Sareak

☉ Ugao

Martxa birtual solidarioa antolatu du CLN6 Hodeilargik Battenen Nazioarteko Egunean

Gaur, ekainak 9, Martxa Birtual Solidarioa antolatu dute sare sozialetan Batten CLN6 Hodeilargik eta MartayMariaCLN6 elkarteek, Battenen Nazioarteko Egunean

|

Ilargi eta Hodei, aitagaz // Geuria

Gaur, ekainak 9, Martxa Birtual Solidarioa antolatu dute sare sozialetan Batten CLN6 Hodeilargik eta MartayMariaCLN6 elkarteek, Battenen Nazioarteko Egunean. Jardueran parte hartu nahi dutenek dortsal birtuala deskargatu beharko dute interesdunek eta horrekin batera argazki bat atera beharko dute, euren sare sozialetara igoz: “Nahi izanez gero, dortsala kamiseta edo kirol-jertsean jarri dezakezue, argazkian ateratzeko”, azaldu dute Ugao eta Castelloko elkarteetatik.

Martxa solidarioaren helburu nagusia Batten gaixotasunaren inguruan kontzientzia sortzea da Hodei eta Ilargi ugaotarrek pairatzen duten bera. Horregatik, sare sozialetako argitalpenetan #BattenDay2022 eta #BattenAwareness hashtag-ak erabiltzea eskatu dute elkarte bietatik.

Joseba Bilbao: “Esparru lokalean laguntza gehiago jaso dugu administrazioan baino”

☉ Ugao

Bertan behera utzi dituzte Ugaoko inauterietako arrastiko buruhandiak

Hala ere, haurrentzako puzgarrien jarduerak aurrera egingo duela azaldu dute udal ordezkariek. Frontoian prestatuko dituzte

|

Ugaoko buruhandiak // Geuria

Ugaoko inauterietako programa aurrera doa, baina eguraldi txarra dela eta, gaur arrastian Herriaren enparantzan eta kale zaharrean antolatuta zeuden buruhandiak bertan behera utziko dituztela iragarri dute Udaletik.

Hala ere, haurrentzako puzgarrien jarduerak aurrera egingo duela azaldu dute udal ordezkariek. Izan ere, puzgarriak 18:00etan prestatu dituzte etxeko txikienentzat.

Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra[BERTAN BEHERA]
18:00 Puzgarriak, frontoia

Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ongizatea: adin guztietako ugaotarrentzat eskuragarri

Kirola egiteaz gainera, uretako jarduerak onuragarriak dira erabiltzaileen ongizate fisiko eta mentalerako, aldi berean

|

Ugaoko Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariak, urtarrila amaieran egindako inaugurazioan // Geuria

Joan den urtarrilaren 19an berrireki zituzten El Jaro kiroldegiko igerilekuetako ateak, 11 hilabetez obrak direla eta itxita egon ostean. Tarte horretan, Ugaoko Udalak 1997tik egin duen esku-hartzerik garrantzitsuena egin du bertan. Izan ere, 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietatik 500.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak jarri ditu.

Aurrekontu handiko proiektu guztiekin gertatzen den bezala, iritziak askotarikoak izan dira: kiroldegiko erabiltzaile askoren aburuz beharrezkoa eta onuragarria izan da inbertsioa. Egon da, baina, beharrezkotzat jo arren, lehentasunak beste obra eta arlo batzuetan daudela uste duenik ere.

Egun arte, eta uretako jardueren esparruari dagokionez, Ugaoko kiroldegiko eskaintza igerileku tradizionalak eta bainu turkiarretara mugatzen zen. Behin obra hau bukatuta, aukera gehiago izango dituzte El Jaro kiroldegira bertaratzen diren erabiltzaileek.

Berrikuntza aipagarrienak eraiki dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym-a kasu. Bestea, sakonera berekoa, aisialdirako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Izan ere, mota honetako spa eta ur basoei (haurrentzako edo nagusientzako igerilekuak tartean) hainbat onura onartzen zaizkie: spa bezalako guneek hidroterapia eskaintzen dute giharrak erlaxatzeko, zirkulazioa hobetzeko, ametsen kalitatea modu nabarmenean hobetzeko eta helduen estresa murrizteko, oro har.

Spa gune berria // Geuria

Zentzu honetan, ez da ahaztu behar, Ugaoren datu demografikoei erreparatuz gero, 65 urterik gorako populazioa %23koa da, eta zahartze aktiboa errazten duten instalazioen beharra handia dela.

Ur gutxiko eremuei dagokienez, berriz, segurtasuna, urarenganako familiarizazioa eta estimulazioa bermatzen dute haur txikientzat, eta aukera ematen dute urari beldurra dieten haurrei igeri egiten ikasteko hastapenak hobeto barneratzeko. Gainera, ur gutxiagorako edukiera daukatenez, ohiko igerilekuetan erabiltzen diren kimiko kopuru gutxiago erabiltzen dira bertan.

Kirolaz harago

Urtarrilaren 29an Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak El Jaro kiroldegiko instalazioak bisitatu zituen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearekin batera, eta kirolaz harago, Ugaoko kiroldegia ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu dela azpimarratu zuen.

Horrekin batera, belaunaldien arteko faktore inklusiboa ere aipatzekoa da: sakonera txikiko igerileku bati esker, haurrek, helduek eta adinekoek jarduera partekatu dezakete ingurune seguru batean. Kirol guztiek ez dute zeharkako izaera hori.

Leixuri Arrizabalaga, inaugurazio egunean // Geuria

Beste hitz batzuetan, aisialdiaz haratago, udal igerileku berri hauek entretenimendurako espazio bat eskaintzeaz gain, osasun publikoko tresna bat eskaintzen dute: inpakturik gabeko jarduera fisikoa, ongizate mentala, belaunaldien arteko inklusioa eta adin guztientzako ariketa irisgarria.

Udalaren datuen arabera, Ugaoko instalazioak ehunka pertsonek erabiltzen dituzte egunero, eta Mentxakaren arabera “jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa da. Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Memoria Tailerra abiaraziko dute Ugaon, ‘Zainduz’ programaren baitan

Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean

|

Adineko baten eskuak // Dennis Brendel, Unsplash

Otsailaren 17an hasiko da memoria lantzera eta ongizate kognitiboa sustatzea helburu duen Memoria Tailer berria, Ugaon, ‘Zainduz’ programaren bidez.

Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean (Udiarraga, 25).

Era honetako tailerretan, “gogoratzeko trebatzeaz” gain, estimulazio kognitiboa, autoestimua eta sozializazioa modu integralean lantzen dira normalean. Helburu nagusia da funtzio mentalak mantentzea eta indartzea, narriadura kognitiboa prebenitzea eta egunerokorako tresna praktikoak ematea.

Edukiera mugatua izango da eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela adierazi dute Ugaoko Udaletik. Horretarako, udaletxera jo edo 747 455 290 telefono zenbakira deituz harremanetan ipini beharko dira interesdunak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

San Mames estadioa berdez argiztatuko dute Ménière gaixotasunari ikusgarritasuna emateko

Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko

|

San Mames estadioa // Wikipedia

Datorren otsailaren 7an Bilboko San Mames estadioa berdez argiztatuko du Athletic Clubek 20:00etatik 20:30ak bitartean Menière sindromeari ikusgarritasuna emateko. Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko.

Izan ere, otsailaren 7an Ménière kontzientziatzeko eguna ospatuko dute. 2016an elkartea eratu berria zela, bilerak egin zituen Europako antzeko elkarteekin, eta Osasunaren Mundu Erakundeari (OME) Ménière Sindromearen Munduko Eguna esleitzeko eskatzea erabaki zen. “Otsailaren 7a aukeratu zen, egun horretan hil baitzen Prosper Ménière, gure gaixotasunaren sintomak lehen aldiz deskribatu zituen mediku frantsesa. Gestioak hasi ziren, baina ezinezkoa izan zitzaigun OMEra iristea, ahanzturan geratuz, baina ez guretzat. Egun horretan ofizialki berriz eskatu ahal izateko zain, Ménière-ren Sindromeari buruzko Kontzientziazio Eguna ospatu genuen”.

Ménière-ren sindromea barne-belarriko nahasmendu kronikoa da, eta bertigo larriko eraso errepikakorrak, entzumenaren galera gorabeheratsua, tinnitus (burrunbak) eta belarriko presio- edo zapalkuntza-sentsazioa eragiten ditu. Orekari eta entzumenari eragiten die, gehienetan belarri bakar batean, eta belarriko labirintoan likido gehiegi egotearen ondorio dela uste da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute

Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

|

Herriaren enparantza // Geuria

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.

“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri