Sareak

☉ Usansolo

Usansoloko ikasleek Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzua “laster” izango dutela dio Jaurlaritzak

Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu ziren ikasturte hasieran, toki faltagatik

|

Usansoloko ikasleek N-634 errepidea zeharkatu behar dute oinez Elexalde Instituturaino // Buzkentza

Usansoloko ikasle talde batek salatu duenez, Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzurik gabe daude ikasturte hasieratik, GEURIAn aurreratu bezala.

Zehazki, zortzi dira autobus-zerbitzurik gabe geratu diren ikasleak, euren bizilekuaren eta ikastetxearen artean lau kilometro baino gutxiago daudelako, eta autobusean lekurik ez dagoelako.

Irizpide hori Eusko Jaurlaritzak jarri du, eta horregatik irailetik oinez egin behar dute ibilbidea. Ikasleek salatu dutenez, bidea ez da segurua eta autobusa aldarrikatu dute.

Jaurlaritzatik adierazi dutenez, Usansoloko ikasle horiek eskola-garraioa izango dute “laster, egun gutxiren buruan”.

☉ Usansolo

Unkina kiroldegiko estalkia konpontzeko 13.000 euroko dirulaguntza jaso du Usansoloko Udalak

Obrak “laster” hasiko dituztela esan dute Usansoloko udal ordezkariek

|

Unkina kiroldegia eta ikastetxea, airetik // Google

Unkina kiroldegiko estalkia konponduko du Usansoloko Udalak. Horretarako, 13.000 euroko dirulaguntza jaso dute.

Obrak “laster” hasiko dituztela adierazi dute udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Xabier Capetillo usansolotarra bosgarren izan da Espainiako Pista Estaliko Txapelketan

Espainiako Pista Estaliko Txapelketako finalerdietan 200 metroko lasterketan bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; aurrekoa 21,53 zen

|

Bere marka pertsonala hobetu du Capetillok 200 metroko lasterketan // Argazkia: Sergio Mateo Maria (RFEA)

Xabier Capetillo Landajo usansolotarrak Espainiako Pista Estaliko Txapelketa jokatu du asteburuan Valentzian, Galdakao Atletismo Taldearekin.

Otsailaren 27an, ostiralez, 200 metroko lasterketan finalerdietarako txartela lortu zuen Capetillok. Gainera, bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; bere aurreko marka 21,53 zen.

Larunbatean hirugarren sailkatu zen bere finalerdian, eta zuzenean lortu zuen finalerako txartela.

Eta, igandeko finalean, bosgarren postuan bukatu zuen Capetillok.

Xabier Capetillo, Usansolon, lagunekin, Valentziatik bueltan // Utzitakoa
Osorik irakurri

☉ Usansolo

Zaborra eta hondakinak biltzeko zerbitzua 8 urterako esleituko du Usansoloko Udalak 2,6 milioi euroan

Urtean 325.000 euro bideratuko ditu Usansoloko Udalak hondakinak biltzeko zerbitzura. Enpresa interesdunek lehiaketara aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 9ra arte

|

Etxeko hondakinak biltzeko eta horiek garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu zuen aho batez udalbatzak urtarrilean // BFA

Zaborra, hondakinak, papera eta landare-olioa biltzeko eta zakarrak garraiatzeko zerbitzua esleitzeko prozesua hasi du Usansoloko Udalak.

Urtarrileko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak etxeko hondakinak biltzeko eta horiek tratamendu-instalaziora garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea.

Guztira, 2,6 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak. Kontratua 8 urterako izango da, eta hortaz, urtean, 325.000 euro bideratuko dituzte.

Enpresa interesdunek eskabideak aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 9ra arte.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

ELA izango da Usansoloko Udaleko langileen ordezkari sindikala

Usansoloko Udaleko lehen hauteskunde sindikalak egin dira eta ELA izan da prozesuan parte hartu duen bakarra

|

Udalerri independiente izan ostean lehen hauteskunde sindikalak egin dituzte Usansoloko Udalean // Geuria, artxiboa

Usansoloko Udaleko lehen hauteskunde sindikalak egin zituzten atzo, eta ELA izan da prozesuan parte hartu duen bakarra. Horrela, ELA izango da Usansoloko Udaleko langileen ordezkari sindikala.

Besteak beste, plantilla indartzeko lan egingo duela adierazi dute ELAko ordezkariek, eta eskerrak eman dizkiete udaletxeko langileei “sindikatuarengan jarritako konfiantzagatik”.

“Era berean, Udalhitz akordioa hobetzeko dinamikan eta martxoaren 17ko greban parte hartzera animatzen ditu langileak, guztien artean, hemen, Euskal Herrian, langile publikoen lan-baldintzak erabaki ahal izateko”, diote.

ELAk bigarren ahaleginean lortu du ordezkaritza sindikala Usansoloko Udalean. Izan ere, lehen hauteskundeak egin ziren, baina errepikatu egin behar izan dituzte: “Aurreneko hauteskunde horietan ere ELA bakarrik aurkeztu zen, baina ordezkaritza lortu zuenak postua lortu zuen beste udalerri batean eta horregatik errepikatu behar izan dira hauteskunde sindikalak Usansolon”, azaldu diote ELAko ordezkariek GEURIAri.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Amets Arzallusekin eta Sustrai Colinarekin Bertso Afaria antolatu dute martxoan Usansolon, Korrika Kulturalaren barruan

Usansoloko Bertso Eskolako ikasleen eta Usgaldu gaiteroen eta buruhandien emanaldia ere izango da martxoaren 6an prestatu duten egitarauan

|

Urtarrilaren 30ean aurkeztu zuten 24. Korrika Usansolon // Argazkia: Hego Uribeko AEK

Gero eta gutxiago falta da 24. Korrika abiarazteko, eta eguna iritsi aurretik (martxoaren 19an hasiko da Atharratzen, Hego Uribe eskualdetik hilaren 27an igaroko da eta hilaren 29an amaituko da Bilbon), hamaika ekintza antolatuko dituzte eskualdean.

Usansolon martxoaren 6an, ostiralez, izango da Korrika Kulturala. Usgaldu gaiteroek eta buruhandiek herritik kalejira egingo dute 19:30ean eta ondoren, 21:30ean Bertso Afaria egongo da Gure Etxean.

Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Usansoloko Bertso Eskolako bertsolariek hartuko dute parte eta Peio Molinuevo arrigorriagarra gai-jartzaile lanetan ariko da.

Bertso Afarirako tiketak salgai daude Gure Etxean 20 euroan. Langabetuek, jubilatuek eta ikasleek 15 euro ordainduko dituzte.

Osorik irakurri