Sareak

☉ Usansolo

Programa / Artetako jaiak 2024

|

Besteak beste, paella txapelketa antolatu dute Artetako jaietan, uztailaren 13an // Geuria

Uztailaren 13an izango dira Artetako jaiak, Usansolon. Paella txapelketa, Herri Kirolak, umeentzako puzgarriak eta erromeria antolatu dituzte.

Egitaraua / Artetako jaiak 2024

Uztailak 13, larunbata
11:00 Paella txapelketaren hasiera
12:00 Oinarin Dantza Taldearen emanaldia
12:30 Txistorra-jana
13:00 Herri Kirolak
14:30 Paellak aurkeztea eta sari banaketa
16:00 Umeentzako puzgarriak eta jolasak
17:00 Igel-toka txapelketa
17:30 Mus eta briska txapelketa
18:30 Tiragoma txapelketa
19:30 Txapelketen sari banaketa
20:30 Erromeria: Gauargi taldea

☉ Usansolo

Metroko obretako kamioiak geldiarazi dituzte berriro herritarrek gaur ere Usansolon

Metroko obretan “benetako eragina” izateko asmoz, uztailaren 8an, 10ean eta 12an ere errepidea moztuko dute berriro usansolotarrek

|

Gaur ere errepidea moztu dute usansolotarrek Metroko obretako kamioiak geldiarazteko // Geltokia Erdigunean plataforma

Geltokia Erdigunean plataformak mobilizazioekin jarraitzen du, metro geltoki berria Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko.

Uztailaren 1ean obretako kamioiak geldiarazi zituzten goizean (bideoa hemen), eta gaur ere gauza bera egin dute: Meatzeta bidean, kiroldegiaren eta Unkina ikastetxearen ondoan herritarrak batu dira bide erdian eta kamioiak bertatik ez pasatzea lortu dute.

Herritarrak 09:15ean hasi dira bertaratzen eta 13:00etara bitartean izango dira bertan, ordubeteko txandak antolatuta.

“Ertzaintza goizean etorri da eta esan digute enpresa abisatuta dagoela. Guk baimen osoa daukagu hemen egoteko eta ez da zertan pasatu behar inongo kamiorik, enpresa dagoeneko abisatuta dagoelako”, adierazi dio GEURIAri Jon Atxutegi plataformako kideak.

Uztailaren 1ean Metroko obretara zihoan kamioi bat geldiarazi zutenean // Geuria

Metroko obretan “benetako eragina” izateko asmoz, uztailaren 8an, 10ean eta 12an, 09:15etik 13:00etara, errepidea moztuko dute berriro usansolotarrek.

“Ordu asko direnez ordubeteko txandak antolatuko ditugu”, diote plataformatik, eta gaineratu dute: “Lortuko dugu! Ez da kamiorik pasako!”.

Plataformaren proposamena

Gaur egungo proiektuaren arabera, egungo Euskotreneko geltokia kendu egingo dute eta berria eraikiko dute Usansoloko sarreran, ospitalean geldialdi zuzena izango duena. Herritarrak oinez edo zortzi minutuko maiztasuna izango duen lanzadera zerbitzu baten bitartez iritsi ahal izango dira geltokira.

Geltokia Erdigunean plataformak proposatzen du egungo proiektuarekin jarraitu beharrean, Euskotrenen egungo geltokia mantentzea edo geltoki berri bat eraikitzea, “baina Usansoloko erdigunean”.

“Lanzaderaren egungo proiektuak geltokitik 5 minutu baino gutxiagora uzten ditu 832 bizilagun. Plataformak proposatzen duen irtenbideak 1.754 herritarri egingo lioke mesede”, zehaztu zuten plataformatik.

Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egin zuen Geltokia Erdigunean plataformak ekainaren 21ean alderdi politiko guztien aurrean. Bertan, L5 linearen eraikuntza-proiektua idazteko zerbitzuaren kontratuaren exekuzioan Eusko Jaurlaritzak luzamendu bat aplikatzea eskatu zioten Bizkaiko Foru Aldundiari Jon Atxutegi eta Josu Grandibal plataformako kideek, “Usansoloko erdigunean metro-geltoki bat zehaztu eta ezarri arte”.

Ildo horretan, ekainaren 27an Bizkaiko Batzar Nagusietan arauz besteko proposamena erregistratu zuen plataformak Usansolo erdigunean geltokia eskatuz. “EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek sartu dute plataformak eskatutako proposamena, gure eskaerarekin bat egiten baitute. PPk ez du dokumentua sinatu (ideologikoki ez baitu nahi EH Bildurekin batera agertu nahi), baina bozka egunean gure alde egingo dutela hitz eman dute. EAJk ez du gure proposamena baliozkotzat hartzen, soilik geltokia eskatzeak aukerak mugatzen dituela argudiatzen du, eta beraz negoziatzen jarraituko badu ere ez du proposamena aurkeztu nahi izan. PSEk ez du erantzunik ematen: bileran alde zeudela esan arren, geroztik posizioa erabat aldatu dute”, diote plataformatik.

Ospitalea-Bedia tartea

Euskal Trenbide Sareak (ETS) esleitu du Usansoloko ospitalea-Bedia tarteko obren diseinua. “Usansoloko herritarrek manifestazioak eta eragile politikoekin bilerak izan bitartean, jokaldi ez oso garbi eta ilun batean, ETSk Ospitale-Bedia tarteko obren diseinua esleitu du. Horretarako enpresari 12 hilabete eman zaizkio guztira, baina proiektuaren diseinua onartutako planteamenduaren arabera egingo da, hau da, geltokia ibaiaren beste aldean eta lanzadera zerbitzu batekin”, salatu zuten plataformatik ekaina hasieran.

“Plataformatik argi daukagu inoiz baino gehiago borrokatu behar dugula. Ez da erraza izango, baina oso argi utzi behar zaie gobernatzen gaituzten alderdi politikoei proiektu hori gelditu eta aldatu egin behar dela. Badakigu posible dela, borondate politikoa baino ez da behar”, diote.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansoloko Unkina ikastetxeko sutea alarma faltsua izan da

|

Bizkaiko Suhiltzaileen kamioi bat // Geuria

Bizkaiko suhiltzaileek sare sozialetan publikatu dute 13:30ak aldera sutea piztu dela Usansoloko Unkina ikastetxean. Suhiltzaileen komunikazio arduradunak GEURIAri adierazi dionez, alarma faltsua izan da eta ez da suterik egon.

“Norbaitek kea ikusi du inguruko zelai batean egindako erreketa kontrolatu batetik, eta eskolatik zetorrela pentsatu du”, adierazi dio GEURIAri.

Bizkaiko suhiltzaileen X kontuan oraindik sutearen txioa ikusgai dago, baina alarma faltsua izan da: ez da suterik egon.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Bideoa / Metroko obretako kamioiak geldiarazi dituzte gaur goizean Usansolon

|

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko mobilizazioek aurrera jarraitzen dute. Gaur, uztailak 1, Metroko obren sarreran, Meatzetan, elkarretaratzea egin dute ehun bat usansolotarrek.

‘Ez dira pasako’ lemapean, obretako kamioiak geldiarazi dituzte herritarrek: 09:20ak aldera etorri da kamioi bat eta bidetik pasatzen utzi ez diotenez, buelta eman behar izan du. GEURIA bertan egon da 10:00ak arte eta tarte horretan ez da kamioi gehiagorik etorri. Herritarrek elkarretaratzea egin dute 11:00ak arte, eta hortaz, kamioientzako bidea moztuta egon da ordu horretara arte.

 

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean agerraldia egingo du Usansoloko ‘Geltokia erdigunean’ plataformak

|

Maiatzean manifestazioak egin zituen 'Geltokia erdigunean' plataformak Usansolon // Geuria

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko aldarrikapenak ez du etenik ‘Geltokia erdigunean’ plataformako kideentzat.

Zenbait manifestazio egiteaz gain, eta Bizkaiko alderdi politikoekin batzeaz gain, ekainaren 21ean, ostiralez, Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordean agerraldia egingo dute.

Metroaren 5. Lineako gaur egungo proiektuak Usansolo udalerriari sortzen dizkion arazoak eta alternatiba posibleak baloratzea eskatuko dute plataformako kideek.

Batzordea ekainaren 21ean 09:30ean izango da Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kaleko 6. zenbakia).

Plataformatik 09:00etan usansolotarrak gerturatzeko deia egin dute: “Gure kideei elkartasuna adierazteko eta behar bezala ikus gaitzaten, etorri gurekin Bilbora!”, diote. Usansolon trena hartuko dute 08:30ean.

Gernikara, Lehendakariaren inbestidurara

Beste alde batetik, ekainaren 22an lehendakari kargua hartuko du Imanol Pradales jeltzaleak Gernikako Batzar Etxean, eta ondoren jakinaraziko du Eusko Jaurlaritza berriaren osaera.

Hitzordu hori baliatuta, ‘Geltokia erdigunean’ plataformak irteera antolatu du Gernikara: “Aukera hori ere paregabea da Eusko Jaurlaritza berriak ikusi eta entzun gaitzan. Haiena da metroko obren eskuduntza, beraz derrigor bertaratu behar gara!”, diote.

“Ekainaren 22an, 09:30ean Gernikako Batzar Nagusietan espero zaitugu”, diote. Usansolon trena hartuko dute herritarrek 08:45ean.

“Gainera, goiza behar bezala bukatzeko, Usansolora bueltatzen garenean paella solidarioa egongo da gure zain! Razio bakoitza 4 eurotan jarriko dugu salgai. Aterako den etekin txikia plataformako gastuei aurre egiteko erabiliko da”, diote.

‘Geltokia erdigunean’ plataformatik herritar guztiek parte hartzeko deia egin dute, “bereziki Usansoloko gazteak faltan botatzen ditugu gure mobilizazioetan”. “Borroka honen oso parte garrantzitsua zarete eta zuen laguntza behar dugu guztiona den helburua lortzeko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Antton Irusta Zamalloa: «Ipuinak balio etikoak lantzeko tresna dira eta balioen transmisioen eragile»

“Ipuin antzeko alegia baliosak” ipuin-sorta argitaratu du Antton Irusta Zamalloa usansolotarrak. Gizartean balio etikoen gabezia dagoela dio, eta ipuinak horiek lantzeko tresna baliotsua direla aldarrikatu du.

|

Mikel Zarateren ‘Ipuin antzeko alegi mingotsak’ (1975) liburua izan du abiapuntutzat Irustak // Geuria

Liburuak balioen transmisio-eragile funtsezkoak direla dio Antton Irusta usansolotarrak (Usansolo, 1963). Irakaslea, idazlea eta ipuin kontalaria, ‘Ipuin antzeko alegi baliosak’ ipuin-sorta kaleratu du aurten, lehen aldiz autoeditatuta, Enrique Morente ilustratzaile galdakoztarrarekin batera.

Bizikidetzan, balio etikoetan eta errespetuan gabeziak ikusten ditu Irustak, eta hutsune horiek betetzeko ipuinak baliagarriak izan daitezkeela uste du. Anttonekin batu gara bere Usansolo maitean eta solasaldi interesgarria izan dugu.

‘Ipuin antzeko alegi baliosak’ ipuin-sorta kaleratu duzu aurten, Antton.
Bai. Hirurogei urte dituzunean gauzak ikusten dituzu seigarren solairutik, eta hainbat liburu idatzi ondoren, banuen asmoa liburu bat nik neronek autoeditatzeko. Idatzi nahi nuen gaur egun gizartean dauden gabezia askoren inguruan. Irakaslea naizen aldetik, konturatu naiz gaur egun, batez ere DBHn eta Batxilergoan, gabezia handia dagoela balio etikoei erreparatuz. Nik nahi nuen balio etikoak erdigunera ekarri.

Zeintzuk dira gizartean dauden gabezia edo hutsune horiek?
Euskaraz esaten dugu: “Umeen zentzuna, etxean entzuna” edo “Umearen ikasia, etxean ikusia”. Gabezia handiak ikusten ditut batez ere bizikidetzan, balio etikoetan, errespetuan, ikasleen artean dagoen agresibitatean edota hizkuntza sexistan. Orduan, konturatu nintzen ipuinak baliagarriak izan daitezkeela hutsune horiek betetzeko. Eta hortik dator ‘Ipuin antzeko alegi baliosak’. Ipuin laburrez osatutako bilduma da.

Mikel Zarateren ‘Ipuin antzeko alegi mingotsak’ (1975) liburua izan duzu abiapuntu zurea idazteko.
Txikia nintzenean irakurri nuen ‘Ipuin antzeko alegi mingotsak’ eta zur eta lur geratu nintzen, maitemindu nintzen. Euskaraz irakurri nuen lehen liburua izan zen, eta barruan zerbait piztu zidan. Euskarak badauka bere mundua, bere mundu magikoa eta niretzat oso baliotsua da.

Nagusitan Mikelek idatzitako horrelako zerbait idatziko ote nuen galdetzen nion nire buruari. Eta hara! Badira dagoeneko dozenaka liburu publikatu ditudanak!

Ipuin antzekoak dira, laburtxoak eta alegia horietan balioak lantzeko materiala agertzen da.
Mikel Zarateren anaia eta iloba ezagutzen ditut eta esan nien nire asmoa zela Mikelen omenez liburua ateratzea. Mikel beti izan da nire bizitza literarioan zutabe bat. Idazle oso aberatsa, naturarekin harreman estua zuena, ahozkotasunaren mundutik zetorrena…

Liburuaren hitzaurrean agertzen da aholkuak ematen dituzula liburuan.
Hitzaurrean aldarrikatzen dut ipuinak balio etikoak lantzeko tresna direla. Ipuinak balioen transmisioen eragile funtsezkoak dira. Aukeratu ditudan ipuinak oso laburrak dira eta bakoitzak balio etiko bat aldarrikatzen du.

Esate baterako, ‘Arrakastarako bidea da akatsa’ Thomas Edisonen liburuan esaten du derrigorrezkoa dela bizitzan aurrera egiteko akatsak egitea. Gaur egun, mundu teknologiko honetan, dena berehala nahi dugu, ezin dugu akatsik egin, berehalakoa da guztia, ez dago denborarik pentsatzeko… Horrexegatik aukeratu ditut ipuin batzuk pentsarazteko, bai gurasoei bai gazteei.

“Gazteek ez dakite balio kritikorik egiten: eta horregatik ere atera dut liburua, hausnarketa egin dezaten

Zein aholku nabarmenduko zenuke, adibidez?
Ipuin bakoitzean badago halako mezu sakon bat. Adibidez, lehenengo ipuinean, ‘Munduko zazpi mirariak’ izenekoan, behin ikasleei galdetu nien: “Aizue, zer uste duzue mirariei buruz?” eta Erromako Colisseoa edo Txinako Harresia zirela uste zuten.

Eta nik ipuin honetan adierazten dut zeintzuk diren benetako munduko zazpi mirariak: 1-Pentsatu ahal izatea 2-Hitz egin ahal izatea 3-Sentitu ahal izatea 4-Erantzun ahal izatea 5- Irribarre egin ahal izatea 6-Ukitu ahal izatea 7-Eta garrantzitsuena… maitatu ahal izatea. Badira kanpoan mirariak, baina gure barnera begiratu behar dugu benetako mirariak zeintzuk diren jakiteko.

Liburuak aukera ematen du egunean 5-10 minutuan ipuin bat irakurtzeko eta pentsatzeko eta esateko: gauzak denborarekin egin ditzagun, patxadaz, norberak bere aisialdiari balioa emanez eta zentratuta geure buruarekin.

Hitzaurrean honakoa ere badiozu: “Ziurrenik etxeko eta eskolako hezibideak ez du zuzenean lagunduko gure mundua aldatzen, baina bai mundu hori noizbait aldatu ahal izango duten pertsonak aldatzen”.
Guraso askok pentsatzen dute balio etikoen aldarrikapena eskolari dagokiola, eta hori etxean irakatsi beharrekoa da, zalantzarik gabe. Guk ikastetxeetan balio batzuk sendotu ditzakegu, baina balio etikorik gabeko ikaslea, eskolara datorrena, ezezko borobila inoiz jaso ez duena, gauzak berehala egin nahi dituena, ez dakiena frustraziorako tolerantzia izaten…hori arazoa da gizartean, etxeko zentzu hori ez dagoelako landuta.

Gu, gurasook, hezteko gaude eta gero seme-alabek euren bidea egin behar dute jaso dituzten balio etikoetan oinarrituta. Bidea egitea eurei dagokie, eta bide horretan, besteak beste, frustrazioa zer den ikasi behar dute.

Ikasleen artean gero eta jazarpen handiagoa dago, eta adinez arinago hasten dira. Lehen 14 urterekin izaten zen; orain 8-10 urterekin. Arazo handiak daude, eta pentsatzen dut lehentasuna dela etxean lantzea errespetua, barkamena edota frustrazioa. Horregatik liburua gurasoei zuzenduta ere badago, eta eskolan zubi-lana baino ez genuke egin behar.

Liburua ez da, hortaz, bakarrik gazteei zuzendutakoa. Ez da bakarrik haurrentzako literatura. Gurasoei zuzendutako liburua ere bada. Gaur egun ez dago frustrazioarekiko tolerantziarik. Etxean balioak ez badira lantzen, eskoletan ezinezkoa da. Orduan, horren aldeko aldarrikapena ere bada liburua: gurasoek ere aukera izan dezaten oso abandonatuta dagoen mundu hau berreraikitzeko eta birbideratzeko.

Hezibidean liburuak tresna direla diozu. Zein paper jokatzen dute liburuek gugan?
Gero eta gutxiago irakurtzen da. Irakurtzearen plazera ez da etxean lantzen. Gaur egun ikaslea zentratuta dago gailu teknologikoetan eta irakurtzen duen informazioa ez da batere kritikoa. Gazteek ez dakite balio kritikorik egiten. Eta horregatik ere atera dut liburua, gazteek hausnarketa egin dezaten. Irakurzaletasuna guztiz abandonatuta dago eta aldarrikatzen dut hutsune horren baitan leku bat egin behar zaiola irakurketari, ipuinari, komunikazioari eta ahozko adierazpenari, eta horiek guztiak gaur egungo teknologiarekin txertatuta egon behar dira.

Liburu honetan bidelagun izan duzu beste behin Enrique Morente ilustratzaile galdakoztarra. Nolakoa da berarekin lan egitea?
Enrique eta biok bikote ofiziala gara bide honetan! 1996an ezagutu nuen Enrique, urteak dira! ‘Katxin’ lehen liburua berarekin argitaratu nuen, eta esan behar dut ideia bat edo istorio bat daukadanean buruan, Enrique beti prest dagoela nire ipuinei bere ukitu pertsonala emateko. Eta horregatik eskerrak ematen dizkiot azken liburuan: “Enrique Morenteri, nire ipuin liburu guztien marrazkilari apartari, apala bezain jantzia, handia bezain jatorra. Harro nago nire ipuina zurekin partekatzeaz”.

Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta ondo konpontzen gara. Ni ez naiz marrazki munduan oso aditua, baina berehala ikusten ditut haren irudiak eta badaukate gatza eta piperra, badute zerbait diferentea beste marrazkilariekin konparatuz. Seguru asko estilo kontuak dira, baina niretzat plazera da berarekin lan egitea.

Irakurzaletasuna guztiz abandonatuta dago eta aldarrikatzen dut hutsune horren baitan leku bat egin behar zaiola irakurketari

Hasieran aipatu duzu ‘Ipuin antzeko alegi baliosak’ autoeditatutakoa izan dela. Azalduko diguzu zein den liburu bat autoeditatzeko prozesua?
Pamiela argitaletxeko maketazioan aditua den Esteban Montorio ezagutzen dut, eta gertutik ikusi dut maketazio prozesua. Letra mota, portada, hitzaurrea, ipuinaren egitura eta diseinua aukeratu behar izan ditut. Hainbat proba egin behar izan genituen, eta emaitzarekin oso pozik nago. Estebanek lan oso handia, polita eta berezia egin du.

Nola definituko zenuke autoeditatzearen esperientzia?
Prozesua gertu-gertutik jarraitu dut, inprentaren munduan barneratu naiz eta ikusi dut zelako konexio zuzena izan duen Enriquek liburuarekin. Beste batzuetan argitaletxeak berak egiten du hori guztia.

Besteak beste, Usansolo herriari ere eskaini diozu zure azken liburua.
Bai, esker onak eta eskaintzak egin ditut liburuan. Aukera ona zen nire bizitzan eragina izan duten lagun hurkoei halako eskaintza bat egiteko. Adibidez, Usansolo herriari eskaintzen diot liburua. Berton jaio nintzen, berton ezkondu nintzen, berton jaio ziren gure bi semeak. “Agur bero bat Bizkaiko 113. herrian bizitzeko harrotasuna eta poza sentitzen dituzuen usansolotar guzti-guztiei”, diot.

Izaskun Rekalderi ere eskaini diozu liburua.
Bai. Duela urtebete hil zen eta hil aurretik topo egin genuen hitzaldi batean. Balio oso handiak zituen Izaskunek, oso emakume arduratsua zen, euskara lau haizeetara aldarrikatzen zuen. “Euskaltzale, borrokalari eta gure lemazain erraldoiari. Bizirik zaude bizipoza eragiten gugan. Zure adoreak gure begietan txertaturik geratu dira betiko”. Usansolotarrak izanik, Usansoloren izena hara eta hona ere eraman zuen, eta euskara geldirik egon baino, nahi zuen zabaltzea. Lan ikaragarria egin zuen euskararen alde.

Liburu gehiago idazteko asmoa duzu?
Bai, zergatik ez! Etxe ondoan lonja bat erosi berri dut. Leku bat lasai egoteko, idazteko, nire burua zentratzeko, niretzat propio. Seguru asko, irakaskuntzatik jubilatu orduko jarraituko dut idazten. Usansoloko lekuak ipuin baten bidez islatu nahiko nituzke, erreferentzia kulturala ekartzeko Usansolori. Horrelako zerbait egin nahiko nuke. Sinple bezain tinko, ez dugu etsiko!

Osorik irakurri