☉ Ugao
Lesv(i)sibles dokumentalaren proiekzioa eta elkarrizketa egingo dute Ugaon
Maiatzaren 20an proiektatuko du dokumentala Ugaoko Udalak, 19:00etan, Aldarte elkartearekin

Datorren maiatzaren 20an ‘Lesv(i)sibles’ dokumentala proiektatuko du Ugaoko Udalak, Aldarte elkartearekin, Jane jauregian.
Filma Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatu dute, 19:00etan. Jarraian solasaldia egingo dute.
“Lesvisibles dokumentalak LGTBI+ memoria historikoa berreskuratzen du, frankismo garaian Euskadin nerabezaroa eta gaztaroa bizi izan zuten zazpi emakumeren testigantzen bitartez; hauek lesbiana eta feminista gisa sozializatu ziren, testuinguru errepresibo eta guztiz lesbofobo batean”, azaldu dute
☉ Ugao
Emakumeak ahalduntzeko tailerra antolatu dute Ugaon
Hurrengo hitzorduan, azaroaren 11n, zoru pelbikoaren osasunari begiratuko diote

Udalak emakumeak ahalduntzeko prozesu berri bat ipini du martxan, talde-tailer baten bidez.
Helburua emakumeak indartzea, eta elkarren arteko zaintza eta ikuspegi feminista eta komunitariotik laguntza sareak sortzea da. Tailerra abenduaren 10era antolatu dute Jane jauregian. “Prozesuan zehar funtsezko alderdiak landuko dira, hala nola autoestimua, adierazpen emozionala, muga pertsonalak, sormena, komunikazioa edo osasun intimoa, besteak beste”, azaldu dute udal ordezkariek.
“Dinamika parte-hartzaileen, mugimenduaren, hitzaren eta adierazpen artistikoen bidez, norbere burua ezagutzeko, indartzeko eta elkarrekin bide berriak proiektatzeko espazio bat eraikitzea da helburua”. Lehen saioak azaroaren 4an eta 5ean izan ziren eta ahalduntzearen gaiari heldu zioten.
Hurrengo hitzorduan, azaroaren 11n, zoru pelbikoaren osasunari begiratuko zaio. Udalak azpimarratu du tailerrak “modu kolektiboan indartu, esperientziak partekatu eta norbera errekonozitzeko proposamen integrala” eskaintzen duela.
☉ Ugao
Udal Aurrekontuan parte hartzeko gonbidapena luzatu die Ugaoko Udalak herritarrei
Azken urteetan Leitokiko eskolako gimnasioko hobekuntza akustikoak, ibilgailuentzako kargagailu elektrikoak instalatzea, panel fotovoltaikoak jartzea bezalako proiektuetan hartu dute parte herritarrek

Ugaoko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesua ipini du martxan beste urte batez eta herritarrei laguntza eskatu die 2026ko kontuak elkarrekin osatzeko.
“Urtero bezala, Udalak ugaotarrak gonbidatzen ditu beren ideiak eta proposamenak helaraztera, udalerriko bizi-kalitatea hobetuko duten benetako proiektu bihur daitezen”, azaldu dute udal ordezkariek.
Azken urteetan hainbat proiektu gauzatu dituzte udaletik herritarren parte hartzearen ondorioz: Leitokiko eskolako gimnasioko hobekuntza akustikoak, ibilgailuentzako kargagailu elektrikoak instalatzea, panel fotovoltaikoak jartzea, kiroldegia hobetzea eta energia-aholkularitzako zerbitzu bat abian jartzea…
Prozesuan parte hartzeko modu bi daude: aurrez aurre eta modu telematikoan: aurrez aurre egin nahi dutenek hurrengo egunetan etxez etxe banatuko duten galdetegia Jane jauregian, Gazteinfo Gazteen Emantzipazio Zerbitzuan eta kiroldegian ipiniko dituzten postontzietan bota beharko dituzte. Interneten bidez egin nahi dutenek, ostera, esteka honetan prestatu duten formularioa bete beharko dute.
Beste urte batez, Ekaitz Mentxaka alkatearen bulegoaren ateak zabalik egongo dira herritarren proposamenak jaso edo prozesuaren inguruko zalantzak argitzeko. Bilerak azaroaren 17an eta 24an egingo dira 08:30etik 14:00ak bitartean eta 17:00etatik 19:00ak arte.
“Prozesuaren azken fasea amaitzeko, auzotarren proiektuak eta 2026ko udal- aurrekontuaren ildo nagusiak aurkeztuko dira, abenduaren 10ean, asteartea,
17:00etatik 19:00etara, Jane Jauregian”, azaldu dute Udaletik.
☉ Ugao
‘Katana’ bakarrizketa eta ‘Azkena eta bagoaz’ euskarazko obra eskainiko dituzte Ugaoko ‘Ostiralero antzerkiarekin bat’ zikloan
Iaz bezala, lau antzezlan eskainiko dituzte lau egunetan zehar, 20:00etan, Jane jauregian: bi euskaraz eta beste bi, erdaraz

Azaroaren 7tik 28ra antolatu du Ugaoko Udaleko kultura sailak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean aurtengo ‘Ostiralero antzerkiaren bat’ helduentzako antzerki-zikloa, aurten ‘Egitarau umoretsua’n lelopean.
Iaz bezala, lau antzezlan eskainiko dituzte lau egunetan zehar, 20:00etan, Jane jauregian: bi euskaraz eta beste bi, erdaraz. Euskarazko proposamenak Ana Goitiaren ‘Katana’ bakarrizketa eta Trapu Zaharra konpainiaren ‘Azkena eta bagoaz’ antzezlanak dira.
Katanan, marketina, matxismoa edo gordofobia bezalako gaiei buruzko bakarrizketa egingo du Goitiak, betiere ironia eta barrea oinarri hartuta: “Ana handia da, galanta. Bizitzan gertatzen zaion guztia ere handia da eta kontatzeko modua ere halako dauka. Normalean kontatzen ez ditugun kontuetan jarriko du arreta bakarrizketa honetan… egungo musika eta marketin, Sold Out-aren moda, guraso eta umeak kontzertuetan egotearen moda, matxismoa, lodifobia eta egunerokotasuneko gaiak…”.
‘Azkena eta bagoaz’ antzezlanak bestelako proposamena taularatuko du, Espe Lopezen gidaritzapean: Onenean ez dagoen kale-antzerkiko aktore batek aretoko antzerkiarekin probatzea erabaki du. Bere helburua lortzeko, antzerki klasikoko aktore batekin elkartuko da, eta obra berri bat muntatuko du: Bost ordu Mariorik gabe. Dirua biltzeko, berriro zapalduko ditu aurreko konpainiarekin jorratutako plazak. Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo aktoreak igoko dira oholtzara.
Urtero bezala, sarrera doakoa izango da.

Ana Goitia // Utzitakoa
Egitaraua | Ostiralero antzerkiaren bat 2025
Azaroak 7, ostirala
‘Todo sobre mi abuela’. TTipia, gaztelaniaz
Azaroak 14, ostirala
‘Katana’. Ana Goitia, euskaraz
Azaroak 21, ostirala
‘Las presentadoras’. Pituisters, gazteleraz
Azaroak 28
‘Azkena eta bagoaz’, Trapu Zaharra, euskaraz
☉ Ugao
Venancio Martinez “perretxikozale nagusia” izendatuko dute Ugaoko Jardunaldi Mikologikoetan

Azaroaren 1ean eta 2an Ugaoko XX. Jardunaldi Mikologikoak antolatu dituzte Udalak eta Ugaoko Historia eta Ingurumena ezagutzeko Zentroak.
Urtero lez, ekintza nagusi bi antolatu dituzte udazkenean hain tipikoa den hitzordu honetan: alde batetik goizeko mendi irteera egingo dute azaroaren lehen egunean eta arrastian jasotakoa sailkatu eta aukeraketa egingo dute.
Irteeran izena eman gura duten interesdunek Jane jauregira jo beharko dute edo 946 480 704 telefono zenbakira deitu. Izen emateak helbide elektronikoz egiteko aukera izango dute ere kultura.ugao@ortzadar.es helbidera e-posta idatziz.
Beste alde batetik, hurrengo egunean, azaroaren 2an, omenaldi berezia egingo diote Perretxikozale Nagusiari, 11:00etatik 14:00ak arte. Arrastian urteroko perretxikoen erakusketa antolatu dute.

Egitaraua | Ugaoko Jardunaldi mikologikoak 2025
Azaroak 1, larunbata
08:00 Mendi irteera, perretxiko bila (izena ematea beharrezkoa da)
Arratsaldean: mendian jasotakoaren sailkapena eta aukeraketa
Azaroak 2, igandea
11:00 Perretxikozale Nagusiari omenaldia
Eguerdian: Perretxikoen erakusketa
☉ Ugao
Ugaoko Udalak bi peoi eta administrari laguntzailea kontratatuko ditu sei hilabetez

2025eko toki ekintzetarako dirulaguntza deialdiaren baitan Ugaoko Udalak hiru kontratazio egingo ditu. Hiru lanpostuak lanaldi osokoak izango dira, eta abenduan hastea aurreikusten dute, gehienez ere sei hilabeteko iraupenarekin.
Ugaoren kasuan, bi peoi (4 hilabete eta erdiz) eta administrari laguntzaile bat (6 hilabetez) hasiko dira lanean, eta hautaketa prozesua Lanbidek emandako hautagai zerrendaren artean egingo dute, baldintza jakin batzuk betez: langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea edota Ugao-Miraballesen erroldatuta egotea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Lan-esperientzia, lanpostuarekin lotutako prestakuntza eta egoera soziolaborala zein familiarra ere kontuan hartuko dira.
Parte hartzeko Lanbideren webgunean izena eman beharko dute herritarrek, azaroaren 5a arte: Zerbitzu anitzeko peoia eta Administrari laguntzailea.











