Sareak

☉ Ugao

Mendi irteera eta ipuin kontaketak egingo dituzte Ugaoko XVII. Jardunaldi Mikologikoetan

Pintxo dastaketa berreskuratu eta ibilbidea egingo dute herritik onddoz egindako jakiak probatzeko

|

Perretxikoen bila // Geuria

Azaroko bigarren asteburuan ospatuko da aurten Ugaoko Jardunaldi Mikologikoen XVII. edizioa. Hilaren 12an eta 13an, udalak eta Historia Ezagutzeko Zentroak, Fungipediarekin elkarlanean, hainbat ekintza prestatu dituzte perretxikoen inguruko ezagutza eta grina pizteko; besteak beste, mendiko txangoa eta umeentzako ipuin kontaketa egingo dituzte jardunaldien bi egunetan.

Larunbat goizean, onddoak biltzeko mendi irteera antolatu dute Sarria-Murgiako basoetara. Arabarako autobusa 08:00etan abiatuko da Ugaotik, eta herrira bueltatuko da arratsaldean, otzaretan jasotakoaren aukeraketa eta sailkapena egiteko.

Hurrengo egunean, ekintza guztiak Ugaon egingo dituzte. Larunbatean bildutakoak bezalako onddoak zein inguruetan aurki daitezkeen beste hainbat ezagutarazteko erakusketa egingo dute 11:00etatik 14:00etara Herriaren enparantzan. Eguerditik aurrera, berriz, umeentzako denbora pasak antolatu dituzte: 12:30ean, ‘Menditik Zehar’ ipuin kontaketa egingo du Elssie Xalbador klown eta aktoreak.

Pintxoen ibilbidea

Mikologia jardunaldiaz aparte —baina onddoei ikusgarritasuna ematearekin lotuta—, eragileek bat egingo dute herriko ostalari eta dendekin perretxikoen gastronomia sustatzeko. Hain zuzen, aurten, pintxo dastaketa berreskuratu eta ibilbidea egingo dute herritik zizaz eta bestelako onddoz egindako jakiak probatzeko.

Ibilbidean parte hartzen dutenen artean, produktu hauez osatutako gabonetako otzara bat zozketatuko dute azaroaren 15ean. Saria jasotzeko aukera izateko, Ugao-Miraballesko Historia Ezagutzeko Zentroaren (CIHMA) Facebook orriari “Atsegin dut” eman beharko zaio, eta ondoren, gogokoen izandako pintxoaren argazkia orrira igo edo iruzkin batean azaldu zein izan den eta non jan den.

Izen-emateak

Jarduera guztiak (bai autobusa baita haurrentzako kontaketan parte hartzea ere) doakoak izango dira. Dena den, hurbiltzeko beharrezkoa izango da Jane Jauregian gogoko ekitaldia aukeratu eta aldez aurretik izena ematea.

☉ Ugao

Momiak filma aire zabalean, euskaraz eta doan proiektatuko dute Ugaon

Filma ekainaren 21ean proiektatuko dute Herriaren enparantzan, 22:00etan

|

Krispetak // Corina Rainer, Unsplash

Ikasturtearen amaiera heldu da eta udako oporrekin batera urtaro berriko ekintzak. Datorren ekainaren 21ean, ostirala, Momiak filma proiektatuko dute 22:00etan Ugaoko Herriaren enparantzan Ugaoko Merkatari Elkartearen eskutik eta Udalaren babesarekin. Euria egitekotan proiekzioa frontoira eramango lukete.

Juan Jesús García Galochak zuzendutako filma da Momiak eta publiko orokorrari zuzenduta dago. Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatu den bigarren film da, ‘Yuku eta Himalaiako lorea’ lanaren ostean. Filmak joan den otsailaren 23an hasi zuen ibilera EAEko zinema aretoetan.

Momiak (2023)

Lurraren erraietan momien hiria dago! Inperioaren aginduz, Nefer printzesak Thurtekin ezkondu behar du, gurdien auriga ohi batekin. Ez batak ez besteak ez dute ezkondu nahi; Neferrek askatasuna irrikatzen duelako, eta Thutek ezkontzeari alergia diolako.

Filmaren fotograma bat // Momiak

Baina jainkoen asmoak ezeztaezinak dira: Thutek Neferrekin ezkondu eta faraoiak eman dion errege eraztuna zaindu beharko du. Horri zerbait gertatuko balitzaio, Thutek begiak eta mihia galduko lituzke. Bitartean, gure munduan, Lord Carnabyk indusketa arkeologiko bat egin eta gauza berezi bat aurkitzen du: Egiptoko errege-ezkontzako eraztun bat! Thut gizakien mundura joan behar da hura berreskuratzera. Ondoan Sekhem, 12 urteko anaia, bere krokodilo maskotarekin, eta Nefer ditu.

Elkarrekin abentura handi bat biziko dute Londres modernoan, eta beren asmoetan sartzen ez zen zerbait deskubrituko dute: maitemintzea zer den.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Markio auzoko jaietako paella lehiaketan izena emateko azken eguna da gaur

Larunbat honetan ospatuko dituzte Markioko jaiak. Hurrengo egunean San Juan sua piztuko dute Herriaren Enparantzan

|

Paella bat // Geuria

San Juan jaiarekin batera Markioko jaiak ekainaren 22an ospatuko dituzte Auzolagunen Elkartearen eskutik. Festak Markioko Donibane baselizan eguerdiko 12:00etan hasiko dira, ordu horretan meza antolatu dute eta ondoren luntxa prestatuko dute.

Egun horretan paella lehiaketa prestatu dute eta izena emateko azken eguna gaur da (ekainak 20). Parte hartu nahi duten interesdunek Jane jauregian egin dezakete aurrez aurre edota 946 480 704 telefono zenbakira deituz edo kultur-etxea@ugao-miraballes.eus helbidera idatziz.

Guztira 220 euro banatuko dituzte sarietan: Lehen saria 100 eurokoa izango da, bigarrena 70ekoa eta hirugarrena 50ekoa. Sari guztiek produktu sorta bat izango dute opari lez.

Parte hartzeko honako hauek kontuan hartu beharko dira:
– Parte-hartzaileek sua egiteko tresnak eta erabili beharrekoak ekarriko dituzte
– Parte-hartzaileek paellak egiteko osagarri guztiak ekarri behar dituzte
– Parte-hartzaile bakoitzak paella bi aurkeztu ditzake gehienez
– Paellak 14:00etan aurkeztu beharko dira
– Epaileen erabakia aldaezina izango da

“Arratsaldean txikien txanda helduko da”, azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek. “Buruhandien kalejira eta jokuak antolatuko ditugu 16:00etarik aurrera”. Zapatuko azken ekintza erromeria izango da eta 17:30ean hasiko da.

San Juanak, herrigunean

Hurrengo egunean, ekainaren 23an, hainbat ekintza antolatu dituzte Ugaoko herrigunean. 18:00etan Etorki Dantza Taldearen emanaldia antolatu dute Herriaren enparantzan eta 19:00etan buruhandiek herriko kaleak hartuko dituzte.

20:00etan Motociclones Elektrotxarangak kale animazioa eskainiko du eta 22:00etan San Juan sua piztuko dute, San Juan Koplak bota ostean. Udal ordezkariek iragarri dute, urtero bezala txokolatea banatuko dietela bertara hurbilduko diren herritarrei.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Masterclass bi antolatu dituzte Ugaoko Pump Track pistan, kirolean murgiltzeko

Ekainaren 22an izango dira saioak, jarraian, Ugaoko Pump Track pistan

|

Skater bat, Ugaoko Pump Tracka inauguratu zutenean // Geuria

Asteburu honetan, ekainaren 22an, Pump Track inguruko ezagutzak eskuratzeko materclass bi antolatu ditu Foru Aldundiak Ugaoko pistan, 10:00etatik 14:00ak arte. Parte hartzeko gutxieneko adina 10 urtekoa izango da eta izen emateak webgune honen bidez egin beharko dira.

Masteclass bi izango dira: lehena, 10:00etatik 11:55etara prestatutakoa, oinarrizko ezagutzak bereganatzeko izango da eta kirol hau inoiz egin ez duten edo oso modu puntualean egin duten pertsonei zuzenduta dagoela azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek. Bigarrenak Hobekuntza izena du eta diziplina honetan entrenatzen denbora daramatenei zuzenduta dago. 12:00etatik 14:00ak arteko iraupena izango du: “Mugimendu konplexuagoak ikasi nahi dituztenei, txanda kronometratuak egin nahi dituztenei… Kasu honetan derrigorrezkoa izango da kasko integrala eramatea”.

Haur bat, Pump Track pista batean, Galdakaoko Ongietourri egunean // Geuria

Gainera, Ugaoko pistan QR kodeak daramatzaten totem edo plaka interaktiboak ipiniko dituzte eta bertan praktika seguruari eta haren oinarri teknikoei buruzko azalpenak ematen dituzten bideo- tutorialak kontsultatzeko aukera izango dute interesdunek: “Euskarri hori zirkuituan instalatuta geratuko da, eta, beraz, bizikleta-modalitate hori praktikatzeko interesa duten pertsonak tutorial horiek biltzen dituen Aldundiaren webgunean sartu ahal izango dira.”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko 60 pentsiodunek 750 sinadura bildu dituzte gaurko Renfeko geltokiko mobilizazioan

Ugaoko pentsiodun talde bat Herriaren plazatik abiatu da gaur eguerdian Renfeko geltokira, trenetako irisgarritasuna aldarrikatuz

|

Ugaoko pentsiodunak, Renfeko geltokian // Ugaoko Pentsiodunak

Ekainaren 17an mobilizazioak deitu ditu Basauri, Arrigorriaga, Ollargan, Ugao, Aiaraldea, Urduña eta Bilboko Pentsiodunen Mugimenduak Abando Indalecio Prieto geltokia eta Urduña kubritzen duen Renfeko C3 lineako zerbitzuaren egoeraren haritik. Ugaoko 60 pentsiodun Herriaren plazatik abiatu eta Renfeko geltokiraino joan dira “Ugaoko pentsionistak aurrea!” eta “Tren irisgarriak orain” zioten pankartekin.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak azaldu moduan, eskaera horren alde mozioak aurkeztu dira trena igarotzen den eta geltokiak dituzten herrietako hainbat udaletan. “Orain arte, mozio hori Laudio, Ugao eta Arrigorriagako udaletan onartu dute. Bidebieta-Basaurikoan osoko bilkuran eztabaidatu ere ez zen egin, argudiatuz gaia udalerriz kanpokoa zela, eta horrek osoko bilkuran egon zen pentsiodunen taldearen haserrea eta protestak eragin zituen. Urduñako, Amurrioko eta Arrankudiagako udaletan ere aurkeztu da, baita Bilbokoan ere, ziurrenik ekainaren 27ko osoko bilkuran aztertuko da”.

“Prentsan iragarri denez, 500 tren berri ipiniko dituzte Renfen, horietako 33 C3 linean. Aurreikuspenen arabera, azken oztopo horiek desagertuko omen dira. Baina momentuz ez dute data jakinik iragarri, eta badirudi ez dela epe laburrekoa batzuk 2025erako espero dituztelako eta beste batzuk 2027rako”, azaldu zuen duela egun batzuk Rufi Rubio Ugaoko Pentsiodunen mugimenduko kideak. “Tren berriak C3 lineara heldu baino lehen aldiriakeko konboi bakoitzean plataformadun bagoi bat ipintzea eskatzen diogu Renferi, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak trenera igo ahal izateko”.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua: “Orain arte, mozio hori Laudio, Ugao eta Arrigorriagako udaletan onartu dute. Bidebieta-Basaurikoan osoko bilkuran eztabaidatu ere ez zen egin”

Ugaoko mobilizazioaz gainera Basaurin 60 lagunek martxa egin dute udaletxetik Bidebieta tren geltokira. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak azaldu moduan, eskaera horren alde mozioak aurkeztu dira trena igarotzen den eta geltokiak dituzten herrietako hainbat udaletan. “Orain arte, mozio hori Laudio, Ugao eta Arrigorriagako udaletan onartu dute. Bidebieta-Basaurikoan osoko bilkuran eztabaidatu ere ez zen egin, argudiatuz gaia udalerriz kanpokoa zela, eta horrek osoko bilkuran egon zen pentsiodunen taldearen haserrea eta protestak eragin zituen. Urduñako, Amurrioko eta Arrankudiagako udaletan ere aurkeztu da, baita Bilbokoan ere, ziurrenik ekainaren 27ko osoko bilkuran aztertuko da”.

Bilbon elkarretaratzea egin dute Plaza Biribilan gaur eta ostean talde-erreklamazioak aurkeztu dituzte Abando geltokian.

Antzinako arazoa

Gatazka hau ez da berria: Ludi Viguera Arrigorriagako auzotar ohiak GEURIAko #087 Monografikoan argitaratutako erreportaje batean azaldu lez Urduñako Maria Luisa Goikoetxea izan zen C3 lineako irisgarritasun arazoa azalerazi zuen herritarra.

Maria Luisaren kexa horietatik abiatuz, Hego Uribe zeharkatzen duen C3 lineako geltokietako irisgarritasun arazoa ibilbideko geltoki guztietara hedatu zen. Gaur egun, Urduña, Amurrio, Laudio, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga, Basauri eta Ollargan geltokietako irisgarritasun arazoak, orokorrean, “konponduta” daude: “Geltokietarako sarbideak nola edo hala konpondu ditu Renfek eta nasara heltzea posible da, Bidebieta-Basauri geltokian izan ezik: gaur egun, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ezin dira geltokira sartu”.

Hala ere, eta GEURIAn iragarri lez, 14 milioi euroko lizitazioa martxan ipini du Espainiako Gobernuak bertan tren geltoki berria eraikitzeko. Proiektuak hiru jarduera biltzen ditu: eraikin berria egitea, geltokiaren trenbideak eta nasak birmoldatzea eta trenbideak estaltzeko lauzak iparraldera luzatzea, tarteko solairu berri batekin.

Ugaoko geltokia // Geuria

 

Osorik irakurri

☉ Ugao

Larunbatean zabalduko dituzte Ugaoko estali gabeko igerilekuak, etenik gabeko ordutegiarekin

Instalazioak 11:00etatik 20:30ak arte egongo dira zabalik etenik gabe irailaren 15era arte. Abonuak ekainaren 14ra arte eskuratu daitezke El Jaron eta hilaren 15etik aurrera Arandiako instalazioetan

|

Arandiakoestali gabeko igerilekuak // Geuria

Arandiako estali gabeko igerilekuak datorren ekainaren 15ean zabalduko dituzte, udako denboraldiari hasiera emanez. Udalak azaldu lez, instalazioak 11:00etatik 20:30ak arte egongo dira zabalik etenik gabe. Abonuak ekainaren 14ra arte eskuratu daitezke El Jaron eta hilaren 15etik aurrera Arandiako instalazioetan.

Estali gabeko igerilekuak irailaren 15era arte egongo dira zabalik eta 500 lagunentzako edukiera izango dute. “Egunero erosi ahal izango dira sarrerak, bai erroldatutakoek, baita ez erroldatutakoek ere (4 euro adingabeentzat eta erretiratuentzat; 5 euro 18 urtetik gorakoentzat)”, azaldu dute udal ordezkariek. “Abonuei dagokienez, prezioa desberdina izango da erroldatutako eta erroldatu gabeko pertsonentzat”. Prezioak Ugaoko Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.

El Jaro, zabalik

Ugaoko kiroldegiak ere udako ordutegia hasiko du asteburutik aurrera: astelehenetik ostiralera zabalik egongo da 09:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte. Larunbateko ordutegia 09:00etatik 14:00ak artekoa izango da eta igande zein jaiegunetan itxita egongo dela iragarri dute. Igerilekua kiroldegia itxi baino 30 minutu lehenago itxiko dute ordutegi berriarekin.

“Igerilekua irekita egongo da uztaila osoan zehar, kiroldegiaren gainerako guneak bezala (gimnasioa, kiroldegiko kantxa, padel pista, etab.). Abuztuan, kiroldegia erabat itxiko da, dagozkion mantentze-lanak egiteko”, iragarri dute Udaletik.

Osorik irakurri