☉ Usansolo
Usansolon jokatuko dira Eskuz Binakako Emakume Master Txapelketako bi partida

Emakume Master Cupeko Eskuz Binakako txapelketari hasiera eman zioten urtarrilaren 21ean Eskoriatzan.
Aurten guztira 72 pilotari arituko dira lehian, lau maila desberdinetan banatuta: pilota mistoarekin gazteak, promesak eta eliteak eta pilota goxoarekin nagusiak.
Lehen partiduak Eskoriatzan jokatu ostean, gainontzeko ligaxkak Larrabetzun (urtarrilak 28), Usansolon (otsailak 4), Murgian (otsailak 11), Idiazabalen (otsailak 18) eta Etxebarrian (otsailak 25) izango dira.
Finalerdiak Elgoibarren izango dira (martxoak 3), hirugarren eta laugarren postuak Laudion jokatuko dira (martxoak 10) eta finala Arrasaten izango da (martxoak 17).
Usansoloko partidak Unkina pilotalekuan jokatuko dira 12:00etan eta zehazki bi partida ikusteko aukera egongo da: Etxegarai-Gaminde eta Garai-Oses, eta Beitia-Mendizabal eta Uriarte Capellan.
☉ Usansolo
Usansoloko gobernu taldeak EAJren etxebizitzaren inguruko proposamena aztertuko du
Era berean, osoko bilkura izan aurretik bilera egin nahi du Usansolo Herriak EAJrekin, baita EH Bildurekin ere

Alokairu eskuragarria izatea, HAPOa eguneratzea eta babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak lehenestea, Gazteentzako Etxebizitza Plana sortzea, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea, eta, “legez kanpoko okupazioaren aurrean jarduteko udal protokoloa” egitea proposatuko dute jeltzaleek.
Agustin Aizpuru Usansoloko alkatearekin (UH) berba egin dugu GEURIAn: “EAJren dokumentua eta proposamena aztertuko ditugu eta osoko bilkura baino lehen bilera egin nahiko genuke bai eurekin bai EH Bildurekin”, esan du.
☉ Usansolo
Usansoloko EAJk etxebizitza eskuratzeko “plan integral bat” egitea proposatuko du osoko bilkuran
HAPOa eguneratzea, gazteentzako Etxebizitza Plana bultzatzea eta “legez kanpoko okupazioaren aurrean jardutea” eskatzeko mozioa aurkeztuko du EAJk osoko bilkuran

Usansoloko EAJk mozio bat aurkeztu du martxoko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Eta proposamena honakoa: etxebizitza eskuratzeko “plan integrala” egitea, “alokairua eskuragarria izateko eta udalerrian legez kanpoko okupazioaren aurrean segurtasun juridikoa indartzeko”.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eguneratzea eskatuko diote jeltzaleek Usansolo Herriako (UH) gobernu taldeari, “lurzorua libre uzteko bizitegi-sustapen berrietarako, babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak lehenetsiz”, diote.
Ildo horretan, Gazteentzako Etxebizitza Plana sortzea ere jasotzen du mozioak, “lankidetza publiko-pribatuko formulak sustatzeko, alokairu eskuragarria bultzatzeko eta emantzipazioa errazteko”, diote.
“Etxebizitza eskaintza zabaltzea beharrezko neurria da gazteentzat eta familientzat benetako aukerak sortzeko”, esan dute jeltzaleek.
“Legez kanpoko okupazioaren” protokoloa
Beste alde batetik, “legez kanpoko okupazioaren aurrean” jarduteko udal protokolo bat egitea proposatuko du EAJk: “Protokolo horrek barne hartuko lituzke kaltetutako jabeentzako aholkularitza juridikoa, Ertzaintzarekin eta udal zerbitzuekin koordinazioa, eta okupazio-arriskuan dauden etxebizitzen zaintza”.
“Etxebizitza eskuratzea, legea errespetatzearekin bat etorri behar da, eskutik doaz. Alokairu merkatuak ondo funtzionatu dezan, ezinbestekoa da etxebizitza alokairuan jartzen dutenek bermeak eta segurtasuna izatea”, azpimarratu dute.
Era berean, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurriak planteatuko dituzte: “Hala nola, zerga-neurriak eta birgaitzeko laguntzak aztertzea”.
Agustin Aizpuru Usansoloko alkatearekin (UH) berba egin dugu GEURIAn: “EAJren dokumentua eta proposamena aztertuko ditugu eta osoko bilkura baino lehen bilera egin nahiko genuke bai eurekin bai EH Bildurekin”, esan du.
☉ Usansolo
Unkina kiroldegiko estalkia konpontzeko 13.000 euroko dirulaguntza jaso du Usansoloko Udalak
Obrak “laster” hasiko dituztela esan dute Usansoloko udal ordezkariek

Unkina kiroldegiko estalkia konponduko du Usansoloko Udalak. Horretarako, 13.000 euroko dirulaguntza jaso dute.
Obrak “laster” hasiko dituztela adierazi dute udal ordezkariek.
☉ Usansolo
Xabier Capetillo usansolotarra bosgarren izan da Espainiako Pista Estaliko Txapelketan
Espainiako Pista Estaliko Txapelketako finalerdietan 200 metroko lasterketan bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; aurrekoa 21,53 zen

Xabier Capetillo Landajo usansolotarrak Espainiako Pista Estaliko Txapelketa jokatu du asteburuan Valentzian, Galdakao Atletismo Taldearekin.
Otsailaren 27an, ostiralez, 200 metroko lasterketan finalerdietarako txartela lortu zuen Capetillok. Gainera, bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; bere aurreko marka 21,53 zen.
Larunbatean hirugarren sailkatu zen bere finalerdian, eta zuzenean lortu zuen finalerako txartela.
Eta, igandeko finalean, bosgarren postuan bukatu zuen Capetillok.

☉ Usansolo
Zaborra eta hondakinak biltzeko zerbitzua 8 urterako esleituko du Usansoloko Udalak 2,6 milioi euroan
Urtean 325.000 euro bideratuko ditu Usansoloko Udalak hondakinak biltzeko zerbitzura. Enpresa interesdunek lehiaketara aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 9ra arte

Zaborra, hondakinak, papera eta landare-olioa biltzeko eta zakarrak garraiatzeko zerbitzua esleitzeko prozesua hasi du Usansoloko Udalak.
Urtarrileko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak etxeko hondakinak biltzeko eta horiek tratamendu-instalaziora garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea.
Guztira, 2,6 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak. Kontratua 8 urterako izango da, eta hortaz, urtean, 325.000 euro bideratuko dituzte.
Enpresa interesdunek eskabideak aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 9ra arte.










