Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Usansolo

Usansolok eta Galdakaok hitzarmena sinatuko dute zerbitzu publikoen alde

Lankidetza-hitzarmenak bi ildo nagusi batzen ditu: bata lankidetza horizontala eta beste zerbitzuei dagokiena

|

beste aurrerapauso bat eman dute bi udalek / Geuria

Galdakaoko eta Usansoloko udalen arteko lankidetza-hitzarmena onartu du Galdakaoko udalbatzak EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeen aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin.

Lankidetza-hitzarmenak bi ildo nagusi batzen ditu: bata lankidetza horizontala, indarrean dauden kontratuen zerbitzuak ematen jarraitzeari buruzkoa; eta bestea Galdakaoko Udalak eskumenik ez daukanez, baina oraindik Usansoloko Udala eratzen ari denez, adibidez, aldez aurreko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena behar duten zerbitzuei buruzkoa: establezimenduak irekitzeko, jarduteko, estolderia zerbitzua, hirigintza lizentziak, ondare erantzukizuneko espedienteak, Europako hauteskundeen kudeaketa, gizarte larrialdietarako laguntzak eta horien kudeaketa, administrazio baimenak, espazio publikorako baimenak, administrazio-emakidak, aparkatzeko txartelak, diru-laguntzen laguntza teknikoa eta ondasunen kudeaketa. “Lankidetza horizontalari dagokionez, Usansoloko Udalak indarrean dauden kontratuen zerbitzuen gastuak ordaindu beharko ditu, eta urte amaieran, aurten eta hurrengo urtean, likidatu egingo dute”, adierazi zuen apirileko osoko bilkuran Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.

“Lankidetza-hitzarmen honek babes juridikoa emango dio hemendik aurrera egingo dugun lanari, baina batez ere ziurtatuko du Usansoloko herriak zerbitzu publikoak jasotzen jarraituko duela. Eta zentzu horretan esan behar dugu baita ere, arautzen dela galdakoztarren interesak zelan bermatuko diren, ekonomikoki zein ondorio daukan gure gain hartuko dugun kudeaketa honek”, adierazi zuen Edurne Espilla EH Bilduko bozeramaleak: “Usansolok herri bat sortu behar du eta Galdakaoko Udala, gobernu talde honekin, ondoan izango da bidea egiten eta elkarlanean. Eta bide horretan ez gaude bakarrik: Usansoloko Kudeaketa Batzordea, Galdakaoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia, bai maila teknikoan zein politikoan elkarrekin lan egiten eta herri bat zerotik sortzeko erronka hartuta eta aurrera ateratzen. Pausoak ematen ari gara, apurka baina gelditu gabe”.

Hain zuzen ere, 2023ko abenduaren 22tik, ofizialki Usansolo herri independente bihurtu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariak, Galdakaoko Udaleko teknikariak eta Usansoloko idazkaria (teknikari bakarra daukate momentuz) aritu dira kudeaketa-gomendioa adosten. Lankidetza-hitzarmena bi urtekoa da, eta beste bi urte gehiagoz luzatu daiteke.

“Urgentziazko gaia”

Usansoloko Kudeaketa Batzordeak apirileko osoko bilkuran onartu zuen kudeaketa-gomendioa Galdakaoko Udalari bidaltzea, “eta hilabete ez atzeratzeko”, urgentziazko gai bezala sartu zuten Galdakaoko apirileko osoko bilkuran, Hernandok adierazi bezala.

Gaia urgentziazkoa bezala gai-zerrendan sartu, eztabaidatu eta bozkatzearen aurka ere bozkatu zuen eztabaidaren aurretik EAJk: “Galdakaoko gobernu taldea Usansoloren eta Galdakaoren arteko kudeaketa-hitzarmen hau azkar eta presaka onartzen saiatzen ari dela uste dugu”, adierazi zuen Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

“EAJtik iazko azaroan aurkeztu genuen mozioan (gobernu taldeak atzera bota zuen), Galdakaoko alkateari eskatu genion aurrerapausoak ematen hasteko eta planifikatzeko Usansolori beharrezkoak diren zerbitzuak eta zerbitzu pertsonalak ematea, baita zerbitzu komunak erabiltzeko hitzarmenak ere, hala nola, udal hilerria edo ospitaleko taxi geltokia. Ikusten dugunez, egin beharreko lana ez da egin, eta orain presaka eta premiaz datozkigu, Galdakaoko Udaleko langileen lana bikoiztuz, denbora horretan guztian egin behar ziren zereginetan”, salatu zuen Agirregoikoak.

Alderdi sozialistak abstentziora jo zuen: “Gomendioaren arabera, Galdakaoko Udaleko langile batzuek Usansoloko Udalean ere lan egin beharko dute. Orduan, ulertzen dut Galdakaorako egin beharko luketen lanaren zati bat alde batera utzi behar dutela beste udalerri baterako egiteko. Hori esanda, uste dugu hori erdizkako independentzia dela, eta ez zaigu iruditzen prozesu hori bideratzeko modu egokia denik”, adierazi zuen Victor Trimiño PSEko bozeramaleak.

Iñaki Urgoiti Usansolo Herria udaltaldeko bozeramaleak ere hitza hartu zuen apirileko osoko bilkuran: “Prozesu honetan beste pauso bat da hau. Eta ez da edozein pauso. Oso urrats garrantzitsua da. Kudeaketa-gomendioa onartzea Usansolori eta Galdakaori tresna juridikoa eta teknikoa ematea baino ez da, eta noski, Galdakaoko eta Usansoloko bizilagunen eta Usansoloko beharrak kudeatzen jarraitu ahal izatea, bi aldeetako bat bera ere kaltetu barik”.

☉ Usansolo

Argazkiak / Tortilla, indabak eta giro bikaina Usansoloko jaietako herri bazkarian

|

Lehiaketan egindako indabez gozatu ahal izan zuten bazkarira hurbildu zirenek // Geuria

Usansoloko jaietan ez da jana eta dana inoiz faltan egoten, eta atzokoan ere, herrira hurbildu zirenek izan zuten zerekin gozatu: lehenik eta behin tortilla eta indaba txapelketa egin zuten, eta ondoren urteroko herri bazkaria. Aupa Usansolo!

 

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Programa / Usansolo jaiak 2024 (azaroa-abendua)

|

Azaroaren 29tik abenduaren 1era bitartean izango dira Usansoloko jaiak // Geuria

Azaroaren 29tik abenduaren 1era bitartean izango dira Usansoloko jaiak. Ujaba Jai Batzordeak 34 jarduera antolatu ditu:

Egitaraua / Usansoloko jaiak 2024

Azaroak 29, ostirala
17:00 Umeentzako tailerrak Ludotekan
17:00 3×3 Saskibaloi txapelketa Unkina kiroldegian
18:30 Disko Dantza Unkina plazan
19:15 Txorizo-jana Unkina plazan, Izar Gorrie elkartearen eskutik
20:00 Photocalla Unkina plazan
20:30 Pregoia Unkina plazan
20:45 Poteolinpiadak BMko plazatik hasita, Lamintxuren eskutik
20:45 Kontzertuak Unkina plazan: Crazy Lisa + Jo Ta Ke erromeria + DJ Jaikide
23:45 Kulero eta galtzontzilo lasterketa, Lamintxuren eskutik

Azaroak 30, larunbata
09:30 Diana Bizkaiko Gaiteroekin
10:00 Tortilla eta Indaba txapelketen hasiera Unkina plazan
10:30 Partxis, Oka eta Xake txapelketak Baratzeko plazan
11:00 Ekoizle eta Artisau Azoka Oletxe kalean
11:45 Kiki, Koko era Moko pailazoak Izar plazan
13:00 Gaiteroen kalejira Usansoloko erraldoiekin
13:00 Tortillak entregatzea
14:00 Indabak entregatzea
14:30 Tortilla eta Indaba txapelketen sari banaketa
15:00 Bazkari herrikoia Unkina plazan
17:00 Umeentzako jolasak Izar plazan
18:00 Usansoloko II. Banakako Esku Pilota txapelketa herrikoiaren finalak frontoi txikian
19:30 Usansolo Kantari Unkina plazatik
20:30 Sama Siku txaranga Txosnagunetik hasita
22:45 Kontzertuan Unkina plazan: Guda Dantza + Oinutsik + DJ Zatzaz
00:00 Bingoa Txosnagunean, Lamintxuren eskutik

Abenduak 1, igandea
09:00 Diana Bizkaiko Gaiteroekin
10:00 Artisau Azoka Unkina plazan
11:00 Arku tiroa frontoi txikian (+10 urte)
11:30 Emakumezkoen lehen mailako Pala partidak Meatzetako frontoian
11:30 Divenire Dantza Eskolaren dantza tailerra Unkina plazan
12:30 Oinarin Dantza Taldearen emanaldia Unkina kiroldegian
13:30 Pasabares Gaiteroekin
17:30 Zirku tailerra Unkina plazan Gazteberriren eskutik
19:30 Jaien amaiera

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Antton Irusta usansolotarrak ‘Iratxoak eta gabon magikoak’ ipuina aurkeztuko du Durangoko Azokan

|

Antton Irusta Durangoko Azokan egongo da abenduaren 5ean, Ayanta Garcia marrazkilariarekin eta Iñigito Txapelpunk musikariarekin // Antton Irusta

Antton Irusta usansolotarrak ipuin berria kaleratu du, Mezulari argitaletxearen eskutik eta Baleukoren gidaritzapean: ‘Iratxoak eta gabon magikoak’.

‘Iratxoak’ ipuin bildumaren hirugarren alea da, eta salgai egongo da Durangoko Azokan, abenduaren 5etik aurrera.

“Durangoko Azokan ere, Saguganbaran egongo gara ‘Iratxoak eta gabon magikoak’ ipuina aurkeztuz eta baita Mezulari standan-ean ere. Abenduaren 5ean izango da arratsaldeko 17:30ean. Bertan egongo gara Ayanta Garcia marrazkilaria, Iñigito Txapelpunk musikaria eta ni neu, ikuskizun dinamiko eta magiko bat eskainiz”, adierazi du Irustak.

Gookapi magia

Hirugarren ipuin honek, aurrekoek bezala, berezitasun batzuk ditu. Alde batetik, Errealitate Areagotudun teknologia darama liburuak: “Gookapi Magia” izeneko aplikazio mugikorra deskargatuz, eta mugikorrarekin ipuinean agertzen diren irudi konkretu batzuk fokuratuz, iratxoak “liburutik ateratzen” diren sentsazioa lortzen da.

Bestetik, abestien bideoklipak ere ikus daitezke ipuinean zehar dauden QR kodeen bitartez. Hirugarren ale honetan hiru abesti sortu dituzte: Tiki taka tuka (talde lanari buruzko abestia), Balioen dantzaldia (balioen inguruko abestia) eta Gabon magikoak (istorioari amaiera ematen dion gabonetako kantua). Iñigito Txapelpunk musikariak konposatu eta abesten ditu kantok.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Metroaren L5 lineako proiektuari errekurtsoak aurkezteko deia egin dute Usansolon

Geltokia Erdigunean plataformatik helegiteak aurkeztuko dituzte, baina herritarrek ere modu pertsonalean ere errekurtsoa aurkezteko deia luzatu dute

|

Bi usansolotar Metroaren L5eko proiektuko infografiak ikusten // Geuria

Metroaren L5aren obrak geldirik daude gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Meategien arloak ez baitio baimenik eman Garraio arloari lanak abirazteko, urriaren amaieran El Correo egunkariak publikatu zuenaren arabera.

Hala ere, Euskal Trenbide Sareak (ETS) aurrera jarraitzen du proiektuarekin eta Geltokia Erdigunean plataformatik adierazi dutenez, L5 lineako behin betiko ebazpena argitaratu zuen ETSk duela aste batzuk. “Ebazpen horrek amaiera ematen dio jendaurrean aurkezteko faseari eta obrek beraz aurrera egin dezakete”, ohartarazi dute plataformatik.

Ildo horretan, proiektuari errekurtsoak aurkezteko epea abenduaren 4ra arte zabalik dagoela gogorarazi zuen azaroaren 19ko asanblada irekian Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak: “Plataformaren izenean errekurtsoak aurkeztuko ditugu. Alde batetik, geltokia erdigunean eraikitzeari dagokionez, eta bestetik, kamioen joan-etorriari dagokionez”.

“Plataforma ez dago ados erabaki honekin, oraindik ez baikara entzunak izan eta izatez bilerak ukatu dizkigute. Gainera, Usansolori eman nahi dioten erantzuna ez da behin betikoa –hiru aukera daude mahai gainean– eta ez da zentzuzkoa proiektua orain onartzea gero aldaketak gehitzen joateko”, dio Atxutegik.

Geltokia Edigunean plataformatik herritarrak animatu dituzte maila pertsonalean ere errekurtsoa aurkezteko: “Ebazpena errekurritu behar dugu argi eta garbi izan dezaten Usansolo osoa dagoela proiektu horren kontra”, diote.

Helegiteak aurkezteko hiru bide daudela jakinarazi dute Geltokia Erdigunean plataformatik: Txapelenara bertaratuz, sinadura elektroniko bidez edo Orfeikoko lokalera joz.

Txapelenan errekurtso proformak eskuragarri daude astegunetan, 08:00etatik 14:00etara: “Izen abizenak gehitu baino ez duzue, gero bertako teknikariak aurkez dezan zuen izenean. Ezin arinagoa eta errazagoa!”, diote.

Sinadura elektroniko bidez helegitea aurkeztu nahi duena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan sartu behar da, behekaldean agertzen den ‘Erregistro elektroniko orokorraren inprimakia’ atalean sartu eta ‘Eskaera, idazki edo komunikazio bat aurkeztu nahi dut’ aukera sakatu behar du. Ondoren, ‘Erregistro elektroniko orokorraren inprimakia’ sakatu eta sinadura elektroniko bidez identifikatu. ‘Erakundea: Eusko Jaurlaritza’, eta ‘Eusko Jaurlaritza: Mugikortasun jasangaria’ zuzendua, datu pertsonalak bete behar ditu eta jarraian, ‘Gaia: Garraioa eta mugikortasuna’ eta ‘Kontua: Gorako Errekurtsoa’ idatzi. Gainerako hutsuneak bete ostean, dokumentu hau atxiki beharko dute, eta digitalki sinatu”, azaldu dute plataformatik.

Eta, hirugarren aukera da Orfeioko lokaletara bertaratzea azaroaren 25ean, 19:00etatik 20:00etara, edo azaroaren 27an, 18:00etatik 19:00etara. “Aukera hau mesedez ezinbesteko duzuenontzat, ordu horiek ez saturatzeko eta mundu guztiak helegitea aurkeztu ahal dezan”, adierazi dute plataformatik.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Eider Olamendi: “Obrak gutxienez lau urtez luzatuko dira eta gure asmoa da kamioiak Usansolotik kanpo pasatzea”

|

Metroaren L5 lineako obretan egunean 80 kamioik zeharkatuko dutela Usansolo erdigunea salatu dute gaur Geltokia Erdigunean plataformak eta Unkina ikastetxeko Kabildu Guraso Elkarteak. Zortzi minuturik behin kamioi bat igaroko omen da.

Eragin zuzena Unkina ikastetxean eta Meatzeta inguruan pairatuko dutela salatu dute plataformako kideek zein gurasoek.

Eider Olamendi Kabildu IGEko kidea da eta berarekin berba egin dugu gaur arratsaldean bertan egin duten asanblada irekia eta gero.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna