Zuztarretatik Ahora egitasmoak argitaratu du Ugaoko ibilbide toponimikoaren bideoa. Herriaren iragana eta oraina ezagutzeko aukera ematen du.
Zuztarretatik Oinez proiektuak -Zuztarretatik Ahora egitasmoaren baitan- Ugaoko ibilbide toponimikoa aurkeztu du. Udiarragako Ama Birginaren aterpean izenburupean, herriko toki historikoak biltzen ditu ibilbideak: Tren-geltokian hasi, Udiarragako Andra Mariren santutegia eta inguruak ikusi, izen bereko kaletik udaletxeko plazara, Usila zubira gero eta zubi batetik bestera udaletxeko plazan amaitu. Ibilbideak 1,44 kilometro ditu: “Kale artekoa da, baina herriko hiribilduaren erdialdea ikusteko guztiz ederra”, diote udal ordezkariek.
Toponimia, ohiturak, herriko bizimodua, herriko bazterrak eta denboraren joanean izan diren aldaketak ageri dira bideoan: “Herriaren lehena eta oraina ezagutzeko aukera ederra ematen digu programak” azaldu dute udal ordezkariek Jane Jauregian egindako egitasmoaren aurkezpenean.
