Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Usansolo

Hamarkadetako borrokarren ondoren Usansolo Bizkaiko 113. herria izango da gaurtik aurrera

Estatuko Abokatutzat uko egin dio erregistratuta zeukan helegitearekin jarraitzeari, eta horren ondorioz Espainiako Gobernuak ofizialki erregistratuko du gaur tokiko entitateen erregistroan

|

Usansoloren desanexioaren eztabaida Bizkaiko Batzar Nagusietan / Geuria

Albiste guztiak zalantzan jartzen diren Inuzenteen egunean heldu zaie berri pozgarria Usansoloko herritarrei: Usansolo gaur bilakatuko da Bizkaiko 113.en herria. Agustin Aizpuru Usansoloko Kudeaketa Batzordeko presidenteak laburbildu du herritar askoren sentipena: “40 urteko borrokaren emaitza da hau”.

Toki Araubidearen Oinarrien Legea aldatzeko konpromisoa hartu zuen orain dela astebete Espainiako Ministro Kontseiluak, udalerri independente izateko gutxieneko biztanleria-muga 4.000 biztanletan finkatzeko. Puntu hori PSOEk eta EAJk negoziatu zuten Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko. Gaur jakin da Estatuko Abokatutzat uko egin diola erregistratuta zeukan helegitearekin jarraitzeari, eta horren ondorioz Espainiako Gobernuak ofizialki erregistratuko du tokiko entitateen erregistroan.

Joan den astean, eta orain ezagutu den azken urrats honen faltan, GEURIAk Agustin Aizpurua Kudeaketa Batzordeko presidentearekin,  Iñigo Urgoiti Usansolo Herriak-eko kidearekin eta Marisa Gonzalez Usansoloko herritarrarekin hitz egiteko aukera izan zuen.

Erabaki honekin, Usansoloko Udala izango dena egikaratzen hasi beharko dira Galdakaoko Udala eta Kudeaketa Batzordea. Zentzu horretan, aurrekontu proposamena aurkezteko prentsaurrekoan egoera “aurreikusita” zeukala adierazi zuen udal gobernuak.

 

☉ Usansolo

Manifestazioa deitu dute urriaren 5ean Usansolon: “Geltokia erdigunean, lortu arte!”

|

Iaz hasi ziren usansolotarrak mobilizatzen metro geltoki berria Usansolo erdigunean eraiki dezaten aldarrikatzeko // Geuria

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea. Hori adierazi zuten irailaren 18an Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorrak eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoak, Geltokia Erdigunean plataformak antolatu zuen asanblada irekian.

Usansolotarrak ez dira erabaki horren aldekoak, eta horregatik kalera aterako dira beste behin ere, geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten aldarrikatzeko. Urriaren 5ean, larunbatez, manifestazioa deitu du plataformak: 12:00etan hasiko da Meatzetatik.

“Asanbladan ikusi eta entzun gintuzten, baina jaramon gutxi egin digute geroztik. Horregatik, kaleak hartu behar ditugu, Usansolotik hasita Bilbora arte!”, adierazi dute plataformatik: “Usansolo osoa mobilizatu behar dugu! Zuek zarete herria, eta zuei dagokizue Usansolok nahi duena argi eta garbi adieraztea: Geltokia Erdigunean! Lortu arte!”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansoloko VII. Herri Lasterketak 500 korrikalari baino gehiago hartuko ditu

|

Urriaren 6an izango da Usansoloko VII. Herri Lasterketa // Festak.com

Usansoloko Herri Lasterketa urriaren 6an, igandez, izango da. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta Arlo Baltza plazan izango du irteera eta helmuga.

Dagoeneko 530 korrikalarik eman dute izena lasterketa herrikoian, baina oraindik izena emateko epea zabalik dago: gaur gauerdira arte 5 eta 1 euro ordainduko dituzte partaideek, eta lasterketaren egunean bertan 10 eta 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Parte-hartzaile guztiek probaren kamiseta teknikoa jasoko dute opari.

Usansoloko Herri Lasterketa U113 Traitloi Taldeak antolatzen du.

Usansoloko VII. Herri Lasterketa

Urriak 6, igandez
Arlo Baltza plaza

11:45 Txikiak (0-4 urte) – 200 metro
12:00 Umeak (5-9 urte) – 500 metro
12:15 Gazteak (10-16 urte) – 1 kilometro
12:30 Nagusiak (+16 urte) – 7 kilometro

Usansoloko Udalak adierazi duenez, 12:00etatik 13:30era ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo da lasterketaren ibilbidean.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Bideoa / “ETSk entzun du Usansolok zer nahi duen, eta jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”

Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean: alde batetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua; eta bestetik, tunel luzeago bat, 500 metro luzerakoa, Usansolo erdigunera iritsiko litzatekeena

|

Usansoloko Metro geltokiaren aferaz asanblada irekia egin zuten atzo herrian. Bertan izan ziren Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa.

Bi erakundeetako ordezkariek azaldu zutenez, baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea: “Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu zuen De Juanek.

Adierazpen horiek asanblada irekira bertaratu ziren herritarren haserrea piztu zuen: “Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi zuen atzo herritar batek.

Hain zuzen ere, metroaren geltoki berria Ospitalaren ondoan eraikiko dute, Usansoloko Unkina plazatik 900 metrora (gaur egungo Euskotreneko geltokia, desagertu egingo dena, 450 metrora dago).

Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean metro geltokia Usansolo erdigunearekin lotzeko: alde batetik, lurazpiko tunel bat eraikitzea, 500 metro luzerakoa, Laminarrieta, Meatzeta eta Torreondo kaleen arteko bidegurutzera iritsiko litzatekeena; eta bestetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua uztartzea.

Tunel luzearen aukera (ezkerrean) eta tunel txikia eta lanzaderaren ibilbidearen aukera (eskuman) // Geuria

Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dute bigarren aukera; lanzaderarena, alegia. “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”, zehaztu zuen De Juanek. Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak, atzo ere adierazi zutenez.

Geltokia Erdigunean plataformatik adierazi dute “euren helburua lortu arte” jarraituko dutela borrokan: “Eusko Jaurlaritzak eta ETSk entzun dute Usansolok zer nahi duen, eta, hortaz, jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”, adierazi dio GEURIAri Josu Grandibal plataformako kideak.

“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdetu zuen atzo asanbladan Jon Atxutegi plataformako kideak.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea

|

San Andres eliza bete-beteta egon da Loly De Juanen eta ETSko ordezkarien azalpenak entzuteko // Geuria

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea. Gaur asanblada irekia egin dute eta bertan baieztatu du hori Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak.

“Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu du De Juanek.

Ildo berean, De Juanek adierazi du Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dutela lanzaderaren aukera: “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”.

Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak.

Lanzaderaz gain, bi erakundeek mahai gainean duten beste aukera da tunel bat eraikitzea, 500 metroko luzerakoa, ospitalean eraikiko duten geltokia Usansolo erdigunera hurbiltzeko.

Bi usansolotar Eusko Jaurlaritzak eta ETSk mahai gainean dituzten bi aukerak begiratzen // Geuria

Loly De Juanekin batera, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa izan dira asanbladan.

“Koherenteak izaten saiatu gara. Mahai gainean dauden proposamenak jasangarrienak dira sozialki zein ekonomikoki. Usansolo herriari zerbitzua emateko modurik onena dira. Ospitalea eta herria lotzeko puntu bakarra, Usansoloko zentroari zerbitzua eskaintzeari utzi gabe”, adierazi du Ferrazek.

Bi erakundeek euren proposamenak aurkeztu ondoren adierazi dute usansolotarrek erabaki ahal izango dutela bi aukeretatik bat. Hala ere, Usansoloko herritarrak ez daude ados ez aukera batekin ez bestearekin.

Herritarrak haserre

Asanblada irekia Geltokia Erdigunean plataformak antolatu du, eta Jon Atxutegi bozeramaileak hitza hartu du: “Gure helburua da metro geltokia erdigunean eraikitzea, hirugarren aukera izan daitekeena. Herritarron interesak defendatzen dituen aukerarik onena da”.

“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdegin du Atxutegik.

Usansoloko San Andres eliza bete-beteta egon da asanblada irekian, eta bi erakundeetako ordezkarien berbak hautsak harrotu ditu bertaratu diren herritarren artean.

“Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi du herritar batek.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansoloko EAJk Metro geltokia Emakumeen parkean eraikitzea proposatu du

|

Ibaiondo eta Ander Deuna kaleen arteko elkargunean Metroaren geltokia eraikitzea proposatu du Usansoloko EAJk // Google

Usansoloko Metro geltoki berria herri erdigunearekin lotzeko proposamenek ez dituzte herritarren nahiak asetu. Herritarrek geltokia erdigunean eraiki dezaten nahi dute, baina gaur egun Eusko Jaurlaritza geltokia Ospitaletik gertu eraikitzen ari da, eta hura erdigunearekin lotzeko mahai gainean dituen aukerak bi dira: lanzadera zerbitzua jartzea ala lurazpiko tunel bat eraikitzea.

Usansoloko Udala (UH, EH Bildu eta EAJ) bi aukera horien kontra agertu da. Alde batetik, UHk eta EH Bilduk “irmoki” arbuiatu dute Jaurlaritzak, Aldundiak eta ETSk mahai gainean dituzten bi aukera horiek, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eurek eskatuta, eta, “alternatiben azterketa kontuan hartuta”, “aukerarik onena” udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea dela uste dute: “Aukera hori teknikoki egingarria izateaz gainera, erabiltzaile kopuru handiena jasoko duena da, 3.000 pertsonari baino gehiagori zerbitzua emango baitio, geltokira 10 minutuko eremuan”, diote.

Bestetik, Usansoloko EAJk ere tunelaren zein lanzaderaren proiektua atzera botatzeko eskatu du: “Uztailaren 18an, Usansoloko Udaleko osoko bilkuran onartu ahal izan zen Usansoloko EAJren proposamena, ETSk proposatutako lanzadera zerbitzu berria baimentzeari uko egiteko”, diote.

“Udala bera, EAJk proposatuta, bere eskumenak erabiliz lanzadera zerbitzua galarazten du, eta ondorioz, ETSk proposatutako tunelaren proiektua bideraezina da”, zehaztu dute Usansoloko jeltzaleek.

Ildo horretan, proposamen bat egin du Usansoloko EAJk: “Aukerarik onena Emakumeen parkearen inguruan sarbidea izango duen geltoki bat eraikitzea da, Ibaiondo eta Ander Deuna kaleen arteko elkargunean. Izan ere, irtenbide horrek Usansoloko biztanle gehienei sarbide hurbilena ematen die eta Gorosibai -biztanle gehien dituen gune sakabanatua- ere hartzen du”, diote.

Usansoloko Metro geltokiaren aferaren inguruan, bihar, irailak 18, asanblada irekia deitu dute Usansoloko San Andres elizan. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izango dira, tartean, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendaria.

Osorik irakurri