→Ugao

Ugaoko Sarea Abesbatzak 5.000 ikusleren aurrean kantatuko du Fair Saturday-ren inaugurazio ekitaldian

2.300 artista inguruk joko dute ekitaldian, eta 24 abesti interpretatuko dituzte. Antolatzaileek aurreikusi dute ongietorri ekitaldiak 5.000 ikusletik gora bilduko dituela

Ugaoko Sarea Abesbatza // Geuria

Ugaoko Sarea Abesbatzak Fair Saturday fundazioaren izen bereko egitasmoaren inaugurazio ekitaldian joko du. Irekiera azaroaren 25ean (ostirala) egingo dute, Miribillako Bilbao Arenan, eta nazioko zein nazioarteko 2.300 artista gonbidatu dituzte parte hartzera: Gatibu, Maren, Kalakan, Deabru Beltzak, Afrika Bibang, Basauriko Zirzira abesbatza, Bilboko Koral Elkartea eta beste hainbat talde egongo dira ugaotarrekin batera gaua girotzeko. Denen artean, 24 abesti interpretatuko dituzte, 5.000 ikusletik gora bilduko dituen ongietorri ekitaldian.

Ekimen honekin, taldeek Black Friday deritzonaren aurka egingo dute. Merkatal zentroek eta dendek erosketak bultzatzeko deskontuak egin ohi dituzten garai honetan, Fair Saturday fundazioak “kultura eta enpatia soziala” jarri nahi ditu kontsumismoaren aurrez aurre. “Garapen humanizatuagoa” lortze aldera, “pertsona, hiri eta kultura desberdinen arteko topaketa-zubiak ezartzen saiatuz” antolatu dituzte, hain zuzen, musikarien arteko saio hauek.

Inaugurazioara bertaratu ahal izateko, sarrerak aldez aurretik lortu beharko dira, fundazioaren webgunean. Plazak mugatuak dira, eta agortu arte egongo dira salgai.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak