☉ Usansolo
Usansolok lehen aurrekontua kudeatuko du aurten: 8,9 milioi euro
2025eko aurrekontuaren eztabaida gaur egin dute, otsailak 27, Txapelenan. UHko eta EAJko zinegotziek aldeko botoa eman dute eta EH Bilduko zinegotziak abstentziora jo du

Usansolok bere lehen aurrekontua kudeatuko du aurten. Iaz izan zen lehen aldia aurrekontua izaten, baina ez zuen Udalak bakarrik kudeatu: Aldundiak eta Galdakaoko Udalak kudeatu zuten.
Aurten guztira 8,9 milioi euro kudeatuko ditu Usansoloko Udalak. Udalkutxatik ia 4 milioi euro jasoko ditu Udalak: “Udalkutxatik jasotzen dugun zenbatekoa oso garrantzitsua da”, dio Agustin Aizpuru alkateak.
Zergengatik eta tasengatik ere diru-kopuru handia jasoko du Usansoloko Udalak: ia 2 milioi euro. “Zergak eta tasak Usansoloko Udalak berak kobratzen ditu jada”, dio Aizpuruk.
Bestetik, Galdakaoko gerakinetik 3 milioi euro jasoko ditu Usansoloko Udalak. “Pixkanaka-pixkanaka Galdakaorekiko dugun menpekotasuna murrizten ari gara”, adierazi du Enrique Barrenetxea UHko zinegotziak.
“Pasa den urtekoa baino errealagoa da aurrekontu hau, baina oraindik ez daukagu historikorik: ez dakigu Usansolok ze gastu duen bene-benetan. Orduan, hurrengo urteko aurrekontua izango da beste itxura batekoa, landuagoa, datu errealagoekin”, dio Aizpuruk.
Eztabaida osoko bilkuran
2025eko aurrekontuaren eztabaida gaur egin dute, otsailak 27, Txapelenan. UHko eta EAJko zinegotziek aldeko botoa eman dute eta EH Bilduko zinegotziak abstentziora jo du.
EAJk zazpi proposamen egin zituen aurrekontuari, eta Gorka Arana jeltzaleak “gehienak ontzat” eman direla adierazi du osoko bilkuran. Besteak beste, Usansoloko geltokiaren inguruko txosten sozial, ekonomikoa eta teknikoa egitea (25.000 euro), adinekoentzat eguneko zentroa egokitzeko azterketa egitea (10.000 euro) eta Gorosibairako igogailuaren txostena egitea (6.000 euro). Gainera, etxebizitza beharren inguruko txostena egitea, ludotekaren ordutegia hobetzea, Gorosibai eta ospitalearen arteko bidegorri baten bideragarritasunaren analisia egitea proposatu dituzte.
EH Bilduk abstentziora jo du: “Guretzat ezinbestekoa da prozesu honetan herriaren parte hartze aktiboa bilatzea, eta ez da horrelakorik gertatu”, adierazi du Ariane Elejabarrieta bozeramaileak.
Agustin Aizpuru alkateak koalio ezkertiarreko ordezkariari erantzun dio: “Ez dago muskulurik gauza guztietara iristeko. Lan indartsua egin dugu kirol eta gizarte talde guztiekin. Hala ere, badakigu hobetu egin behar dugula. Aurrekontu parte-hartzaileek markatzen dute nahi dugunaren termometroa, baina aurten ezin izan dugu nahi bezala egin. Datorren urtean beste egoera batean egongo gara”.
Udaletxe-eraikina eratzea
Inbertsioetarako gordetako partida nagusia 800.000 eurokoa da, eta Udala eta udal zerbitzuak kokatzeko erosi duten 700 metro kuadroko lokala egokitzeko erabiliko dute.
Bestetik, udal brigadako materiala eta tresneria gordetzeko eraikin bat egokitzeko 400.000 euro bideratuko dituzte.
KZgunea guztiz berritzeko 100.000 euro erabiliko dituzte, argiteria publikoa LED sistemara aldatzeko 80.000 euro, kaleak urbanizatzeko eta asfaltatzeko 62.000 euro, Txapelenako estalkia konpontzeko 68.000 euro eta kiroldegian zenbait obrak egiteko 51.500 euro.
Kontratazioek aurrekontuaren zati handi bat ere hartuko dute. Lanaldi osoko idazkari eta kontu-hartzaile bat, hiru udaltzain, obretako brigadarako hiru pertsona, aparejadore bat, gizarte-langile bat eta administrari bat enplegatuko dituzte.
Aurtengo aurrekontuaren zati bat Galdakaorekin partekatuko du Usansolok. Zehazki, 4 milioi euro. “Kale-garbiketa, kiroldegiaren kudeaketa, lan teknikoak edota lan administratiboak sartzen dira zenbateko horren barruan”, zehaztu zuen iazko abenduan Iñaki Urgoiti UHko zinegotziak, Galdakaoko aurrekontuaren aurkezpenean.
☉ Usansolo
Usansoloko EAJk etxebizitza eskuratzeko “plan integral bat” egitea proposatuko du osoko bilkuran
HAPOa eguneratzea, gazteentzako Etxebizitza Plana bultzatzea eta “legez kanpoko okupazioaren aurrean jardutea” eskatzeko mozioa aurkeztuko du EAJk osoko bilkuran

Usansoloko EAJk mozio bat aurkeztu du martxoko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Eta proposamena honakoa: etxebizitza eskuratzeko “plan integrala” egitea, “alokairua eskuragarria izateko eta udalerrian legez kanpoko okupazioaren aurrean segurtasun juridikoa indartzeko”.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eguneratzea eskatuko diote jeltzaleek Usansolo Herriako (UH) gobernu taldeari, “lurzorua libre uzteko bizitegi-sustapen berrietarako, babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak lehenetsiz”, diote.
Ildo horretan, Gazteentzako Etxebizitza Plana sortzea ere jasotzen du mozioak, “lankidetza publiko-pribatuko formulak sustatzeko, alokairu eskuragarria bultzatzeko eta emantzipazioa errazteko”, diote.
“Etxebizitza eskaintza zabaltzea beharrezko neurria da gazteentzat eta familientzat benetako aukerak sortzeko”, esan dute jeltzaleek.
“Legez kanpoko okupazioaren” protokoloa
Beste alde batetik, “legez kanpoko okupazioaren aurrean” jarduteko udal protokolo bat egitea proposatuko du EAJk: “Protokolo horrek barne hartuko lituzke kaltetutako jabeentzako aholkularitza juridikoa, Ertzaintzarekin eta udal zerbitzuekin koordinazioa, eta okupazio-arriskuan dauden etxebizitzen zaintza”.
“Etxebizitza eskuratzea, legea errespetatzearekin bat etorri behar da, eskutik doaz. Alokairu merkatuak ondo funtzionatu dezan, ezinbestekoa da etxebizitza alokairuan jartzen dutenek bermeak eta segurtasuna izatea”, azpimarratu dute.
Era berean, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurriak planteatuko dituzte: “Hala nola, zerga-neurriak eta birgaitzeko laguntzak aztertzea”.
Agustin Aizpuru Usansoloko alkatearekin (UH) berba egin dugu GEURIAn: “EAJren dokumentua eta proposamena aztertuko ditugu eta osoko bilkura baino lehen bilera egin nahiko genuke bai eurekin bai EH Bildurekin”, esan du.
☉ Usansolo
Unkina kiroldegiko estalkia konpontzeko 13.000 euroko dirulaguntza jaso du Usansoloko Udalak
Obrak “laster” hasiko dituztela esan dute Usansoloko udal ordezkariek

Unkina kiroldegiko estalkia konponduko du Usansoloko Udalak. Horretarako, 13.000 euroko dirulaguntza jaso dute.
Obrak “laster” hasiko dituztela adierazi dute udal ordezkariek.
☉ Usansolo
Xabier Capetillo usansolotarra bosgarren izan da Espainiako Pista Estaliko Txapelketan
Espainiako Pista Estaliko Txapelketako finalerdietan 200 metroko lasterketan bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; aurrekoa 21,53 zen

Xabier Capetillo Landajo usansolotarrak Espainiako Pista Estaliko Txapelketa jokatu du asteburuan Valentzian, Galdakao Atletismo Taldearekin.
Otsailaren 27an, ostiralez, 200 metroko lasterketan finalerdietarako txartela lortu zuen Capetillok. Gainera, bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; bere aurreko marka 21,53 zen.
Larunbatean hirugarren sailkatu zen bere finalerdian, eta zuzenean lortu zuen finalerako txartela.
Eta, igandeko finalean, bosgarren postuan bukatu zuen Capetillok.

☉ Usansolo
Zaborra eta hondakinak biltzeko zerbitzua 8 urterako esleituko du Usansoloko Udalak 2,6 milioi euroan
Urtean 325.000 euro bideratuko ditu Usansoloko Udalak hondakinak biltzeko zerbitzura. Enpresa interesdunek lehiaketara aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 9ra arte

Zaborra, hondakinak, papera eta landare-olioa biltzeko eta zakarrak garraiatzeko zerbitzua esleitzeko prozesua hasi du Usansoloko Udalak.
Urtarrileko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak etxeko hondakinak biltzeko eta horiek tratamendu-instalaziora garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea.
Guztira, 2,6 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak. Kontratua 8 urterako izango da, eta hortaz, urtean, 325.000 euro bideratuko dituzte.
Enpresa interesdunek eskabideak aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 9ra arte.
☉ Usansolo
ELA izango da Usansoloko Udaleko langileen ordezkari sindikala
Usansoloko Udaleko lehen hauteskunde sindikalak egin dira eta ELA izan da prozesuan parte hartu duen bakarra

Usansoloko Udaleko lehen hauteskunde sindikalak egin zituzten atzo, eta ELA izan da prozesuan parte hartu duen bakarra. Horrela, ELA izango da Usansoloko Udaleko langileen ordezkari sindikala.
Besteak beste, plantilla indartzeko lan egingo duela adierazi dute ELAko ordezkariek, eta eskerrak eman dizkiete udaletxeko langileei “sindikatuarengan jarritako konfiantzagatik”.
“Era berean, Udalhitz akordioa hobetzeko dinamikan eta martxoaren 17ko greban parte hartzera animatzen ditu langileak, guztien artean, hemen, Euskal Herrian, langile publikoen lan-baldintzak erabaki ahal izateko”, diote.
ELAk bigarren ahaleginean lortu du ordezkaritza sindikala Usansoloko Udalean. Izan ere, lehen hauteskundeak egin ziren, baina errepikatu egin behar izan dituzte: “Aurreneko hauteskunde horietan ere ELA bakarrik aurkeztu zen, baina ordezkaritza lortu zuenak postua lortu zuen beste udalerri batean eta horregatik errepikatu behar izan dira hauteskunde sindikalak Usansolon”, azaldu diote ELAko ordezkariek GEURIAri.









