Sareak

☉ Usansolo

#A21 / Emaitzak / Usansolo / EH Bilduk jaso ditu boto gehien, EAJrekin lehia estuan

#A21 / Usansolo / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek Hego Uribe eskualdean izan dituzten emaitzak jaso ditugu GEURIAn.

Hauteskunde hauetan Usansoloko emaitzak Galdakaon zenbatu dituzte, martxoan GEURIAn aurreratu genizuen bezala.

Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren arabera, hautesle-errolda abenduaren 1ean itxi zuten. Eta, Usansoloren kasuan, Bizkaiko udalerri berri bilakatu zen abenduaren 28an, errolda itxi ondoren. Horregatik ez dituzte Usansoloko emaitzak Galdakaotik aparte bereizi.

Hala ere, Usansolon izandakao emaitzak jaso ditugu GEURIAn. 2024ko emaitzak jasotzeaz gain, 2020koak ere jaso ditugu:

Usansoloko emaitzak aparte zenbatuta, Galdakaoko emaitzak hauek dira:

  • EAJ: 4.606
  • EH BILDU: 4.248
  • PSE: 1.692
  • PP: 759
  • SUMAR: 358
  • PODEMOS: 291
  • VOX: 219

☉ Galdakao

Usansoloko Udalak 4 milioi euro ordainduko dizkio urtero Galdakaori zerbitzuengatik datozen bi urteetan

|

Lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur Usansoloko eta Galdakaoko udalek datozen bi urteetarako zerbitzuak bermatzeko // Geuria

Galdakaoko eta Usansoloko udalen arteko lankidetza-hitzarmena onartu zuen Galdakaoko udalbatzak apirileko osoko bilkuran. Eta, gaur, maiatzak 3, hitzarmen hori sinatu dute Txapelena baserrian, Usansolon.

Akordioa 2024. eta 2025. urteetan indarrean egongo da, eta 2026ko martxoaren 31n amaituko da (urte naturaleko diru kontuak garai horretan argitzen direlako).

Hitzarmenaren oinarria da zerbitzu publikoak mantentzen jarraitzea Usansolon: “Akordio honek egonkortasuna eta segurtasuna ematen digu Usansolon orain arte genituen zerbitzuak mantentzeko”, dio Agustin Aizpuru Usansoloko alkateak.

“Uste dugu hitzarmenarekin egonkortasuna bermatuko dugula bi udaletan, eta zerbitzu garrantzitsu batzuk ematen jarraituko dugu”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Zerbitzu horiek dira: kale garbiketa, eraikin publikoen garbiketa, emakumeen ahalduntze eskolak eta olio bilketa. 

Halaber, larrialdiko laguntzak ematea, lokalen irekiera, hirigintza lizentziak edo espazio publikoen erabilera ukatzea edo baimentzea ere jasotzen du hitzarmenak.

Indarrean dauden kontratuen zenbatekoa kuantifikatu dute, eta Usansoloko Udalak horiengatik 3,5 milioi euro ordainduko dizkio Galdakaoko Udalari urtero, 2024. eta 2025. urte amaieran, “urtero dagokion likidazioa egin ostean”.

Era berean, Galdakaoko Udalak bere pertsonal teknikoa Usansoloren esku jarriko duenez, kuantifikatu dute 500.000 euro ordaindu behar dizkiola urte amaieran (2024an eta 2025ean) Usansolok Galdakaoko Udalari. Hau da, guztira, 4 milioi euro ordainduko dizkio Usansolok Galdakaori datozen bi urteetan.

2025. urtea amaitu eta lankidetza hitzarmena iraungitzen denean, berriro aztertuko dute egoera bi udalek. “Ordurako herri bakoitzak bere kontratu propioak izango ditu gehien gehienean, baina litekeena da hiruzpalau kontratu komunek indarrean jarraitzea. Hala bada, horiek eten edo iraungi arte mantendu erabakiko da, zerbitzu guztiak eskualdatu arte eta Usansolok erabateko autonomia izan arte”, dio Hernandok.

Usansoloko aurrekontua

Usansoloko Udalak apirileko osoko bilkuran onartu zuen aurtengo aurrekontua: guztira 7,9 milioi euro. Usansoloko Udalak, beste edozein udal moduan, diru sarrerak ditu alde batetik Udalkutxatik, eta bestetik, Galdakaoko Udaleko gerakinaren zati bat ere jasoko du.

“Gerakina banatu egingo da Galdakao eta Usansolo artean, biztanleriaren arabera. Batzar Nagusietan adostu bezala, segregazioa egikaritu zen egunean Galdakaon zegoen gerakinaren zati proportzionala eman behar dio Galdakaok Usansolori; hau da, % 15 gutxi gorabehera, biztanlerian oinarrituta”, dio Hernandok, eta gaineratu du: “Uste dugu 4 eta 5 milioi euro artekoa izango dela”.

“Edozein kasutan, kalkuluak egiten ari da oraindik, ez delako erraza jakitea juxtu segregazio egunean zenbat diru zegoen Galdakaoko Udalean, normalean gerakina abenduaren 31n kalkulatzen baita. Beraz, udal langileak orain ari dira zenbaki guztiak banan bana begiratzen, banaketa behar bezalakoa izan dadin. Akordioan onartu bezala, 12 hilabete izango dira gerakinaren transmisioa egiteko”, dio.

Usansoloko Udalak 2 milioi euro bideratuko ditu inbertsioetara. “Bi inbertsio nagusi aurreikusten ditugu: alde batetik, lokal bat erosi nahi dugu Udalarentzako, eta bestetik, funtzio anitzeko nabe bat erosi nahi dugu, obretarako eta zerbitzuetarako, biltegi bezala eta ibilgailuen gordailu bezala. Ibilgailuen gordailua da poliziak eskatu digun baldintzetako bat”, dio Aizpuruk. Era berean, Usansoloko udaletxea izango den eraikina ere eraiki nahi dute.

Ertzaintzarekin akordioa

Segurtasunari dagokionez, Galdakaoko Udaltzaingoak ez du jada zerbitzu ematen Usansolon, baina bai ordea Ertzaintzak. “Momentuz Ertzaintzarekin dugu akordioa eta horrela segurtasuna bermatuta dago herrian”, dio Aizpuruk.

“Etorkizunean Udaltzaingo propioa izatea da asmoa”, dio Aizpuruk: “Hiruzpalau agente izango ditugu”.

Bestetik, Usansoloko Udalak 25 udal langile izatea jasotzen du hasierako memoriak. Momentu honetan Usansolok ez du udal langilerik: “Usansolon momentu honetan lanean dauden lau udal langile Galdakaokoak dira: eskolako atezaina, Txapelenako atezaina, Esan bulegoko langilea eta liburutegiko arduraduna”, dio Aizpuruk.

“Bi lanpostu berri sortu nahi ditugu: udaletxeko idazkaria eta administrari bat”, dio Aizpuruk, eta gaineratu du: “Ez dakigu 25 udal langilera helduko garen, baina epe laburrean 21 izatea aurreikusten dugu”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansolok eta Galdakaok hitzarmena sinatuko dute zerbitzu publikoen alde

Lankidetza-hitzarmenak bi ildo nagusi batzen ditu: bata lankidetza horizontala eta beste zerbitzuei dagokiena

|

beste aurrerapauso bat eman dute bi udalek / Geuria

Galdakaoko eta Usansoloko udalen arteko lankidetza-hitzarmena onartu du Galdakaoko udalbatzak EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeen aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin.

Lankidetza-hitzarmenak bi ildo nagusi batzen ditu: bata lankidetza horizontala, indarrean dauden kontratuen zerbitzuak ematen jarraitzeari buruzkoa; eta bestea Galdakaoko Udalak eskumenik ez daukanez, baina oraindik Usansoloko Udala eratzen ari denez, adibidez, aldez aurreko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena behar duten zerbitzuei buruzkoa: establezimenduak irekitzeko, jarduteko, estolderia zerbitzua, hirigintza lizentziak, ondare erantzukizuneko espedienteak, Europako hauteskundeen kudeaketa, gizarte larrialdietarako laguntzak eta horien kudeaketa, administrazio baimenak, espazio publikorako baimenak, administrazio-emakidak, aparkatzeko txartelak, diru-laguntzen laguntza teknikoa eta ondasunen kudeaketa. “Lankidetza horizontalari dagokionez, Usansoloko Udalak indarrean dauden kontratuen zerbitzuen gastuak ordaindu beharko ditu, eta urte amaieran, aurten eta hurrengo urtean, likidatu egingo dute”, adierazi zuen apirileko osoko bilkuran Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.

“Lankidetza-hitzarmen honek babes juridikoa emango dio hemendik aurrera egingo dugun lanari, baina batez ere ziurtatuko du Usansoloko herriak zerbitzu publikoak jasotzen jarraituko duela. Eta zentzu horretan esan behar dugu baita ere, arautzen dela galdakoztarren interesak zelan bermatuko diren, ekonomikoki zein ondorio daukan gure gain hartuko dugun kudeaketa honek”, adierazi zuen Edurne Espilla EH Bilduko bozeramaleak: “Usansolok herri bat sortu behar du eta Galdakaoko Udala, gobernu talde honekin, ondoan izango da bidea egiten eta elkarlanean. Eta bide horretan ez gaude bakarrik: Usansoloko Kudeaketa Batzordea, Galdakaoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia, bai maila teknikoan zein politikoan elkarrekin lan egiten eta herri bat zerotik sortzeko erronka hartuta eta aurrera ateratzen. Pausoak ematen ari gara, apurka baina gelditu gabe”.

Hain zuzen ere, 2023ko abenduaren 22tik, ofizialki Usansolo herri independente bihurtu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariak, Galdakaoko Udaleko teknikariak eta Usansoloko idazkaria (teknikari bakarra daukate momentuz) aritu dira kudeaketa-gomendioa adosten. Lankidetza-hitzarmena bi urtekoa da, eta beste bi urte gehiagoz luzatu daiteke.

“Urgentziazko gaia”

Usansoloko Kudeaketa Batzordeak apirileko osoko bilkuran onartu zuen kudeaketa-gomendioa Galdakaoko Udalari bidaltzea, “eta hilabete ez atzeratzeko”, urgentziazko gai bezala sartu zuten Galdakaoko apirileko osoko bilkuran, Hernandok adierazi bezala.

Gaia urgentziazkoa bezala gai-zerrendan sartu, eztabaidatu eta bozkatzearen aurka ere bozkatu zuen eztabaidaren aurretik EAJk: “Galdakaoko gobernu taldea Usansoloren eta Galdakaoren arteko kudeaketa-hitzarmen hau azkar eta presaka onartzen saiatzen ari dela uste dugu”, adierazi zuen Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

“EAJtik iazko azaroan aurkeztu genuen mozioan (gobernu taldeak atzera bota zuen), Galdakaoko alkateari eskatu genion aurrerapausoak ematen hasteko eta planifikatzeko Usansolori beharrezkoak diren zerbitzuak eta zerbitzu pertsonalak ematea, baita zerbitzu komunak erabiltzeko hitzarmenak ere, hala nola, udal hilerria edo ospitaleko taxi geltokia. Ikusten dugunez, egin beharreko lana ez da egin, eta orain presaka eta premiaz datozkigu, Galdakaoko Udaleko langileen lana bikoiztuz, denbora horretan guztian egin behar ziren zereginetan”, salatu zuen Agirregoikoak.

Alderdi sozialistak abstentziora jo zuen: “Gomendioaren arabera, Galdakaoko Udaleko langile batzuek Usansoloko Udalean ere lan egin beharko dute. Orduan, ulertzen dut Galdakaorako egin beharko luketen lanaren zati bat alde batera utzi behar dutela beste udalerri baterako egiteko. Hori esanda, uste dugu hori erdizkako independentzia dela, eta ez zaigu iruditzen prozesu hori bideratzeko modu egokia denik”, adierazi zuen Victor Trimiño PSEko bozeramaleak.

Iñaki Urgoiti Usansolo Herria udaltaldeko bozeramaleak ere hitza hartu zuen apirileko osoko bilkuran: “Prozesu honetan beste pauso bat da hau. Eta ez da edozein pauso. Oso urrats garrantzitsua da. Kudeaketa-gomendioa onartzea Usansolori eta Galdakaori tresna juridikoa eta teknikoa ematea baino ez da, eta noski, Galdakaoko eta Usansoloko bizilagunen eta Usansoloko beharrak kudeatzen jarraitu ahal izatea, bi aldeetako bat bera ere kaltetu barik”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Programa / Usansoloko jaiak 2024 maiatza

|

maiatzaren 10etik 12ra bitartean izango dira Usansoloko jaiak // Geuria

Maiatzaren 10etik 12ra bitartean izango dira Usansoloko jaiak. Kuadrilla jaitsiera, umeentzako tailerrak, artisau azoka, gastronomia txapelketak eta herri bazkaria antolatu dituzte.

Kontzertuei dagokienez, Modus Operandi, Gora Etorri, Azken Muga, Jaikide diskofesta eta Kresala Orkesta igoko dira Unkina plazako eszenatokira.

“Gure lema beti izan da ‘Herrie dogu arnas, herrie dogu amets’ eta aurten badatoz ofizialki herri moduen ospatuko doguzan lehenengo jaiek! Herritik eta herrientzako, gora jai herrikoiak!!”, diote Ujaba Jai Batzordetik.

Egitaraua / Usansoloko jaiak 2024 maiatza

Maiatzak 10, ostirala
17:00 Jaien hasiera
17:00 Umeentzako tailerrak ludotekan
18:00 UFS Cup 3×3 Unkina kiroldegian
18:30 Usgaldu eskolako gaita-danbor ikasleen kalejira
19:15 Txorizoak plazan
20:00 Kuadrilla jaitsiera Meatzetako aparkalekutik
20:30 Pregoia
23:15 Kontzertuak: Gora Etorri + Kresala Orkesta

Maiatzak 11, larunbata
09:00 Dianak
10:00 Tortilla txapelketa umeentzat
10:00 Tortilla eta paella txapelketa
11:30 Emakumezkoen lehen mailako pala partidak Meatzetako frontoian
11:30 Umeentzako puzgarriak Arlo Baltza plazan
12:30 Gaiteroen kalejira Usansoloko erraldoiekin
13:00 Maskoten edertasun lehiaketa Baratzeko plazan
14:00 Tortilla eta paella txapelketen sari banaketa
15:00 Herri bazkaria
18:00 Usansoloko III. Esku Pilota Txapelketa herrikoiaren finalak frontoi txikian
20:30 Txaranga: Izenbarekuak
23:00 Kontzertuak: Azken Muga + Modu Operandi + Jaikide diskofesta

Maiatzak 12, igandea
09:00 Dianak
09:30 Artisau azoka
11:00 Arku-tiroa frontoi txikian (+10 urte)
11:30 Divinere Dantza Taldearen emanaldia
12:00 Gaiteroen kalejira
13:00 Oinarin Dantza Taldearen emanaldia Arlo Baltza plazan
14:00 Motor klasikoen erakusketa
18:00 Danborrada

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Batzar Nagusiek ez dute Usansoloko Metro geltokiari buruzko mozioa onartu

Eztabaidak herritik Batzar Nagusietara salto egin du, EH Bilduk mozioa aurkeztu ondoren. Idatzian Usansolo Herriak plataformaren eta herriko eragile ezberdinen eskariak jaso ditu koalizio soberanistak

|

Geltokia erdigunera heltzeko aldarrikapena Batzar Nagusietara eraman zuten herritarrek / Utzitakoa

Metroa Galdakao-Usansolo ospitalera heltzeko lanek aurrera darraite. Aurreikuspenen arabera 2027an iritsiko da metroa Galdakaora eta 2029an Usansoloko Ospitalera eta Durangaldearekin lotura. Hortik Usansoloko erdigunera zelan helduko den, baina, kalapita sortu du hasieratik. Aurreikuspenak betez gero, Galdakaoko ospitalean bukatuko luke bere ibilbidea metroak, eta hortik aurrera 4 aukera aztertu diren arren, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Trenbide Sareak eta Eusko Jaurlaritzak lanzaderaren aldeko apustua onetsi dute.

Proposamen horrek, aldiz, ez du Usansoloko Kudeaketa Batzordearen babesa, aitzitik, Usansolo Herriak plataformak, EH Bilduk eta EAJk geltokia herriko erdigunera heltzea eskatzen dute. Aldarri hori bera plazaratu zuten hiru alderdiek, herriko beste hainbat eragilerekin batera, joan den larunbatean egin zuten manifestazio jendetsuan.

Apirilaren 13ko manifestazio jendetsua Usansolon / Utzitakoa

EH Bilduren mozioa Batzar Nagusietan

Eztabaidak herritik Batzar Nagusietara salto egin du, EH Bilduk mozioa aurkeztu ondoren. Idatzian Usansolo Herriak plataformaren eta herriko eragile ezberdinen eskariak jaso ditu koalizio soberanistak: kudeaketa batzordeak beste erakundeekin batera bileretan parte hartzea, alternatiben azterketaren aurkezpen publiko bat egitea (lau alternatiben abantailak eta desabantailak azalduz), eta azken erabakia “erakundeen arteko lankidetzan” oinarritzea, besteak beste. Modu berean, 2022an Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen plangintzara bueltatzea eskatzen dute, bertan herrigunean geltokia egitea aurreikusten baitzen.

Mozioak ez zuen aurrera egin, EAJk eta PSEk kontra bozkatu, eta PPk abstentziora jo zuelako. Jeltzaleen kasuan, ez dute uste Foru Aldundiaren eskumena denik halako erabaki bat hartzea, “Eusko Jaurlaritzaren parte hartzerik gabe”, baina proposamenak entzun eta aztertzeko prest daudela adierazi dute. PSEk ere antzera jokatu du, eta behar beste bilera egiteko prest agertu da.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansolo erdigunean metro geltokia aldarrikatzeko bilera eskatu diote UHk eta EH Bilduk Aldundiari

|

Iaz manifestazioa egin zuten ehunka herritarrek Usansolo erdigunean metro geltokia aldarrikatzeko // Geuria

Metroa Galdakao-Usansolo ospitalera heltzeko lanek aurrera darraite. Aurreikuspenen arabera 2027an iritsiko da metroa Galdakaora eta 2029an helduko da Usansoloko Ospitalera eta Durangaldearekin lotura.

Eusko Jaurlaritzaren azken proposamenaren arabera, ospitalean egongo da geltokia eta lanzadera baten bitartez Usansolo erdigunearekin lotuko dute.

Duela hilabete, martxoaren 14an, Usansoloko Kudeaketa Batzordea Metroaren obren arduraduna den ETSrekin batu zen.

“Bilera horretan jakinarazi ziguten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako proiektuak herriaren erdialdean dugun geralekua kentzeko asmoa duela eta, ordez, usansolotarrak ospitaleko geralekuraino lanzadera zerbitzu batera mugatzea”, adierazi dute komunikatu batean Usansolo Herria (UH) eta EH Bilduko ordezkariek.

Bi alderdiek uste dute proposatutako proiektuak “herriaren egungo egoera okertzen duela eta ez dituela erantzuten herritarren beharrak”.

“Aurkeztutako alegazioetan aurreratu zen bezala, lanzadera ez da alternatiba bat, eta konponbide orok herriaren erdigunean bertan metro sarbidea izan behar du”, diote.

Ildo horretan, Usansolo Herriak eta EH Bilduk bilera bat eskatu dute Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin “usansolotarron interesak defendatzeko”. GEURIAk jakin ahal izan duenez, bilera egiteko eskaera egin dute bi alderdiek, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Usansoloko Kudeaketa Batzordeak (UH, EAJ eta EH Bildu) ez du lortu eskaria modu bateratu batean egitea, alderdi jeltzaleak ez duelako bat egin UHren eta EH Bilduren proposamenarekin.

Manifestazio deia

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko manifestazioa deitu dute herriko hainbat elkartek apirilaren 13an, larunbatez. Manifestazioa 12:00etan hasiko da Unkina plazatik.

“Gure herrian hirigunetik gertuko geltoki bat babesteko eta aldarrikatzeko beste mobilizazio bat izango da apirilaren 13koa eta dei egiten dizuegu usansolotarrei parte hartzeko”, diote manifestazioa deitu dutenek.

Gorosibaiko Auzo Elkarteak, Burtotza Mendi Taldeak, Usansoloko Odol Emaileak, Usansoloko Esku Pilota Taldea, Gazteberri Kultur Elkartea, Gure Etxea Adinekoen Zentroak, Kabilduk, Lamintxu Gazte Asanbladak, Mirari Emakume Taldeak, Oinarin Dantza Taldeak, Usansoloko Orfeoiak, SD Umore Onak, Umore Ona Txokoak, Unkina Saskibaloi Taldeak, U113 Triatloi Taldeak, Ujabak, Usansoloko Ludotekak, Usansolo Racingek, Usansolob Euskaraz Taldeak, Usgaldu Elkarteak eta Usansolo Herriak deitu dute manifestazioa eta EAJk eta EH Bilduk bat egingo dute. 

Osorik irakurri