Sareak

☉ Usansolo

Usansoloko Udalak 5,7 milioi euro jasoko ditu Galdakaokoaren diruzaintzako gerakinetik

|

Galdakaoko gerakinaren % 15,44 dagokio Usansolori // Galdakaoko Udala

2023ko ekitalditik Galdakaoko Udaletik Usansolori dagokion gerakina zehaztu dute Galdakaoko Udaleko, Usansoloko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek: 5,7 milioi euro. Diru banaketa hori atzo onartu zuen Galdakaoko udalbatzak, EH Bilduren, UHren, Auzoaken eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin.

Zehazki, 5,7 milioi euro emango dizkio Galdakako Udalak Usansoloko Udalari. Zenbateko hori honela kalkulatu du lantalde teknikoak: Usansolo herri bihurtu zen egunean (2023ko abenduaren 22an) 38,2 milioi euroko gerakina zuen Galdakaoko Udalak; kopuru horri herri bakoitzari dagokion portzentajea ezarri diote, eta 2023ko abenduaren 22tik 2023ko amaierara bitartean Galdakaok ordaindutako Usansoloren gastuak deskontatu dituzte. Biztanleria ratioa kontuan hartuta, gerakinaren % 15,44 dagokio Usansolori, bere garaian alde guztiek onartutako memoriaren arabera, eta horixe da banaketa egiteko erabili duten oinarrizko irizpidea.

“Usansoloren segregazio prozesuan beste aurrerapauso bat eman dugu. Erabaki hau Batzorde Mistoaren akordioaren parte da, Bizkaiko Foru Aldundiak gainbegiratuta eta Galdakaoko osoko bilkura honetan onartuta. Usansolok orain arte Galdakaon ekarpenak egin ditu, besteak beste, herritarrek goza dezaten, baina orain bakoitzari dagokiona banatzeko unea da”, adierazi zuen atzo osoko bilkuran Unai Etxezarraga Usansolo Herriako zinegotziak.

Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdakaoko Udalak teknikoki eta politikoki “akordio horretara iristeko egin duten ahalegina” eskertu ditu Etxezarragak: “Akordio honen azkartasuna eta eraginkortasuna nabarmendu nahi ditut, ez baikara Batzorde Arbitrariora iritsi behar izan, eta horrek erakusten du Bizkaiko Foru Aldundiaren, Usansoloko Udalaren eta Galdakaoko Udalaren arteko elkarulertzea oso ona dela eta sintonia ona dagoela”.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearen arabera, adostutako diru banaketa herri bientzat “urrats oso garrantzitsua” da: “Hemendik aurrera bideak are bananduago egiten jarraituko dugu, bakoitza bere aldetik”.

☉ Usansolo

Usansoloko ikasleek Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzua “laster” izango dutela dio Jaurlaritzak

Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu ziren ikasturte hasieran, toki faltagatik

|

Usansoloko ikasleek N-634 errepidea zeharkatu behar dute oinez Elexalde Instituturaino // Buzkentza

Usansoloko ikasle talde batek salatu duenez, Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzurik gabe daude ikasturte hasieratik, GEURIAn aurreratu bezala.

Zehazki, zortzi dira autobus-zerbitzurik gabe geratu diren ikasleak, euren bizilekuaren eta ikastetxearen artean lau kilometro baino gutxiago daudelako, eta autobusean lekurik ez dagoelako.

Irizpide hori Eusko Jaurlaritzak jarri du, eta horregatik irailetik oinez egin behar dute ibilbidea. Ikasleek salatu dutenez, bidea ez da segurua eta autobusa aldarrikatu dute.

Jaurlaritzatik adierazi dutenez, Usansoloko ikasle horiek eskola-garraioa izango dute “laster, egun gutxiren buruan”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute

Institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi diren Usansoloko zortzi ikasle geratu dira autobus zerbitzurik gabe. Irizpide hori Eusko Jaurlaritzarena da

|

Oinez joateko erabili behar duten biderik zuzenena, errepidea, segurua ez dela esan dute eta horregatik Bekeatik joan behar dute // Utzitakoa

Elexaldeko DBHko 4. mailako zortzi ikasle, Usansolokoak, institutura joateko autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute.

“Ez dagoenez eserleku nahikoa denontzat autobusean, institututik 4 kilometro baino gutxiagora bizi garen Usansoloko zortzi ikasle garraio zerbitzurik gabe geratu gara”, adierazi dute sare sozialetan.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, ikastetxea bizilekutik lau kilometrora edo gehiagora duten ikasleek erabil dezakete autobus zerbitzua.

Oinez joateko erabili behar duten biderik zuzenena segurua ez dela esan dute: “Gorosibaikoentzat errepide bazterra da biderik zuzenena institutura joateko, baina ez da segurua ez dagoelako espaloirik eta ibilgailu, kamioi eta autobus asko igariotzen direlako. Orduan, Bekeatik joan behar dugu”, diote. Eta ibilbide hori lau kilometro baino gehiagokoa dela adierazi dute.

Usansoloko ikasleekiko elkartasuna adierazteko, ikasle talde batek oinez egin du bidea Elexaldeko Instituturaino: 08:10ean atera dira oinez tren geltokiaren ondotik eta 09:10ean heldu dira.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Bideoa I 200 pertsona batu dira Usansolon Palestinari elkartasuna adierazteko

Elkarretaratzea jendetsua egin dute herriko plazan, 19:30ean

|

200 herritar batu dira Usansolon // Utzitakoa

Palestinaren aldeko greba eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herrian. Lanuzteak deitu dituzte lantoki eta ikastetxetxeetan, eta manifestazioa jendetsua egin da eguerdian Bilboko kaleetan zehar.

Arratsalderako, ostera, kontzentrazioak egin dira herri gehienetan, baita Hego Uriben ere. Usansoloren kasuan, “Genozidioari Stop, Palestinarekin konpromisoa” lelopean batu dira herritarrak.

“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik.

“Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansolo erdigunerako geltoki propioa aldarrikatu dute galdeketan parte hartu duten herritarren % 94,7ak

“Demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena da instituzioek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea”, esan dio Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak GEURIAri

|

1.741 lagunek parte hartu zuten atzo Usansoloko herri galdeketan // Geuria

Herri galdeketa egin zuten atzo Usansolon, herrirako zein tren-konexio nahi duten adierazteko. Eta emaitza, argia: herri erdigunean geltokia nahi dute herritarrek.

Datuak datu, 1.741 lagunek eman zuten atzo bozka, eta horietatik 1.648k geltokia erdigunean aldarrikatu zuten, hau da, bozken % 94,7a.

Tunel ibiltariaren alde 43 herritarrek bozkatu zuten (% 2,5) eta autobus-lanzaderaren alde 33k (% 1,9). Bozka baliogabeak 17 izan ziren (% 0,9).

Galdeketa ez da loteslea, baina Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak atzo eguerdian GEURIAri adierazi zionez, herritarren borondatea errespetatuko dute: “Guk plataforma bezala geltokia erdigunearen aldeko aldarrikapen horri eutsiko diogu eta ahotsa eramango dugu beste behin Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta egokitzen den leku guztietara”.

“Ulertzen dugu herri batek bozkatzen duenean eta erabakitzen duenean, demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena dela instituzio horiek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea martxan dagoen proiektuan”, esan zuen Atxutegik.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Argazkiak | Galdeketa Usansolon: zein tren-konexio nahi duten bozkatzen ari dira herritarrak

|

Usansolotarrak kalera irten dira gaur adierazteko zer nahi duten herriko tren-konexioari dagokionez. Galdeketa antolatu du Geltokia Erdigunean plataformak, Usansoloko Udalaren babesarekin, eta eguerdian Unkina plazara bertaratu gara [ikusi bideoa hemen].

Osorik irakurri