Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Ugao

Mari Carmen Kortabarria: “Hurbilagokoak diren senideak egonda, uste dut ni hor egotea traba baino ez zela”

Mari Carmen Kortabarria (91 urte) Zeberioko Eusebio Aldekoa egoitzako egoiliarra da eta bere bizimoduaz mintzatu gara berarekin

|

Txokolate beroarekin ospatzen dituzte urtebetetzeak Zeberion. Eusebio Aldekoa egoitzako nagusiek askotan egin diete putz kandelei, baina ia mendea beteta, inoiz baino garrantzitsuagoa da egun bereziak partekatzea. Amalia Domingo Rodriguez (Granada, 1926) eta Mari Carmen Kortabarria Basterretxea (Abadiño, 1932) egoiliarrek beren ospakizunetara gonbidatu gaituzte: 97 eta 91 urte beteko dituzte, hurrenez hurren. Bi emakumeek beren etxea utzi eta egoitza batean bizitzea zer den azaldu digute, eta adinean aurrera egin ahala, etorkizuna nola ikusten duten.

Zenbat urte dituzu?
Irailaren 2an 91 beteko ditut, San Antolin egunean.

Ospatu egingo duzu?
Bada, ez dakit. Urtebetetze egunak ospatu egiten ditugu, normalean. Txokolatea egiten digute, eta datozenek jatekoa ekartzen dute: batzuek tarta, beste batzuek gailetak…

Nongoa zara?
Abadiñokoa. Baina Berrizen jaio nintzen.

Mari Carmeni letra-zopak egitea asko gustatzen zaio // Geuria

Nola etorri zinen Zeberioko egoitzara? Zergatik?
Bakarrik bizi nintzen eta osasun aldetik ez nengoen ondo. Ilobek esan zidaten laguntzeko emakume bati deituko ziotela, etxean egon zedin, baina ez nuen nahi. Gaixotuko banintz edo zerbait gertatuko balitz, ilobei deitu beharko nieke, edozein kasutan. Horregatik esan nien nire lehen aukera egoitza batera etortzea zela.

Ezezagun bat etxean sartzeak konfiantza falta sortzen zizun?
Ez, ez nuen hori pentsatzen. Etxean arazoren bat izango banu, bai edo bai, familiari deitu beharko niokeela pentsatzen nuen, haiek nire ardurarekin egon beharko zutela beti.

Hemen egon baino lehen, Ugaon bizi den ilobaren etxean egon nintzen. Baina berak ere seme-alabak, bilobak eta familiako kide gehiago dauzkanez, nik etxe horretan ez nuen ezer egiten. Ni baino hurbilagokoak diren senideak egonda, uste dut ni hor egotea traba baino ez zela berarentzat. Haiek ezetz esaten zidaten, noski. Baina hurbileko familia norbera baino garrantzitsuagoa da.

Horrela sentitzen zenuen, traba egiten zenuela?
Beti egiten dugu traba. Ulertu egin behar da hurbilagokoa den jendea dagoela tartean.

Duela zenbat denbora etorri zinen Zeberioko egoitzara?
Abuztuaren 6an hiru urte beteko dira etorri nintzenetik.

Egun normal batean, egoitzan, zer egiten duzu?
Gauetan, 21:00etarako lotan gaude. Afaldu eta ohera sartzen gara. Goizean ez daukagu iratzartzeko ordurik: laguntzaileak gure bila etortzen direnera arte egon gaitezke logelan. Garbitu, jantzi eta prestatu egiten gaituzte haiek. Gero, jantokira goaz, gosaltzera, eta ostean, bakoitzak nahi duena egiten du: batzuek kartetan jolasten dute, eta nik letra-zopak egiten ditut.

Badago aspertuta sentitzen zaren momenturen bat?
Egiteko gauza asko daude. Telebista ikus dezakezu, adibidez. Baina niri letra-zopa gustatzen zait. Entretenitu egiten nau. Beti esaten didate: “Zergatik ez dituzu aldizkariak irakurtzen?”. Baina letra-zopekin hasi naiz, eta izugarri gustuko ditut.

Familia bisitan etortzen zaizu?
Ugaon bizi den iloba baino ez daukat. Berak eta bere alabak bisitatzen naute: iloba igandeetan etortzen da, libre daukanean, eta bere alaba lanetik irteten denean dator, 17:00etan, ostiraletan. Igandeetan eta ostiraletan izaten ditut bisitak.

Harreman ona daukazu gainontzeko egoiliarrekin? Amaliarekin, adibidez, zure gelakidearekin?
Bai, oso ona. Oso emakume jatorra da. Noizbait esan diot partxisen edo antzeko zerbaitetan jolastu dezakegula, baina etorri zen egunetik esan izan dit: “Gustatuko litzaidake, baina ez dut ezer ikusten”. Eta egia da, ez du ezer ikusten. Mahaitxoan esertzen da, eta bera bakarrik entretenitzen da.

Eta gainontzeko lagunekin zelan konpontzen zara?
Ondo. Beti daukagu harreman hobea batzuekin beste batzuekin baino. Batzuek beste batzuek baino jenio gehiago ere badaukagu. Baina ondo konpontzen gara.

Zer da egoitzan faltan sumatzen duzuna?
Abadiñon nengoenean, lagunekin irteten nintzen herrira edo Durangora, kafe bat hartzeko, zinera joateko… Baina hori ondo geundenean egiten genuen. Orain, lagunak ere zaharrak dira, ni bezala.

Duela gutxi haietako bati deitu nion, eta esan zidan: “Mari Carmen, zer nahi duzu esatea? Nire ahizpa Mirenek 97 urte ditu, eta pixkanaka, memoria galtzen ari da. Nik ere 95 urte ditut…”. Medikua den alaba bat dauka, eta etxean laguntzen dion emakume bat kontratatu zuen. Harekin dago orain. Baina alabari beti esaten dio: “Guk zer egiten dugu hemen, 97 urterekin? Ahizpak bezala memoria galtzen egonda, ez geundeke hobeto zeruan?”. Gauza horiek ez aipatzeko esaten diote.

Zuk horrela sentitzen duzu?
Ondo ez bagaude, egia da: Zer egiten dugu oraindik hemen? Molestatu, hori baino ez. Nire ilobak ere esaten dit: “Nolako gauzak esaten dituzun!”

Baina momentu onak ere aprobetxatu ditzakezu.
Bai, hori bai. Iloba datorrenean, adibidez, kafe bat hartzera-edo joaten gara.

Pozik zaude Zeberion daukazun bizitzarekin?
Bai, bai. Batzuk beti ari dira kexaka, dena gaizki dagoela esaten dute. Nik ez. Ni pozik nago.

☉ Ugao

‘Umeentzako Antzerkiak’ hiru antzezlan eskainiko ditu euskara hutsean Ugaon

Abenduaren 8tik 22ra antolatu dituzte antzezlanak. Saioak doakoak izango dira eta 12:30ean prestatu dituzte Jane jauregian

|

'Ama, amama, Mamuak!' // Naita Produkzioak

Ugaoko Udalak Umeentzako antzerki zikloa antolatu du euskara hutsean eta doan abenduaren 8tik 22ra. ‘Erbia eta dordoka’, ‘Ama, amama, mamuak!’ eta ‘Kuku: ezkutuan dauden emakumeak’ izango dira haurrentzako saioak eta  Jane jauregian prestatu dituzte 12:30ean.

Glu Glu taldeak ‘Erbia eta Dortoka’ alegia mitikoa taulara eramango du. Kondaira zaharrek haurrak dibertitzeaz gain, hezteko ere balio dute. Umeek primeran pasatzen duten bitartean adimena garatzen laguntzen dien istoriak dira. Kasu honetan, lanaren, konstantziaren eta ahaleginaren garrantziaz jardungo gara.

Erbiak dortokari beti barre egiten dio, zergatik eta poliki ibili ohi delako, gauzak astiro egiteko ohitura duelako. Halako batean, Dortokak lasterketa egitea proposatuko dio erbiari: ea zeinek mendia azkarren gurutzatu. Erbiak pozarren onartuko du erronka.

Erbiak eta Dortokak beste animalia askorekin topo egingo dute bidean. Denen artean, alegia klasikoa kontatzeaz gain, abesti herrikoien laguntzaz, lasterketa hau antzezlan komikoa bihurtuko dute.

‘Kuku: ezkutuan dauden emakumeak’ // Eidabe teatroa

‘Ama, amama, mamuak!’ antzezlanak hildakoei, mamuei eta oroitzapenei buruzko abentura zirraragarria erakutsiko die 5 eta 12 urte bitarteko haurrei. Nerea Ariznabarreta eta Aitor Vinagreten obra honek laguntasunaz, familiaz eta bizitzaren zikloaz hitz egiten duen istorioa taularatuko du. “Gogoratzen ditugunak gurekin izango ditugulako. Gogoan geratzen dena hiltzen da azkena”.

Eidabe teatroak bi antzezle ekarriko ditu eszenatokira ‘Kuku: ezkutuan dauden emakumeak’ obrarekin. Antzerki bat egitera etorri dira, argi dute hori, baina argazkiz eta negatiboz betetako kutxa bat azaltzen da antzokiak. Nork ekarri du? Zertarako? Norenak dira argazki horiek guztiak? Vivianenak al dira? Antzerkia egin ahal izango dute, edo argazki horiek harrapatuta geldituko dira eta euren istorioak publikoarekin elkarbanatu behar izango dituzte?

Osorik irakurri

☉ Ugao

Goio Ramos ugaotarrak ‘London Calling’ eleberria aurkeztuko du Durangoko Azokan

Ramosek Ahotsenean hartuko du parte hilaren 8an eta Elkar Pozan izango da abenduaren 10ean

|

Goio Ramos, Ugaon // Geuria

Gaurtik hasita eta abenduaren 8ra arte izango da Durangoko Azokaren 59. edizioa eta Hego Uribeko sortzaileen artean Goio Ramos irakasle eta idazleak bere lehen liburuaren aurkezpena egingo du bertan.

Izan ere egun bitan egongo da Ramos Durangon: hilaren 8an kontzertua eskainiko du Ahotsenean Kepa Criadorekin batera 17:30ean, eta abenduaren 10ean Elkar Pozan izango da 18:30etan, bere lehen eleberriaren aurkezpen musikatua egiten.

London Calling

Iaz Zubikarai beka irabazi zuen Goio Ramos ugaotarrak eta 4.000 euroko sariaz gainera eleberri bat idazteko aukera eman zioten. Urtebeteko lanaren ostean, buruan zeukan proiektuari bizia eman dio Ramosek: ‘London Calling’.

“Istorio horren barruan pertsonaia nagusien arteko harremanak eta nondik norakoak kontatzen ditut, besteak beste”. Helduentzako eleberri bat idazten duen lehen aldia da honako hau Goiorentzat, orain arte umeentzako kontakizunak idatzi baititu.

Eleberri hau, gainera, musika taldeek kontzertuetan duten egiturarekin osatu du Ramosek (kontzertu baten egitura du: introa, setlista eta outroa), musikak ugaotarraen bizitzan duen pisu handiagatik.

London Calling liburuaren nondik norakoak artikulu honetan jaso zituen GEURIAk joan den urriaren amaieran.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Pruden Peña ‘Ecos de Ugao’ aldizkariko zuzendari ohiak aztarna sakona utzi du herritar askorengan

Ontzi-enpresa bateko zuzendaria izan zen besteak beste eta munduari sei edo zazpi aldiz bira eman ziola azaldu diote herritarrek GEURIAri

|

Pruden Peña // Geuria

Odol emaileen ‘Ecos de Ugao’ aldizkariko zuzendari izandako Pruden Peñaren heriotzak aztarna sakona utzi die auzotar askori. Duela egun bi zendu zen ugaoko auzotarra, baina herrian utzi duen oroimenaren inguruan berba egin dugu auzotarrekin.

“Umezurtz utzi gaitu Ugaon, hainbat zentzutan. Goian bego, Pruden. Valdeande bere herriko Junkaleko Ama Birjina, eta bere beste herrikoa, Ugaoko Udiarragakoa, zu zaintzen ariko dira orain”, azaldu du Iñaki García Uribe ugaotarrak.

Pruden Peña ugaotarraren heriotzaren berri izan berri dut”, adierazi du Ekaitz Mentxaka Corral alkateak bere sareetan. “Pertsona eredugarria, arrastoa uzten duten horietakoa, ahazteko benetan zaila diren pertsona horietakoa; beti besteei laguntzeko prest eta gure herriaren alde lan egiteko prest egon izan da”.

Herritar arduratsua

Herriari ekarpen asko egin zizkion herritarra izan zen Pruden. Jende gaztearentzat ziurrenik pertsona ia ezezaguna izango zen, baina Ugaoko nagusiek eta adinekoek ondo badakite herriari modu praktiko batean laguntzeko prest zegoela beti.

Urte asko zeramatzan erretiratuta Prudenek (20 baino gehiago) eta azken urteetako osasun arazoek makal utzi zuten, baina aktibo egon zen garaian lan ezberdinetan aritu zen Ugaokoa: ontzi-enpresa bateko zuzendaria izan zen besteak beste eta munduari sei edo zazpi aldiz bira eman zion lan hartan.

“Herriko familien elkartean lan egin zuen bereziki, Ugaori dagokionez”, azaldu du Garciak. “Francoren garaitik gaur egun arte iraun duen Ugaoko elkarte bakarra da eta herriko familia guztiak elkartzeaz arduratu egiten zen”. Prudenek kolaborazio lan ugari egiten zuen odol emaileen elkartearekin, eta talde hark argitaratzen zuen aldizkariko zuzendaria zen urte askotan zehar. Argazki makina gainean eramaten zuen gainera, aldizkarian Ugaoko bizitza sozialaren inguruko publikazioak egiteko. “Estankotik ere argazkiak bidaltzen nizkion, kubritu ezin zituen jardueren edukiak izateko”.

Pruden, Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiarekin // Iñaki García Uribe

Kazetari lan horiek egiteaz gainera odol erauzketak koordinatzen zituen herriko anbulatorioan. Udiarragako jaietako pregoilaria izan zen Peña. Iñakik azaldu du Ugaoko jaietako pregoilari izateak “ilusio berezia” egin ziola herritarrari: “Herriak berari egindako opari handiena dela uste dut”.

“Kultura handiko pertsona zen eta bere laguntza adineko jendeari bideratu zion bereziki eta ekarpen ugari egin zizkien”, gehitu du Garcíak eta Adolfo Suarez Espainiako presidenteak Ugaora egindako bisita batean berarekin argazki bat egiteko aukera izan zuen (lerro hauen gainean ikusgai) herrian poteak hartzen zituzten bitartean. “Pasarte hura benetan xelebrea izan zen!”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Menopausiaren inguruko tailerra eskainiko dute esparruko aditu bik Ugaon

Abenduaren 10 eta 17an antolatu dute ‘Bidaia menopausian zehar, autoezagutzatik eta plazerretik abiatuta’ tailerra, Jane jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte

|

Emakume bat // Dominic Sansotta, Unsplash

Abenduaren 10 eta 17an ‘Bidaia menopausian zehar, autoezagutzatik eta plazerretik abiatuta’ izeneko tailerra eskainiko dute Jane jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte eta izena emateko berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbidera e-posta idatziz edo 946 480 711 telefono zenbakira deituz egin daitezke.

Tailerra Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak antolatu du menopausia beren gorputzaren autoezagutzatik, plazerretik eta ongizatetik lantzeko deia sentitzen duten emakumeei zuzendu dute: “Edukiaren lanketa integrala izango da, alderdi klinikoak zein sexologikoak barne, eta, batez ere, generoaren aldagaia eta, honek, emakumeen bizitzan, osasunean eta sexualitatean bizitza osoan eta, bereziki, bizitzaren une honetan duen pisua kontuan hartuta”, azaldu dute Udaletik.

Tailerra Izaskun Zarrandikoetxeak eta Janire Mirandak zuzenduko dute. Izaskun sexologoa, berriz berrelkartze-terapeuta eta indarkeria matxistetan espezializatutako gizarte langilea, da eta Janire ginekologian eta obstetrizian espezializatutako erizaina, Osakidetzako emagina.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bizkaidendak aplikazioak Ugaobonoak zuzenean trukatzeko aukera eskainiko die herritarrei aurten

Aurten 3.000 Ugaobono banatuko dituzte, iaz baino 1.400 gehiago, “ingurumenarekiko konpromisoa babestuz eta saltokien zein herritarren arteko banaketa zuzena bultzatuz”

|

Ugaotarrak erosketak egiten // Geuria

Ugaobono 2024 kanpaina abenduraen 2tik 31ra antolatu du aurten Ugaoko Udalak eta 3.000 txartel banatuko dituztela adierazi dute gaur goizean osoko bilkuren aretoan egindako prentsaurrekoan, iazkoan baino 1.400 gehiago. Udalak aurrekontuko 16.000 euro bideratu ditu kanpaina honetara.

Aurten, Bizkaidendak Bizkaiko merkatarien ostalarien eta zerbitzu-enpresen elkarteen federazioaren bonuen aplikazioari esker ugaotarrek telefono mobilaren bidez trukatu ahalko dituzte kanpainako txartelak: “Prozesua arinagoa, jasangarriagoa eta txartel horiek erabili nahi dituzten pertsonen ordutegietara egokitzeko modukoa izango da”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.

Berritasun honi esker, 18 urte baino gehiagoko herritarrek bonuak zuzenean trukatu ahal izango dituzte programari atxikitako establezimenduetan NANa aurkeztuz. Horrela, aurreko urteetan eman behar ziren pausuak ekiditeko aukera izango dute: udaletxera ordutegi jakin batzuetan joan, txartelak hartu…

Herritar bakoitzak hiru bonu erosi ahalko ditu: 30 euroko bat eta 10 euroko bi, eta erosketaren prozesua hiru urratsetan egin beharko dea azaldu dute udal ordezkariek: erosketak Ugaon egin beharko dira, erabiltzaileek atxikitako establezimenduan izena, abizena eta NAN zenbakia adierazi beharko dute eta atxikitako saltoki horiek Ugaobonos aplikazioaren bidez trukatu nahi diren bonuei dagokien deskontua aplikatuko diete.

Aldaketa honen ondorioz txartel fisikoak desagertuko dira “ingurumenarekiko konpromisoa babestuz eta saltokien zein herritarren arteko banaketa zuzena bultzatuz”.

Bonu mota bi

30 euroko 1.000 bonu banatuko dituzte guztira eta 20 euroko prezioa izango dute. 10 eurokoak 7,5 euroko prezioan ipiniko dituzte salgai.

“Bonuak ‘Ugaobono 2024’ kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira, eta erakusleihoetan kanpainaren identifikazio-kartela jarriko dute. Gainera, bonuen bi egokitzapen egingo dira saltokien artean, kontsumitu gabeko bonuak agortu dituzten saltokien artean banatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Udalak urtero abiarazten duen kanpaina honen helburua tokiko merkataritza indratzea da eta “ugaotarren artean aurrezpena sustatzeko konpromisoa berresten duela” gehitu dute Udaletik.

Osorik irakurri