Sareak

☉ Ugao

Joseba Borde preso ugaotarra kartzelara bueltatu da Audientzia Nazionaleko fiskaltzak helegitea jarri ostean

Martxoaren 27an, Audientzia Nazioanaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen erabaki honen aurka eta egun horretan bertan, espetxera itzuli behar izan zuen

|

Gradu erregresioaren kontra Ugaon 2023an egin zuten manifestazioa / Geuria

Joan den martxoaren 21ean, eta hilabete lehenago Basauriko Espetxe Zaintzak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua onartu zuen Joseba Borde Gaztelumendi preso ugaotarrarentzat. Sare elkarteak aste honetan salatu duen arabera, baina “martxoaren 27an, Audientzia Nazioanaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen erabaki honen aurka eta bi presoak (Joseba Borde eta Juan Karlos Subijana), egun horretan bertan, espetxera itzuli behar izan zuten bigarren gradurako erregresioa jasanda”.

Ez da preso ugaotarrari hirugarren gradua ukatzen dioten lehen aldia, 2023ko ekainean eta urrian ere egoera bera bizi behar izan baitzuen.

Sarek bere agerraldian Borderen egungo egoera azaldu du: “30 urteko zigorra betetzen ari da. 2019an bete zituen zigorraren ¾ak; 65 urte ditu. Aurtengo azaroan beteko du zigorra osorik. Erantzukizun zibila ordaintzen ari da 2021az geroztik; programatutako 20 irteera eta 9 baimen arrunt baino gehiago izan ditu. Kartzelaldia betetzen ari den gertakariak 1981. urtekoak dira eta eragindako kaltea aitortu eta bide baketsu, politiko eta demokratikoen alde egitearen aldeko pausoetan berresten da”.

Hori horrela, hurrengo galdera luzatu dute: “zer logika dauka preso horien bilakaera ondoen ezagutzen duten espetxeetako profesionalen aurka, 400 km-ra daudenek helegiteak aurkezteak? Urrunetik, distantziatik erabakitzen dute presoei buruz, haietaz ezer jakin gabe eta ezer axola ez dietenean”.

Ugaoko Udalak berak, joan den azaroan, preso ugaotarrari buruzko adierazpen bat kaleratu zuen, EAJk eta EH Bilduk aho batez sinatuta: “Udal korporazio honek bere kezka adierazi nahi du Fiskaltzak espetxe-organoek hartutako ebazpenen aurka behin eta berriro errekurtsoak jartzen dituela eta. Izan ere, kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak”, zioen.

Ildo horretan, Ugaoko Udalak eskatu zuen, “ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta, ebazpen horiek bateragarriak izan daitezela Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin, gradu progresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena”.

2024an beteko luke kondena osorik

Borde Gaztelumendik 64 urte ditu eta gaixotasun larriak dituzten presoen artean dago. 2002ko azaroaren 26an espetxeratu zuten eta 30 urteko zigorra ezarri zioten. 2019ko azaroan zigorraren hiru laurdenak bete zituen, espetxe legedia onartu zuen eta egindako mina aitortu zuen idazki bat aurkeztuz. Gainera, 2024an beteko luke kondena osorik. “Aspaldian hirugarren gradura igarotzeko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu”, diote Udaletik.

“Kasu honetan ere, Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatu da, zeinaren bidez presoak berriro espetxera sartu behar duen Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hirugarren gradua eteteko fiskalaren eskaera onartzen duen unean, prozesua geldiaraziz Espetxe Zaintzarako Epaile Zentralaren erabakiari itxaron gabe. Egoera horrek espetxean hilabeteak pasatzera eraman lezake berriro eta denbora baten buruan Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hirugarren gradua berrestea, honela espetxe tratamendu batzordearen erabakia aplikatzean salbuespen egoera eta babesgabetasun juridikoa sortuz”, borobiltzen zuten udal ordezkariek.

☉ Ugao

Antzinako Gabonen inguruko hitzaldia eskainiko du Felix Mugurutza historialariak Ugaon

Hitzaldian, galdu diren errito eta praktika zaharrak zein gaur egun ere bizirik dirauten tradizioak azalduko ditu historialari eta etnografoak

|

Olentzero, Zeberion // Geuria

‘Nolakoak ziren gure Gabonak?’. Galdera horri eutsiz hitzaldia eskainiko du Felix Mugurutza historialariak Ugaoko Jane jauregian, datorren abenduaren 17an.

Euskal Herrian eta bereziki gure eskualdean bizi izandako ohitura tradizionalen garapenaren inguruan inguruan oinarrituko da Mugurutza Udalak, AEK-k eta Foru Aldundiak ‘Praktikatu eta Bizi’ programan antolatutako saioan.

Hitzaldian, galdu diren errito eta praktika zaharrak zein gaur egun ere bizirik dirauten tradizioak azalduko ditu Felixek, “gure kultur ondarearen ikuspegi zabal eta dokumentatuan oinarrituta”.

Hitzaldia doakoa izango da eta 10:30etik 11:30era bitarteko iraupena izango du. Interesdunek 663 040 035 telefono zenbakiaren bidez eman dezakete izena.

Esatariari buruz…

Felix Mugurutza historialaria, etnografoa eta Euskal Herriko mitoetan eta kondairetan aditua da. Ezaguna da EITBko programetan agertu delako eta Aunia bezalako kultur elkarteekin lankidetzan aritu delako. Tradizioak, folklorea eta landa-munduaren, historiaren eta haraindikoaren arteko lotura aztertzen ditu, eta, sarritan, antzinako baserrietan eta euskal antzinako ohituretan zentratzen da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Sarea Abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du hilaren 19an

Bilboko Ganberako koro eta orkestarekin batera eskainiko dituzte Gabonetako kontzertuak. Urtero lez, doakoak izango dira

|

Sarea Abesbatzakoak, joan den martxoan Jute fabrikako emakumeei egindako omenaldian // Geuria

San Bartolome elizak Gabonetako kontzertuak hartuko ditu beste urte batez, abenduaren 12an eta 19an. Aurten, Bilboko Ganberako koro eta orkestaren eta Ugaoko Sarea Abesbatzek eskainiko dituzte doako kontzertuak.

Hilaren 12an Bilboko Ganberako koro eta orkestak eskainiko du emanaldia, 19:30ean.

Abenduaren 19an Ugaoko Sarea Abesbatzaren txanda izango da. Kontzertu hau 19:30ean antolatu dute ere. GEURIAk Sarea Abesbatzako Itziar Ayesta Isasirekin (Ugao, 1982) egin zuen berba 2022ko urtarrilean, gizartea Koronabirusak sortutako zulo beltzetik astiro-astiro irteten hasi zen garaian. Hementxe irakur dezakezu elkarrizketa osoa.

Ugaoko Sarea Abesbatzak herrian antolatutako hamaika ekimenetan hartzen du parte urtero. Aurten, Jute fabrikako emakume langileei egindako omenaldian ikusi genituen kantatzen, Udiarragako elizan.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaok ‘Agur 2025’ izeneko jaiarekin agurtuko du urtea, lehen aldiz

Jaia abenduaren 31n antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Herriaren enparantzan, askotariko jarduerekin

|

Txanpai botila bat // Myriam Zilles, Unsplash

Aurten ekimen berezia prestatu du Ugaoko Udalak 2025ari amaiera emateko: ‘Agur 2025’ jaia.

“Lehen aldiz, Ugaoko Udalak herriko familiei zuzendutako programa berezi bat antolatu du urteari amaiera borobila emateko”, azaldu dute Udaletik. Jaia abenduaren 31n antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Herriaren enparantzan.

Gominolen eta gusanitoen banaketa, aurpegi margoketa, puxikak askatzea, DJak zuzenean txikienentzat zein helduentzat…  “eta kanpai-hots “oso bereziak” egingo dituzte ere Ugaoko haurrek Gabon zahar gaua aurreratuta, giro seguru, familiar eta alaitsuan bizi ahal izateko”.

Jaian parte hartuko dutenek jai-giroko konplementu bat eramateko gonbidapena luzatu die Udalak, “alaitasunez betetako gabon giroa sortzeko”: “Gabonetan ere Ugao herri bizia izatea nahi dugu, publiko guztientzat pentsatutako jarduerekin”, azaldu du Ekaitz Mentxaka herriko alkateak. Ekimen hau jarraipena izateko asmoarekin sortu dutela azaldu du Mentxakak, “eta plaza familiaz beteta ikusteko nahiarekin, urtearen amaiera elkarrekin gozatuz”.

Egitaraua | Agur 2025 Jaia

Abenduak 31, asteazkena
Herriaren enparantza

11:00 Gusanito eta gominola banaketa
11:00 Aurpegi-margoketa
11:00 DJ umeen saioa
12:00 Kanpai-hotsak
12:01 Puxika-askatzea
12:01 DJ helduen saioa

Osorik irakurri

☉ Ugao

2026ko Ugaoko jaiak antolatzeko lehen bilera irekia prestatu dute Jane jauregian

Bilera abenduaren 17an prestatu dute, 18:00etan, Jane jauregian eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara

|

Txupinazo eguneko argazki bat, aurten // Geuria

Datorren urteko Ugaoko jaiak antolatzeko lehen bilera irekia antolatu du Udalak.

Bilera abenduaren 17an prestatu dute, 18:00etan, Jane jauregian eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara: “Jane jauregian egingo den bileran parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, guztion artean  2026ko jai egitaraua osatzeko”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Aroa 2024-2034’ herri konpromisoak Ugaoko euskararen transmisio eta erabilerako “erronka nabarmenei” aurre egingo die

Hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko tresna izango da AROA, eta herri osoa inplikatuko du, udal ordezkarien arabera

|

Herritarrak // Geuria

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, joan den azaroaren 27ko Ugaoko osoko bilkuran argi berdea eman zioten ‘Aroa 2024-2034’ planari.

“AROA —Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa— hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko tresna izango da, eta herri osoa inplikatuko du”, azaldu dute udal ordezkariek. Helburua herri euskaldunago, bidezkoago eta inklusiboago baten alde lan egitea da, hizkuntza berdintasunean sakonduz.

Iaz Ugaon egindako diagnostiko baten arabera, herritarren % 44,4 euskalduna da, % 21,1 “ia euskalduna” eta % 34,2 erdalduna eta 2021eko datuen arabera, biztanleen % 14,2k euskara zuen lehen hizkuntza, % 70ak erdara eta % 11k biak.

Datu horien arabera, euskararen transmisioan eta erabileran “erronka nabarmenak” identifikatu dituzte Udaletik eta hurrengo konpromisoak hartu dituzte AROA planaren bidez 2034 urtera begira:

– Euskararen transmisioari eustea, belaunaldiz belaunaldi
– Hiztun komunitate kontziente eta aktibo bat sortzea, gizarteko arlo
guztietan
– Eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza indartzea
– Euskara zerbitzu, merkataritza, aisialdi eta harreman sozialetan txertatzea
– Gazteen gaitasun praktikoa eta adierazkortasuna sustatzea
– Aniztasunaren kudeaketa inklusiboa: herritar berriak euskarara hurbiltzeko
baliabideak sortzea

Plan osoa Ugaoko Udaleko webgunean irakurri daiteke.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna