Sareak

☉ Ugao

Mende erdia, herritarrek Ugaoko ikastola zabaldu zutenetik

Ugaoko ikastolaren 50 urteak ospatzeko jaia antolatu dute sortzaileek, eta hori dela eta, jarduera berezia antolatzen ari dira 2024ko udaberrirako, antzinako eta gaur egungo belaunaldiak herriari erakusteko. Gutxik dakiten istorioa kontatu digute proiektu honen sortzaileek Jane jauregiko ganbaran

|

Ikastolako sortzaileak, San Bartolome parrokian // Geuria

Ugaoko ikastola 1973ko azaroaren 3an jaio zen, Francoren diktadurako azken urteetan. Urte latzak izan ziren haiek, eta Ugaoko herritar batzuek euskarazko klaseak eskainiko zituen ikastola bat sortzea erabaki zuten momentu horretan. Garai hartan, eskualdean ez zegoen euskarazko klaseak eskainiko zituen zentrorik Basaurikoaz gainera, eta urrunago, Laudion. Ugaoko Leitoki eskolaren 50 urteak ospatzeko jaia antolatu dute sortzaileek, eta hori dela eta, jarduera berezia antolatu dute 2024ko udaberrirako, antzinako eta gaur egungo belaunaldiak herriari erakusteko. 70. hamarkada zen, eta herritarrek sortutako proiektua izanik, ezinezkoa izan zaigu garai hartako irudiak lortzea, garai hartan benetan zaila baitzen argazki kamera bat izatea, besteak beste.

1973. urteko azaroaren 3a ez dute sekula ahaztuko Ugaoko ikastola sortu zuten herritarrek. 50 urte igaro dira herritar talde ausart batek erabakia hartu eta Ugaoko ume talde txiki bati herrian bertan klaseak ematen hasi zenetik. Istorio hau jasotzeko eskola sortu zuten Esther Idirin, Karmele Belar, Karmele Landeta, Bego Reketa, Lino Ayesta, Ana Tere Salazar eta Cecilia Cortazar kideekin bildu gara Ugaoko Jane jauregiko ganbaran. Irakurtzen ari zaren testu honek elkarrizketa bat izan behar zuen, baina, agian garai hartako herri lan hark berriro bultzatuta bezala, ikastolako lehen urte horiek berreraikitzeko eta berbizitzeko herritarrak agertu dira Janeko ganbaran.

Ikastola sortu aurretik, San Bartolome parrokiako aterpean zegoen gela batean hasi ziren ume batzuk euskarazko klaseak jasotzen, Esther Idirin fundatzaileak irribarretsu gogoratu duenez. “Garai hartan ez nuen seme-alabarik baina herritar batzuk bildu ginen Ugaoko ikastola izango zenaren lehen pausoak ematen”, azaldu du. Gaur egun, aterpeko lanak egin ostean, espazio hori behin betirako desagertu da. Arrasto bakarra sakristiako gelako atea da, udaletxeko aldean kokatutakoa.

“Inguruetako herrietatik hona etorri ginenok euskaldunak ginen eta Ugaora heldu ginenean euskarazko ikastola bat sortzeko beharra zegoela sentitu genuen, gure hizkuntzaren alde ez zelako ezer egiten bertan”

Esther Idirinen memoriak Francoren garaiko gizarte-mugimenduak ekarri dizkio gogora: “Jende asko ekarri zuen Francoren diktadurak Ugaora eta bertan euskaraz berba egiten genekienok gure hizkuntza erabiltzeari utzi genion eta mespretxuak jaso genituen”. Momentu hartan Etorki Dantza Taldea jaio zela azaldu du Idirinek, eta ez hori bakarrik: euskarazko proiektu bat garatzeko ideia eta grina dantza taldean bertan sortu zen. “Ugaon erdaraz egiten zen bakarrik garai hartan”, gogoratu du Lino Ayestak, ikastolaren fundatzaileetako batek. “Inguruetako herrietatik hona etorri ginenok euskaldunak ginen eta Ugaora heldu ginenean euskarazko ikastola bat sortzeko beharra zegoela sentitu genuen, gure hizkuntzaren alde ez zelako ezer egiten bertan”. Horrez guztiaz gain, lehen bost ikasle horien adinaren kontua zegoen: “Klaseekin hasteko adina zeukaten umeek eta ikasturtea nola edo hala hasi behar zen”, erantsi du Bego Reketak.

Sortzeko pausoak

Ikastola bat sortzeko pausoak ez daude inon idatzita; ez da altzari bat pausoz pauso muntatzea bezalakoa. Ez dago jarraibiderik, eta are gutxiago frankismoaren errepresio garaian. Baina egia da gidaliburuetatik kanpo herritarrek bazutela beste inork ez zeukan berebiziko osagarri sorta bat: lan egiteko gogoa, adorea eta euskararen aldeko proiektu sendo bat eraikitzeko ilusioa. “Ikastola bat sortzeko leku bat topatu behar da lehendabizi eta faktore hori ere kontra izan genuen, baina klase horiek emateko elizpea luzatu ziguten Angel Romero eta Jose Miguel Madariaga alkateek”. San Bartolomeko elizpean klaseak jasotzen hasi ziren bost umeek hiruzpalau urte zituzten: Asier Bilbao, Asier Egia, ‘Arantxita’ Amondarain, Elixabete Álvarez eta Aitziber Fuentes. Horiekin hasi zen Ugaoko ikastolaren 50 urteko ibilbidea.

“Oztopo nagusiena ekonomikoa izan zen”, gogoratu du Reketak. “Baina ez hori bakarrik: andereño bat topatu behar genuen haurrei klaseak eman ahal izateko”. Karmele Landetaren senar ohia arduratu zen horretaz: Xabier Arebiotorre. “Bere eskutik heldu nintzen hona, Durangaldean zegoen koordinatzaile baten gomendioz”, azaldu du Karmele Belar ikastolako andereñoak betaurrekoak ipini bitartean. Ugaora heldu zenean, Karmele Belar andereñoak “ilusioz betetako jende talde bat” topatu zuela azaldu du: “Proiektu sendo bat zuten esku artean eta gurasoen zein herriko jendearen parte-hartzea zegoen asmo haren atzetik. Ni bakarrik falta nintzen”.

Ikastolaren proiektuari hutsetik ekin zioten herritarrek orduan eta hasierako ilusioa proiektuaren fase guztietan mantendu zutela azaldu dute kide guztiek. Karmeleren hitzetan goizetan hiru, lau eta bost urteko umeak joaten ziren ikastolara eta arratsaldetan “nagusitxuen” txanda izaten zen. “Urte horietako abadeen laguntza ere eskertzekoa izan zen”, dio andereñoak Etorkiko gainontzeko kideek baiezko keinua egiten duten bitartean. “Abadeekin batera, herritar guztien lana saritzekoa izan zen”.

Ezkerretik eskumara: Esther Idirin, Karmele Belar, Karmele Landeta, Bego Reketa, Lino Ayesta, Ana Tere Salazar eta Cecilia Cortazar // Geuria

Basaurira abentura

Lehen Hezkuntzako mailara iritsi zirenean, zazpi urteko haurrak Basauriko ikastolara bidali behar zituzten, eta aurreko mailetako haurrak eleizatik Leitokira eraman zituzten. Basauriko eskolarako bidea abentura izan zen lehen urteetan txikientzat, autobusaren faltan taxiz bidaltzen zituztelako ikasleak ikastera. Taxi zerbitzua egunero ordaindu behar zen, baina denborak aurrera egin ahala taxia alde batera utzi eta garraiobidez aldatu zuten Ugaoko ikastolakoek: “Furgoneta batean joaten hasi ziren”, azaldu du Linok. Ez autobusa, ez minibusa. Furgoneta bat, eta ez edonolakoa. Elkarrizketatuen artean isilunea sortu da eta begiradak tartekatzen dituzte irribarre eginez. “Ozpinetakoak garraiatzen zituen Areatzako gidari baten furgoneta zen”, azaldu du Leire Idirinek. Leirek furgoneta hartan joan etorriak egin zituen eskolara bidean. “Ozpinetakoen gainean joaten ginen Basaurira arte, edonola. Egunez egun, lekuak tartekatzen genituen”. Eskolako garraioak egiten hasi zirenean ez ziren bost ume joaten eskolara, 15 baizik. Linoren arabera, gizon hark gogoan ditu umeekin egiten zituen bidaia horiek. “Umeak eskolan utzi bezain pronto bere lanari ekiten zion”.

Behin Basaurin, ume bakoitzak Basauriko kide baten etxean bazkaltzen zuen: “Ikasturtea hasi baino lehen adostu egiten genuen kontu hori ikastolako batzordearekin”, dio Linok. Bazkalostean, furgonetara itzuli eta Ugaorako bidea egiten zuten. Urteek aurrera egin ahala, egoerak hobera egin zuen eta Basauriko ikastolaren aldamenean kokatutako Beitia jatetxeko zerbitzua kontratatu zuen ikastolak.

Ugaon hasitako herritarren arteko auzolan hura eskualdeko beste udalerrietara hedatzen joan zen. Ugaoko ikastolako hiru adin-taldeko ikasleak igaro zirenean, Udalak lokal batzuk laga zituen helburu kulturaletarako, gaur egun haurreskola dagoen leku berean. “Handik aurrera beste lokal bat laga ziguten Etxe Berdean. Hortaz, ikastolaren proiektua San Bartolomeko elizpean hasi zen, eta lehen 15 ikasleek Basaurin Lehen Hezkuntza burutu ostean, hurrengo belaunaldiak Ugaora itzuli eta jarraian Zaratamon sortu berri zuten eskualdeko eskolara eraman zituzten, lehen mailatik aurrerako ikasketak burutzera, eta Haur Hezkuntzako txikiak Ugaon lotu ziren.

“Lehen hezkuntzako haurrak taxietan eramaten genituen Basaurira. Geroago ozpinetakoak garraiatzen zituen Areatzako gidari baten furgoneta batean egiten zuten ikastolarako bidea”

“Maila ezberdinetako haurrak herri diferenteetan sakabanatuta izatea ez zen irtenbide egokiena, eta ez ginen arazo hau pairatzen zuten zentro bakarrak: Arrigorriagako erdiguneko eta abusuko zentroak egoera berdinean zeuden”, izan dira Linoren berbak. Oinarrizko Hezkuntzako lehen hiru urteak Etxeberriaren azpiko solairuan egon ziren haurrak hiru geletan banatuta. Ez egoen lekurik beste ezertarako: ez gimnasiarik, ez laboratoriorik… oinarrizko Hezkuntza egiteko baliabiderik ez zegoela gogoratzen dute ikasle ohiek.

“Ez dakit nola egin genuen aurrera, baina lortu genuen”, diño andereño ohiak. Adierazpen horren aurrean, Linok dio gaur egun egoera hori errepikatzea ez lizatekeela posible. “Jendea ez da antzina bezala elkartzen gaur. Bakoitza bere aldetik dabil gaur egun”. Karmele Belarrek gogorarzi du Ugaoko proiektu batek aurrera egin ahal izateko horretan sinetsi behar dela lehenik eta behin: “Ilusioarekin eta elkarlanarekin dena da posible”. Udaletxeak lagatutako lokalak biluzik gogoratzen ditu Linok, eta horiek ugaotar guztien lanaren bidez jantzi zituzten, nork bere ekarpenekin. “70. hamarkadan bizi izan genuen proiektu zoragarria izan zen, ezbairik gabe”, dio Estherrek.

1993an, Eskola Publikoaren Legea (EEPL) onartu eta eskola pribatutik publikora igaro zen Ugaoko ikastola, eta hasierako ikastola gaur egungo eskolarekin alderatzea eskatzean, erantzun zuzena ematen dute proiektua hasi zutenek: “Gurasoen aldetik inplikazio pertsonala falta da bertan eta beti komentatzen da elkartean ez dagoela lanerako gogorik. Deialdiak egiten dira jendearen laguntza eskatzeko baina ez dago antzina bezalako ilusiorik eta gutxi dira benetan konprometitzen direnak”, azaldu du Leirek. “Gainera, euskarak bere lekua galdu du eskolako D ereduan ere”, gehitu du Karmele Belarrek.

Karmele Belar: “Euskarak bere lekua galdu du Ugaoko eskolako D ereduan ere”

Ikastolako talde sortzailearen arabera, proiektua sortu zenean herritarren artean “indar handiagoa” zegoela azpimarratu dute beteranoen taldetik eta andereño ohiaren iritziz gaur egungo guraso elkartekoek “askoz errazagoa izan dute dauden lekura heltzea, dena eginda topatu dutelako”. Horrek, hala ere, ez du esan nahi gaur egun ez dagoela zer egiterik. Taldeko batzuek azaldu bezalaxe, “gaur egungo euskararen egoera ez da batere ona eta asko dago egiteko”. Orduko beharrizanik ez dagoela dio Linok: “Haurrak euskaraz berba egiten etortzen ziren eskolatik lehen; orain, euskaraz dakiten umeek erdaraz egin eta inork ez die ezertxo ere esaten, asko haserretzen nau horrek”. Umeek, euskaraz jakinda erdaraz egiten dutela dio Estherrek, eta egoera hori guraso euskaldunen onarpena duela nabarmendu du. Beste batzuek belaunadi aldaketa ikusten dute: “Gaur egun, ikasgelan bertan ikasleak irakasleari erdaraz zuzentzen dira. Nire ikasketa prozesu osoan ez dut horrelakorik sekula ikusi. Irakasleari erdaraz berba egitea onartezina izan beharko litzateke”, diote elkarren artean.

Bai euskararen, bai hizkuntzaren kontuan, Ugaoko ikastola bezalako proiektuek erakusten dute edozein proiekturen atzean, ilusioa, elkarlana eta gogoa badago egingarriak izan daitezkela. Horregatik, eta 1973ko eskolako 50. urteurrena ospatzearren, 2024ko udaberrian jai berezi bat antolatu gura dute ikastola ohiko guraso elkartekoek eta laguntzaileek Leitokin bertan, aire zabalean eta herritarrei irekita. Ekitaldia prestatzen ari dira momentuz, ideiak eta proposamenak jasotzen: “Asmoa jaia antolatzea da herri bazkari batekin”, azaldu du Bego Reketak. “Proiektua gauzatzeko laguntza eman ziguten horiei gonbidapena luzatuko diegu: Karmele andereñoari, Basauriko ikastolakoei… Ugao bera ahaztu barik”. Ikastola jaia herrira zabaltzea da helburua, herriak duela 50 urte ikastola zabaldu zuen era berean. Horrela, batek baino gehiagok herrian bertan gauzatu zen proiektu hau ezagutzeko aukera paregabea izango du.

☉ Ugao

Larunbatean zabalduko dituzte Ugaoko estali gabeko igerilekuak, etenik gabeko ordutegiarekin

Instalazioak 11:00etatik 20:30ak arte egongo dira zabalik etenik gabe irailaren 15era arte. Abonuak ekainaren 14ra arte eskuratu daitezke El Jaron eta hilaren 15etik aurrera Arandiako instalazioetan

|

Arandiakoestali gabeko igerilekuak // Geuria

Arandiako estali gabeko igerilekuak datorren ekainaren 15ean zabalduko dituzte, udako denboraldiari hasiera emanez. Udalak azaldu lez, instalazioak 11:00etatik 20:30ak arte egongo dira zabalik etenik gabe. Abonuak ekainaren 14ra arte eskuratu daitezke El Jaron eta hilaren 15etik aurrera Arandiako instalazioetan.

Estali gabeko igerilekuak irailaren 15era arte egongo dira zabalik eta 500 lagunentzako edukiera izango dute. “Egunero erosi ahal izango dira sarrerak, bai erroldatutakoek, baita ez erroldatutakoek ere (4 euro adingabeentzat eta erretiratuentzat; 5 euro 18 urtetik gorakoentzat)”, azaldu dute udal ordezkariek. “Abonuei dagokienez, prezioa desberdina izango da erroldatutako eta erroldatu gabeko pertsonentzat”. Prezioak Ugaoko Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.

El Jaro, zabalik

Ugaoko kiroldegiak ere udako ordutegia hasiko du asteburutik aurrera: astelehenetik ostiralera zabalik egongo da 09:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte. Larunbateko ordutegia 09:00etatik 14:00ak artekoa izango da eta igande zein jaiegunetan itxita egongo dela iragarri dute. Igerilekua kiroldegia itxi baino 30 minutu lehenago itxiko dute ordutegi berriarekin.

“Igerilekua irekita egongo da uztaila osoan zehar, kiroldegiaren gainerako guneak bezala (gimnasioa, kiroldegiko kantxa, padel pista, etab.). Abuztuan, kiroldegia erabat itxiko da, dagozkion mantentze-lanak egiteko”, iragarri dute Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko EH Bilduk Gomendioen Dekalogo bat proposatu dio Renferi azken urteetan geltokian gertatutako gatazkak konpontzeko

Dekalogoarekin batera, trenek Ugaoko geltokian geldirik ematen duten denbora aztertzea eta trenetara igotzeko espazio irisgarrienak “argi seinaleztatzea” eskatu diote tren enpresari

|

C3 lineako aldiriakeko tren bat, Ugaoko geltokitik irteten // Geuria

Ugaoko EH Bildu alderdiko ordezkariak Verónica Portell Renfeko EAEko arduradun instituzionalarekin elkartu dira Bilboko egoitzan lehen aldiz azken urteetan Ugaoko geltokian C3 lineako aldiriakeko trenekin gertatutako ezbeharren inguruan berba egiteko: “Hala nola, erorikoak, ateen harrapaketak, etab. Asko izan baitira azken aldian ugaotarren partetik jaso ditugun kezkak edota ardurak”, zehaztu dute EH Bildutik.

Izan ere, joan den otsailean, Xabier de la Fuente Zaballa herritarrak Ugaoko geltokian gertatutako hainbat egoera azaldu zizkion GEURIAri eta komunikabideak tren enpresarekin berba egiteko parada izan zuen ere.

Joan den ekainaren 10ean Bilboko egoitzan egindako bileran lau eskaera egin zituen Ugaoko EH Bilduk: lehena, ezbeharrak berriro ez gertatzeko asmoz, behar diren tresnak aplikatzea, trenak geralekuan ematen duen denbora trenetik segurtasun osoz igotzeko eta jaisteko adinakoa izango dela bermatuz; bigarrena, erabiltzaileen eskura hainbat komunikazio-kanal jartzea horrelako ezbeharrak gertatzen direnean erreklamazio bidea argi eta zuzenak izan daitezen; hirugarrena, Ugaoko geltokian gomendioen dekalogo bat formalizatzea. Gomendio horiek aldez aurretik ezagutu beharko lituzkete erabiltzaileek, hainbat kanalen bidez; laugarrena, nasatik trenera segurtasun osoz igotzeko espaziorik irisgarriena zein den seinaleztatzea era argi batean. Zentzu honetan ere, Renfeko zerbitzuetan irisgarritasun unibertsala bermatzea.

Renfe eta EH Bilduko ordezkariak, astelehenean egindako bileran, Bilbon // Ugao EH Bildu

Erantzun modura, Verónica Portellek hurrengo arloak aztertuko dutela adierazi zuen: aldiriakeko trenak Ugaoko geltokian geldirik ematen duten denbora nahikoa den ala ez aztertuko dutela eta zonaldeko ikuskariaren lana areagotuko dutela ezbehar hauei aurre egiteko. Dekalogoari dagokionez, inguruko barne hausnarketa egingo dutela esan zuen, “etorkizunean hori inplementatzeko” asmoz.

Bileran ere joan den maiatzean Ugaon egindako osoko bilkuran Pentsionisten Mugimenduak aurkeztutako mozioa izan zuten izpide EH Bildukoek. “Bertan, Renfeko C3 linean irisgarritasuna bermatzea irmoki eskatzen zuten. Hori dela eta, EH Bilduk bere aldeko bozka eman eta aldarri hau zuzenean helarazi die Renfeko arduradunei”.

Ugaoko EH Bildu: “Renferekin komunikazio kanala zabalik mantentzeko konpromisoa hartu dugu herritarrek merezi duten garraio publiko bat izan dezaten”

Bilboko bileraren lehen hartu-emanaren “balorazio positiboa” egin du Ugaoko EH Bilduko alderdiak: “Bi aldeek komunikazio kanala zabalik mantentzeko konpromisoa hartu dugu herritarrek merezi duten garraio publiko bat izan dezaten. Izan ere, garraio publiko egoki batek berebiziko garrantzia izango du hurrengo urteetan burutu beharreko trantsizio ekosozialean”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Alejandro Pacheco: «Sare sozialak ez dira aukera bat; horiek barik merkatutik kanpo geundeke egun»

|

Inork gutxik ezagutzen du Alejandro izenarekin, Ugaon Patxes bezala ezaguna baita. “Patxez, gozotegikoa, croissantena”. Alejandro Pacheco León (Venezuela, 1993) Hegoamerikatik iritsi zen Bilbora bere familiarekin duela 17 urte bere negozio propioa zabaltzeko asmoarekin. Hainbat lanetan aritu ostean enpresa propioa abiarazteko pausoa eman zuen: Torre de Ugao kaleko 22. zenbakian Patxes ireki zuen.

Erronka handia izan zen Alejandrorentzat momentura arte leku berean zegoen Juan Manuelen LekuGozo gozotegia ordezkatzea, baina Alejandrok pauso hori eman zuen eta egindako lanaz harro dago.

Zazpi urte igaro dira Patxesek Ugaon pertsiana zabaldu zuenetik eta gaur egun croissanten erreferentziazko tenplu bihurtu da Hego Uriben eta baita Bilbo Handian ere. Alejandrok buelta bat eman zion gozotegi tradizionalaren formatuari eta garai berrietara doitzen jakin du: Gozotegiaren Instagrameko kontuak 25.300 jarraitzaile baino gehiago ditu eta Tik Tok kontua sutan dauka azken momentuko tendentziei helduz.

Negozioak Ugaon izandako arrakasta ikusita bigarren denda zabaldu zuen Bilboko Heros kaleko 15. zenbakian iaz. Hurrengo urratsa, ondo bidean, negozioa zabaltzea da eta hirugarren denda bat irekitzeko ideia buruan duela azaldu digu Patxeseko gozogileak, croissanten artean.

Patxeseko lantaldea, Ugaon // Geuria

Zein da Patxes gozotegiaren istorioa? Duela 17 urte iritsi nintzen Bilbora familiarekin batera, eta gozotegia zabaldu baino lehen hainbat gozotegitan lan egin genuen 2017an Ugaon gure negozio propioa sortu genuen arte: Patxes.

Nola gogoratzen dituzu negozio berriaren lehen urteak? Patxes zabaldu genuenean aita bakarrik hasi zen gozotegian lan egiten, gainontzekook gure lanak genituelako. Hasierako asmoa aitak goizeko lehen orduan pastelak egitea zen eta gero horiek dendan saltzea. Goizeko 03:00etan hasten zen lanean eta 21:00ak arte ez genuen pertsiana jaisten. Baina eskaintzak, espero genuenaren aurka, gora egin zuen eta kontrola galdu genuen.

Ugaon gozotegi gehiago daude. Nola ikusi zenuten bertan esparru bereko beste negozio bat zabaltzeko erronka? Ugaon hainbat gozotegi daude, bai, baina bakoitzak merkatu-hobi propioa du eta negozioen artean ez dugu ondokoa zapaltzen.

Zeintzuk izan ziren gozotegiko lehen gozoak? Txokolatezko palmerak. Aurreko negozioak, LekuGozok gozo horiek egiten zituen. Kasualitatea izan zen. Era askotako palmerak sortzen hasi ginen hasieran. Horrela egiten zuen LekuGozoko Juan Manuelek. Ugao palmerak jatera ohituta zegoen herria zen. Hortik abiatu ginen. Zorionez, ondo irteten zitzaizkigun guri ere.

Alejandroren aita, gozotegian, lanean // Geuria

2017tik gaur egun arte garapen positiboa izan du Patxesek eta palmerak bigarren mailara igaro dira. Palmerak egiten ditugu oraindik baina ez genuen gure burua gauza bera egitera mugatu nahi. Berriztu beharra zegoen eta orain croissantak dira gure espezialitatea. Ikusi izan dugunez, croissant barrubeteak modan daude berriro eta probak egiten hasi ginen sukaldean. Mota bi sortu genituen hasteko eta kopuru txikiak ekoizten hasi ginen. Gaur bederatzi mota baino gehiago egiten ditugu Patxesen. Sare sozialen bidez tendentzian dagoena ikusten dugu eta, horrez gainera, bezeroen eskakizunei amen egiten diegu, ahal den heinean.

Zein da arrakasta handiena eskuratu duen croissant mota? Pistatxozkoa, ezbairik gabe. Pilo bat saltzen dugu eta barrubetea egiteko pralinea erabiltzen dugu % 100ean. Pistatxoa ekologikoa da eta Gaztela Mantxatik ekartzen digute. Gauza guztiekin gertatzen den bezala, produktu ona erabiltzen denean kalitatean nabaritu egiten da. Pistatxozkoaz gainera, Lotus, Oreo, Cheesecake, Lemon Pie, Nocilla eta Kinderrez barrubetetako croissantak topa daitezke Ugao eta Bilboko gozotegietan, baita duela hilabete batzuk tendentzia izaten hasi zen Crookie izenekoa, cookie eta croissanten arteko nahasketa. Azken batean esperimentuak egiten ditugu gure croissantekin eta formula batekin asmatzen badugu, ekoizteko gaitasuna dugu, gure markaren zigilua mantenduz.

Pistatxozko croissanta, salduena Patxesen // Geuria

Nola definituko zenituzke Ugaoko auzotarrak jateko ohituren esparruan? Ugaotarrek jaten badakite eta kalitatea benetan apreziatzen dute. Gainera jatorrak dira eta esan beharreko gauzak esaten dituzte. Auzotar oso irekiak izan dira lehen momentutik, eta gauza berriak dastatzeko prest agertzen dira beti. Negozioa zabaldu baino lehen bestelako gozotegietan lan egindakoa naiz eta leku jakin batzuetan gauza berriak dastatzeko beldurra dago.

Nola antolatzen dituzue ekoizpen kopuruak? Ekoizpena behetik kalkulatzen dugu: asmoa dena saltzea da, produkzioa optimizatuz, elikagairik alferrik ez botatzeko. Horregatik produktuak aldez aurretik enkargatzea gomendatzen dugu eta horrexegatik eguerdian zabaltzen dugu Ugaoko denda, besteak beste.

Bilboko denda iaz zabaldu zenuten. Nolako urtea izan da? Ugaoko dendak oso ondo funtzionatu du, baina azken batean merkatua oso mugatuta dago. Bilbok 400.000 biztanle ditu eta bigarren denda honek muga hori zabaldu egiten digu.

Arraroa egiten da gozotegi bat bezalako tradiziozko negozio batek zuena bezalako arrakasta eskuratzea. Nola egin duzue? Hemendik 15 urtera sareak menperatuko dituzte gure bezeroek telefonoarekin. Sare sozialak ez dira aukera bat gaur egun: ez badituzu, merkatutik kanpo zaude. Gure kasuan bertan iragartzen ditugu gure produktu berriak guk geuk sortutako promozio bideoen bidez, azken orduko albisteen berri ematen dugu… Instagrameko @patxes_pasteleria eta TikTokeko Patxespasteleria kontuen bidez. Gure asmoa hemendik urte batzuetara enpresa egonkortzea, hobetzea eta zabaltzea da eta horretarako egungo baliabideei heldu behar diegu halabeharrez. Patxesekin marka bat sortu nahi dugu eta gure produktuak kalitatearekin lotzea.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Izaro Blanco txapeldun bilakatu da Espainiako Kick Boxingeko senior kategorian

Hurrengo astean Hungariara abiatuko da Blanco, norbanako lez, Euro Cupa jokatzera, mundu mailako sailkapenerako puntuagarria baita

|

Izaro Blanco, Guadalajaran // Utzitakoak

Joan den asteburuan, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra Espainiako Kick Boxing Txapelketa antolatu zuten Guadalajaran eta bertan hartu zuen parte Izaro Blanco (Orozko, 2005). Ugaoko kick boxing klubean borrokatu izandakoak urrezko domina irabazi du 70kg Light Contact modalitatean eta brontzezkoa Kick Lighten.

Kirolariarekin berba egiteko aukera izan du GEURIAk eta esperientzia “ezberdina” izan dela aitortu du Blancok, junior kategoriatik seniorrera jauzia egin duelako: “Absolutura igarotzeak beldurra ematen zidan”, aitortu du Izarok. “Izugarrizko esperientzia izan da hala ere. Borroka oso gogorrak izan dira eta aurkariak ezagutzen banituen ere erronka potoloa izan da, baina benetan gustura ibili nintzen, horietako batzuk lagunak ziren eta”.

Izaro Iker Blanco nebarekin izan da Guadalajaran. Iker arbitroa da eta lehiaketetan borrokatu edo coach lanak egiten ditu normalean: “Oraingoan arbitro lanak egin ditu Guadalajaran eta bain Ikerrentzat, bai niretzat esperientzia berria izan da: azken batean betidanik egon gara elkarrekin borrokan eta aurten zaila izan da zentzu horretan”.

Izaro Blanco 2018ko azaroan agertu zen GEURIAn Saioa Blancorekin batera, urte hartako irailean Venezian egindako Munduko Kick Boxing txapelketan aritu zirelako. Izarok bigarren postuan bukatu zuen munduko Kickligth kategorian. Zilarrezko domina lortzeaz aparte, bostgarren izan zen Light Contacteko modalitatean. “Azken urteetan sekulako garapena izan dut. Hasiera batean jolas bat bezala ikusten nuen kick boxinga eta gaur nire bizitzako ardatz nagusi bilakatu da eta horrela jarraituko du izaten: ez bakarrik borroka egiteari dagokionez; nire bizitza onerako aldatu didalako”, aitortu du Orozkoko kirolariak.

Izaro Blanco: “Hasiera batean jolas bat bezala ikusten nuen kick boxinga eta gaur nire bizitzako ardatz nagusi bilakatu da eta horrela jarraituko du izaten”

2018an 13 urte zituen Izarok eta argazkian Saioa Blanco eta Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearekin agertzen da irribarretsu. Urte hartatik gaur egun arte makina bat txapelketatan hartu du parte Izarok (mundu mailako txapelketak, Europako lehiaketak Hungarian, Italian, Turkian, Kroazian, Amsterdamen…) eta horrek esperientzian “eragin nabarmena” izan duela aitortu dio GEURIAri.

Hurrengo helmuga: Hungaria

Datorren astean Hungariara abiatuko da Izaro norbanako moduan Euro Cupa jokatzera, munduko sailkapenerako puntuagarria baita, eta ez hori bakarrik: “Hungriako txapelketaz gain itxaroten ari naiz, uda aldean Espainiako Selekzioak taldeak sortu behar dituelako eta horrela Europako txapelketetan parte hartzeko. Momentuz ez didate deitu”.

Izaro jaiotzez Orozkokoa da eta gaur Gasteizen dabil unibertsitateko ikasketak burutzen (eta bertako K2 gimnasioa entrenatzen, Sergio Sánchezekin), eta harreman oso estua dauka Ugaorekin: gurasoek bertan egin dute lan urte askoz eta azken batean herriarekin duten harremana sendotuz joan da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Sorgin Seinalearen 40 urteak omenduko dituzte Ugaoko Euskal Komikien jardunaldietan

Ugaoko Udalak, Harriet Edicionesekin batera, komikiaren izen bereko erakusketa antolatu du Jane jauregian ekainaren 28ra arte

|

Komiki bat // Miika Laaksonen, unsplash

Ekainaren hasieran Euskal Komikiari buruzko Jardunaldien bigarren edizioa antolatu dute Ugaon. Aurten Gregorio Muroren eta Daniel Redondoren Sorgin Seinalea (1984) komikiaren argitalpenaren 40. urteurrenaren inguruan prestatu dute.

Hori dela eta, Ugaoko Udalak Harriet Edicionesekin bat egin du Jane jauregian Sorgin Seinalea izeneko erakusketa antolatzeko ekainaren 28ra arte. “Erakusketa horren helburua 1984tik 1990era bitartean estatu mailan zein merkatu frankofonoan argitaratu ziren sagako lau albumak hobeto ezagutaraztea da”, azaldu dute udal ordezkariek.

Koaderno bat // kelly Sikkema, Unsplash

Bisitak eta tailerrak

Jardunaldien bigarren edizio honetan hainbat jarduera programatu dituzte: ekainaren 7an erakusketaren bisita gidatua eta adin guztientzako komiki-tailerra egingo dute Janen bertan, 17:30ean. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela azaldu dute Udaletik.

Hilaren 8an Egin dezagun komiki bat zerotik izeneko tailerra prestatu dute gazteentzat, Gaztelekuan, 18:00etan.

Protagonista nagusiak

Gregorio Muro Harriet (Donostia, 1954) komikigilea, gidoilaria eta zinema eta telebistako zuzendaria da. 1978an komikigile gisa hasi zen Ipurbeltz aldizkarian. 1981ean Frantzian bere lanak argitaratzen hasi zen Glénat, Dargaud eta Les Humanoïdes Associés argitaletxeetan: Justin Hiriart, Sorgin seinalea, Las aventuras de Ion y Mirka, Sudor de sol eta Simon Besaluze.

1990ean, Juanba Berasategiren Baleanerrak animaziozko film luzearen gidoilari gisa hasi zen ikus-entzunezkoetan, eta ordutik aurrera ekoizpen ugaritan lan egin du. 2015ean, Harriet Ediciones argitaletxea sortu zuen, bere obra klasikoaren zati handi bat berreskuratu eta titulu berriei ekiteko asmoz.

Daniel Redondo (Bilbo, 1940) komikigile lanetan hasi zen Bartzelonako Bruguera argitaletxean. Euskal Herrira itzuli zenean Donostiara joan zen bizitzera, eta Gregorio Muro ezagutu zuen. Harekin batera, istorio labur ugari egin ditu aldizkarietarako, baita Las aventuras de Ion y Mirka eta Sorgin seinalea sailetarako ere.

Geroago, Christian Perrissin gidoilari frantsesarekin batera, La juventud de Barba Roja saileko hainbat album marraztu ditu.

Osorik irakurri