☉ Ugao
Nagore Urueña Ugaoko zinegotziak herriko jaietan jasandako azken erasoa salatu du
Aurreko urteetan ez bezala, aurtengo erasoak “muga guztiak gainditu dituela” adierazi du Ugaoko zinegotziak sareetan

“Beste urte batez, Ugaoko jaietan opari berria utzi didate etxean”, azaldu du Nagore Urueña Ugaoko zinegotziak. “Baina aurreko urteetan ez bezala, aurten trafiko-bolardoa bota digute balkoira eta azken eraso honek muga guztiak gainditu ditu”, salatu du herritarrak.
Urueñaren arabera, onartezina da ideologia politiko jakin bat izateagatik urtez urte era horretako erasoak jasatea: “Pentsatzeko era biolentziaren bidez aldatzen saiatzea ez da bidea, guztiz kontrakoa; gure pentsaera zuzena dela esan nahi du horrek”, eta jende horrek besteek desberdin edo beraiek bezala pentsatzen saiatzeko beste modu batzuei buruz hausnartzea “interesgarria” litzatekeela proposatu du.
Ugaoko gobernu taldeak “bere gaitzespenik sendoena” adierazi du joan den asteburuan gertatutako azken erasoaren aurrean. Izan ere, Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, joan den irailaren 14ko goizaldean, 01:00ak aldera, norbaitek trafiko-bolardo edo pibote bat jaurti zuen Ugaoko EAJko zinegotziaren etxearen aurka, kalteak eraginez balkoiko pertsianan.
“Ez da gertaera isolatua. 2022az geroztik, zinegotzia iraindu, mehatxatu eta bere etxebizitzaren aurkako erasoak jasan ditu”, azaldu dute udal ordezkariek. “Indarkeriazko ekintza horiek gure gizartea gidatu behar duten bizikidetza, errespetua eta printzipio demokratikoak larriki urratzen dituzte.”
Nagore Urueña: “Pentsatzeko era biolentziaren bidez aldatzen saiatzea ez da bidea, guztiz kontrakoa; gure pentsaera zuzena dela esan nahi du horrek”
Bozeramaileen Batzordeak elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi izan dizkio Nagoreri eta bere familiari. “Aldi berean, irmo arbuiatzen dugu herritarrak zilegitasunez ordezkatzen dituztenen aurkako indarkeria, mehatxu edo jazarpen oro. Ugaon ez dute lekurik jokabide koldar eta onartezin hauek”.
“Ekintza onartezina, justifikaezina eta koldarra da”, azaldu du Iñigo Ansola Kareaga Bizkai Buru Batzarreko presidenteak bere sareetan, eta alderdi guztiek salatu beharreko ekintza dela gehitu du. Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak ere irmoki gaitzetsi du eraso berri hau: “Hirugarren erasoa da eta Udaletik guztiz gaitzesten dugu”.
“Aniztasun politikoan oinarrituta, errespetuaren, bizikidetza baketsuaren eta balio demokratikoen defentsaren aldeko deia bateratua egiten dugu. Indar guztiekin lan egiten jarraituko dugu indarkeriarik gabeko Ugao baten alde, non inor ez den erasotua bere ideiengatik edo konpromiso instituzionalagatik”, gehitu dute udal ordezkariek.
Beste eraso bat
Urueñak horrelako ekintza gehiago jasan ditu azken urteetan: arazoak 2022an hasi ziren, eta 2024an irainak eta mehatxuak egin zizkioten. Gainera, urte berean etxearen kontra objektuak bota zizkioten.
Azken erasoa iazko ekainean jasan zuen, GEURIAn iragarri lez, norbaitek etxeko fatxadaren aurka arrautzak bota zizkionean. Egoera honen aurrean, Ugaoko Udalak “aho bateko gaitzespena” erakutsi zuen, eta “Udalbatzako indar politiko guztiek gertutasuna eta babesa adierazi nahi izan zizkieten irainak eta bere etxeko leihoan objektuen jaurtiketak jasan behar izan dituen biktimari eta haren senideei”.
☉ Ugao
Gazte bazkaria, Berakatzen poteo musikatua eta DJ Pipiren saioa, Ugaoko Gazte Egunean
Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11. Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte herrian

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11.
Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte: poteo musikatua, elektrotxaranga, urteroko Gazte bazkaria eta kontzertuak. Aurten Muxutruk erromeria, The Lio eta Hesituak taldeen emanaldiak egingo dituzte parke berdeko frontoian, DJ Pipi hirukotearen urteroko hitzordua ahaztu barik.
Egitaraua | Ugaoko Gazte Eguna 2026
Apirilak 11, larunbata
12:30 Poteo musikatua: Berakatz taldea
15:00 Gazte bazkaria + bingo musikatua, parke berdea
17:30 Patxangoi! elektrotxaranga
21:00 Kontzertuak: The Lio + Hesituak + Muxutruk erromeria + DJ Pipi, parke berdea
☉ Ugao
Urtarrilaren 19an zabalduko ditu ateak Ugaoko kiroldegi eraberrituak
1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin eta iazko martxotik itxita eman ostean ugaotarrek berriro erabili ahal izango dituzte El Jaroko instalazio guztiak

Datorren asteko astelehenean, urtarrilaren 19an, zabalduko ditu ateak Ugaoko kiroldegi berriak. 1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin eta iazko martxotik itxita eman ostean ugaotarrek berriro erabili ahal izango dituzte El Jaroko instalazio guztiak.
Aldaketa nagusiak uretako jarduerak egiteko espazioak sortu eta hobetzeko izan dira. Izan ere, uretako espazioak handitu eta berritu dituzte: igerileku-baso berri bi sortu dituzte, ur-eskaintza eta ekimen kopurua handitzeko eta adin guztietako pertsonei zerbitzua ematea helburu. “Horietako bat jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur eta helduentzako ikastaroak eta zuzendutako programa berriak abiarazteko, aquagym kasu”, azaldu dute udal ordezkariek.
Bestea aisialdirako izango da, spa eta erlaxazio gune batekin. Espazio hau erabilera anitzeko areto zaharra eta klimatizatutako igerileku nagusiaren esparrua lotzean sortu da; igerileku horrek sei kaleko ur-lamina mantentzen du. Espazio akuatiko berri horien ezaugarri nagusietako bat sakonera txikia da, eta horrek bainu segurua bermatzen du bai adingabeentzat, bai aniztasun funtzionala duten edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.
Ur espazioez gainera, erabilera anitzeko gela berrantolatu du udal gobernuak, “erabiltzaileen eskariak kontuan hartuta”.
1.200.000 euroko inbertsio horretatik 500.000 Bizkaiko Foru Aldundiak ipini ditu. “Hobekuntza horiekin, kiroldegia ikaskuntzara eta osasunaren zaintzara bideratutako gune gisa ere sendotzen da”, azaldu dute Udaletik.

El Jaro kiroldegia // Geuria
Alternatibak erabiltzaileentzat
11 hilabetez itxita egon dira El jaroko igerilekuak. Tarte horretan, Ugaoko Udaletik alternatibak eskaini dizkiete herritarrei. Besteak beste,Udalak akordio “berezi” bat erdietsi zuen Arrigorriagarekin bertako kiroldegiaren ordutegia zabaldu eta ugaotarrek instalazioak erabiltzeko aukera izan zezaten.
Gainera, Ekaitz Mentxaka alkateak Kirol Txartelaren (KTX) alternatiba gogorarazi zuen obrak hasi baino lehen. KTX inguruko hainbat udalerritako kirol-instalazioen sare batera sartzea errazten duen erreminta da. Horrela, Ugaoko igerilekuak itxita egon diren hilabeteetan, herritarrak beste udalerrietako instalazioak erabili ahal izan dituzte.
“Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei obrak egiten ari ziren bitartean erakutsitako pazientzia eta ulermenagatik, eta egindako hobekuntza horiei esker kirol-instalazio modernoagoak, seguruagoak eta ugaotarren beharretara egokituak izatea espero du”, eskertu dute Udaletik.
☉ Ugao
Haurren autonomia sustatzeko tresnen hitzaldia antolatu dute Ugaon, euskara hutsean
Saioa hilaren 21ean antolatu dute, Jane jauregian,17:00etatik 19:00ak bitartean

Urtarrilaren 21ean Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako haurrek autonomia sustatzeko tresnen inguruko hitzaldia antolatu dute Ugaoko Ikastolako Gurasoen Elkartekoek euskara hutsean.
Saioa Jane jauregian egingo dute 17:00etatik 19:00ak bitartean: “Esperientziak partekatzeko balioko du saioak, komunitatean hazteko”, azaldu dute IGEtik.
Hitzaldia doakoa izango da, edukiera bete arte. Guraso elkarteko kideekin harremanetan ipintzeko hainbat modu daude: telefonoz (633 751 699), e-postaz (ugaoko.ige@gmail.com) edo instagrameko ugaokoige kontuaren bidez.
☉ Ugao
‘Haize Lerroak’ film laburraren proiekzioa eta solasaldia egingo dute Janire Etxabe dantzariarekin, Ugaon
Saioa Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan antolatu dute urtarrilaren 21ean, 10:00etatik 12:00ak bitartean

Urtarrilaren 21ean Haize Lerroak filmaren proiekzioa eta solasaldia antolatu dute Janire Etxabe zintako protagonistarekin, Ugaoko ‘Gure Etxea’ jubilatuetako gelan, 10:00etatik 12:00ak bitartean.
Definitzea ezinezkoa den sentimendu baten bilaketa etengabean. Haize Lerroak Janire Etxabe dantzari bertikalak lau urtez Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza-lerroak dokumentatzen ditu. Gorputzaren, dantzaren eta paisaiaren arteko harreman sakona aztertzen du film laburrak, diziplina hori lurraldea bizitzeko eta paisaiaren memoria adierazteko hizkuntza nola bihurtzen den erakutsiz.
Dantza bertikalean oinarritutako bideo hau 2023ko abenduaren 8an Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu zen dokumentalaren aurrerapena da.
Proiekzioa eta solasaldia AEK-ko ‘Praktikatu eta Bizi’ programak antolatu du Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
Ekimenean parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako 663 040 035 telefono zenbakiarekin harremanetan ipini behar dira interesdunak.
☉ Ugao
Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon datozen egunetan
Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen

Urtarrilaren 27an, otsailaren 24an eta martxoaren 23an Nortasun agiria edo pasaportea tramitatzeko bulego mugikorra ipiniko dute Ugaon.
Zerbitzua goizean eskainiko dute Herriaren enparantzan, “behar diren izapide guztiak egiteko bereziki egokitutako ibilgailu batean”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek urtarrilaren 21a baino lehen, udaletxean aurrez aurre edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz











