Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Ugao

Joseba Borde ugaotarra berriro espetxeratu dute, fiskaltzak hirugarren graduari helegitea jarri ostean

Erabakia salatzeko, manifestazioa deitu dute ekainaren 9an (ostirala), Ugaoko Herriko Plazan, 20:00etan

|

Presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzeko Sareren manifestazioa Basaurin // Geuria

Pasa den hilabetean eman zioten hirugarren gradua Joseba Borde Ugaoko presoari, 20 urte eta erdi kartzelan igaro ondoren. Baina fiskaltzak helegitea jarri dio Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hartutako erabakiari, eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak gradua eteteko erreskurtsoa ebatzi bitartean, Basauriko kartzelan sartu dute bart.

Bordek 64 urte ditu, eta gaixotasun larriak dituzten presoen artean dago. Zigorraren hiru laurdenak 2019an ditu, eta oraintsu eman diote azken gradua, erdi-askatasunean betetzekoa. Baina Sarek nabarmendu duenez, justiziak ukatu egin dio eskubide hori: “Legeak ez du inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz”.

Eusko Jaurlaritzak graduen progresioaren eskumena bere gain hartu zuenetik, Sareren arabera, 42 presori onartu diete hirugarren gradua, eta horietatik 29 kasuri jarri dio fiskaltzak errekurtsoa. Gainera, “hamahiru espetxean sartu ditu Auzitegi Nazionalak, bigarren graduko erregimenean”.

Manifestazioa, 9an

Presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidean “oztopoak” baino ez direla jartzen diote Saretik: “Etxera etortzea eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko”. Horregatik, fiskaltzaren azken erabakiarekiko desadostasuna erakusteko eta Borderi hirugarren gradua onar diezaioten eskatzeko, manifestazioa deitu dute ekainaren 9an (ostirala), Ugaoko Herriko Plazan, 20:00etan.

☉ Ugao

‘London Calling’ liburuaren aurkezpena egingo du Goio Ramosek Ugaon

Hitzordua 18:30ean izango da eta Kepa Criadorekin batera egongo da Ramos

|

Goio Ramos // Geuria

Urtarrilaren 17an ‘London Calling’ liburuaren aurkezpen musikatua egingo du Goio Ramos ugaotarrak Dorretxea Herriko Tabernan.

Hitzordua 18:30ean izango da eta Kepa Criadorekin batera egongo da Ramos.

Goiok duela hilabete batzuk argitaratu zuen London Calling helduentzako lehen eleberria. GEURIAk berarekin egoteko aukera izan zuen, lan honen nondik norakoak aurkezteko.

Ugaotik Londresera

Liburuaren hasieran, emakume batek euskarazko kanta bat entzuten du Londreseko metroan. Kanta hura bere aita zenaren musika taldearen diskoaren abesti bat da.

Disko hura ez zen inoiz argitaratu. Istorioak 80. hamarkadara salto egiten du eta bertan ‘Hilotzak‘ bandaren istorioa kontatzen da: “Horrelako testuinguru kultural, sozial, politiko eta benetakoan dokumentazio lanak egin ditut eta marko horretan musika talde horren istorioa kontatu dut”, azaldu du Ramosek.

“Istorio horren barruan pertsonaia nagusien arteko harremanak eta nondik norakoak kontatzen ditut, besteak beste”. Helduentzako eleberri bat idazten duen lehen aldia da honako hau Goiorentzat, orain arte umeentzako kontakizunak idatzi baititu. Eleberri hau, gainera, musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du Ramosek (kontzertu baten egitura du), musikak ugaotarraen bizitzan duen pisu handiagatik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Kirol Txartelaren bidez, ugaotarrek uretako jarduerak egiten jarraitu ahal izango dute beste udalerrietan

El Jaro kiroldegia obretan egongo da martxoaren 1etik irailaren 31ra arte. Kirol Txartelaren bidez ugaotarrek sistemari atxikitako beste udalerri batzuetako kirol-instalazioak erabili ahal izango dituzte

|

Erabiltzaile bat, El Jaroko instalazioetan // Geuria

Martxoaren 1etik irailaren 30era Ugaoko igerilekuak itxiko ditu Udalak bertan egingo diren haurrentzako igerileku berriaren eta spa gunearen obrak burutzeko, GEURIAn aurreratu moduan.

Egoera horrek sortuko duen egoera ikusita, Ugaoko Udalak kiroldegiko abonatu guztientzat Kirol Txartela (KTX) eskura ipini du: “Zerbitzu horri esker, sistemari atxikitako beste udalerri batzuetako kirol-instalazioen sarera sartu ahal izango da, herritarrek uretako zein kirol-jarduerak egiten jarraitu ahal izango dutela bermatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

KTX inguruko hainbat udalerritako kirol-instalazioen sare batera sartzea errazten duen erreminta da. Abonatuek ur eta kirol-jarduerez gozatzen jarraitu ahal izango dute El Jaroko obrek irauten duten bitartean. Txartel hau 2024an abonua egin eta aurten berriztu behar duten erabiltzaileentzat diseinatu dute.

Kirol Txartelaren bidez, abonatuek ur eta kirol-jarduerez gozatzen jarraitu ahal izango dute El Jaroko obrek irauten duten bitartean

Giltza erabiltzeko pausuak errazak dira: Hasteko, KTX aplikazioa mugikorrean instalatu behar da. Jarraian erabiltzailea erregistratu behar da. Horretarako, datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NANa eman behar dira, eta zein kirol-institututan edo erakundetan ordaintzen den adierazi behar da. Pausu guztiak behar bezala jarraitu ostean aplikazioa erabiltzeko prest egongo litzateke.

“Dagokion kirol-instalaziora sartzen den bakoitzean APP mugikorraren “Txartel digitala” erakustsi beharko du erabiltzaileak, NANarekin batera”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. “Instalazioko langileak sarbidea erregistratuko du erabiltzailearen gailuan egiaztapen-kodea sartuz, eta instalaziorako sarbidea emango dio”.

Honekin lotuta eta berritasun modura, aurtengo udako igerilekuak ekainaren 1etik irailaren 30era zabalduko dituzte, haurreko denboraldietan baino hilabete lehenago. Gainera, Udalak herriko kiroldegitik kanpoko lokal bat alokatuko du, Pilates eta Yoga bezalako jarduera leunak (Pilates eta Yoga) aldi baterako lekualdatuz. “Gainerako jarduerak kiroldegian mantenduko dira”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Martxoan hasiko dituzte Ugaoko El Jaroko haurrentzako igerilekuaren eta spa gunea egiteko lanak

Martxoaren 1etik 30era El Jaro kiroldegiko igerilekua itxiko du Ugaoko Udalak, bertan egingo diren haurrentzako igerileku berriaren eta spa gunearen obrei hasiera emateko

|

Igerileku berria // Ugaoko Udala

Martxoaren 1etik irailaren 30era El Jaro kiroldegiko igerilekua itxiko du Ugaoko Udalak, bertan egingo diren haurrentzako igerileku berriaren eta spa gunearen obrei hasiera emateko. Lan hauek egin ahal izateko milioi bat euroko inbertsioa egin du Ugaoko Udalak eta jarduketa bi egingo ditu bertan: igerileku-baso berri bi sortzea eta erabilera anitzeko gela berregokitzea. Igerileku-baso berri bien sorreraren bidez ur-jardueren eskaintza handituko dutela azaldu dute Udaletik.

Erabilera anitzeko gela berregokitzeari dagokionez, uretako espazioak hobetzeaz gain, erabilera anitzeko aretoan ere hainbat egokitzapen egingo dira. Era berean, gaur egungo eskaera handia dela eta, exekuzio-proiektu honek etorkizunean gimnasioa handitzea aurreikusten du, erabiltzaile guztiek gozatzeko instalazio modernoagoak eta argitsuagoak izan ditzaten.

Igerilekuan egin beharreko obrek zaratak sortuko dituzte kiroldegian. Horregatik, Udalak kiroldegitik kanpoko lokal bat alokatuko du eta Pilates eta Yoga bezalako jarduera leunak (Pilates eta Yoga) aldi baterako lekualdatuko ditu. “Gainerako jarduerak kiroldegian mantenduko dira. Are gehiago, ikastaroen egungo eskaintza zabaldu egingo dugu”, azaldu dute udal ordezkariek. Udako igerilekuak, bestalde eta berritasun modura, aurtengo ekainaren 1etik irailaren 30era zabalduko dituzte, haurreko denboraldietan baino hilabete lehenago.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Zabaldu dute epea Ugaoko Emakume Ekoizleen Azokan parte hartzeko

Aurtengoa 25. edizioa izango da eta 10:30etik 15:00etarako ordutegia izango du

|

Emakumeak 2018ko azokan // Geuria

Martxoaren 9an antolatu dute Ugaoko Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azoka, Emakumeen Nazioarteko Egunaren markoan. Aurtengoa 25. edizioa izango da eta 10:30etik 15:00etarako ordutegia izango du.

Bertan parte hartu nahi dutenek otsailaren 19ra arte eman dezakete izena berdintasuna@ugao-miraballes.eus edo kultur-etxea@ugao-miraballes.eus helbide elektronikoetara eskaera eginez.

“Azokak lehentasun osoa emango die emakume ekoizleei. Hutsik geratuz gero, gizonezkoen titulartasuneko ustiategiak sartu ahal izango dira, baldin eta postuan emakume bat badago ordezkatuta”, azaldu dute udal ordezkariek.

Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokak kalitatea eta zaporea ezaugarri dituzten produktuen aukera zabala eskaini du 24 urtez eta bertara gerturatzen direnek sasoiko barazkiak, hestebeteak, ogiak, etxeko gozokiak, fruta, marmeladak, pateak edo txakolina erosteko aukera paregabea izango dutela ziurtatu dute Udaletik.

“Ekitaldiak balioa ematen dio landa-eremuko genero-ikuspegiari, eta agerian uzten du emakumeek lehen sektorean duten funtsezko zeregina, baserrien barruan zein kanpoan”, laburbildu dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Udalak sare sozial instituzionalak izango ditu “modernizatu eta informazioa herritarrei zabaltzeko”

Momentura arte Udalak ez ditu inolako sare sozialik izan eta albisteak edo oharrak Ekaitz Mentxaka alkateak berak egiten zituen

|

Ugaoko udal webgunea, gaur egun // Geuria

Ugaoko Udalak komunikazio esparrua indartzeko pausua eman du 2025eko aurrekontuan. Iazko abenduaren 20 osoko bilkuran azaldu lez, Udalak 30.000 euro bideratuko ditu sare sozial instituzionalak sortu eta kudeatzeko.

Momentura arte Udalak ez ditu inolako sare sozialik izan eta albisteak edo oharrak Ekaitz Mentxaka alkateak berak egiten zituen izen propioarekin edo Gazteinfoko profilaren bidez.

“Garrantzitsua ikusten dugu hemendik aurrera edukitzea eta udalak berak informazioa zabaltzea, ez alkateak edo beste zinegotziren batek. Aldi berean, WhatsAppeko edo Telegrameko kanalak ere martxan jarriko ditugu informazioa interesa duten ugaotar guztioi zabaltzeko era eroso eta azkar batean. Uste dugu kanal horiekin informazioa herritar gehiagori helduko zaiola”, azaldu dio Mentxakak GEURIAri.

“Helburu nagusia horixe izango da hain zuzen: modernizatzea eta informazioa ugaotar guztiei zabaltzea”, laburbildu du alkateak.

Osorik irakurri