskolan. Guraso Elkarteak deituta, ehunka lagun hurbildu dira goizeko (08:45) eta arratsaldeko (16:30) bi kontzentrazioetara, instituzio publikoak haiekiko duen jarrera “lotsagarria” agerian uzteko.

Izan ere, Aste Santuko oporretatik bueltan, Jaurlaritzak lanaldi partzialeko (5 ordu) kontratua zeukan sukaldariaren baliabidea kendu diela salatu dute herriko elkartetik. Eta bere faltan, jantokian postuari dagozkion lanetako asko egin gabe gelditu direla azaldu dute; janaria prestatzeaz gain, sukaldariak garbitzen ditu ontziteria, mahai-tresnak eta mahaiak, eta berak jartzen ditu otorduak erretiluetan, txanden artean.

Orain arte, jantokiko gainontzeko kideek hartu dituzte lan guzti horiek beren gain, neska-mutilei ahalik eta “arreta egokiena” eman ahal izateko. Dena den, askotan ez da nahikoa izan, gehiegizko lan kargagatik, eta umeek pairatu dituzte pertsonal faltaren eraginak. Guraso batzuek salatu dutenez, umeek lehenengo platera bukatu ezean, bigarren platereko janaria erretilu berean jan behar izan dute, ontziak garbitzeko edo aldatzeko inor ez zegoelako.

Zuzeneko kontratazioa

Guraso Elkarteak azaldu du, behar diren langileak kontratatzea Eusko Jaurlaritzaren zeregina dela, instituzioak berak “zuzenean” kontratatzen dituelako enplegatuak jantoki bakoitzeko ikasle-kopuruaren arabera. Hori horrela, Leitokin lanaldi osoko hiru langile (gaur-gaurkoz, langile finkoak dira), eta lanaldi erdiko beste bat egon beharko lirateke. Baina azken lan erreformarekin, langileak aldi baterako enplegatzeko kontratu mota desagertu egin denez, Jaurlaritzak sukaldaria ikasturte osorako kontratatu beharrean (gutxienez 8 hilabeterako), 6 hilabeteko baino ez du hartu.

“Hilabete hauetan irtenbide bat bilatzeaz ere ez dira arduratu, langile horiek, kontratua amaitzeko unean, arazoa konpontzeko alternatiba bat izan zezaten”, esan dute Guraso Elkartetik. “Jokatzeko modu hori guztiz arduragabea iruditzen zaigu”, salatu dute, eta gehitu Jaurlaritza Leitokin dauden gainontzeko langileen “borondate onaz” baliatu dela, erabakia, nolabait, justifikatzeko.

Komunikaziorik ez

Halaber, ikastetxeko zuzendaritza eta jantokiko arduraduna instituzioarekin kontaktuan jartzen ahalegindu direnean, jasotako zehaztasun falta salatu dute Guraso Elkarteko kideek. Pasa den astean jakinarazi zutenez, hau izan zen Lakuatik heldu zitzaien erantzuna: “Ekoizpenaren gora beherengatiko kontratuak luzatzeko eta zentro berean lan bera egiteko beste pertsona bat kontratatzeko legeak ezartzen duen ezintasunaren aurrean, zentro bakoitzeko sukaldarien plazek betetako ratioa gainditzen duen jantoki zerbitzua catering bidez eskaini beharko dugu”.

Horrela, ezer ez zehazteaz gain, instituzioak harremanetan jartzeko trabak jarri dituela esan dute: “Komunikazioa gero eta zailagoa da, ez baitiete ez telefono deiei ez e-mailei erantzuten”. Gaurko mobilizazioa, beraz, euskal gobernuari erantzukizunak har ditzan eskatzeko baliatu dute: “Ezarritako arauen arabera dagokigun pertsonala bidal dezala”.

BIGE: «Jaurlaritzak hartutako erabakiaren emaitza Basauriko eskoletako plateretan ikusiko dugu»

☉ Ugao

Renfek ukatu du Ugaoko geltokian trenekin ezbeharrik egon denik

Ateak modu egokian itxita ez dauden bitartean eta segurtasun mekanismo bati erantzunez, trena ezin da martxan jarri, Renferen arabera. “Beraz, ezin du inor harrapatuta arrastaka eraman”

|

Aldiriakeko C3 lineako tren bat // Geuria

 Xabier Zaballa de la Fuente ugaotarrak herriko tren geltokian azken 10 urteetan gertatu diren gorabeherak erregistratu ditu, GEURIAn azaldu bezala. Izan ere eta Ugaokoaren hitzetan, 2012an Aldiriakeko tren baten ateek bidaiari bat harrapatu ostean eta martxan ipini zen. Iazko irailean antzeko egoera bat bizi izan zuen 64 urteko ugaotar batek herriko geltokian: “Trenera igotzen ari zela ateak itxi eta berokiaren poltsiko batetik zintzilik zeraman aterkia harrapatu zuten ateek”, azaldu du Zaballak. “Trenak pertsona arrastaka eraman zuen nasatik aterkiaren kirtena apurtu arte”.

64 urteko herritarrak gertaera hura salatu zuen Renfen eta Ugaoko Udalak, gertakari hauen berri izan ez duela aitortu arren, herritarren kexak RENFEri bideratzeko prest dagoela iragarri du.

Zaballaren arabera, arazo honen atzean bihurgunean kokatutako geltokiaren “ikuspen falta” dago: “Era honetako ezbeharrak gertatu izan direnean makinistek behin baino gehiagotan aitortu digute ikuspen arazoak dituztela Ugaoko tren geltokian”.

Renfek kontrako ikuspegia azaldu du lehen momentutik egoera honen aurrean. Alde batetik, eta tren enpresako iparraldeko komunikazio taldeak GEURIAri adierazi bezala, Ugaoko tren geltokiari dagokionez, Renfetik azaldu dute Ugaokoa bihurgune batean eraikita egon arren, tren geltoki guztiek “segurtasun araudia modu zorrotzean betetzen dutela % 100ean”.

Renfe: “Treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”

Beste alde batetik, enpresako komunikazio ordezkarien arabera, gaur egun “pentsaezina” da tren batek pertsona edo objektu bat arrastaka eramatea, ateak modu egokian itxita ez dauden bitartean trena ezin daitekelako martxan jarri, segurtasun mekanismo bati erantzunez: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”, azaldu dute tren enpresako iparraldeko arduradunek.

 

Merkantzia tren bat, Ugaoko tren geltokitik igarotzean dagoen bihurgunean // Geuria

Ugaoko tren geltokiaren inguruan gertatutako intzidentziek, beraz, alde argi bi uzten ditu agerian: alde batetik, Xabier Zaballak azken hamarkadan erregistratu dituen kasuak, eta bestetik, Renfek irmo mantentzen duen azalpen teknikoa, enpresaren segurtasun araudian oinarrituz.

“Intzidentzia horietako baten lekukoa izan nintzen ni eta neure begiekin ikusi nuen gertatutakoa”, azaldu du Xabierrek. “Gainera, salaketa ipini zuen auzotarrak dokumentuaren kopia bat dauka. Gai honekin amaierara arte heldu nahi dut, arazoari behin betiko konponbidea emateko”.

C3 linea, ikusmiran

Ugaoko geltokiaren  problematikaz gain, bertako trenbideetatik igarotzen diren Renfeko C3 lineako trenak Ugaoko beste buruhauste bat dira. GEURIAk iazko urrian argitaratu zuen artikulu batek Renfeko lineak erronka bi ditu Ugaorekin: alde batetik Bilbo eta Urduña konektatzen dituen lineako tren asko kendu dituztela azaldu zuen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak, “kasu askotan abisatu gabe gainera”.

Beste alde batetik Gau Jaia zerbitzuaren itzulera aldarrikatu zuen Ugaoko alkateak, herritarren eskaerei so eginez: “Arazoari irtenbidea emateko insistituko diogu Renferi, ugaotarrentzat, eta bereziki gazteei, zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dielako”.

Helburu horiek lortzeko, Mentxakak eta Urduñako alkateak hitzordua izan zuten Bilboko Abando geltokian Renfeko zerbitzuak emateko agentearekin eta Bilboko guneko lineaburuarekin, iazko urriaren 29an, “Aldiriakeko zerbitzuaren kalitate eskasagatik bizilagunengandik jasotzen dituzten kexa ugarien berri emateko”.

Mentxakak balorazio positiboa egin zuen Bilboko batzarraren inguruan. “Arazoa konpontzeko bidean daude eta ondorioz maiztasunaren problemari irtenbidea emateko asmoa” dutela gehitu zuen Ekaitzek, ordutegien eguneratzearekin batera.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko tren geltokiaren “ikuspen txarrak” azken urtean gertakari bi eragin dituela salatu dute herritarrek

Azken 10 urteetan hiru intzidentzia erregistratu ditu Xabier Zaballa de la Fuente ugaotarrak herriko tren geltokian: lehena 2012an eta beste biak iaz

|

Aldiriakeko C3 lineako tren bat, Urduñara bidean // Geuria

Ugaoko herritarrak kezkatuta agertu dira azken 10 urteetan herriko tren geltokiarekin lotutako hiru gorabeherengatik. Ugaoko RENFE geltokiko nasa bihurgune batean kokatuta dago, eta horrek ikuspen arazoak sortu ditu behin baino gehiagotan, antza, bidaiariak trenetik jaitsi eta igotzerako orduan.

 Xabier Zaballa de la Fuente herritarrak azken 10 urteetan gertatu diren gorabeherak erregistratu ditu eta beragaz berba egiteko aukera izan du GEURIAk: “Era honetako ezbeharrak gertatu izan direnean makinistek behin baino gehiagotan esan digute ikuspen arazoak dituztela Ugaoko tren geltokian”. Auzotar batek “susto” bat bizi izan zuen Ugaoko tren geltokian iazko irailean. “Aldiriakeko C3 lineako tren batek ateak itxi zituen 64 urteko pertsona bat konboira igotzen ari zela”, azaldu du ugaotarrak.

“Ateak ixtean, berokiaren poltsiko batetik zintzilik zeraman aterkia harrapatu zioten ateek”, jarraitu du Xabierrek. “Trenak pertsona arrastaka eraman zuen nasatik aterkiaren kirtena apurtu arte. Gertaera, zorionez, sustoan geratu zen, kalte handiagorik sortu barik”.

“RENFEk geltoki horretako egitura-arazoak ia alde batera utzi ditu, eta, ez hori bakarrik; istripua izan zuen erabiltzaileari egotzi dio erantzukizuna, agerian utziz ez zela errespetatu konboira igotzeko denbora tartea”

Hala ere, Zaballaren arabera, hori ez da ezbeharrak izan zuen alderik txarrena. Iazko irailean gertatutako gorabehera honi erantzunez, RENFEri salaketa ipini zion 64 urteko ugaotarrak: “Gauzarik deigarriena RENFEk erabiltzaile horri emandako erantzuna izan da. Izan ere, geltoki horretako egitura-arazoak alde batera utzi ditu, eta, ez hori bakarrik; istripua izan zuen erabiltzaileari egotzi dio erantzukizuna, agerian utziz ez zela errespetatu konboira igotzeko denbora tartea. Izan ere, erreklamazioari emandako erantzunean, RENFEtik nabarmendu dute oso garrantzitsua dela trenera igotzeko eta jaisteko erabili beharreko denbora-tarteak errespetatzea”.

Aldiriakeko C3 lineako tren bat, Urduñara bidean // Geuria

Beste bi jazoera

Baina Xabierrek gertu bizi izandako kasu hori ez da bakarra: iazko maiatzean, Urduñatik bueltan trena Ugaoko geltokian gelditu zen. Ateak zabaltzean, 12 lagunez osatuko talde bat trenetik jaisten hasi zen. Horien artean 7 urteko neskatxo bat zegoen eta bosgarrena izan zen konboitik jaisten”, gogoratu du Xabierrek. “Jaisten zegoen momentuan trena irtengo zenaren soinu seinaleak entzun ziren eta ateak itxi ziren. Horrek neskak trenetik kanpora arin batean salto egitera behartu zuen eta nasara jaustean orkatila bihurritu zuen”.

Zaballaren arabera, kasu hartan ez zen harrapaketarik egon eta trenak ez zuen inor arrastaka eraman, “baina trenaren barruan zazpi pertsona geratu ziren eta horien artean haurraren gurasoak zeuden, familia estres egoera batean murgilduz”. Hala ere, eta Zaballak GEURIAri adierazi lez, egoerak ez zuen okerrera egin, tren barruan zegoen pertsona taldekoek larrialdi palankari eragin eta trena bertan gelditu zelako.

“Hiru jazoera hauek agerian uzten dute Ugaoko tren geltokian dagoen segurtasun arazoa. Eta ez da nire iritzia bakarrik; geltokiaren ikuspen arazoa tren makinistek beraiek baieztatu didate”

Trenekin gertatutako lehen inzidentzia 2012an erregistratu zuen Xabierrek. 32 urteko pertsona bat harrapatuta geratu zen bagoi baten irteerako ateen artean, sorbaldaren aldetik. “Bagoien ateak bikoitzak eta irristailuak dira. Beren artean harrapatuta geratzean, pertsona horren gorputz erdia bagoiaren barruan geratu zen (sorbalda eta bizkarra), eta kanpoan geratu ziren gorputz-adarrak eta bere haurra zeraman orga”, azaldu du Xabierrek. “Posizio horretan zegoela, trenak metro bat egin zuen aurrera. Zorionez, segurtasun-zaindari batzuk arazoaz ohartu ziren eta trena gelditu ahal izan zuten”.

“Hiru jazoera hauek agerian uzten dute Ugaoko tren geltokian dagoen segurtasun arazoa. Eta ez da nire iritzia bakarrik; geltokiaren ikuspen arazoa tren makinistek beraiek baieztatu didate”, laburbildu du Xabierrek. “Eta arazoari konponbidea emateko saiakerak egon diren arren ez dugu inolako emaitzarik izan urte hauetan zehar”.

RENFE: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”

Horiek horrela, GEURIAk RENFEko ordezkariekin berba egitea lortu du eta tren enpresak ugaotarraren ikerketa zalantzan ipini du, pertsona edo objektuak arrastaka eramateko aukerak “ezinezkoak” direla esanez: “Urteak dira treneko ateak zabalik edo gaizki itxita daudenean trena blokeatu egiten da eta ezin da martxan jarri”, azaldu dute RENFEko iparralde zonaldeko komunikazio esparrutik. “Momentu horretan seinale akustiko ez-ohikoak igortzen ditu trenak, ateak desblokeatu arte”. Ugaoko tren geltokiari dagokionez, RENFEtik azaldu dute Ugaokoa bihurgune batean eraikita egon arren, tren geltoki guztiek “segurtasun araudia modu zorrotzean betetzen dutela % 100ean”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaok funtzio anitzeko 12 peoi trebatuko ditu doan martxoan

250 orduko Ikastaroa 45 urtetik gorako ugaotarrei zuzenduta dago eta martxoan hasiko dute

|

Langileak // Geuria

Ugaoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan Berri programaren bidez Laguntza anitza, ingurumen iraunkortasuneko irizpideak aplikatuta 250 orduko doako ikastaroa antolatu du ‘funtzio anitzeko peoia’ izateko ziurtagiria eskuratzeko (iturgintza, igeltzerotza, elektrizitate lanak, margolaritza… lanetan jarduteko).

Lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei, iraupen luzeko langabeei, desgaitasunak dituztenei edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenei zuzenduta dago ikastaroa eta 12 pertsona aukeratuko dituzte guztira. Ikastaroan parte hartzeko Lanbideko plataforman altan emanda eta Ugaon erroldatuta egon behar dira interesdunak eta 45 urtetik gorako iraupen luzeko langabeak izan behar dira.

“Ikastaroak martxoan hastea eta klaseak goizez ematea aurreikusten da”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. Ikastaroa doakoa izango da, Bizkaiko Foru Aldundiak %100ean laguntzen baitu diruz. Formazioan izena emateko azken eguna otsailaren 29a izango da Gazteinfo bulegoan (astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00ak arte eta astearte, ostegun eta ostiraletan 12:00etatik 15:00ak arte.

Ikastaroaren inguruan informazioa handitzeko zein bandoa irakurtzeko informazioa udal webgunean iragarri dute. Betselako informazioa jasotzeko 946 322 014 eta 747 402 383 telefono zenbakiak ahalbidetu dituzte, baita gazteinfo.ugao@ortzadar.es helbide elektronikoa ere.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Otsailaren 23ra arte izena eman daiteke Ugaoko Emakume Ekoizleen Azokan

Emakume Ekoizleen Azokaren aurtengo edizioa martxoaren 3an antolatu dute 10:00etatik 14:00ak arte, Ugaoko Herriaren Enparantzan

|

Emakume ekoizlea, bezero batekin // Geuria

Martxoaren 3an, igandea, Emakume Ekoizleen Azokaren 24. edizioa egingo dute Ugaon, eta bertan parte hartzeko epea zabaldu dute otsailaren 23ra arte. Azoka 10:00etatik 14:00ak arte iraungo du eta udal ordezkariek iragarri dute helburu nagusia lehenengo sektorean emakumeek jokatu duten eta oraindik ere jokatzen duten papera ezagutzera ematea dela, “baita emakume baserritarrek baserrian bertan eta baserritik kanpo egindako lana eta balioa goraipatu eta nabarmendu ere”.

Eskualdeko produktuak // Geuria

Nola parte hartu

Azokan izena eman ahal izateko dokumentazioa udal webgunean eskegi dute eta behin beteta berdintasuna@ugao-miraballes.eus edo kultur-etxea@ugao-miraballes.eus helbide elektronikora bidali beharko dute.

Gainera, emakume parte-hartzaileek baldintza jakin batzuk bete behar dituztela iragarri dute Ugaoko Udaletik: lehenik eta behin, emakume ekoizleek lehentasuna izango dute azokan parte hartzeko orduan eta derrigorrezkoa izango da azokaren egunean bertan ustiategiaren titularra bertan egotea. Baldintza hau betetzen ez bada eta lanpostu hutsak geratzekotan, titularra gizonezkoa den ustiategiak sartuko dira jokoan.

Bestalde, eta ahal den neurrian, Nerbioi-Ibaizabal edota Bizkaiko eskualdeko ustiategiei eman diete lehentasuna. Hirugarrenik, eskaeren kopurua eskainitako produktuen arabera baloratuko dute, barietate handiena lortzea xede. Azkenik, azokan izena emateko azken eguna, esan bezala, hilaren 23an izango da eta hurrengo astean jakinaraziko diete onartu dituzten ekoizleei.

Nekazaritza azokaz gain, Herriaren Enparantzara eta inguruetara hurbiltzen direnek artisautza-postu desberdinez gozatzeko aukera izango dutela iragarri dute Udaletik, eta ikasturte honetan antolatutako aisialdi ikastaroetara joaten diren emakumeek egindako lanen erakusketaz gozatzeko aukera ere izango dute.

Azokarekin aldi berean egingo diren erakusketa horietan Ebaketa eta Jantzigintza, Eskulanak, Joskintza Sortzailea (Patchwork), Larruaren Artisautza, Marrazketa-Pintura eta Orratz Lanak tailerretako ikasleek parte hartuko dute eta herritar guztientzat zabalik egongo da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak / Basoek, astronautek eta fregonek Ugaoko kaleak hartu dituzte inauterietan

|

Ugaoko inauteriak atzo hasi baziren, gaur kalejiraren txanda izan da. San Bartolometik hasita eta Herriaren plazara arte ibilbide koloretsua egin dute Kiskailu eta Samasiku fanfarrearen animazioarekin.

Jaitsieran astronautak, planeta aldarrikatzaileak (Zaindu gure planeta!), marmokak, basoak… eta abar luze bat ikusi dituzte herritarrek. Baita Batman bera haurren orga bat zebrabide bat gurutzatzen ere. Ibilbidea amaitzean mozorro lehiaketa  egin dute plazan bertan muntatutako eszenatoki batean. GEURIAk une adierazgarrienak jaso ditu.

Osorik irakurri