☉ Usansolo
Erreakzio soka luzea eragin du Usansolo Bizkaiko 113. herri bilakatu izanak
“Hainbeste denboraren ostean, heltzen danean badakizu zer pasetan dan? Sinistu bez…” Marisa Gonzalez Usansoloko herritarrak GEURIAri orain dela astebete esandakoak dira hauek, eta Usansoloko herritar askoren sentipenarekin bat egiten dute atzo entzun, ikusi eta irakurritakoaren arabera. Ildo horretatik, Agustin Aizpuru Usansoloko Kudeaketa Batzordeko presidenteak zera azpimarratu nahi izan zuen: “40 urteko borrokaren emaitza da hau”. Eta hala ere, baieztapen ofiziala jasota ere ez bat ez bi sinesgogor zebiltzan atzo Usansolon.
Baina bai, erabakiak ez du atzera bueltarik, eta Usansolo Bizkaiko 113.udalerria da dagoeneko. Iñaki Urgoiti Usansolo Herriak-eko bozeramaileak ibilbide honetan behin eta berriz errepikatu duen bezala, “Usansolo bazen herria, orain udalerria eraikitzea dagokigu”. Ez da hau albisteak eragin duen erreakzio bakarra izan, inondik inora, soka luzea eta oihartzun handia eragin baitu berriak baita Hego Uribetik kanpo ere.
Udal gobernua, hamarkadetako korapiloaren askatzaile
Baieztapen ofiziala ezagutu bezain pronto, Eh Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeek osatzen duten Galdakaoko Udalak oharra kaleratu zuen: “Euren herri izaera aldarrikatzen eta udalerri gisa eratzeko eskaera egiten hamarkadak egon ondotik, lau urtetan askatu da korapiloa. Horixe da Galdakaoko Udalak 2019an egindako apustu garbiaren emaitza. Hain zuzen, Usansolotarren nahia entzun eta haien erabakia errespetatzeko apustua egin zuen Galdakaon gobernu aldaketa izan zenean. Ariketa demokratiko hori amaieraraino eramateko lan handia egin du ordutik Udal gobernuak, eta elkarlan horretan jarraituko du orain ere”.
Egindako lanaz poza agertzeaz harago, etorkizun hurbilean eman beharreko pausoak ere zehaztu ditu Udalak: “Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatuta egonik, Usansoloko Udala eratzea dagokio orain udalerriari. Egun Galdakaoko Udalaren esku dauden zerbitzu asko Usansoloren esku uztea esan nahi du horrek, eta gradualki egingo da eskualdaketa, orain arte bezala Galdakao eta Usansoloren arteko elkarlanean, naturaltasunez eta adostasun etengabean”.
Hori horrela, Galdakaoko alkateak eta Usansoloko Kudeaketa Batzordeko lehendakariak orain arteko elkarlan estuan jarriatuko dutela zehaztu dute, “eskumenak eskualdatzeko luze joango den prozesuan”. Galdakaoko Udalak, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatzen duten Arbitraje Batzordea datozen egun edo asteetan batuko dela “aurreikusten” dute.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, bere aldetik, bideoa zabaldu zuen bere sare sozialetan, 2019an gidatzen zuen udal gobernuak “hogeitamar urtez blokeatuta egon den prozesuari bide” eman ziola nabarmenduz. Horretarako, “ariketa demokratiko itzela” bultzatu zutela azpimarratu du, 2022ko martxoaren 27an Usansolon egin zen galdeketa hizpide hartuta: “argi geratu zen Usansolotarren nahia zein den”. “Orain arte lanean egon gara, lanean dihardugu, eta lanean jarraituko dugu” borobildu du.
Bere alderdiak ere, kasu honetan Usansoloko EH Bilduk, oharra kaleratu zuen, hamarkada luze hauetan lanean aritu direnen ekina goraipatuz: “Usansoloko EH Bildutik eskerrak eman nahi dizkizuegu, oztopoz beteriko bide luze baino oparo honetan, zuen hondar aletxoa jarri duzuen guztioi; 1988. urtean Usansolo herria zela aldarrikatzen hasi eta lehen pausoak eman zenituztenoi, indar politiko gehienek beste albo batera begiratzen zuten bitartean, segregazio prozesua bizirik mantendu zenutenoi, 2011. urtean Usansolo Herria plataforma sortu eta geroztik usansolotarren hitza instituzioetara eraman duzuenoi, eta nola ez, 2014an, herritik sortua zen galdeketa antolatu eta aurrera eraman zenuten guztioi”.
Usansolo Herria, inoiz baino herriago
“Hilabete luze eta gogorrak izan dira, baina lankidetza jarraiari esker, Usansoloko Udalerria Udalerrien erregistroan inskribatzea lortu dugu. Berri ezin hobea da, onarpen horren ostean, udalerri bezala martxan jartzeko aukera dugulako %100ko ehunean. Orain arteko aurrelanketek lagunduko badute ere, guztion lana eta gogoak ezinbestekoak dira nahi dugun Usansolo lortzeko”. Hori izan zen Usansolo Herriak-ek sare sozialetan zabaldu zuen mezua.
Pozarren agertu ziren euren kideak egun osoan zehar, eta elkarretaratzea egitera gonbidatu zituzten herritarrak arratsalde parterako. Aurrera begira, ospakizun handi bat iragarri dute. Datozen hilabeteei begira galtza bete lan izango dutela jakin arren, helburua argi daukate, tipi-tapa aurrera jarraitzea, “Usansolo udalerri moduan kudeatu arte”. Zentzu horretan, gogoratu behar da Kudeaketa Batzordeak bere horretan jarraituko duela hurrengo Udal Hauteskundeak ospatu arte, 2027an.
EAJ akuilu Espainiako Kongresuan
Oposizioko alderdien aldetik, EAJk zorion mezua helarazi nahi izan zien “Usansoloko herritar guztiei, Usansolok Bizkaiko 113. udalerria bezalako toki-erakundeen erregistroan izena eman ondoren. Era berean, zorionak eman nahi dizkiegu parte hartu duten alderdi guztiei, besteak beste, herritarrei, baita Bizkaiko Foru Aldundiari eta parte hartu dugun gainerako eragile eta indar politikoei ere, prozesua gauzatzeko eta, aldi berean, gure foru-arauaren eskumena baliarazteko”.
Jeltzaleek, bidenabar, Foru Aldunditik eta Espainiako Kongresutik euren taldeak egindako lana goraipatu zuten, gogoraraziz EAJk lortu zuela Ministroen Kontseiluak onestea Usansolo udalerri gisa eratzeko behar diren lege aldarazpenak egitea.
Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia, pozarren
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ere zorion hitzak izan zituen usansolotarrentzat atzo argitaratutako bideoan: “Hasiera-hasieratik zabalkundea egin genuen herritarrek Usansolo beste udalerri bat izan zedin egindako eskaeraz, eta, aldi berean, geure foru-arauak ematen digun eskumena baliarazi dugu. Pozik egoteko eguna da.”
Etxanoberen iritziz, “prozesu hori behar bezala burutu da, ondo, Usansolo Bizkaiko beste udalerri bat bilakatuta. Prozesu luzea izan da, eta hura bultzatuz Aldundiak defendatu egin du foru-araudia, geure eskumena, eta horrekin bete ditu Batzar Nagusien mandatua eta herritarrek adierazitako borondatea, beharrezkoa izan den lekuan eta berme guztiekin”.
☉ Usansolo
Metroaren geltokia erdigunearekin lotzeko lanzadera zein lurpeko tunela ukatu ditu Usansolok
Usansolo Herriak eta Usansoloko EH Bilduk “irmoki” arbuiatu dituzte bi aukera horiek: “Ez dugu onartuko udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea aurreikusten ez duen beste edozein aukerarik”
Usansolo erdigunea Metro geltokiarekin lotzeko mahai gainean dauden aukerak bi dira: lanzadera edo tunela.
Horren berri eman zieten Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Euskal Trenbide Sareko ordezkariek Geltokia Erdigunean plataformako kideei joan den irailaren 3an izan zuten bileran.
Plataformatik adierazi zuten ez zeudela ados haien irizpideekin eta, “Usansolok tren geltoki bat erdigunean behar duela” aldarrikatzen jarraituko dutela zehaztu zuten. Gaur goizean, esaterako, Bilboko Batzar Nagusien aurrean elkarretaratzea egin dute dozenaka herritarrek.
Ildo horretan, Usansolo Herriak (UH) eta Usansoloko EH Bilduk (Usansoloko Kudeaketa Batzordeko gehiengoa) ere “irmoki” arbuiatu dute Jaurlaritzak, Aldundiak eta ETSk mahai gainean dituzten bi aukera horiek: “Ez dugu onartuko udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea aurreikusten ez duen beste edozein aukerarik”.
“Hala eskatu dugu orain arte mozio eta ekimen instituzionalen bidez, eta hala eskatzen jarraituko dugu. Batzar Nagusietan gaur egin den eztabaidan hori izan da gure jarrera, eta datorren irailaren 18an gauza bera jakinaraziko diogu Usansoloko elizan egingo den hitzaldi informatibo batean izango den Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariari ere”, diote.
Irailaren 18ko asanblada Usansoloko San Andres elizan izango da 18:45ean, baina aurretik, 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute herritarrek.
30 milioi euroko kostua
Usansolo erdigunean geltoki berria eraikitzeak 30 milioi euroko kostua izango luke, eta Jaurlaritzak, Aldundiak eta ETSk diote “ez dela errentagarria ekonomikoki”.
“Kudeaketa-Batzordeak eta Geltokia erdigunean herri-plataformak Eusko Jaularitzarekin eta Aldundiarekin izan ditugun azken bileretan, adierazi digute Usansoloren erdigunean geltoki bat eraikitzea ez dela errentagarria ekonomikoki, ezta ikuspegi sozial batetik ere. Izan ere, horien esanetan, kostu handiko eragiketa da geltokia erdigunean eraikitzea, eta eskari kritikorik ez dagoela ere argudiatu dute”, salatu dute UHk eta Usansoloko EH Bilduk batera egin duten komunikatuan.
Bizkaiko Batzar Nagusiek eurek eskatuta, alternatiben azterketa egin zela adierazi dute UHtik eta EH Bildutik: “Eta txostenak lau aukera jaso zituen: horietako bat udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea izan zen”, diote, eta gaineratu dute: “Beraz, aukera hori teknikoki egingarria izateaz gainera, erabiltzaile kopuru handiena jasoko duena da, 3.000 pertsonari baino gehiagori zerbitzua emango baitio, geltokira 10 minutuko eremuan”.
“Egia da aukera garestiena dela, baina diru kopuru hori 5. Linearen kostu osoaren % 8 baino ez da; proiektu osoa, gutxienez, 360 milioikoa izango baita guztira”, argudiatu dute UHko eta EH Bilduko ordezkariek: “Horrelako azpiegiturak eraikitzeko ezin da soilik kostu-irabazien analisia kontuan hartu, Bizkaian eratu den azken udalerri honi garraio-azpiegitura honek ekar diezaizkiokeen errentagarritasun soziala eta abiapunturako egoera ere kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu”, adierazi dute.
Bi alderdiek herriaren agindua aurrera eramateko “konpromisoa” jaso dute, udalerriaren erdigunean geltoki bat eraiki dadin. “Horretarako, beharrezkoak diren ekimen instituzional guztiak baliatuko ditugu eta Usansolon egiten ari diren herri mobilizazioak babestuko ditugu”, diote.
☉ Usansolo
“Geltokia Erdigunean” plataformak bertan behera utziko ditu kamioiak gelditzeko protestak,”Ertzaintzaren aginduz”
Hori horrela, aurrerantzean ez dute obretako kamioiak gelditzeko baimenik izango, eta aste honetako kontzentrazioa bertan behera utzi dute
Geltokia Erdigunean plataformatik uztailean aurreratu zuten bezala, iraila “funtsezko hilabetea” izango da. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordearekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta ETSrekin bilera izango dute plataformako kideek.
Bestetik, Eusko Legebiltzarrean esku hartuko dute. Eta azkenik, plataformatik erregistratu zuten mozioaren eztabaida izango da Batzar Nagusietan. “Plataformatik foro horietan guztietan Usansoloko erdigunean geltoki bat aldarrikatzeko herritar guztiak mobilizatzea behar dugu”, adierazi dute.
Atzo, plataformatik bertatik jakinarazi zuten Meatzaldeko kontzentrazioak bertan behera geratu direla, “Ertzaintzaren aginduz”. Hori horrela, aurrerantzean ez dute obretako kamioiak gelditzeko baimenik izango, eta aste honetako kontzentrazioa bertan behera utzi dute. Hala ere, zehaztu dutenaren arabera, “ekimen eta kontzentrazioak” antolatzen jarraitzeko asmoa daukate.
☉ Usansolo
Usansolo erdigunea Metro geltokiarekin lotzeko aukerak: lanzadera edo tunela
Geltokia Erdigunean plataformako kideek bilera izan zuten irailaren hasieran Jaurlaritzarekin, Foru Aldundiarekin eta ETSrekin, eta asanblea antolatzeko asmoa dute
Abuztuan atseden hartu ondoren, “eta oporretatik indarberrituta itzulita”, Usansoloko herritarrek berriro ekin diete mobilizazioei Metroko obretako kamioiak gelditzeko eta tren geltokia erdigunean eraiki dezaten eskatzeko.
Hilabetearen hasieratik ari dira berriro Meatzetan bide erdian herritarrak batzen, obretako kamioiak bertatik pasa ez daitezen.
Hasiera batean goizeko zein arratsaldeko txandak egiten hasi ziren, 08:30etik 17:30era bitartean, baina antza denez obrak “geldirik” zeudela ikusita, goizeko txandan, 09:00etatik 14:00etara ari dira herritarrak bertan mobilizatzen.
“Entzun gaitzaten, gure presio-neurri bakarra metroko obrek aurrera ez-egitea da, jada egin dugu eta berriro egingo dugu”, diote Geltokia Erdigunean plataformako kideek, eta gaineratu dute: “Obra-zuzendaritzatik dagoeneko ohartarazi dute kontzentrazioekin jarraituz gero obrak geldiaraztea beste erremediorik ez dutela izango. Pentsa dezakeguna baino askoz ere eragin handiagoa dugu”.
Iraila, hilabete garrantzitsua
Geltokia Erdigunean plataformatik uztailean aurreratu zuten bezala, iraila “funtsezko hilabetea” izango da.
Alde batetik, irailaren 3an, asteartez, bilera izan zuten Geltokia Erdigunean plataformako kideek Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Euskal Trenbide Sareko ordezkariekin: “Bilera hartatik ez ginen oso pozik atera, eta euren jarrera argi adierazi ziguten: haiek egindako ikerketen ondorioz Usansolori ez dagokio tren geltoki bat. Ez omen da bideragarria. Horregatik, bi aukera jarri zizkiguten mahai gainean: alde batetik, lanzaderaren proposamena mantentzea eta bestea, tunel luze baten bidez geltokia erdigunearekin lotzea. Plataforma ez dago ados haien irizpideekin eta Usansolok tren geltoki bat behar duela argi dugu”, adierazi du Jon Atxutegi plataformako kideak.
Zentzu horretan, irailean asanblada ireki bat deitzeko asmoa dute plataformatik: “Asanbada horretara ETSko arduradunak etorriko dira herritarren galderak argitu eta gure nahiak entzutera”. Oraindik ez dute zehaztu asanblada hori noiz izango den.
Ez da lehen aldia ETSko edo Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Hego Uribe eskualdeko herritarren iritziak entzun eta euren galderak erantzuten dituztena: duela bi urte, 2022ko abenduan, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendariak —Basauriko alkate ohia (PSE, 2007-2011)— eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoak informazio-hitzaldia eskaini zuten Galdakaoko Torrezabalen, eta iazko otsailean gauza bera egin zuten Basauriko Ibaigane Kultur Etxean, Metroaren 5. Lineaz eta Sarratuko geltokiaz herritarrek zituzten zalantzak argitzeko.
Bestetik, Eusko Legebiltzarrean esku hartuko dute. Eta azkenik, plataformatik erregistratu zuten mozioaren eztabaida izango da Batzar Nagusietan. “Plataformatik foro horietan guztietan Usansoloko erdigunean geltoki bat aldarrikatzeko herritar guztiak mobilizatzea behar dugu”, adierazi dute.
☉ Usansolo
Metroko obretako kamioiak gelditzeko mobilizazioei ekingo diete berriro Usansolon
Abuztuan atseden hartu ondoren, “eta oporretatik indarberrituta itzulita”, Usansoloko herritarrak berriro ekingo diete mobilizazioei Metroko obretako kamioiak gelditzeko.
Irailaren 2tik 6rako astean Meatzetan batuko dira herritarrak berriro, bide erdian, obretako kamioiak bertatik pasa ez daitezen. Goizeko zein arratsaldeko txandak egingo dituzte, 08:30etik 17:30era bitartean.
“Entzun gaitzaten, gure presio-neurri bakarra metroko obren aurrera ez-egitea da, jada egin dugu eta berriro egingo dugu”, diote Geltokia Erdigunean plataformako kideek.
Eta plataformatik gaineratu dute: “Obra-zuzendaritzatik dagoeneko ohartarazi dute kontzentrazioekin jarraituz gero obrak geldiaraztea beste erremediorik ez dutela izango. Pentsa dezakeguna baino askoz ere eragin handiagoa dugu”.
Iraila, hilabete garrantzitsua
Geltokia Erdigunean plataformatik uztailean aurreratu zuten bezala, iraila “funtsezko hilabetea” izango da. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordearekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta ETSrekin bilera izango dute plataformako kideek.
Bestetik, Eusko Legebiltzarrean esku hartuko dute. Eta azkenik, plataformatik erregistratu zuten mozioaren eztabaida izango da Batzar Nagusietan.
“Plataformatik foro horietan guztietan Usansoloko erdigunean geltoki bat aldarrikatzeko herritar guztiak mobilizatzea behar dugu”, adierazi dute.
☉ Usansolo
Usansoloko Udalak metroaren obra “alternatiboa” geldiarazi du, baimenik ez duelako
Geltokia Erdigunean plataformaren protestak ekidin nahian obren ardura duen ETSk (Euskal Trenbide Sarea) bidezidor bat bilatu nahi izan du, obrak beste leku batetik bideratzeko
Geltokia Erdigunean plataformak mobilizazioak egin ditu azken hilabeteetan, metro geltoki berria Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko.
Uztailaren 1ean obretako kamioiak geldiarazi zituzten goizean (bideoa hemen), eta ordutik hona kontzentrazioak egin zituzten uztailaren 8an, 10ean eta 12an ere: Meatzeta bidean, kiroldegiaren eta Unkina ikastetxearen ondoan herritarrak bide erdian batu eta kamioiak bertatik ez pasatzea lortu zuten.
Geltokia Erdigunean plataformaren protestak ekidin nahian obren ardura duen ETSk (Euskal Trenbide Sarea) bidezidor bat bilatu nahi izan du, obrak beste leku batetik bideratzeko.
Geltokia Erdigunean plataformatik jakitera eman dutenaren arabera “Meatzetako aparkalekuaren eta ibaiaren artean hasi berri diren obrei dagokienez (kontzentrazioek metroaren obren aurrerapena eten ez dezaten irekitzen dabiltzan ordezko bide), jakinarazi behar dizuegu gaur bertan obrak geldiarazi direla udal-dekretu bidez“.
“Ez dute baimen egokirik” gaineratu dute, “eta, beraz, eremua zigilatzeko eta ziurtatzeko eskatu zaie”.
Modu berean, irailean kontzentrazioekin jarraituko dutela iragarri dute.