Ugaoko Udalak osasun zentro berria zabaldu nahi du herrian, Ekaitz Mentxaka alkateak joan den ekainaren 28ko osoko bilkuran adierazi zuenez. Gaur egun kontsultategia dago herrian: “Osasun zentroa gero eta txikiagoa geratzen ari da eta gaur egungoa handitu edo hobetzeko aukerarik ez dago. Horregatik, beste lekuren batean osasun zentroa jartzeko aukeren bila hasi gara”, dio Mentxakak. Jane jauregiaren atzekaldeko aparkalekua proposatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari. Momentu honetan Jaurlaritzaren erantzunaren zain dago Udala.
“Gaur egungo osasun zentroaren egoera ez da txarra”, argitu du Mentxakak. “Aparteko zerbitzu batzuk eskaintzeko aukera egon badago, baina gaur egungo eraikinean hori eskaintzeko modurik ez dago”, aitortu du. Zerbitzu horiek esakini ahal izateko osasun zentro berria jartzeko aukerak aztertzen ari da Ugaoko Udala hortaz.
Ildo berean, Ugaoko EH Bilduk Osakidetzaren egungo egoera salatu du: “Hau guztia ez da pandemiaren errua, ez zen pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira”, dio Aritz Millan EH Bilduko zinegotziak: “Herri txikietan medikuarengana joateko beste herri edo hiri batera joan beharko dute. Hori ez da aldaketa kultural bat, oinarrizko eskubide baten aurkako eraso bat baizik, pertsona guztiok kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugulako”.
Etorkizuneko proiektua
Mozio bezala aurkeztu zuen gaia EH Bilduk Ugaoko ekaineko osoko bilkuran, baina Udalak ez zuen gai-zerrendan sartu: “Udalbatzetan gure eskumenekoak edo ugaotarrongan eragina duten gaiak jorratzen ditugu soilik”, eta gaur egungo osasun zerbitzua “normaltasunez funtzionatzen ari dela” argitu du Mentxaka alkateak: “Osasun zentroa baliabide guztiekin zabalik dago langile guztiekin eta ordutegiak errespetatuz”, azpimarratu du alkateak, eta Ugaoko EH Bilduk aurkeztutako mozioa “orokorra” bezala definitu zuen.
Osasun zentro berriari datak jartzeko orduan, “etorkizuneko proiektua” dela aurreratu du Ekaitzek. Proiektua martxan jarri duten arren, urte batzuk barru gauzatzea gustatuko litzaioekeela aurreratu du alkateak: “Proposamenaren erantzunaren zain gaude oraindik. Baiezkoa izatekotan, aurrekontuen barruan jaso beharko lukete proiektu hau. Era honetako prozesuak luzeak izan ohi dira, baina Ugaoko Osasun zentroaren kasuan, behintzat martxan jartzea lortu dugu”.
