→Ugao

Superberriakeko langileek kaleratzeak gelditu dituzte: “Greba mugagabea lehenengo momentutik deitzea izan da gakoa”

Langileek atzo egin zuten enpresaren zuzendaritzarekin bilera, eta gauerdia pasata iragarri zuten akordioa lortu dutela.

Superberriakeko langileak Laudion egindako bileraren ondoren // LAB

Superberriak taldeko 70 langileek enpresak ezarritako enplegu-erregulazio espedienteak (EEE) atzera botatzea lortu dute: Ugaoko, Laudioko, Amurrioko eta Bilboko Alde Zaharreko BM Shop dendak ez dituzte itxiko eta enplegatuak ez dituzte kaleratuko. Langileek atzo egin zuten enpresaren zuzendaritzarekin bilera, eta gauerdia pasata iragarri zuten akordioa lortu dutela.

Ludi Temiño Superberriaken Arabako komiteko presidenteak nabarmendu du herritar guztien laguntza izan dela kaleratzeak gelditzeko gakoetako bat: “Ugaoko dendako 14 langileek denbora luzez daramate bertan lanean, eta herritar guztien babesa jasotzea izugarria izan da, bai greba hasi baino lehen, baita mobilizazioetan ere”. Temiñok GEURIAri azaldu dionez, elkarretaratzeak hasi baino lehen, ugaotar asko dendara hurbildu dira langileei “borrokarako animoak” emateko; mobilizazioak hasi dituztenean ere, bertan egon dira herritarrak. Hain zuzen, kontzentrazio jendetsu horiek beharrezko piezak izan dira, Temiñoren hitzetan, kaleratzeak bost eguneko greba laburraren ondoren gelditzeko.

Baina langileen batasuna eta determinazioa ere erabakigarriak izan dira EEEak atzera botatzeko. “Greba mugagabea lehenengo momentutik deitzea izan da gakoa”, azaldu du komiteko presidenteak; izan ere, Superberriakek ezin izan ditu egun hauetan dendak zabaldu, langile guztiek (grebaren jarraipena %100ekoa izan da) egin dutelako lanuztea. Gaurtik aurrera, erregulazio-espedientea “gainetik kenduta”, hurrengo pausuak emango dituzte langileek, enpresarekin akordioak lortzeko. “Argi daukaguna da borrokatzeko prest dagoen plantilla garela, eta edozer aldatzen bada ere, kalera irtengo garela gure lanpostuak defendatzeko”.

Greba mugagabea

Langileen komiteak irailaren 16an, ostiralean, deitu zuen greba mugagabea, enpresak kaleratzeak iragarri eta astebetera. Akordiorik lortu ezean, enplegatu guztiek lanuzteak hasiko zituztela iragarri zuten Ugaon irailaren 12an egindako lehenengo kontzentrazioan. Ordudanik, mobilizazioak egin dituzte Bilbon, Amurrion eta astelehen honetan (bigarren aldiz), Ugaon. Laudion atzo egindako mobilizazioa izan da azkena.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak