Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Ugao

Haurrentzako bost ipuin kontaketa antolatu dituzte Ugaon, irakurzaletasuna sustatzea xede

Liburutegi Publikoaren Egunean eta Euskararen Egunean saio bereziak egingo dituzte eskolarekin elkarlanean eta kontaketak euskaraz izango dira

|

Ugaoko Udalak bost ipuin kontaketa saio antolatu ditu azaroan zehar udal liburutegian, gaztetxoen artean irakurzaletasuna bultzatzeko.

Saio hauek ‘Irakurzaletasuna sustatzea’ izeneko proiektuaren parte da eta liburutegiak udalerriko
biztanleen artean irakurzaletasuna zabaldu eta sustatzea du helburu.

Lehen saioa urriaren 30ean egingo dute Liburutegi Publikoaren Eguna ospatzeko, euskaraz, eskolarekin elkarlanean.

Azaroaren 22an, 29an eta abenduaren 13an 3 eta 6 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako ipuin kontaketa saioak egingo dituzte: Leioak, hilaren 22an; Barruko Lehoia, hilaren 29an eta Beldar Txiki Jatuna, abenduaren 13an.

Gainera, abenduaren 4an Euskararen Eguna ospatzeko, eta eskolarekin elkarlanean ere, ipuin kontaketa berezia antolatu dute euskara hutsean.

Edukiera mugatua izango da, eta beraz, saioetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela iragarri dute udal ordezkariek: “Parte hartu nahi dutenek Udal Liburutegira hurbildu beharko dira interesdunek izena emateko”.

☉ Ugao

Ugaoko aurrekontuei ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek azaroaren 29a arte

Aurrez aurreko bilerak ere egingo dituzte herritarrekin, azaroaren 18an eta 25ean, bai goizez eta bai arratsaldez

|

Herritarrekin egindako lanketa abenduaren 11n aurkeztuko dute // Geuria

Ugaoko Udalak martxan jarri du 2025eko aurrekontuei begira garatuko duen prozedura, eta urtero legez, herritarren parte hartzea errazteko bide eta epeak zehaztu ditu.

Hasteko, galdetegi bat banatu dute etxe guztietan, ugaotarrek ekarpenak egin ditzaten. Galdetegi hauek, ohi legez, Jane Jauregian, Gazteinfo Gazte Informazio Gunean eta Kiroldegian prestatutako postontzietan utzi beharko dira, azaroaren 29a arte. 

Hori ez da parte hartzeko bide bakarra izango, ordea, eta udalaren webgunearen bitartez bete daiteke inprimaki digitala. 

Modu berean, Ekaitz Mentxakak, Ugaoko alkateak, aurrez aurreko bilerak egingo ditu herritarrekin, aurrekontuaren nondik norakoak azaldu eta zalantzak argitzeko asmoz. Azaroaren 18an eta 25ean egingo ditu, goizez eta arratsaldez: 8:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. 

Lanketa honen azken emaitza abenduaren 11an aurkeztuko da, Jane Jauregiko atikoan, eta bertan herritarrek 2025eko aurrekontuari egindako ekarpenak txertatuko dira.

Udaletik zehaztu dutenaren arabera, “aipatu behar da prozesu hau abian jarri zuenetik, Udalak hainbat proiektu eta eskaera gauzatu dituela, hala nola, irisgarritasuna hobetu da Leitokin, kiroldegiko aparkalekua handitu da, Arandiako igerilekuan ur beroa instalatu da edota Goikirin argizko informazio panela jarri da”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Zerga eta tasa berriak onartu dituzte Ugaon, zerbitzu publikoen kalitatea oinarri

EH Bilduk “egokitzapen” horien aurrean abstenitzea erabaki du, eta zabor tasen hobarien beharraz edo herriko etxebizitza hutsen arazoaren inguruan mintzatu da urriko osoko bilkuran

|

Udaleko Nerbioi Ibaizabal mankomunitateko kamioi bat, zaborra biltzen // Geuria

Joan den urriaren 29an egindako osoko bilkuran, Ugaoko Udalak 2025eko tasak, zergak eta prezio publikoak egokitzea onartu zuen. Ekaitz Mentxaka alkateak azaldu zuen % 3ko igoera aplikatuko dela 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera eta gehitu du doikuntza horrek aurten ere ez duela estaliko udal-zerbitzuak azken urteotan jasaten ari den kostuen igoera: “Azken urteotan, hainbat udal zerbitzuren kostu ekonomikoa nabarmen igotzeaz gain, inbertsio garrantzitsuak ere egin dira, hainbat zerbitzu hobetuz eta, ondorioz, gastua handituz”.

Bestalde, azken urteetan hobari berriak sartu direla azpimarratu du hainbat zergatan, bai jasangarritasun energetikoaren arloan, bai familientzat (OHZ, TMIZ…). “Ondorioz, Udalak diru gutxiago biltzea ekarri du”, izan dira alkatearen berbak. Eta ez hori bakarrik: 2027tik aurrera, Udalak AP68aren emakidadunak OHZ gisa ordaintzen dituen 125.000 euroak ere ez dituela jasoko gogoratu du.

Zabor tasasari dagokionez, hondakinei buruzko 7/2022 Legeak udal guztiak behartzen ditu tasa bat ezartzera, 2025etik aurrera benetako kostua herritarrari jasanarazteko: “Udalak 60.000 € baino gehiagoko defizita du. 2025 da aipatutako legeak kostu osoa herritarrei jasanaraztera behartzen duen lehen urtea. Hala ere, Udalak ez du defizit horren guztizkoa 2025ean jasanaraziko, igoera benetan handia izango litzatekeelako”.

Hori dela eta, Udalak % 50eko igoera egingo du banku-erakundeetako eta aurrezki-erakundeetako zaborretan. Bestalde, dauden zazpi tarifetatik seietan % 20ko igoera egitea: etxeko zaborretan; elikadura, ostalaritza, edarien eta ikusentzunezkoetan; dendetako zaborretan, enpresetako zaborretan; merkataritzako lokaletako zaborretan eta biltegietan.

kamioi bat, zaborra biltzen // Geuria

EH Bilduk, abstentziora

Ugaoko EH Bildu alderdiak neurri hauen egokitzapenaren aurrean abstenitzea erabaki du: “Ulertzen dugu gaur egungo prezioak direla eta tasak eta zergak igo behar direla kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko”, azaldu du Amaia Sierra zinegotziak. “Hala ere, gure ustez gehien dutenek gehiago ordaindu behar dutela uste dugu eta egoera zaurgarrian dauden herritarrei hobariak eskaintzea premiazkoa da”.

“Bestalde, zabor tasen igoerei dagokienez, Europar markotik datorren legea bete behar dugu baina horrek ez du esan nahi neurri hori soilik hartu behar dugunik; gure helburua etorkizun jasangarria izatea bada erabaki jakin batzuk kontuan hartu beharko genituzke: esaterako, lehentasun bat da modu teknologikoan kontrolatuta dagoen zabor organikoaren inguruko hobariak martxan ipintzea. Horrela herritarren kontzientzia areagotuko genuke”.

Amaia Sierra: “Beste herri eta hirietan egiten duten moduan erabilpen gabeko etxebizitzek gehiago ordaindu beharko luketela uste dugu”

EH Bilduko zinegotziak herriko etxebizitza hutsen egoera mahai gainean ipini du ere, eta Ugaotarrek etxe bat alokatu edo erosteko aukerarik ez dutela gogorarazi du: “Horregatik, beste herri eta hirietan egiten duten moduan erabilpen gabeko etxebizitzek gehiago ordaindu beharko luketela uste dugu”.

Ugaoko alkateak, erantzun orokor modura nabarmendu du Ugao Bizkaiko presio fiskal txikiena duen udalerrietako bat dela: “Presio fiskala, hau da, ugaotar bakoitzak tasa eta zergengatik ordaintzen duen zenbatekoa 336,16 eurokoa dela (2022an, BFAk argitaratutako azken datuak). Estratu edo antzeko tamainako udalerriek 648,71 euro ordaintzen dute batez beste, eta Bizkaikoek 559,25 euro. 19 horietatik, bik bakarrik dituzte Ugaok baino biztanle gehiago. Beraz, 19 udalerri horietako gehienek, txikiagoak direnez, Ugaok baino zerbitzu gutxiago ematen dituzte”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bideoa / Goio Ramos ugaotarrak ‘London Calling’ izeneko helduentzako lehen eleberria kaleratu du

Eleberri honek musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du eta beraz, intro, setlist eta outro batek antolatzen dute barnealdeko edukia

|

Goio Ramos, Ugan // Geuria

Iaz Zubikarai beka irabazi zuen Goio Ramos ugaotarrak eta 4.000 euroko sariaz gainera eleberri bat idazteko aukera eman zioten. Urtebeteko lanaren ostean, buruan zeukan proiektuari bizia eman dio Ramosek: ‘London Calling’.

Liburuaren hasieran, emakume batek euskarazko kanta bat entzuten du Londreseko metroan. Kanta hura bere aita zenaren musika taldearen diskoaren abesti bat da.

Disko hura ez zen inoiz argitaratu. Istorioak 80. hamarkadara salto egiten du eta bertan ‘Hilotzak‘ bandaren istorioa kontatzen da: “Horrelako testuinguru kultural, sozial, politiko eta benetakoan dokumentazio lanak egin ditut eta marko horretan musika talde horren istorioa kontatu dut”, azaldu du Ramosek.

“Istorio horren barruan pertsonaia nagusien arteko harremanak eta nondik norakoak kontatzen ditut, besteak beste”. Helduentzako eleberri bat idazten duen lehen aldia da honako hau Goiorentzat, orain arte umeentzako kontakizunak idatzi baititu. Eleberri hau, gainera, musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du Ramosek (kontzertu baten egitura du), musikak ugaotarraen bizitzan duen pisu handiagatik.

Horrela, istorioak intro bat, setlista eta outroa dauka, literatura musikarekin nahastuz. Gainera, kapituluek ez dute izenbururik, kanta jakin batera daramaten QR kodeak baizik. Lan honek zapore gozoa utzi dio Goiori eta azkena ez dela izango aitortu dio GEURIAri; hurrengoa sukaldatzen ari da, baina ez digu xehetasun gehiagorik eman nahi izan.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ibilbide transpiriniotarraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Ugaoko Jane jauregian

GR 11 Ibilbide Handiko Bidezidorra da, 800 kilometrotan Pirinio osoa zeharkatzen duena, Kantauri itsasotik (Higer lurmuturra) Mediterraneo itsasoraino (Creus lurmuturra)

|

Ibiltari bat // Jon Goikouria

Azaroaren 12an ibilbide Transpiriniotarraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Johana Maluendak, Elixabete Arbek, Bego Gonzálezek, Idoia Alluek eta Aiur, Eki eta Lintzak, Ugaoko Jane jauregian.

Saioak ordubeteko iraupena izango du, 18:30etik 19:30ak arte, eta GR 11 zeharkaldiaren 800 kilometroen inguruko nondik norakoak azalduko dituzte, partaideei hainbat galdera erantzunez: bakarrik edo taldean egin? Hemendik hara edo handik hona? Dena, osotasunean edo zatika egin behar da?…

GR 11 Ibilbide Handiko zeharkaldia da, 800 kilometrotan Pirinio osoa zeharkatzen duena, Kantauri itsasotik (Higer lurmuturra) Mediterraneo itsasoraino (Creus lurmuturra). Ia ibilbide osoa marka zuri eta gorriz seinaleztatuta dago. Oro har, herri, babesleku edo aterpetxeen artean igarotzen da, eta, beraz, trekkingaren logistika egitea lan “erraza” da. Ugaoko saioan parte hartzeko 663 040 035 telefono zenbakira deitu behar dute interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gau Beltzak 50 motozale baino gehiago bilduko ditu asteburuan

Azaroaren 2an motozaleak 130 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egitera deitu dituzte eta parte-hartzaileek paella jatera gonbidatu dituzte herrian

|

Basauriko motozaleak // Jon Goikouria

Ugaoko Gau Beltzan ekintza bereziak antolatu dituzte El Nidito de Luciferren (Ugaoko Dorrea, 23). Izan ere, urriaren 31tik azaroaren 2ra jardueraz betetako ekintzak prestatu dituzte. Denen artean nabarmentzekoa azaroaren 2an antolatu dute Motozaleen Elkarretaratze Satanikoa.

Egun horretan motozaleak 130 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egitera deitu dituzte. Irteera Bilbondo merkataritza zentroko aparkalekuan antolatu dute 10:30ean eta bertatik, Bi-625 errepidea Urduña norabidea jarraituz, Arrigorriaga eta Ugaotik igaroko dira eta gero Arakaldo, Laudio, Amurrio, Altube, Murgia, Legutio, Otxandio, Dima eta Ugaranara helduko dira. Bertatik Artearantz joko dute eta hortik berriro iritsiko dira Hego Uribe eskualdera, Zeberio osoa Ermitabarritik hasita zeharkatuz.

Ibilbidearen amaiera Ugaon egingo dute. Ekitaldian izena eman duten motozaleei paella jatera gonbidatu dituzte 13:00etatik 16:00ak arte. “Jaia, motorrak eta rock ‘n rolla!”, azaldu dute antolakuntza taldetik. Parte hartzeko 944 258 209 telefono-zenbakia ahalbidetu dute eta deitzeko ordutegia 18:00etatik 23:30ak arte da.

Egitaraua | Gau Beltza El Nidito de Luciferren

Urriak 31, osteguna
21:30 Jai hilkorra, mozorro lehiaketarekin + DJ Javi

Azaroak 1, ostirala
21:30 Hildakoei omenaldia: Queimada + sua eta konjurua

Azaroak 2, larunbata
13:00 Motozaleen Elkarretaratze Satanikoa + paella jana

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna