Sareak

☉ Ugao

Momiak filma aire zabalean, euskaraz eta doan proiektatuko dute Ugaon

Filma ekainaren 21ean proiektatuko dute Herriaren enparantzan, 22:00etan

|

Krispetak // Corina Rainer, Unsplash

Ikasturtearen amaiera heldu da eta udako oporrekin batera urtaro berriko ekintzak. Datorren ekainaren 21ean, ostirala, Momiak filma proiektatuko dute 22:00etan Ugaoko Herriaren enparantzan Ugaoko Merkatari Elkartearen eskutik eta Udalaren babesarekin. Euria egitekotan proiekzioa frontoira eramango lukete.

Juan Jesús García Galochak zuzendutako filma da Momiak eta publiko orokorrari zuzenduta dago. Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatu den bigarren film da, ‘Yuku eta Himalaiako lorea’ lanaren ostean. Filmak joan den otsailaren 23an hasi zuen ibilera EAEko zinema aretoetan.

Momiak (2023)

Lurraren erraietan momien hiria dago! Inperioaren aginduz, Nefer printzesak Thurtekin ezkondu behar du, gurdien auriga ohi batekin. Ez batak ez besteak ez dute ezkondu nahi; Neferrek askatasuna irrikatzen duelako, eta Thutek ezkontzeari alergia diolako.

Filmaren fotograma bat // Momiak

Baina jainkoen asmoak ezeztaezinak dira: Thutek Neferrekin ezkondu eta faraoiak eman dion errege eraztuna zaindu beharko du. Horri zerbait gertatuko balitzaio, Thutek begiak eta mihia galduko lituzke. Bitartean, gure munduan, Lord Carnabyk indusketa arkeologiko bat egin eta gauza berezi bat aurkitzen du: Egiptoko errege-ezkontzako eraztun bat! Thut gizakien mundura joan behar da hura berreskuratzera. Ondoan Sekhem, 12 urteko anaia, bere krokodilo maskotarekin, eta Nefer ditu.

Elkarrekin abentura handi bat biziko dute Londres modernoan, eta beren asmoetan sartzen ez zen zerbait deskubrituko dute: maitemintzea zer den.

☉ Ugao

Antzinako Gabonen inguruko hitzaldia eskainiko du Felix Mugurutza historialariak Ugaon

Hitzaldian, galdu diren errito eta praktika zaharrak zein gaur egun ere bizirik dirauten tradizioak azalduko ditu historialari eta etnografoak

|

Olentzero, Zeberion // Geuria

‘Nolakoak ziren gure Gabonak?’. Galdera horri eutsiz hitzaldia eskainiko du Felix Mugurutza historialariak Ugaoko Jane jauregian, datorren abenduaren 17an.

Euskal Herrian eta bereziki gure eskualdean bizi izandako ohitura tradizionalen garapenaren inguruan inguruan oinarrituko da Mugurutza Udalak, AEK-k eta Foru Aldundiak ‘Praktikatu eta Bizi’ programan antolatutako saioan.

Hitzaldian, galdu diren errito eta praktika zaharrak zein gaur egun ere bizirik dirauten tradizioak azalduko ditu Felixek, “gure kultur ondarearen ikuspegi zabal eta dokumentatuan oinarrituta”.

Hitzaldia doakoa izango da eta 10:30etik 11:30era bitarteko iraupena izango du. Interesdunek 663 040 035 telefono zenbakiaren bidez eman dezakete izena.

Esatariari buruz…

Felix Mugurutza historialaria, etnografoa eta Euskal Herriko mitoetan eta kondairetan aditua da. Ezaguna da EITBko programetan agertu delako eta Aunia bezalako kultur elkarteekin lankidetzan aritu delako. Tradizioak, folklorea eta landa-munduaren, historiaren eta haraindikoaren arteko lotura aztertzen ditu, eta, sarritan, antzinako baserrietan eta euskal antzinako ohituretan zentratzen da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Sarea Abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du hilaren 19an

Bilboko Ganberako koro eta orkestarekin batera eskainiko dituzte Gabonetako kontzertuak. Urtero lez, doakoak izango dira

|

Sarea Abesbatzakoak, joan den martxoan Jute fabrikako emakumeei egindako omenaldian // Geuria

San Bartolome elizak Gabonetako kontzertuak hartuko ditu beste urte batez, abenduaren 12an eta 19an. Aurten, Bilboko Ganberako koro eta orkestaren eta Ugaoko Sarea Abesbatzek eskainiko dituzte doako kontzertuak.

Hilaren 12an Bilboko Ganberako koro eta orkestak eskainiko du emanaldia, 19:30ean.

Abenduaren 19an Ugaoko Sarea Abesbatzaren txanda izango da. Kontzertu hau 19:30ean antolatu dute ere. GEURIAk Sarea Abesbatzako Itziar Ayesta Isasirekin (Ugao, 1982) egin zuen berba 2022ko urtarrilean, gizartea Koronabirusak sortutako zulo beltzetik astiro-astiro irteten hasi zen garaian. Hementxe irakur dezakezu elkarrizketa osoa.

Ugaoko Sarea Abesbatzak herrian antolatutako hamaika ekimenetan hartzen du parte urtero. Aurten, Jute fabrikako emakume langileei egindako omenaldian ikusi genituen kantatzen, Udiarragako elizan.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaok ‘Agur 2025’ izeneko jaiarekin agurtuko du urtea, lehen aldiz

Jaia abenduaren 31n antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Herriaren enparantzan, askotariko jarduerekin

|

Txanpai botila bat // Myriam Zilles, Unsplash

Aurten ekimen berezia prestatu du Ugaoko Udalak 2025ari amaiera emateko: ‘Agur 2025’ jaia.

“Lehen aldiz, Ugaoko Udalak herriko familiei zuzendutako programa berezi bat antolatu du urteari amaiera borobila emateko”, azaldu dute Udaletik. Jaia abenduaren 31n antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Herriaren enparantzan.

Gominolen eta gusanitoen banaketa, aurpegi margoketa, puxikak askatzea, DJak zuzenean txikienentzat zein helduentzat…  “eta kanpai-hots “oso bereziak” egingo dituzte ere Ugaoko haurrek Gabon zahar gaua aurreratuta, giro seguru, familiar eta alaitsuan bizi ahal izateko”.

Jaian parte hartuko dutenek jai-giroko konplementu bat eramateko gonbidapena luzatu die Udalak, “alaitasunez betetako gabon giroa sortzeko”: “Gabonetan ere Ugao herri bizia izatea nahi dugu, publiko guztientzat pentsatutako jarduerekin”, azaldu du Ekaitz Mentxaka herriko alkateak. Ekimen hau jarraipena izateko asmoarekin sortu dutela azaldu du Mentxakak, “eta plaza familiaz beteta ikusteko nahiarekin, urtearen amaiera elkarrekin gozatuz”.

Egitaraua | Agur 2025 Jaia

Abenduak 31, asteazkena
Herriaren enparantza

11:00 Gusanito eta gominola banaketa
11:00 Aurpegi-margoketa
11:00 DJ umeen saioa
12:00 Kanpai-hotsak
12:01 Puxika-askatzea
12:01 DJ helduen saioa

Osorik irakurri

☉ Ugao

2026ko Ugaoko jaiak antolatzeko lehen bilera irekia prestatu dute Jane jauregian

Bilera abenduaren 17an prestatu dute, 18:00etan, Jane jauregian eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara

|

Txupinazo eguneko argazki bat, aurten // Geuria

Datorren urteko Ugaoko jaiak antolatzeko lehen bilera irekia antolatu du Udalak.

Bilera abenduaren 17an prestatu dute, 18:00etan, Jane jauregian eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara: “Jane jauregian egingo den bileran parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, guztion artean  2026ko jai egitaraua osatzeko”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Aroa 2024-2034’ herri konpromisoak Ugaoko euskararen transmisio eta erabilerako “erronka nabarmenei” aurre egingo die

Hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko tresna izango da AROA, eta herri osoa inplikatuko du, udal ordezkarien arabera

|

Herritarrak // Geuria

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, joan den azaroaren 27ko Ugaoko osoko bilkuran argi berdea eman zioten ‘Aroa 2024-2034’ planari.

“AROA —Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa— hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko tresna izango da, eta herri osoa inplikatuko du”, azaldu dute udal ordezkariek. Helburua herri euskaldunago, bidezkoago eta inklusiboago baten alde lan egitea da, hizkuntza berdintasunean sakonduz.

Iaz Ugaon egindako diagnostiko baten arabera, herritarren % 44,4 euskalduna da, % 21,1 “ia euskalduna” eta % 34,2 erdalduna eta 2021eko datuen arabera, biztanleen % 14,2k euskara zuen lehen hizkuntza, % 70ak erdara eta % 11k biak.

Datu horien arabera, euskararen transmisioan eta erabileran “erronka nabarmenak” identifikatu dituzte Udaletik eta hurrengo konpromisoak hartu dituzte AROA planaren bidez 2034 urtera begira:

– Euskararen transmisioari eustea, belaunaldiz belaunaldi
– Hiztun komunitate kontziente eta aktibo bat sortzea, gizarteko arlo
guztietan
– Eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza indartzea
– Euskara zerbitzu, merkataritza, aisialdi eta harreman sozialetan txertatzea
– Gazteen gaitasun praktikoa eta adierazkortasuna sustatzea
– Aniztasunaren kudeaketa inklusiboa: herritar berriak euskarara hurbiltzeko
baliabideak sortzea

Plan osoa Ugaoko Udaleko webgunean irakurri daiteke.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna