Sareak

|

Jaietako astelehena indaba eguna da Ugaon. Kofradian, elkarteetan, txokoetan, lokaletan, kalean… ehunka lagun batzen dira indabak lagun artean jateko. Bazkaririk handiena baina, frontoian egiten dute. Herriko berrogei boluntariok antolatuta, 300 lagunetik gora elkartu dira aurten Ugaoko frontoian. Bertako menua eskualdeko produktuekin osatu dute, Ugaoko eta inguruko herrien ekoizleak eta dendak laguntzeko asmoz. Guarko egunez, gainera, mozorrotu egiten dira Ugaoko lagun asko: aurtengo gaia, disko-gaua.

ugao indaba jana 2018 1

☉ Ugao

#A21 / Emaitzak / Ugao / EAJrentzat garaipena, eta EH Bildurentzat igoera handiena

#A21 / Ugao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dute gaur Ugaon Envaseseko langileen alde

Herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute gaurko Ugaon, atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez

|

Martxoaren 16an egin zuten lehen manifestazioa Ugaon / Utzitakoa

Joan den apirilaren 8an aste biko grebari hasiera eman zioten Ugaoko Envases Universales multinazionaleko langileek, Aldi Baterako Lan Espedientearen kontsulta-aldia enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe amaitu ostean.

Gaur, eta atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez, herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute. LAB sindikatutik azaldu dutenaren arabera, “langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe”.

Envases Universaleseko langileek Gaubela egin zuten atzo / Utzitakoa

Egoera hori salatzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian atzotik hona, besteak beste pankarteoa, elkartasun kontzertuak, afari kolektiboa edo gaubela.

Denak bere horretan jarraituko balu mobilizazio berriak iragarri dituzte langileek, eta LAB sindikatuak kanpainan dauden alderdiei eskatu die “hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gazte Eguna egingo dute bihar, “gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”

|

Gautegun erromeria / Geuria

Musika, jolasak eta aldarrikapena izango dira Ugaon bihar egingo duten Gazte Egunaren oinarria. Helburua, antolatzaileek eurek adierazi dutenaren arabera, “gazteak elkartzeko espazioa sortzea da, gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”. 

Hori horrela, 12:00etan hasi eta gaueko ordu txikietan bukatuko den ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute. Hasteko, 12:00 taldeen arteko jolas musikatuak egingo dituzte tabernetan zehar. Hori ondoren etorriko den herri bazkariaren atarikoa izango da.

Arratsalde parterako elektrotxaranga 17:30ean, eta gauarekin batera hainbat kontzertu, hala nola Txapelpunk, Arene G, Gautegun Erromeria edo Jonkass DJa.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Veronica Martin zeberioztarrak elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko tailerra eskainiko du Ugaon

Hitzaldia Ugaoko Jane jauregian antolatu du AEK-k apirilaren 24an, 18:00etatik 19:30ak arte, ‘Praktikatu eta Bizi’ programan

|

Elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko hitzaldia eskainiko du Veronica Martin Requena nutrizionista zeberioztarrak Ugaoko Jane jauregian, apirilaren 24an, asteazkena. GEURIAk iazko apirilean elkarrizketatu zuen Zeberioko nutrizionista.

“Elikadura osasuntsua erosketa-saskian hasten da, baina gaur egun ez da batere erraza supermerkatuan elikagai onenak aukeratzea”, azaldu du nutrizionistak HasiHazi Jaten kontsultategitik. “Hainbat eta hainbat produktu mota daude, ezen jakin ere ez dakigun zer jaten dugun”. Hori dela eta, produktuen etiketak bereizten jakitea garrantzitsua dela nabarmendu dute, nahasketa batzuek gure dietak desorekatzeko arriskua sortzen dutelako.

Zeberioko produktuak // Geuria

Saioa 18:00etatik 19:30ak arte antolatu du HasiHazi jaten kontsultategiak AEK-ko Praktikatu eta Bizi programan eta Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Hitzaldian parte hartu nahi duten interesdunek 663 040 035 telefonora deituz eman beharko dute izena.

Osorik irakurri

☉ Ugao

HAPO berria ezagutarazteko saio parte-hartzailea antolatu dute Ugaon

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri onartua ezagutarazteko saio irekia Jane Jauregian egingo dute apirilaren 29an, 18:30ean

|

Goikiri auzoko eraikinak // Geuria

Ugaoko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri (HAPO) eta onartua ezagutarazteko saio irekia antolatu du Jane Jauregian apirilaren 29an, 18:30ean. Bertan izango da Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatea Udaleko teknikari eta HAPOa idatzi duten taldearekin batera: “Ekimen honen helburua ugaotarrek, onartutako dokumentuaren xehetasunak ezagutzea da, aurrekoetan egin den bezala”, azaldu du herriko alkateak.

Udal ordezkariek gogoratu lez, Ugaoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartu zuten Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuaren 2024ko otsailaren 20ko 130/2024 Foru Aginduaren bidez eta ebazpena martxoaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (61 zk.) argitaratu zen, onartutako hirigintza araudiarekin batera, Ugao-Miraballesko Udalari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari jakinaraziz.

Osorik irakurri