☉ Usansolo
Usansoloko hainbat negozioren jabe den gizon bat atxilotu dute droga-trafikoaren kontrako operazio batean
Ergu izeneko operazioan atxilotu dute, eta guztira 600 kilo kokaina antzeman dituzte autokarabana batean Roblizo de Rojos herrian

Joan den abenduaren 20an hiru euskal herritar atxilotu zituzten Salamancako Robliza de Cojos herrian. Polizia Iturrien arabera, gidatzen zuten autokarabanaren baitan 600 kilo droga ezkutatzen ziren. Atxilotuen artean Usansoloko hainbat taberna eta negozioren jabe den gizon bat dago.
Ergu izena eman diote operazio honi, eta bertan droga Latinoamerikatik sartu eta Europako hainbat herrialdetan banatzen zuen egitura kriminal hori identifikatzea ahalbidetu du. Ertzaintzak eta Guardia Zibilak batera egindako ikerketaren arabera egitura kriminal horrek tresna logistiko bat zuen martxan, droga hainbat garraiobidetan mugiarazteko.
Operazi honen baitan poliziek hiru miaketa egin zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokitan, eta gama altuko hainbat ibilgailu atzeman zituzten, milioi erdi eurotik gorako balorazioarekin.
☉ Usansolo
Usansoloko ikasleek Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzua “laster” izango dutela dio Jaurlaritzak
Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu ziren ikasturte hasieran, toki faltagatik

Usansoloko ikasle talde batek salatu duenez, Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzurik gabe daude ikasturte hasieratik, GEURIAn aurreratu bezala.
Zehazki, zortzi dira autobus-zerbitzurik gabe geratu diren ikasleak, euren bizilekuaren eta ikastetxearen artean lau kilometro baino gutxiago daudelako, eta autobusean lekurik ez dagoelako.
Irizpide hori Eusko Jaurlaritzak jarri du, eta horregatik irailetik oinez egin behar dute ibilbidea. Ikasleek salatu dutenez, bidea ez da segurua eta autobusa aldarrikatu dute.
Jaurlaritzatik adierazi dutenez, Usansoloko ikasle horiek eskola-garraioa izango dute “laster, egun gutxiren buruan”.
☉ Usansolo
Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute
Institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi diren Usansoloko zortzi ikasle geratu dira autobus zerbitzurik gabe. Irizpide hori Eusko Jaurlaritzarena da

Elexaldeko DBHko 4. mailako zortzi ikasle, Usansolokoak, institutura joateko autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute.
“Ez dagoenez eserleku nahikoa denontzat autobusean, institututik 4 kilometro baino gutxiagora bizi garen Usansoloko zortzi ikasle garraio zerbitzurik gabe geratu gara”, adierazi dute sare sozialetan.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, ikastetxea bizilekutik lau kilometrora edo gehiagora duten ikasleek erabil dezakete autobus zerbitzua.
Oinez joateko erabili behar duten biderik zuzenena segurua ez dela esan dute: “Gorosibaikoentzat errepide bazterra da biderik zuzenena institutura joateko, baina ez da segurua ez dagoelako espaloirik eta ibilgailu, kamioi eta autobus asko igariotzen direlako. Orduan, Bekeatik joan behar dugu”, diote. Eta ibilbide hori lau kilometro baino gehiagokoa dela adierazi dute.
Ver esta publicación en Instagram
Usansoloko ikasleekiko elkartasuna adierazteko, ikasle talde batek oinez egin du bidea Elexaldeko Instituturaino: 08:10ean atera dira oinez tren geltokiaren ondotik eta 09:10ean heldu dira.
☉ Usansolo
Bideoa I 200 pertsona batu dira Usansolon Palestinari elkartasuna adierazteko
Elkarretaratzea jendetsua egin dute herriko plazan, 19:30ean

Palestinaren aldeko greba eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herrian. Lanuzteak deitu dituzte lantoki eta ikastetxetxeetan, eta manifestazioa jendetsua egin da eguerdian Bilboko kaleetan zehar.
Arratsalderako, ostera, kontzentrazioak egin dira herri gehienetan, baita Hego Uriben ere. Usansoloren kasuan, “Genozidioari Stop, Palestinarekin konpromisoa” lelopean batu dira herritarrak.
“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik.
“Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.
☉ Usansolo
Usansolo erdigunerako geltoki propioa aldarrikatu dute galdeketan parte hartu duten herritarren % 94,7ak
“Demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena da instituzioek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea”, esan dio Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak GEURIAri

Herri galdeketa egin zuten atzo Usansolon, herrirako zein tren-konexio nahi duten adierazteko. Eta emaitza, argia: herri erdigunean geltokia nahi dute herritarrek.
Datuak datu, 1.741 lagunek eman zuten atzo bozka, eta horietatik 1.648k geltokia erdigunean aldarrikatu zuten, hau da, bozken % 94,7a.
Tunel ibiltariaren alde 43 herritarrek bozkatu zuten (% 2,5) eta autobus-lanzaderaren alde 33k (% 1,9). Bozka baliogabeak 17 izan ziren (% 0,9).
Galdeketa ez da loteslea, baina Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak atzo eguerdian GEURIAri adierazi zionez, herritarren borondatea errespetatuko dute: “Guk plataforma bezala geltokia erdigunearen aldeko aldarrikapen horri eutsiko diogu eta ahotsa eramango dugu beste behin Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta egokitzen den leku guztietara”.
“Ulertzen dugu herri batek bozkatzen duenean eta erabakitzen duenean, demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena dela instituzio horiek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea martxan dagoen proiektuan”, esan zuen Atxutegik.
☉ Usansolo
Argazkiak | Galdeketa Usansolon: zein tren-konexio nahi duten bozkatzen ari dira herritarrak

Usansolotarrak kalera irten dira gaur adierazteko zer nahi duten herriko tren-konexioari dagokionez. Galdeketa antolatu du Geltokia Erdigunean plataformak, Usansoloko Udalaren babesarekin, eta eguerdian Unkina plazara bertaratu gara [ikusi bideoa hemen].



































