☉ Ugao
Ruper Ordorikak Ugaon eskainiko duen ganbarako kontzerturako sarrerak salgai daude
Musikariak martxoaren 25ean (larunbata) egingo du emanaldia herrian, 20:00etan, Jane Jauregian
Ugaoko Sarea Sound System taldeak 20 urte beteko ditu aurten, eta ospatzeko, bi izen handi gonbidatu dituzte otsailetik apirilera bitartean egingo duten ganbarako kontzertuen saiora: Aitor Gorosabel eta Ruper Ordorika. Su Ta Gar taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak otsailaren 24an eskaini zuen kontzertu akustikoa Jane Jauregian, eta metal taldearen Alarma disko berriko Infinitoan kantaren aurrerapena egin zuen.
Ordorikak, berriz, martxoaren 25ean (larunbata) egingo du emanaldia herrian, 20:00etan, Jane Jauregian. Lehen diskoa grabatu zuenetik 42 urtera, antolatzaileek esan dute ekitaldia “aukera paregabea” izango dela musikaria gertu-gertutik entzuteko eta bere kantez gozatzeko. Sarrerak eskuragarri daude jada, 10 euroan, Zelai tabernan eta sareasoundsystem@gmail.com helbidera idatzita.
☉ Ugao
Urte hasieran hasiko dituzte Ugaoko El Jaro kiroldegiko igerileku berriko obrak
“Udalaren asmoa lanak 2025eko urtarrilean hastea da”, horrela aurreratu dio GEURIAri Ekaitz Mentxaka herriko alkateak. Obrek zortzi hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute Udaletik
Ugaoko Udalak El Jaro kiroldegian urgune bi eta aisialdirako gune bat ipiniko ditu. Proiektu honetarako inbertsioa 1,3 milioi eurokoa izango da eta Foru Aldundiak milioi erdiko dirulaguntza emango du: “Proiektu honen bidez inguruan inork ez dituen igerilekuak izango ditugu”, azpimarratu zuen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak maiatzeko osoko bilkura hartan.
Ugaoko Udalaren asmoa lanak 2025eko urte hasieran hastea da, “urtarrilean, ondo bidean”, aurreratu dio GEURIAri herriko alkateak, eta obrek zortzi hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute. “Lanen ondorioz baliteke denbora tarte txiki batean igerilekua itxi behar izatea”.
Joan den abuztuaren 19an ez-ohiko osoko bilkura egin zuten Ugaoko udaletxean kiroldegiko irakaskuntza ontziko obrak egin ahal izateko 281.000 euroko zorpetzea hitzartzea onartzeko. Ugaoko EH Bilduk kontrako bozka eman zuen: “Duela hilabete batzuk, 2024ko aurrekontuen eztabaidan esan genuen lez, bertan agertzen ziren hainbat inbertsio plan ez zetozen bat ugaotarron egunerokotasunean ditugun beharrekin”, izan ziren Maider Gaztaka EH Bilduko zinegotziaren berbak. “Bestelako zereginetan inbertitu beharko litzatekeela adierazi genuen; ez gatoz bat igerileku spa batean 1,3 milioi euro xahutzearekin. Herrian aspaldi egin den inbertsiorik handiena da eta ez dugu uste kiroldegiko erabiltzaileen lehentasuna hori denik, bertan bestelako beharrak baitaude”.
Horiek horrela, EH Bilduk ezohiko osoko bilkurako puntu bien aurkako bozka eman zuen: kiroldegiko ikaskuntza ontzi berriko obrak egin ahal izateko 281.000 euroko zorpetze eragiketa onartzea eta zortzi zenbakiko diru izendapenen aldaketari hasierako onespena ematea.
Maider Gaztaka: “Ez gatoz bat igerileku spa batean 1,3 milioi euro xahutzearekin. Herrian aspaldi egin den inbertsiorik handiena da eta ez dugu uste kiroldegiko erabiltzaileen lehentasuna hori denik”
“Era honetako obrak proiektu estrategikoak dira”, erantzun zion Mentxakak EH Bilduko bozeramaileari. “500.000 euroko dirulaguntza jaso dugu Foru Aldunditik eta inbertsio osoaren kopuruari diru-laguntzaren kopurua kentzen badiogu, obraren kostua elizako arkupea eraberritzeak duenaren berdintsua da”, arrazoitu zuen. Ugaoko alkatearen arabera, El Jaro kiroldegia azken boladan eskaintzen ari zen zerbitzu mota “ez zen guztiok espero genuena”: “Egoera hori hobetzearren gimnasioa berritu dugu, kiroldegiaren estalkia ere bai, kirol anitzeko kantxa eraberritu dugu… Orain igerilekua hobetzeko txanda da”.
Hauteskundeetako hitzematea izan zen eta proiektu honen bidez Ugaoko kiroldegiak “kalitatezko jauzia” egingo duela azaldu du Mentxakak. “Proiektu honen bidez haurrentzako ikastaroak egin ahal izango dira igerilekuan eta aisialdirako gune bat ere sortuko dugu, eta ez hori bakarrik: adingabeentzat zein dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat bainu segurua ere bermatuko du”.
☉ Ugao
Lekittoko Deabruak taldeak su ikuskizuna eskainiko du larunbatean, Ugaon
Akelarre Fok izeneko ikuskizuna irailaren 21ean, 20:00etan hasiko dute Hiru Hodiko iturrian
Larunbat honetan, irailaren 21ean Akelarre Fok izeneko ikuskizun piroteknikoa eskainiko du Lekittoko Deabruak taldeak, 20:00etan, Hiru Hodiko iturian. Bigarren aldia da ikuskizun hau Ugaon antolatzen saihatzen direla: joan den martxoan ikuskizuna bertan behera utzi behar zuten eguraldi txarragatik eta antolakuntzakoek faktore hori erabakigarria dela azaldu dute.
Lekeitioko taldeak segurtasunezko gomendioak iragarri dizkie herritarrei, ikuskizuna segurtasun osoz gozatu ahal izateko:
– Kotoizko arropa mahuka eta praka luzeak erabiltzea eta ehun sintetikoa saihestea. Oihalezko txapela edo kapela eta oinetakoak ondo finkatuta izatea
– Edozein arrazoirengatik arropa pizten bazaizu, etzan lurrean eta egin buelta sugarrak itzaltzeko. Batez ere, korrika ez egin, sugarrak zabal daitezkeelako
– Ikuskizunari kale zabaletan itxarotea eta jende pilaketak saihestea
– Ura ez eskatzen laguntzea
“Lekeitioko antzerki taldeak 2012an abiatu zuen proiektu hau, Mediterraneoko correfoc-ek inspiratuta eta Euskal Herriko tradizioekin uztartuta”, azaldu dute udal ordezkariek. “Zuzeneko musika eta pirotekniarekin jendearen parte hartze aktiboa lortzen dute, denon gozamenerako”.
Kostaldeko taldea herri ekimenez jaio zen, Aittitta Txiki kultur taldean zebiltzan hainbat gazteren iniziatibaz. Geroztik funtzionamendu herritar eta bolondresean lan egiten dihardute.
Irabazi asmorik gabe, herrigintza ardatz duen taldea da, kultur sorkuntza bultzatu eta euskara hutsez lan egiten duena. Hainbat ekimenetan parte hartu dute: Korrika, hainbat bideoklip eta elkartasun ekimen…
2022.urtean Lekittoko Deabruen 10.urteurrena ospatzeko urtea izan zen. Bertan, Euskal Herrian zehar hainbat ikuskizun emateaz gain, ikastaro, erakusketa eta dokumental bat egin zuten beraien historia biltzen zuena
☉ Ugao
Zabaldu dute Ugaoko aisialdiko ikastaroetan, ludotekan eta Mirabatxon izena emateko epea
Ludotekaren kasuan, gaur azken eguna da lehen hiruhilekoan izena emateko
Ugaoko Udalak ikasturte berriko aisialdiko ikastaroetan, Ludoteka, Mirabatxo klubean eta Gaztelekuan izena emateko epea zabaldu du. Ikastaroetan izena emateko azken eguna irailaren 20a izango da eta irailaren 30ean hasiko dira. Hauxe da eskaintza:
– Ebaketa eta jantzigintza
– Larruaren eskulangintza
– Eskulanak
– Orratz-lanak
– Joskintza sortzailea- patchwork
– Marrazketa eta pintura
– Ume eta gazteentzako margolaritza
Berbalagunen parte hartuko dutenek astearte eta ostegunetan izango dituzte saioak 18:00etan eta asteazkenetan 11:00etan.
Izen emateak
Ikastaroetan izena emateko inprimakia Ugaoko Udalaren webgunean topa daiteke. Berau bete eta kultura.ugao@ortzadar.es helbidera bidali behar da. Online egiteko aukera era badago, Google Formesko inprimaki digitala behar bezala betez. Izen ematea aurrez aurre egin nahi dutenek Jane jauregira joan beharko dira astelehenetik ostegunera, goizez 09:30etik 15:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara. Ostiraletan, 9:30etik 13:30etara.
“Ikastaro bakoitzean gutxienez 8 ikaslerentzako eta gehienez beti 12 ikaslerentzako tokia egongo da. Kopuru hauek materialaren edo lokalaren arabera alda daitezke. Izena emandakoen kopuruak dagoen leku-kopurua gainditzen badu zozketa egingo da”, azaldu dute Udal ordezkariek. Zozketan soilik erroldatutakoak sartuko dira, eta erroldatu gabekoak itxarote-zerrendan geratuko dira izena emandako dataren araberako hurrenkeran. Izena emandako bakoitzari zozketan parte hartzeko zenbaki bat emango zaio. Kultura sailak zozketaren data eta ordutegia ezarriko ditu.
Ludoteka ere, zabalik
Gaur azken eguna da Ludotekako lehen hiruhilekoan izena emateko. Aurtengo zerbitzua 2017 eta 2020 urteen bitartean jaiotako haurrei zuzenduta dago. Jarduera irailaren 17tik abenduaren 19ra bitartean garatuko dute Kultur Etxea, astearte, asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00ak arte. Udaletik jakinarazi dute hiruhileko bakoitzean izena emateko epe berria iragarriko dutela.
Aisialdirako ikastaroekin bezala, Ludotekan izena emateko esteka honen bidez egin dezakete interesdunek. Inprimakia beteta ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbidera bidali behar dute. Google Formseko inprimaki digitala betez ere egin daiteke. Aurrez aurre egiteko asmoa dutenek Jane jauregira jo beharko dute honako ordutegiarekin: astelehenetik ostegunera, goizez 9:30etik 15:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 18:00era. Ostiraletan, 09:30etik 13:30etara izango da.
Mirabatxo eta Gaztelekua
Mirabatxo 2014 eta 2016 urteen bitartean jaiotakoei zuzenduta dago eta izena emateko azken eguna irailaren 18a da. Eskaera Udal webguneko inprimakia betez egin daiteke: “Hamabostero larunbat batean egiten dira Mirabatxo Klubaren jarduerak, urritik ekainera bitartean, 17:00-20:00 ordutegian. Jane Jauregia izango da ohiko topalekua. Posible da egunari edo ordutegiari dagokionez aldaketak izatea, egingo den jardueraren arabera”, azaldu dute Udaletik.
Gaztelekuko izen emateak egun ezberdinetan zabalduko dituzte Gaztelekuan bertan: irailaren 20an 17:30etik 21:00era egin ahalko dira. Hilaren 21ean eta 22an 18:00etatik 21:00ak arte egitea posible izango da ere.
☉ Ugao
Laia Becerra Martinez: «Irudien bitartez gizartearen ikuspegi zehatz bat sortzen dugu ezinbestean»
Galdakaoko jaietako kartel lehiaketa irabazi du Laia Becerra ugaotarrak. Horren aitzakian beste hainbat gai jorratu ditugu, hala-nola hezkuntza, aniztasuna edo irudia
Kartel lehiaketa batean parte hartzen duen lehen aldia izan da aurtengoa Laia Becerra Martinezentzat (Santutxu, 1988). Erronka bikoitza, gainera, Ugaon eta Galdakaon aurkeztu baititu bere lanak. Inor ez delako profeta bere herrian, akaso, Ugaokoa ez, baina Santakurtzak iragartzen dituen bere lanak lehen saria eskuratu du. “Sorpresaz” hartu zuen Becerrak albistea, bere ikasketak eta lanbidea diseinu grafikoarekin lotuta dauden arren sorkuntza lanak “aspaldi” utzita baitzituen.
Zergatik erabaki zenuen Ugaoko eta Galdakaoko jaietako kartel lehiaketan parte hartzea? Formakuntzaz diseinatzaile grafikoa naiz, eta nire ibilbide profesionala hezkuntzan garatu dut; sei urtez Goi Mailako Diseinu Eskolan ibili naiz, baliabide informatikoei buruzko eskolak ematen, eta aurten EHUn hasi naiz lanean. Mundu horrekin lotura baneukan, beraz, baina aurten erabaki nuen bazela momentua, baneukala tartea eta patxada sorkuntza lanei berriro ekiteko, eta bat ez, bi egin nituen azkenean: bat Ugaorako eta bestea Galdakaorako.
Zelan egiten da jaietako kartel bat? Nire kasuan nahiko azkar, astebeteko lana izan da. Diseinu grafikoa ez da arrotza niretzat, inondik inora, eta badaukat horrelako lanak egiteko jariotasuna. Lehenik eta behin garrantzitsua da hausnartzea, argi izatea helburua zein den, eta herriko jaien inguruko azterketa bat egitea, elementu adierazgarrienak zeintzuk izango diren zehazteko. Nik hitz gakoekin lan egiten dut, hau da, lauzpabost hitz aukeratzen ditut, kartelak helarazi behar duena zehazteko.
Behin hori argi izanda, koloreak eta formak gehitzen dizkiet hitz gako horiei, lehen konposaketa bat egiteko, eta zirriborroak ontzen ditut arkatzez, aukera edo ideia ezberdinekin. Ondoren aukeraketa bat egiten dut, softwarean sartu aukeratutako zirriborroa, eta behin betiko diseinua garatu.
Hitz gakoak kartelak helarazi behar duena zehazteko, beraz. Zein hitz gako daude egin dituzun kartelen atzean? Hitz bakarra aipatu beharko banu aniztasuna litzateke. Hori da bi kartelen atzean dagoen ideia nagusia, aniztasuna modu zabal batean irudikatzeko nahia, eta estereotipoak iraultzeko beharra.
Galdakaoko kartelaren kasuan, adibidez, mozoiloek modu ezberdinetan dituzte jarrita zapiak, kolore eta forma ezberdinetakoak dira…mezu nagusia litzateke aniztasun hori berez onartu beharko genukeela, ez behartuta, denok festaren partaide eginez.
Saria irabazi arren ez duzu zure burua diseinatzaile edo artistatzat hartzen. Ez, Arte Hezkuntzan kokatzen dut nire burua, 2013tik nabil arlo horretan murgilduta, hezkuntza ez formaletik hasita, eta eroso nago.
Iaz tesia plazaratu zenuen EHUn. Bai, bitxia izan da tesiarekin gertatu dena. Molde zientifikoen eraginez beti uste izaten dugu tesi batek bere hipotesi eta ondorioak oso argi izan behar dituela, hori dela azken helburua, baina nire kasuan ez da hori gertatu, lanarekin aurrera egin ahala galdera berriak, bide berriak, hausnarketarako aukera berriak sortu direlako. Behar bereziak dituzten ikasleak, hezkuntza artistikoa, aniztasuna, irudia, baliabide informatikoen erabilera… ideia horien bueltan aritu naiz lanean, uste dudalako hor badagoela asko egiteko, eragiteko, bide berriak urratzeko.
Irudia aipatu duzu. Irudiaren aroan bizi gara. Hala da. Eta uste dut garrantzitsua dela hausnartzea zelan sortzen ditugun irudiak, ze helbururekin, zein eredu indartzen ditugun, zer gizarte mota ikustarazten eta ezkutatzen dugun… Irudi edo kartelen bitartez errelato eta gizartearen ikuspegi zehatz bat sortzen ari gara ezinbestean, eta hori ahalik eta zabalena izan behar da. Kartelera bueltatuta, asmoa litzateke herritar orok bere burua islatuta ikustea kartel edo irudi batean.
Irudiarekin lan egiten duzuenok badaukazue erronka eta ardura polita hor. Bai, zalantzarik gabe. Aipatutako gaiez harago ere badago adimen artifizialari lotutako eztabaida. Aurten unibertsitatea eta bigarren hezkuntza uztartu ditut, eta gaztetxoenekin landu nahi nuen, baina ez naiz ausartu. Jakin badakit jorratu beharreko gaia dela, azken finean ez da erabiliko dugun tresna bat, baizik eta dagoeneko bizitzako hainbat arlotan erabiltzen ari garena. Kasurako, iaz Goi Mailako Diseinu Eskolan hainbat lan adimen artifizialaren bitartez egin zituzten ikasleek. Oraindik ere irudi batzuk trakets samar egiten ditu IAk, eta horrek balio izan zigun ikasleen lana balioesteko, ikuspegia, irudimena, sentiberatasuna… Adimen artifiziala lagungarri izan daiteke, baina ez du giza sorkuntza ordezkatuko.
Hala ere, aldagai asko hartu behar dira kontutan; etikoak, artistikoak… hausnarketa sakona eskatzen duen gaia da.
Hezkuntza ez formala, Bigarren Hezkuntza, Unibertsitatea… errealitate eta ikasle eta familia mota ezberdinak ezagutu dituzu urte hauetan, bakoitza bere behar eta berezitasunekin. Bai, hala da. Gainera, hasiera batean ordezko moduan aritu nintzen, alde batetik bestera ordezkapenak egiten. Eskarmentu horrek hezkuntza maparen ikuspegi orokor bat eman dit. Hala ere, urte hauetan ikusi dudan aldaketarik nabariena gurasoetan dago, daukaten inplikazio eta exijentzia mailan. Ez daukat argi guraso moduan ondo egiten ari ote garen gauzak. Esango nuke asko eskatzen dugula eta, aldiz, gutxi eman.
Asko eskatu eta gutxi eman, zein zentzutan? Eskolaren gainean pisu handiegia jartzen dugu, gure seme-alaben hezkuntza bertan hasi eta bukatuko balitz bezala, eta ez da hala, inondik inora ere. Gainera, ikasleen autonomia mugatzen duten jarrerak areagotu dira. Adibiderako, goi mailako hezkuntzan gero eta ohikoagoa da azterketen erreklamazioa edo matrikula gurasoek egitea, eta ez ikasleek. Badakite ezin dutela egin, baina presionatzeko modu bat da. Horren eraginez gero eta ardura gutxiago hartzen dituzte ikasle askok, ez denek, noski, guraso arduratsuak ere bai baitaude; baina aipatu ditudan kasu horietan erantzukizuna gurasoena da. Hau ez dut soilik irakasle moduan esaten, ama moduan ere bizi dudan errealitate bat da.
☉ Ugao
Bideoa / Gazteek hitz egin dute: txosnagunea da gaueko ordu txikietako erdigunea
Hainbat gazteren iritziak jaso ditugu Udiarragako jaien inguruan, Ugaon
Ugaoko jaiak igaro dira eta GEURIAk kale inkesta egin du gautxorien bila. Helburu nagusia gazteen jaietako gune faboritoa deskubritzea zen eta lortu du hedabide honek. Antza, Txosnagunea da herriko eta herri kanpoko gazteen leku gogokoena: kontzertuak, giroa… dena batzen baitu leku honek.
Gainera, Ugaoko jaiez gainera eskualdeko jaien inguruan galdetu genien eta ezetz asmatu zei beste herrietako jaiak izan dira aipatuenak? Eranntzunak bideoan daude!