Sareak

☉ Ugao

Izaskun Ibarretxek irabazi du Ugaoko jaien kartel-lehiaketa bigarren urtez jarraian

15 urtez beherako kategorian saria Itxaso Rivas Dominguez ugaotarrak irabazi du

|

Itsaso Rivasen lana ezkerrean, eta Izaskun Ibarretxeren lana eskuman // Geuria

Herrietako jaien prestaketan kartel lehiaketa mugarri garrantzitsua izaten da, festen iruditeria eta indartu nahi diren balioak bertan agertzen direlako.

Ugaoren kasuan, jai batzordeak erabaki du irabazleak zeintzuk izan diren, bai 15 urtez gorako zein beherako kategorian. Txikienen kasuan Itsaso Rivas Dominguez ugaotarrak irabazi du. Zazpi urte ditu Itsasok eta sari moduan marrazketarako materiala jasoko du.

Sari nagusian, aldiz, zaharrak berri, Izaskun Ibarretxe amurriotarrak bigarren urtez jarrian irabazi baitu kartel-lehiaketa, “Zerbait egosten ari da lanagatik”. Artistak iaz Ugaoko plaza, herritarrak eta burdinazko galdara erraldoia irudikatu bazituen, aurten ere protagonismoa eman die elementu horietako batzuei, hala-nola galdarari edo jaietako zapiari. Sari moduan 500 euro jasoko ditu.

☉ Ugao

Ugaoko jai herrikoien aldeko aldarria zabaldu dute Txosnagunetik

Bideoan bertan zehazten dituzten berritasunen artean, aurten Jai Batzordearekin izandako elkarlana nabarmendu nahi izan dute, “hainbat urtez ate hori itxita egon baita”

|

Ugaoko Jaien txupinazoa, 2023an // Geuria

Ugaoko jai herrikoien egitaraua plazaratu dute Ugaoko Txosna Batzordetik bideo baten bitartez. Bertan, orain arte egindako lana goraipatu dute, “lan handia, konpromezuz beteta eta auzolanean oinarrituta” dela adieraziz. “Lan boluntarioa”, gaineratu dute, “helburu bateratu nagusi batekin: herria egitea”.

Helburu nagusi horren baitan kokatu dute Ugaoko jaietan “espazio libre bat, aldarrikapenez betea” sortzea, “inolako erasorik onartuko ez duena”.

Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute, halaber, “Txosnagunea denona dela eta guztiontzat irekita dagoela”.

Hori horrela, bertara hurbiltzeko eta elkarlanean aritzeko gonbita luzatu diete belaunaldi berri “eta ez hain berrie”.

Elkarlana Jai Batzordearekin, baina ez Udalarekin

Bideoan bertan zehazten dituzten berritasunen artean, aurten Jai Batzordearekin izandako elkarlana nabarmendu nahi izan dute, “hainbat urtez ate hori itxita egon baita”. “Etorkizunean horrela jarraitzea gustatuko litzaiguke” borobildu dute.

Bukatzeko, eta “zoritxarrez”, Ugaoko Txosna Batzordearen kideen aburuz, Ugaoko Udalaren jarrera kritikatu dute, eurenganako “trabak eta oztopoak” bere horretan mantentzen direlakoan. Hala ere, eta hurrengo urteei begira, elkarlanerako atea zabalik utzi dute.

Ugaoko Jai Herrikoak ’24

Irailak 6

18:30 Koadrilen jeitsiera
19:30 Txupina Txosnagunean “Envases Universaleseko langileen eskutik”
20:00 Kontzertua: “Ez Dok Bape”
21:30 Gernika Enparantzan: The Smoke Dealers, Lendakaris Muertos
01:30 Trikidantz Erromeria + DJ Maurizia

Irailak 7

13:00 Mariano Pintxada – Zelai: DJ Maisu
15:00 Herri bazkaria Txosnagunean – The Dolphiners
18:30 Elektrotxaranga Zutik
21:30 Euskal Preso, iheslari, eta deportatuen eskubideen aldeko mobilizazioa
22:00 Very txarrak, Leihotikan, Dupla, DJ Pipi

Irailak 8

11:00 Emakume sortzaileen azoka “Ermita enparantza”
13:30 Kontzertua – Dorretxea: Txalainak
19:30 Txosnagunea: Burbuilak

Irailak 9

14:30 Indabada herrikoia – Frontoia
20:00 Txosnagunea: DJ Bull

 

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Itzela da haiekin batera ikastea’ liburua argitaratu dute Ugaoko HodeIlargi elkartearen laguntzaz

HodeIlargi elkartea sortu zuten, gaixotasuna ezagutzera eman eta honen inguruan kontzientziatzeko. Urte hauetan hamaika ekintza antolatu dituzte, baita Ugaon ere: partida solidarioak, musika festibala…

|

Liburuaren aurkezpena Lizarra Ikastolan // Utzitakoa

Hodei eta Ilargi  bi haur eta anai-arreba dira. Orain dela hiru urte Batten gaixotasun arraroa antzeman zieten.

Joseba Bilbao bere aita ugaotarra da, eta GEURIAri azaldu zizkion gaixotasun arraro honen nondik norakoak: “Era erraz batean azaltzeko, gaixotasun honek eragiten duena da gorputzeko zelulek ezin dituztela hondakinak kanporatu, eta hondakinak pilatzen doaz zelularen heriotza eragin arte”.

Ordutik hona, HodeIlargi elkartea sortu zuten, gaixotasuna ezagutzera eman eta honen inguruan kontzientziatzeko. Urte hauetan hamaika ekintza antolatu dituzte, baita Ugaon ere: partida solidarioak, musika festibala…

Oraingo honetan, Ugaoko elkartearen laguntzaz ‘Itzela da haiekin batera ikastea’ liburua publikatu dute, euskeraz eta gaztelaniaz. Liburua Vanesa Ramosek idatzi du eta Alejandro Criadok egin ditu ilustrazioak.

Mikel da liburuko protagonista. Bere gelako mutil berri bati buruz hitz egiten du etengabe. Kontatzen duenaren arabera, badirudi tratu berezia jasotzen duela eskolan. Unai, Mikelen aita, kezkatuta dago. Ez du ulertzen zergatik hitz egiten duen hainbeste semeak mutil horri eta bere arrebari buruz. Eskerrak Iria irakaslea dagoen Hodei eta Ilargi nor diren azaltzeko eta liburuari izenburua ematen dion esaldiari zentzua emateko.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko zinegotzi baten etxearen kontrako erasoa modu bateratuan gaitzetsi du Udalak

Ugaoko EAJk eta Bizkaiko Buru Batzarrak modu bateratuan plazaratu duten oharrean adierazitakoaren arabera, ez da halako gertakari bat ematen den lehen aldia, 2022an ere egoera bera bizi izan baitzuen zinegotzi berberak

|

2022an ere antzeko eraso bat jasan zuen zinegotzi berberak // Geuria

Igande goizaldean arrautzak jaurti zituzten Ugaoko zinegotzi baten etxearen leiho eta fatxadaren kontra. Ugaoko EAJk eta Bizkaiko Buru Batzarrak oharra plazaratu zuten atzo, zehaztuz  ez da halako gertakari bat ematen den lehen aldia, 2022an ere egoera bera bizi izan baitzuen zinegotzi berberak.

Elkartasuna adierazteaz gain, “egintza bandalikoak eta indarrezko jokaerak ezin direla sekula erantzun onargarri edo justifikagarri izan” azpimarratu dute, eta “eraso onartezinak” direla. “Halako jokaerek biktima zuzenean kaltetzeaz gain, konfiantza eta errespetua kaltetzen dituzte, gure gizartearen funtsezko elementuak”. Bukatzeko, “EAJk politikagintzan eta errespetuan 129 urte” daramatzala, “elkarbizitzan eta elkarrizketan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko lanean” borobildu dute alderdi jeltzaletik.

Gaur goizeko osoko bilkuran, testu bateratua adostu dute EAJk eta EH Bilduk, eta koalizio independentistak “erabateko gaitzespena” adierazteaz harago elkartasuna adierazi dio erasoa pairatu duen familiari: “Ugao-Miraballesko Udalak erabateko babesa eta elkartasuna adierazi die zinegotziari eta haren familiari, eta udal-ordezkariari dei egin dio, ideologien aniztasunetik, Ugaoren alde eta bertako bizilagunen bizitza hobetzeko lanean jarrai dezan”.

EAJ eta EH Bilduko zinegotziek azaldu moduan, “Ugaok bizikidetzan eta besteekiko errespetuan oinarritu du bere historia” eta gertaera bandaliko horiek “erabat lekuz kanpo” daudela azpimarratu dute: “Norberaren eta familiaren askatasunaren aurkako eraso larria dira, udal-ordezkaria hertsatzeko, beldurtzeko eta jazartzeko helburu bakarrarekin. Ugaokoa bezalako gizarte demokratiko batean ez dute lekurik asteburu honetan gertatutakoa bezalako gizalegerik gabeko portaerek”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko El Jaroko gimnasioak ateak zabalduko ditu abuztuko lehen hamabostaldian, lehen aldiz

Berritasunekin batera, Ugaoko Udalak, Foru Aldundiarekin, milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu urgune bi eta aisialdirako gune bat sortzeko kiroldegian

|

Erabiltzaileak El Jaroko gimnasioan // Geuria

El Jaro kiroldegiko erabiltzaileen eskakizunei amen eginez, Ugaoko Udalak kiroldegiko gimnasioko ateak zabalduko ditu abuztuaren 1etik 14ra, astelehenetik ostiralera. Erabaki hau hartzen den lehen aldia da eta udal ordezkarien arabera, helburua instalazioak irekita izatea da “udako ariketa-errutinarekin jarraitu nahi dutenentzat”.

Halaber, neurri honek duen eragina aztertu nahi du Ugaoko Udalak: “Horrela, benetako eskaria ebaluatu eta datozen urteetan irekiera errepikatzeko aukera baloratzea planteatuko genuke”. Udalak espero du “erabiltzaileek ondo hartuko dutela neurria” eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko “beste aurrerapauso bat” izango dela uste du.

Milioi bat euroko berritasunak

Udaren etorrerarekin, Ugaoko Udalak eskuartean duen proiektu baten berri eman zuen joan den maiatzaren amaieran egindako osoko bilkuran. El Jaro kiroldegiko “igerilekuen zerbitzua hobetzeko prozesuan”, urgune bi eta aisialdirako gune bat ipiniko ditu. Proiektuaren idazketa esleituta dago eta 78.000 euro bideratuko dituzte horretarako.

Ugaoko EH Bilduk proiektu honen kreditu modifikapenaren aurkako bozka eman zuen osoko bilkuran. Proiektu honetarako inbertsioa milioi bat euro baino gehiagokoa izango da eta Foru Aldundiak milioi erdiko diru-laguntza emango du: “Proiektu honen bidez iguruko inork ez dituen igerilekuak izango ditugu”, azpimarratu zuen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.

Ekaitz Mentxaka: “Proiektu honen bidez inguruko inork ez dituen igerilekuak izango ditugu”

El Jaro kiroldegiko igerilekua, gaur egun // Geuria

Udal ordezkariek iragarri dute igerileku biak “komunitatearen beharrak asetzeko” direla: “Horietako batek 45 m2 inguruko azalera eta 1,20 metroko sakonera izango du, eta jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haurtxo, ume eta helduentzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu”.

Besteak 65 metro karratuko azalera eta 1,20 metroko sakonera izango du eta dibertitzeko izango dela nabarmendu dute Udaletik, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori egungo erabilera anitzeko aretoa igerileku nagusiaren esparruarekin lotuz egokituko da. Igerileku horrek 25,00 x 12,50 metroko ur-xafla du, sei kalekoa eta sakontasun desberdinekoa. Nagusiki, igeriketa librerako eta irakaskuntza- ikastaroetarako erabiliko dira. Espazio berria funtzionalagoa izan dadin, sauna eta bainu turkiarra birkokatu egingo dira”.

Sakonera txikia, “gakoa”

Ekaitz Mentxakak uretako espazioen sakonera txikia nabarmendu du, “adingabeentzat zein dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat bainu segurua bermatuko duelako”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak, eta azken urteetako haurtxoentzako ikastaroen eskarien goranzko joera dela eta ikaskuntza-spa espazio berriak hezkuntza eta osasun ikuspegia ere izango duela iragarri dute Udaletik.

“Haurrei, adinekoei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei igeri egiten irakasteko prestatuta egongo da, gizartea osatzen dugun guztientzako bizimodu aktiboa eta osasungarria sustatuz”. Mentxakak gehitu du proiektu honek adingabeak igerilekuetara bakarrik joateko aukera eskainiko duela ere. Halaber, proiektu honen bidez gimnasioa eta erabilera anitzetako gelak hobetuko dituztela iragarri dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Momiak filma aire zabalean, euskaraz eta doan proiektatuko dute Ugaon

Filma ekainaren 21ean proiektatuko dute Herriaren enparantzan, 22:00etan

|

Krispetak // Corina Rainer, Unsplash

Ikasturtearen amaiera heldu da eta udako oporrekin batera urtaro berriko ekintzak. Datorren ekainaren 21ean, ostirala, Momiak filma proiektatuko dute 22:00etan Ugaoko Herriaren enparantzan Ugaoko Merkatari Elkartearen eskutik eta Udalaren babesarekin. Euria egitekotan proiekzioa frontoira eramango lukete.

Juan Jesús García Galochak zuzendutako filma da Momiak eta publiko orokorrari zuzenduta dago. Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatu den bigarren film da, ‘Yuku eta Himalaiako lorea’ lanaren ostean. Filmak joan den otsailaren 23an hasi zuen ibilera EAEko zinema aretoetan.

Momiak (2023)

Lurraren erraietan momien hiria dago! Inperioaren aginduz, Nefer printzesak Thurtekin ezkondu behar du, gurdien auriga ohi batekin. Ez batak ez besteak ez dute ezkondu nahi; Neferrek askatasuna irrikatzen duelako, eta Thutek ezkontzeari alergia diolako.

Filmaren fotograma bat // Momiak

Baina jainkoen asmoak ezeztaezinak dira: Thutek Neferrekin ezkondu eta faraoiak eman dion errege eraztuna zaindu beharko du. Horri zerbait gertatuko balitzaio, Thutek begiak eta mihia galduko lituzke. Bitartean, gure munduan, Lord Carnabyk indusketa arkeologiko bat egin eta gauza berezi bat aurkitzen du: Egiptoko errege-ezkontzako eraztun bat! Thut gizakien mundura joan behar da hura berreskuratzera. Ondoan Sekhem, 12 urteko anaia, bere krokodilo maskotarekin, eta Nefer ditu.

Elkarrekin abentura handi bat biziko dute Londres modernoan, eta beren asmoetan sartzen ez zen zerbait deskubrituko dute: maitemintzea zer den.

Osorik irakurri