→Ugao

Ugaoko Udalak bi obra-peoi eta delineatzaile bat kontratatzeko prozesua hasi du

ugao udaletxea

Delineatzaile edo peoi izateko baldintzak betetzen dituztenek, Lanbideren web orrian eman beharko dute izena azaroaren 18a baino lehen

Ugaoko udaletxea // Geuria

Ugaoko Udalak bi obra-peoi eta delineatzaile bat kontratatuko ditu lehen enplegua sustatzeko eta langabeziaren aurka egiteko planaren barruan. Kontratuak aldi baterakoak izango dira: baldintzak betetzen dituztenek, hilaren 18ra arte izango dute epea hautagaitza bidaltzeko, eta abenduan bertan hasiko dira lanean, lau hilabetetik ia urtebeteko tartean.

Delineatzailearen kasuan, udalak lanaldi osoko hamar hilabeteko kontratua eskainiko du. Lehen Esperientzia Profesionala programaren bidez bultzatutako enplegua denez, interesduna EAEn bizi den 16-30 urte bitarteko gaztea izan beharko da, eta Lanbiden enplegu-eskatzaile edo langabe gisa alta emanda egon. Ikasketei dagokionez, LHII edo eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikari titulua eskatuko zaio.

Peoi izateko, berriz, ez da ikasketei lotutako baldintza espezifikorik egongo. Halere, kontratazioak Eskualdeko Enplegu Plana programako laguntzei esker egingo dituztenez, bi onuradunak derrigorrez izan beharko dira hiru kolektibo hauetako baten parte: Ugaon erroldatutako 35 urtetik beherako edo 55 urtetik gorako herritarrak; Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBSE) hartzaileak; edo iraupen luzeko langabeak. Azken honi dagokionez, derrigorrezkoa izango da gutxienez 360 egunez egotea lan-eskatzaile gisa izena emanda, kontratazio data baino 540 egun lehenagotik hasita. Kontratu honekin, lau hilabete eta erdiz eskainiko diete lana udalean.

Hautagaitza aurkeztea

Delineatzaile edo peoi izateko baldintzak betetzen dituztenek, Lanbideren web orrian eman beharko dute izena. Enplegu-atalean eskaintza horiek bilatu beharko dituzte interesdunek, eta bertan izena eman hilaren 18a baino lehen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak