Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Ugao

Ruth Morgado: «Loreekin gustu ona izateak ez du balio; lore-sorta ondo egiten jakin behar da»

Ruth Morgadok 25 urte zituela ireki zuen bere negozio propioa: Arrigorriagako Kreta Floristas. Lore-sortak, lore-konponketak eta landareak dauzka eskura bertan

|

Ruth Morgado, Kreta Floristas // Geuria

Loradendak pixkanaka desagertzen doazen garaian, Arrigorriagako Kreta Floristas dendako Ruth Morgado Elorzek (Zaratamo, 1977) herritarrak landareetara hurbiltzeko sekretua aurkitu duela dirudi. Whatsapp-en hedapen zerrenden bidez eta sare sozialak erabilita, eskaintza bereziak egiten dizkie bezeroei, eta abisatu eta 20 minutu eskasera, dendatik pasatu, eta nahi dutenek lore-sortak azkar batean izan ditzakete eskura. Ugaon 15 urte baino gehiagoz bizi izan den lorazainak gogoko ditu erronkak: 25 urte zituenean ireki zuen loradenda propioa, gaztetan “gauza berriak” egiteko gogoa sentitu zuelako, eta gogo horrek, oraindik ere, irauten duelako. Aurten, gainera, publikoaren arreta bereganatzeko beste lorpen bat egin du Morgadok, Bizkaidendak elkartearen IV. Erakusleiho Lehiaketako Arrigorriagako lehen saria irabazita.

Noiz hasi zinen loragintzari lotutako lanak egiten? Kreta Floristas denda 2001eko abenduan ireki nuen, 25 urte neuzkanean. 1998tik aritu naizenez loreen munduan, ordurako baneukan esperientzia. Izan ere, nire negozioa zabaldu baino lehen, Ugaon, Bilbon eta Leioan lan egin izan dut: nire osabaren dendetan, Flores Elorzen, eta Leioan, Elexalde dendan. Hala ere, onena nire aldetik jardutea zela erabaki nuen, eta familiaren laguntzarekin (ama ere nirekin dago Arrigorriagako dendan) pausoa eman eta autonomo egitea erabaki nuen. Egun, egia bihurtu den ametsa da nire kabuz lan egitea.

Familiak honetan jarduten bazuen, zergatik sortu denda propioa? Jakin-min handia izan dudalako betidanik. Gainera, 25 urte nituenean, lanbideak eskatzen zuen heldutasuna neukala sentitzen nuen, eta, beraz, ausartu egin nintzen. Gaztetan gauza berriak egiteko gogoa neukan, eta oraindik ere badut.

Loregintza lanbidea izanik, esperientzia soilaz gain, ikasketak ere egongo dira horretan trebatzeko. Bai, noski! Ni prestatu egin naiz loregintzan jarduteko; hau ez da magia, ezerezetik sortzen den gaitasun bat. Lore-sortak ez dira politak ausaz, lanaren atzean dauden tekniken eta pausoen araberakoak dira. Loreekin gustu ona izateak ez du balio; lore-sorta ondo egiten jakin behar da. Eta horretarako, ikastaroak daude, sektorean profesional bihurtzeko balio dutenak. Ni prestatzen nenbilenean, guztiak ziren ordainpekoak, eta orain ez dakit berdin izaten jarraitzen ez badute. Hori bai, heziketa zentroetan eskaintzen ez den zerbait den arren, loregintza lanbide bat da.

Zertan trebatu zara Kreta Floristasen jarduteko? Dendan bezeroen neurrira egokitzen diren lore-konponketak egiten ditugu, norbere beharren araberakoak: sorta txikiak, espazio handietarako dekorazioak, lore naturalak edo freskoak erabiliz zein lore lehorrekin. Horretaz gain, landareak ere badauzkagu, gehienbat, barnekoak. Kaleko landareak saltzen ditugun arren, etxeetan espazio berdeak izatea oso modan dago gaur-gaurkoz, eta horregatik, opariak eta dekoraziorako lanak eskaintzen ditugu, bereziki.

Etxe handietarako izango dira gehienak. Ni pisu batean bizi naiz, eta landare asko dauzkat: mahai gainean jartzen direnak, zoruan, egongelan, logelan, sukaldean eta balkoian.

Landareak dira gehien saltzen direnak? Zeren bila dator jendea? Niri gehien gustatzen zaidana eta bezeroek ere asko eskatu ohi dutena lore freskoen konponketak dira. Ebakitako loreekin sortak eta lore-zentroak egiten ditugu.

Eta, egun, herritarrek gehiago eskatzen dituzte loradendetako zerbitzuak edo gutxiago? Bada, zoritxarrez, ez da hazten ari den sektorea; guztiz kontrakoa. Ni Arrigorriagan hasi nintzenean, bi geunden dendan, baina orain, bakarrik gelditu naiz. Herri txikietan, pixkanaka-pixkanaka, dendak desagertzen ari dira: Ugaokoa eta ez dakit San Migelen dagoena ere ez duten itxi. Ez dago honetan jardun nahi duen belaunaldi berririk, lan merkatua oso txikia baita. Baina gu, behintzat, aurrera goaz, eta egiten duguna ondo egiten jarraitzen dugu.

Jendearengana hurbiltzeko bide berriak, publiko ezberdina… Nola egin herritarrak lore-sortetara erakartzeko? Whatsapp-en hedapenerako taldea daukagu, nahi duena sar dadin. Bertan, asteroko eskaintzak zabaltzen ditugu: lore-sortak, landareak… Nahi duenak bertatik eska dezake produktua, eta ordu erdian jaso dezake dendan. Era berean, orain, sare sozialen bidez ere ematen dugu hemen egiten dugunaren berri: Facebook-en zein Tik Tok-en. Azken honetan, gainera, publiko berria daukagu, umeak. Neska-mutilei gustatu egiten zaizkie loreak, eta amari, aitari, aitona-amonei eta familia kideei oparitu nahi dizkiete. Gurasoek ere loreak oparitu nahi badituzte, seme-alaben iritzia asko hartzen dute kontuan.

Loregintzaren sektoreak ba al du indarrik Euskal Herrian? Loreak hemendik eta atzerritik ekartzen dituzue? Ekoizle askorekin egiten dugu lan. EAE mailan kaleko landareak dira gehien eskatzen direnak, baina baita denboraldiaren araberako loreak ere: pazko-loreak, adibidez, Bizkaiatik ekartzen ditugu, hemengo klimara ondo egokituta egoteaz gain, nire ustez, politenak ere badirelako. Orokorrean, Bizkaian erosi dezakedan guztia hemen erosten dut, baina ebakitako lorea ez da onenetarikoa. Hori Espainiako hegoaldetik ekarri ohi dugu, Cadiztik edo Chipionatik, besteak beste. Herbehereetatik edo Kosta Ricatik ere “bereziagoak” diren espezieak eta aldaerak ekartzen ditugu, eta Ekuadortik, arrosak, gehien gustatzen zaizkidan aleak baitituzte bertan. Beraz, bai, zenbaitetan, hurbiltasuna sakrifikatzen dugu kalitate hobeko produktuak lortzeko.

Nola jartzen zarete harremanetan ekoizle hauekin? Enpresek Bizkaian daukate egoitza, eta loreak kanpotik etorri arren, denak heltzen dira gune berera. Hortik banatzen dizkigute inguruko lorezainei.

Lore onenak hautatzeko proba egiten duzu erosi baino lehen? Bai. Pazko-lorearekin, adibidez, astebete lehenago hasten dut probatzea: Kantabriatik hartzen ditugu batzuk, Errioxatik beste batzuk eta Bizkaitik ere bai. Gabonetarako lore asko behar ditugunez, erosketa handia egin behar dugu; beraz, ondo egin behar dugu aukeraketa. Probatzen ditugunetik gehien gustatzen zaidana aukeratzen dut. Gero, behin hautaketa eginda, astero egiten dugu erosketa. Herbehereetara eskatzen dugunean, berriz, online egiten dugu: Bizkaira ekartzen dituzte eta bertako enpresak nire bidaltzen dizkit aleak.

Astero egiten dituzue eskaerak? Dendara egunero heltzen dira loreak. Agian, astelehenetan, Levante ingurutik heltzen direnak sartzen dira; astearteetan, Espainia hegoaldetik datozenak; asteazkenetan, Herbehereetakoak… Beharrizanen arabera. Gaur, adibidez, ostegunez, Errioxakoak helduko zaizkigu, eta bihar, Kantabriakoak.

Asko eskatzea arriskutsua izan daiteke gero saltzen ez bada. Gure produktua galkorra da, eta, noski, noizbehinka, loreak botatzen ditugu. Arraindegietan egiten den bezala, edo produktu iragankorrekin lan egiten duten denda guztietan bezala da hemen ere. Baina 20 urte baino gehiago lan honetan egon eta gero, badakigu nola kudeatu, eta gutxi botatzen ditugu.

Nola kontserbatzen dituzue loreak dendan dituzuen bitartean? Loreak saldu baino egun bat lehenago ekartzen ahalegintzen gara. Ondoren, kontserbatzeko produktuekin tratamendua jartzen diegu, azukreen antzeko osagaiekin eginda dauden produktuekin. Horrek loreak gehiago irautea ahalbidetzen du: nik heldu eta bost egunera saldu ditzaket, eta bezeroak, etxean, beste 15 egunez izan ditzake egoera onean.

Sikatu eta gero, beste modu batera berrerabili edo gorde daitezke? Jende askok eskatzen dizkigu sikatuta gorde daitezkeen loreak. Kolore askotako lore-sortak, mota jakin bateko aleekin, eta 15 egun igaro ondoren sikatzen utzi eta hilabete askoz horrela kontserba daitezkeen loreak nahi dituzte.

Noiz eskatu ohi ditu jendeak lore-sortak, egun berezietan baino ez? Normalean, bai. Otsailean, adibidez, San Balendin egunez, arrosa gorri asko eskatu ohi dizkigute. Hainbat aletako sortak ere egiten ditugu, baina arrosak dira gehien saltzen direnak. Martxoari dagokionez, 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, lore asko oparitzen dira: emakumeen artean, amak alabari edo alabak amari… Denetarik dago. Egun berezi horien artean, baina, Domu Santu Eguna alde batera utzi behar izan dugu, ezin dugulako gustatuko litzaigukeen bezalako arreta eskaini. Egun horretan, lore freskoak eskatu ohi dira, eta, beraz, lore-sortak azken orduan egin behar dira, aleak gaizki jarri ez daitezen. Langile gutxi garenez, ezin diegu eskaera guztiei erantzun.

Arrosak, maitasunarekin; berdea, poztasunarekin… Lore motak eta beren koloreak oso egoera eta sentimendu konkretuekin lotzen dituzte batzuek. Bai, badago jendea loreen hizkuntza gogoko duena. Niri ez zait asko gustatzen. Uste dut norbaitek loreak oparitzen badizkizu —berdin da zein lore edo zein kolorekoa den—, pertsona horrek estimua dizun, maite zaituen edo zuretzako mezu bat duen seinale dela. Loreek beren kabuz hitz egiten dute.

☉ Ugao

‘London Calling’ liburuaren aurkezpena egingo du Goio Ramosek Ugaon

Hitzordua 18:30ean izango da eta Kepa Criadorekin batera egongo da Ramos

|

Goio Ramos // Geuria

Urtarrilaren 17an ‘London Calling’ liburuaren aurkezpen musikatua egingo du Goio Ramos ugaotarrak Dorretxea Herriko Tabernan.

Hitzordua 18:30ean izango da eta Kepa Criadorekin batera egongo da Ramos.

Goiok duela hilabete batzuk argitaratu zuen London Calling helduentzako lehen eleberria. GEURIAk berarekin egoteko aukera izan zuen, lan honen nondik norakoak aurkezteko.

Ugaotik Londresera

Liburuaren hasieran, emakume batek euskarazko kanta bat entzuten du Londreseko metroan. Kanta hura bere aita zenaren musika taldearen diskoaren abesti bat da.

Disko hura ez zen inoiz argitaratu. Istorioak 80. hamarkadara salto egiten du eta bertan ‘Hilotzak‘ bandaren istorioa kontatzen da: “Horrelako testuinguru kultural, sozial, politiko eta benetakoan dokumentazio lanak egin ditut eta marko horretan musika talde horren istorioa kontatu dut”, azaldu du Ramosek.

“Istorio horren barruan pertsonaia nagusien arteko harremanak eta nondik norakoak kontatzen ditut, besteak beste”. Helduentzako eleberri bat idazten duen lehen aldia da honako hau Goiorentzat, orain arte umeentzako kontakizunak idatzi baititu. Eleberri hau, gainera, musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du Ramosek (kontzertu baten egitura du), musikak ugaotarraen bizitzan duen pisu handiagatik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Kirol Txartelaren bidez, ugaotarrek uretako jarduerak egiten jarraitu ahal izango dute beste udalerrietan

El Jaro kiroldegia obretan egongo da martxoaren 1etik irailaren 31ra arte. Kirol Txartelaren bidez ugaotarrek sistemari atxikitako beste udalerri batzuetako kirol-instalazioak erabili ahal izango dituzte

|

Erabiltzaile bat, El Jaroko instalazioetan // Geuria

Martxoaren 1etik irailaren 30era Ugaoko igerilekuak itxiko ditu Udalak bertan egingo diren haurrentzako igerileku berriaren eta spa gunearen obrak burutzeko, GEURIAn aurreratu moduan.

Egoera horrek sortuko duen egoera ikusita, Ugaoko Udalak kiroldegiko abonatu guztientzat Kirol Txartela (KTX) eskura ipini du: “Zerbitzu horri esker, sistemari atxikitako beste udalerri batzuetako kirol-instalazioen sarera sartu ahal izango da, herritarrek uretako zein kirol-jarduerak egiten jarraitu ahal izango dutela bermatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

KTX inguruko hainbat udalerritako kirol-instalazioen sare batera sartzea errazten duen erreminta da. Abonatuek ur eta kirol-jarduerez gozatzen jarraitu ahal izango dute El Jaroko obrek irauten duten bitartean. Txartel hau 2024an abonua egin eta aurten berriztu behar duten erabiltzaileentzat diseinatu dute.

Kirol Txartelaren bidez, abonatuek ur eta kirol-jarduerez gozatzen jarraitu ahal izango dute El Jaroko obrek irauten duten bitartean

Giltza erabiltzeko pausuak errazak dira: Hasteko, KTX aplikazioa mugikorrean instalatu behar da. Jarraian erabiltzailea erregistratu behar da. Horretarako, datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NANa eman behar dira, eta zein kirol-institututan edo erakundetan ordaintzen den adierazi behar da. Pausu guztiak behar bezala jarraitu ostean aplikazioa erabiltzeko prest egongo litzateke.

“Dagokion kirol-instalaziora sartzen den bakoitzean APP mugikorraren “Txartel digitala” erakustsi beharko du erabiltzaileak, NANarekin batera”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. “Instalazioko langileak sarbidea erregistratuko du erabiltzailearen gailuan egiaztapen-kodea sartuz, eta instalaziorako sarbidea emango dio”.

Honekin lotuta eta berritasun modura, aurtengo udako igerilekuak ekainaren 1etik irailaren 30era zabalduko dituzte, haurreko denboraldietan baino hilabete lehenago. Gainera, Udalak herriko kiroldegitik kanpoko lokal bat alokatuko du, Pilates eta Yoga bezalako jarduera leunak (Pilates eta Yoga) aldi baterako lekualdatuz. “Gainerako jarduerak kiroldegian mantenduko dira”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Martxoan hasiko dituzte Ugaoko El Jaroko haurrentzako igerilekuaren eta spa gunea egiteko lanak

Martxoaren 1etik 30era El Jaro kiroldegiko igerilekua itxiko du Ugaoko Udalak, bertan egingo diren haurrentzako igerileku berriaren eta spa gunearen obrei hasiera emateko

|

Igerileku berria // Ugaoko Udala

Martxoaren 1etik irailaren 30era El Jaro kiroldegiko igerilekua itxiko du Ugaoko Udalak, bertan egingo diren haurrentzako igerileku berriaren eta spa gunearen obrei hasiera emateko. Lan hauek egin ahal izateko milioi bat euroko inbertsioa egin du Ugaoko Udalak eta jarduketa bi egingo ditu bertan: igerileku-baso berri bi sortzea eta erabilera anitzeko gela berregokitzea. Igerileku-baso berri bien sorreraren bidez ur-jardueren eskaintza handituko dutela azaldu dute Udaletik.

Erabilera anitzeko gela berregokitzeari dagokionez, uretako espazioak hobetzeaz gain, erabilera anitzeko aretoan ere hainbat egokitzapen egingo dira. Era berean, gaur egungo eskaera handia dela eta, exekuzio-proiektu honek etorkizunean gimnasioa handitzea aurreikusten du, erabiltzaile guztiek gozatzeko instalazio modernoagoak eta argitsuagoak izan ditzaten.

Igerilekuan egin beharreko obrek zaratak sortuko dituzte kiroldegian. Horregatik, Udalak kiroldegitik kanpoko lokal bat alokatuko du eta Pilates eta Yoga bezalako jarduera leunak (Pilates eta Yoga) aldi baterako lekualdatuko ditu. “Gainerako jarduerak kiroldegian mantenduko dira. Are gehiago, ikastaroen egungo eskaintza zabaldu egingo dugu”, azaldu dute udal ordezkariek. Udako igerilekuak, bestalde eta berritasun modura, aurtengo ekainaren 1etik irailaren 30era zabalduko dituzte, haurreko denboraldietan baino hilabete lehenago.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Zabaldu dute epea Ugaoko Emakume Ekoizleen Azokan parte hartzeko

Aurtengoa 25. edizioa izango da eta 10:30etik 15:00etarako ordutegia izango du

|

Emakumeak 2018ko azokan // Geuria

Martxoaren 9an antolatu dute Ugaoko Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azoka, Emakumeen Nazioarteko Egunaren markoan. Aurtengoa 25. edizioa izango da eta 10:30etik 15:00etarako ordutegia izango du.

Bertan parte hartu nahi dutenek otsailaren 19ra arte eman dezakete izena berdintasuna@ugao-miraballes.eus edo kultur-etxea@ugao-miraballes.eus helbide elektronikoetara eskaera eginez.

“Azokak lehentasun osoa emango die emakume ekoizleei. Hutsik geratuz gero, gizonezkoen titulartasuneko ustiategiak sartu ahal izango dira, baldin eta postuan emakume bat badago ordezkatuta”, azaldu dute udal ordezkariek.

Emakume Ekoizleen Nekazaritza Azokak kalitatea eta zaporea ezaugarri dituzten produktuen aukera zabala eskaini du 24 urtez eta bertara gerturatzen direnek sasoiko barazkiak, hestebeteak, ogiak, etxeko gozokiak, fruta, marmeladak, pateak edo txakolina erosteko aukera paregabea izango dutela ziurtatu dute Udaletik.

“Ekitaldiak balioa ematen dio landa-eremuko genero-ikuspegiari, eta agerian uzten du emakumeek lehen sektorean duten funtsezko zeregina, baserrien barruan zein kanpoan”, laburbildu dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Udalak sare sozial instituzionalak izango ditu “modernizatu eta informazioa herritarrei zabaltzeko”

Momentura arte Udalak ez ditu inolako sare sozialik izan eta albisteak edo oharrak Ekaitz Mentxaka alkateak berak egiten zituen

|

Ugaoko udal webgunea, gaur egun // Geuria

Ugaoko Udalak komunikazio esparrua indartzeko pausua eman du 2025eko aurrekontuan. Iazko abenduaren 20 osoko bilkuran azaldu lez, Udalak 30.000 euro bideratuko ditu sare sozial instituzionalak sortu eta kudeatzeko.

Momentura arte Udalak ez ditu inolako sare sozialik izan eta albisteak edo oharrak Ekaitz Mentxaka alkateak berak egiten zituen izen propioarekin edo Gazteinfoko profilaren bidez.

“Garrantzitsua ikusten dugu hemendik aurrera edukitzea eta udalak berak informazioa zabaltzea, ez alkateak edo beste zinegotziren batek. Aldi berean, WhatsAppeko edo Telegrameko kanalak ere martxan jarriko ditugu informazioa interesa duten ugaotar guztioi zabaltzeko era eroso eta azkar batean. Uste dugu kanal horiekin informazioa herritar gehiagori helduko zaiola”, azaldu dio Mentxakak GEURIAri.

“Helburu nagusia horixe izango da hain zuzen: modernizatzea eta informazioa ugaotar guztiei zabaltzea”, laburbildu du alkateak.

Osorik irakurri