☉ Ugao
Ugaoko eskolako saneamendu sistema berritzeko obrak hasi dituzte
Lanak burutzeko, hiru hilabete beharko dituzte, baina, bitartean, ikastetxeak betiko funtzionamenduari eutsiko dio
Ugaoko eskolako saneamendu sarea berritu eta Ur Partzuergoko lehen mailako kolektorearekin konektatzeko obrak hasi ditu Udalak. Lanak burutzeko, hiru hilabete beharko dituzte, baina, bitartean, ikastetxeak betiko funtzionamenduari eutsiko dio, aldaketek ez dutelako klaseen garapen normalean, ez jardueran eraginik izango.
Obrek sarearen funtzionamendua hobetzeaz gain, onbideratzearen isurketari buruzko araudi aplikagarria betetzeko balioko dute; izan ere, egungo hoditeria 1986 urtekoa da, eta berrikuntzen premia dauka, urak behar bezala tratatzeko bermea izateko. Egokitzapenetarako, Udalak 271.000 euroko inbertsioa egingo du, eta horretarako baliatuko du udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko aurrekontua, Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programatik jasotako 122.000 euroko dirulaguntza barne.
☉ Ugao
Zerga eta tasa berriak onartu dituzte Ugaon, zerbitzu publikoen kalitatea oinarri
EH Bilduk “egokitzapen” horien aurrean abstenitzea erabaki du, eta zabor tasen hobarien beharraz edo herriko etxebizitza hutsen arazoaren inguruan mintzatu da urriko osoko bilkuran
Joan den urriaren 29an egindako osoko bilkuran, Ugaoko Udalak 2025eko tasak, zergak eta prezio publikoak egokitzea onartu zuen. Ekaitz Mentxaka alkateak azaldu zuen % 3ko igoera aplikatuko dela 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera eta gehitu du doikuntza horrek aurten ere ez duela estaliko udal-zerbitzuak azken urteotan jasaten ari den kostuen igoera: “Azken urteotan, hainbat udal zerbitzuren kostu ekonomikoa nabarmen igotzeaz gain, inbertsio garrantzitsuak ere egin dira, hainbat zerbitzu hobetuz eta, ondorioz, gastua handituz”.
Bestalde, azken urteetan hobari berriak sartu direla azpimarratu du hainbat zergatan, bai jasangarritasun energetikoaren arloan, bai familientzat (OHZ, TMIZ…). “Ondorioz, Udalak diru gutxiago biltzea ekarri du”, izan dira alkatearen berbak. Eta ez hori bakarrik: 2027tik aurrera, Udalak AP68aren emakidadunak OHZ gisa ordaintzen dituen 125.000 euroak ere ez dituela jasoko gogoratu du.
Zabor tasasari dagokionez, hondakinei buruzko 7/2022 Legeak udal guztiak behartzen ditu tasa bat ezartzera, 2025etik aurrera benetako kostua herritarrari jasanarazteko: “Udalak 60.000 € baino gehiagoko defizita du. 2025 da aipatutako legeak kostu osoa herritarrei jasanaraztera behartzen duen lehen urtea. Hala ere, Udalak ez du defizit horren guztizkoa 2025ean jasanaraziko, igoera benetan handia izango litzatekeelako”.
Hori dela eta, Udalak % 50eko igoera egingo du banku-erakundeetako eta aurrezki-erakundeetako zaborretan. Bestalde, dauden zazpi tarifetatik seietan % 20ko igoera egitea: etxeko zaborretan; elikadura, ostalaritza, edarien eta ikusentzunezkoetan; dendetako zaborretan, enpresetako zaborretan; merkataritzako lokaletako zaborretan eta biltegietan.
EH Bilduk, abstentziora
Ugaoko EH Bildu alderdiak neurri hauen egokitzapenaren aurrean abstenitzea erabaki du: “Ulertzen dugu gaur egungo prezioak direla eta tasak eta zergak igo behar direla kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko”, azaldu du Amaia Sierra zinegotziak. “Hala ere, gure ustez gehien dutenek gehiago ordaindu behar dutela uste dugu eta egoera zaurgarrian dauden herritarrei hobariak eskaintzea premiazkoa da”.
“Bestalde, zabor tasen igoerei dagokienez, Europar markotik datorren legea bete behar dugu baina horrek ez du esan nahi neurri hori soilik hartu behar dugunik; gure helburua etorkizun jasangarria izatea bada erabaki jakin batzuk kontuan hartu beharko genituzke: esaterako, lehentasun bat da modu teknologikoan kontrolatuta dagoen zabor organikoaren inguruko hobariak martxan ipintzea. Horrela herritarren kontzientzia areagotuko genuke”.
Amaia Sierra: “Beste herri eta hirietan egiten duten moduan erabilpen gabeko etxebizitzek gehiago ordaindu beharko luketela uste dugu”
EH Bilduko zinegotziak herriko etxebizitza hutsen egoera mahai gainean ipini du ere, eta Ugaotarrek etxe bat alokatu edo erosteko aukerarik ez dutela gogorarazi du: “Horregatik, beste herri eta hirietan egiten duten moduan erabilpen gabeko etxebizitzek gehiago ordaindu beharko luketela uste dugu”.
Ugaoko alkateak, erantzun orokor modura nabarmendu du Ugao Bizkaiko presio fiskal txikiena duen udalerrietako bat dela: “Presio fiskala, hau da, ugaotar bakoitzak tasa eta zergengatik ordaintzen duen zenbatekoa 336,16 eurokoa dela (2022an, BFAk argitaratutako azken datuak). Estratu edo antzeko tamainako udalerriek 648,71 euro ordaintzen dute batez beste, eta Bizkaikoek 559,25 euro. 19 horietatik, bik bakarrik dituzte Ugaok baino biztanle gehiago. Beraz, 19 udalerri horietako gehienek, txikiagoak direnez, Ugaok baino zerbitzu gutxiago ematen dituzte”.
☉ Ugao
Goio Ramos ugaotarrak ‘London Calling’ izeneko helduentzako lehen eleberria kaleratu du
Eleberri honek musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du eta beraz, intro, setlist eta outro batek antolatzen dute barnealdeko edukia
Iaz Zubikarai beka irabazi zuen Goio Ramos ugaotarrak eta 4.000 euroko sariaz gainera eleberri bat idazteko aukera eman zioten. Urtebeteko lanaren ostean, buruan zeukan proiektuari bizia eman dio Ramosek: ‘London Calling’.
Liburuaren hasieran, emakume batek euskarazko kanta bat entzuten du Londreseko metroan. Kanta hura bere aita zenaren musika taldearen diskoaren abesti bat da.
Disko hura ez zen inoiz argitaratu. Istorioak 80. hamarkadara salto egiten du eta bertan ‘Hilotzak‘ bandaren istorioa kontatzen da: “Horrelako testuinguru kultural, sozial, politiko eta benetakoan dokumentazio lanak egin ditut eta marko horretan musika talde horren istorioa kontatu dut”, azaldu du Ramosek.
“Istorio horren barruan pertsonaia nagusien arteko harremanak eta nondik norakoak kontatzen ditut, besteak beste”. Helduentzako eleberri bat idazten duen lehen aldia da honako hau Goiorentzat, orain arte umeentzako kontakizunak idatzi baititu. Eleberri hau, gainera, musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du Ramosek (kontzertu baten egitura du), musikak ugaotarraen bizitzan duen pisu handiagatik.
Horrela, istorioak intro bat, setlista eta outroa dauka, literatura musikarekin nahastuz. Gainera, kapituluek ez dute izenbururik, kanta jakin batera daramaten QR kodeak baizik. Lan honek zapore gozoa utzi dio Goiori eta azkena ez dela izango aitortu dio GEURIAri; hurrengoa sukaldatzen ari da, baina ez digu xehetasun gehiagorik eman nahi izan.
☉ Ugao
Ibilbide transpiriniotarraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Ugaoko Jane jauregian
GR 11 Ibilbide Handiko Bidezidorra da, 800 kilometrotan Pirinio osoa zeharkatzen duena, Kantauri itsasotik (Higer lurmuturra) Mediterraneo itsasoraino (Creus lurmuturra)
Azaroaren 12an ibilbide Transpiriniotarraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Johana Maluendak, Elixabete Arbek, Bego Gonzálezek, Idoia Alluek eta Aiur, Eki eta Lintzak, Ugaoko Jane jauregian.
Saioak ordubeteko iraupena izango du, 18:30etik 19:30ak arte, eta GR 11 zeharkaldiaren 800 kilometroen inguruko nondik norakoak azalduko dituzte, partaideei hainbat galdera erantzunez: bakarrik edo taldean egin? Hemendik hara edo handik hona? Dena, osotasunean edo zatika egin behar da?…
GR 11 Ibilbide Handiko zeharkaldia da, 800 kilometrotan Pirinio osoa zeharkatzen duena, Kantauri itsasotik (Higer lurmuturra) Mediterraneo itsasoraino (Creus lurmuturra). Ia ibilbide osoa marka zuri eta gorriz seinaleztatuta dago. Oro har, herri, babesleku edo aterpetxeen artean igarotzen da, eta, beraz, trekkingaren logistika egitea lan “erraza” da. Ugaoko saioan parte hartzeko 663 040 035 telefono zenbakira deitu behar dute interesdunek.
☉ Ugao
Ugaoko Gau Beltzak 50 motozale baino gehiago bilduko ditu asteburuan
Azaroaren 2an motozaleak 130 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egitera deitu dituzte eta parte-hartzaileek paella jatera gonbidatu dituzte herrian
Ugaoko Gau Beltzan ekintza bereziak antolatu dituzte El Nidito de Luciferren (Ugaoko Dorrea, 23). Izan ere, urriaren 31tik azaroaren 2ra jardueraz betetako ekintzak prestatu dituzte. Denen artean nabarmentzekoa azaroaren 2an antolatu dute Motozaleen Elkarretaratze Satanikoa.
Egun horretan motozaleak 130 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egitera deitu dituzte. Irteera Bilbondo merkataritza zentroko aparkalekuan antolatu dute 10:30ean eta bertatik, Bi-625 errepidea Urduña norabidea jarraituz, Arrigorriaga eta Ugaotik igaroko dira eta gero Arakaldo, Laudio, Amurrio, Altube, Murgia, Legutio, Otxandio, Dima eta Ugaranara helduko dira. Bertatik Artearantz joko dute eta hortik berriro iritsiko dira Hego Uribe eskualdera, Zeberio osoa Ermitabarritik hasita zeharkatuz.
Ibilbidearen amaiera Ugaon egingo dute. Ekitaldian izena eman duten motozaleei paella jatera gonbidatu dituzte 13:00etatik 16:00ak arte. “Jaia, motorrak eta rock ‘n rolla!”, azaldu dute antolakuntza taldetik. Parte hartzeko 944 258 209 telefono-zenbakia ahalbidetu dute eta deitzeko ordutegia 18:00etatik 23:30ak arte da.
Egitaraua | Gau Beltza El Nidito de Luciferren
Urriak 31, osteguna
21:30 Jai hilkorra, mozorro lehiaketarekin + DJ Javi
Azaroak 1, ostirala
21:30 Hildakoei omenaldia: Queimada + sua eta konjurua
Azaroak 2, larunbata
13:00 Motozaleen Elkarretaratze Satanikoa + paella jana
☉ Ugao
Emakumezkoen euskarazko obrak ekarriko dituzte Ugaora ‘Ostiralero antzerkiarekin bat’ zikloan
Klimaterioa antzezlana eta Emakume abeslariak izeneko kontzertu didaktikoak euskara hutsean eskainiko dituzte Ugaoko Jane jauregian, 20:00etan
Azaroaren 8tik 29ra ‘Ostiralero antzerkiarekin bat’ zikloaren 22. edizioa antolatuko dute Ugaon, Udaleko Kultura Sailaren bitartez eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan. Saio guztiak 20:00etan izango dira Ugaoko Jane jauregian.
Guztira lau emanaldi eskainiko dituzte debalde eta horietako bi euskara hutsean izango dira: Klimaterioa eta Emakume Abeslariak. Azaroaren 8an izango da lehen antzezlana, La Prudencia izenekoa; Klimaterioa hilaren 15ean; Me parto el pepe 22an eta Emakume abeslariak 29an.
Euskara, oholtzan
“Zer gertatzen da emakumearen bizitzan klimaterioan sartu eta menopausia ate joka dagoenean? Nola sentitzen dira? Alboan dutena akabatzeko moduan daude. Suminkortasunez beteta abanikoen erreginak bilakatzen dira. Eraldaketa prozesu honek bestelakoak ere ematen ditu.” KLIMAterioak klimaxera iristeko autopista bilatzen ari denean klimaterioarekin topo egiten duen emakumearen ibilerak kontatuko ditu, bakarrizketa eta bertsoak uztartuz elkarrizketara bidea egiteko.
Kaitin Allendek zuzendu eta Iratxe Ibarra, Oihane Perea, Irati Andarekin batera antzeztutako helduentzako obra da Klimaterioa.
Emakume abeslariak, ostera, kontzertu didaktikoa da, eta Nina Simone eta Izaro bezalako emakume abeslari handien istorioak kontatzen ditu, haien borroka eta ondarea nabarmenduz.