Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Usansolo

Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean agerraldia egingo du Usansoloko ‘Geltokia erdigunean’ plataformak

|

Maiatzean manifestazioak egin zituen 'Geltokia erdigunean' plataformak Usansolon // Geuria

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko aldarrikapenak ez du etenik ‘Geltokia erdigunean’ plataformako kideentzat.

Zenbait manifestazio egiteaz gain, eta Bizkaiko alderdi politikoekin batzeaz gain, ekainaren 21ean, ostiralez, Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordean agerraldia egingo dute.

Metroaren 5. Lineako gaur egungo proiektuak Usansolo udalerriari sortzen dizkion arazoak eta alternatiba posibleak baloratzea eskatuko dute plataformako kideek.

Batzordea ekainaren 21ean 09:30ean izango da Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kaleko 6. zenbakia).

Plataformatik 09:00etan usansolotarrak gerturatzeko deia egin dute: “Gure kideei elkartasuna adierazteko eta behar bezala ikus gaitzaten, etorri gurekin Bilbora!”, diote. Usansolon trena hartuko dute 08:30ean.

Gernikara, Lehendakariaren inbestidurara

Beste alde batetik, ekainaren 22an lehendakari kargua hartuko du Imanol Pradales jeltzaleak Gernikako Batzar Etxean, eta ondoren jakinaraziko du Eusko Jaurlaritza berriaren osaera.

Hitzordu hori baliatuta, ‘Geltokia erdigunean’ plataformak irteera antolatu du Gernikara: “Aukera hori ere paregabea da Eusko Jaurlaritza berriak ikusi eta entzun gaitzan. Haiena da metroko obren eskuduntza, beraz derrigor bertaratu behar gara!”, diote.

“Ekainaren 22an, 09:30ean Gernikako Batzar Nagusietan espero zaitugu”, diote. Usansolon trena hartuko dute herritarrek 08:45ean.

“Gainera, goiza behar bezala bukatzeko, Usansolora bueltatzen garenean paella solidarioa egongo da gure zain! Razio bakoitza 4 eurotan jarriko dugu salgai. Aterako den etekin txikia plataformako gastuei aurre egiteko erabiliko da”, diote.

‘Geltokia erdigunean’ plataformatik herritar guztiek parte hartzeko deia egin dute, “bereziki Usansoloko gazteak faltan botatzen ditugu gure mobilizazioetan”. “Borroka honen oso parte garrantzitsua zarete eta zuen laguntza behar dugu guztiona den helburua lortzeko”, diote.

☉ Usansolo

Usansoloko hainbat negozioren jabe den gizon bat atxilotu dute droga-trafikoaren kontrako operazio batean

Ergu izeneko operazioan atxilotu dute, eta guztira 600 kilo kokaina antzeman dituzte autokarabana batean Roblizo de Rojos herrian

|

Konfiskatu duten droga // Ertzaintza

Joan den abenduaren 20an hiru euskal herritar atxilotu zituzten Salamancako Robliza de Cojos herrian. Polizia Iturrien arabera, gidatzen zuten autokarabanaren baitan 600 kilo droga ezkutatzen ziren. Atxilotuen artean Usansoloko hainbat taberna eta negozioren jabe den gizon bat dago.

Ergu izena eman diote operazio honi, eta bertan droga Latinoamerikatik sartu eta Europako hainbat herrialdetan banatzen zuen egitura kriminal hori identifikatzea ahalbidetu du. Ertzaintzak eta Guardia Zibilak batera egindako ikerketaren arabera egitura kriminal horrek tresna logistiko bat zuen martxan, droga hainbat garraiobidetan mugiarazteko.

Operazi honen baitan poliziek hiru miaketa egin zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokitan, eta gama altuko hainbat ibilgailu atzeman zituzten, milioi erdi eurotik gorako balorazioarekin.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Urretxindorrako irakaslearen “inpunitatearen aurkako” elkarretaratzea deitu dute ikastolaren atarian

|

Abenduaren 20an deitu dute elkarretaratzea Urretxindorrako ikasle ohiek // Google

Urretxindorrako irakaslearen “inpunitatearen aurkako” elkarretaratzea deitu dute abenduaren 20an, ostiralez. Kontzentrazioa 17:30ean izango da ikastolako atarian.

“Guraso, ikasle, ikasle ohi, auzokide edota irakasleak dei egiten diegu abusuen biktimei babesa eta elkartasuna adieraztera. Ikastolako pederastaren inpunitatearen aurka, buka dezagun 30 urteko zigorgabetasunarekin!”, adierazi dute sare sozialetan Urretxindorrako ikasle ohiek.

Azken 30 urteetan neska ikasleei sexu jazarpena egin izana egozten diote irakasle horri. Usansolokoa da eta ezaguna da euskal kulturgintzan, idazlea ere badelako.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Urretxindorra ikastolako irakaslearen kontrako salaketak jasotzeko kontu propioa sortu dute Instagramen

|

Abenduaren 16an, gauean, sortu zuten @urretxindorrako_salaketak kontua // Geuria

Bilboko Urretxindorra ikastolako irakasle batek sexu jazarpena egin izana salatu dute hainbat neskak eta emakumek Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan.

Atzo GEURIAn publikatu bezala, irakasle hori, A.I. izenekoa, Usansolokoa da eta ezaguna da euskal kulturgintzan, idazlea ere badelako: ume zein gazte literaturan ibilbide luzea du egina. GEURIAn saiatu gara berarekin berba egiten bi aldeen adierazpenak jasotzeko asmoz, baina orain arte ez da posible izan.

Irakasleak egindako hainbat abusu mota zehaztu dituzte: nesken aldageletan sartu eta bideoak grabatzea, nesken janzkerari buruzko komentario desegokiak esatea, neska ikasleak magalean hartzea, sexuarekin lotutako gauzak esatea, berak ematen zuen ikasgaiarekin inolako loturarik gabeko film erotikoak eskola orduetan jartzea edota ikasle zituen mutilei sexu harremanak norekin eta zenbatetan izan zituzten galdetzea.

Denuncias Euskal Herria kontuan hamar bat testigantza jaso ostean, Urretxindorrako ikasle eta ikasle ohiek idatzi oso bat argitaratu zuten atzo, Urretxindorra Ikasle Ohiak gisa sinatuta. Adierazpena osorik gazteleraz argitaratu da Instagram kontuan.

Ildo horretan, testigantza gehiago jasotzeko asmoz, kontu propio bat sortu dute Instagramen: @urretxindorrako_salaketak.

Usansoloko irakasle horren sexu jazarpena salatzeaz gain, Hego Uribe eskualdean ere sexu erasoak jazo direla hamaika testigantza jasotzen ditu @denuncias_euskalherria kontuak, Arrigorriagako institutuko irakasle baten kontra, hain zuzen ere.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Urretxindorrako irakasle batengandik sexu jazarpena pairatu duela salatu du ikasle talde batek

|

Irakaslea, Usansolokoa, ezaguna da euskal kulturgintzan, idazlea ere badelako // Google

Urretxindorra ikastolako Usansoloko irakasle baten (A.I.) sexu jazarpena salatu dute hainbat neskak eta emakumek sare sozialetan, @denuncias_euskalherria Instagram kontuaren bitartez.

Irakaslea ezaguna da euskal kulturgintzan, idazlea ere badelako, eta ume zein gazte literaturan ibilbide luzea duelako egina. GEURIAn saiatu gara berarekin berba egiten bi aldeen adierazpenak jasotzeko asmoz, baina ez da posible izan.

Gaur bertan idatzi oso bat argitaratu du emakume taldeak, Urretxindorra Ikasle Ohiak gisa sinatuta, baina gertaera hauen inguruko salaketak gehiagotan azalera atera dira kontu horren bidez. Adierazpena osorik gazteleraz argitaratu da Instagram kontuan.

“Ikasle ohiek sare sozialetan egindako argitalpenen ondoren, egungo ikasleek kexa formal bat helarazi diote Urretxindorra ikastolako zuzendaritzari, irakasle horren sexu-abusuen biktima ere izaten ari direla azaltzeko”, diote.

Biktimek 10 eta 17 urte bitartean dituztela zehaztu dute: “Ez da emakumearen aurkako sexu-indarkeria, haurren aurkako sexu-indarkeria baizik. Pederastia kasu batez ari gara une oro”, esanez hasi dute adierazpen publikoa.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikerketa abiatu du. Bitartean, Ikastolen Elkarteak neurriak hartu ditu, eta Urretxindorra ikastolako irakaslea gaurtik aurrera ez da ikasgeletan arituko, nahiz eta oraindik ikastolako langilea izan baden.

Neurri horiez harago, Ikastolen Elkarteak zera nabarmendu nahi izan du: “Halako egoerak antzematen ditugun kasu guztietan, salaketa egon ala ez, Ikastolok neurri zorrotz eta zehatzak hartzen ditugu ikastola komunitatea osatzen duten emakume guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko. Hori horrela, erasoa jasan dutenei, beraiek hala nahi badute, ongizate emozionalerako zein beharrezkoak diren prozeduretan laguntzeko baliabideak eskainiko dizkiogu”.

Bestetik, Ikastoletan edonolako jazarpen edo eraso mota jasan duten pertsonentzat postontzi bat zabaldu dute, salaketak@ehi.ikastola.eus helbide elektronikoarekin.

Urretxindorra ikastolak “gaitzespen irmoa” adierazi du emakumeen edo adingabeen aurkako eraso eta jazarpenen aurrean, eta “gure ikastolan eta inon horrelakorik berriro ez gertatzeko konpromisoa” berretsi du.

“Norbait erasotua edo jazarria sentitu bada, barkamena eskatzeaz gain, berriro ez gertatzeko konpromiso irmoa adierazten diogu. Ikastolako kide guztiok hausnarketa sakona egiten ari gara, guztion artean, guztioi dagokigulako, horrelakorik berriro gerta ez dadin bitartekoak bilatuz”, adierazi dute.

30 urtez

Adierazpenean irakurri daitekeenez, “irakasle horren portaerak bata bestearen atzetik datoz, duela 30 urtetik hona, Urretxindorra ikastolan lanean hasi zenetik”.

Urretxindorrako ikasle eta ikasle ohiek adierazi dutenez, “irakasle honek bere gustukoak diren neskatoak nota hobeekin eta mota guztietako mesede akademikoekin saritzen ditu, eta ondorioz, beste ikasleen jazarpena ere jasaten dute. Kontran, bere sexu-gustuekin bat ez datozen ikasleak mespretxatu egiten ditu eta kalifikazio baxuagoak ematen dizkie”.

“Irakasle honek neska batzuekiko duen sexu-faborea botere-egituretan oinarritzen da, eta egitura horiek, aldi berean, irakasleen eta ikasleen arteko desberdintasuna eta jazarpena sustatzen dute”, diote.

Era berean, ikasgelan “mota guztietako komentario sexualak” egiten dituela salatu dute, “beti gizonezko ikasleen konplizitatea bilatuz, eta, horrela, ikasgelan giro misogino orokorra sortuz”, diote.

Komunikatuan irakasle honen abusu kasu batzuk kontatu dituzte, eta GEURIAk euskarara ekarri ditu: “Ezagutzen dugun larriena duela 25 urte inguru gertatu zen. Irakaslea bere bideo-kamerarekin nesken aldageletara sartu zen haiek aldatzen ziren bitartean. Neskatoetako batek gurasoei jakinarazi zien, eta gurasoek ikastetxeari jakinarazi zioten, baina ikastolak ez zuen ezer egin, eta ikasleek “A.I akosatzaile, irakaskuntzatik kanpo” zioen pintada bat egin zuten”.

“Beste batean, duela 20 bat urte, neskato bat joan zen ikastolara leggin-ekin eta top arrosa estu batekin. Irakasleak neskari esan zion, azterketa egunean arropa hori janzten bazuen, 10 bat jarriko ziola”, salatu dute.

“Bera eta bere ikasle kuttuna protagonista ziren ipuinak inprobisatzen zituen, non maitemindu eta ezkondu egiten ziren. Ipuin hauek bere liburuetako batzuetan ere irakur daitezke, baina ez hain modu esplizituan. Behin, gutxienez, istorio horietako bat inprobisatu zuen, neskatoa bere magalean jarriz, beste irakasle batzuen aurrean. Ikasle ohi batek kontatzen duenez, duela hiru urte irakaslea bere eskoteari begira geratu zen. Portaera hori duela ia hiru hamarkadatik hona errepikatu da”, salatu dute.

Sexu-iruzkinak etengabeak izan direla ere salatu dute ikasleek eta ikasle ohiek. Gainera, klasean eszena erotikoak zituzten filmak jartzen zituela ere adierazi dute.

“Ikastola, konplize”

“Neskatoekiko komentario, begirada eta jarrera sexualizatzaileak mundu guztiaren aurrean gertatzen ziren. Irakasleak eta gurasoak barne. Ezaguna zen, eta argi eta garbi eta naturaltasunez hitz egiten zen horretaz. Esajeratu egiten genuela uste zuten helduek, edo dibertigarria iruditzen zitzaien neskatilak hain gustuko izatea”, salatu dute.

Halaber, ikasleek eta ikasle ohiek adierazitakoaren arabera, ikastolak bazuen egoera horien berri. Izan ere, urteetan zehar askotan salatu zuten zuzendaritzaren aurrean: “Ikasleok pare bat gutun idatzi eta bidali genituen irakasle horren aurka sinadurak biltzeko asmoz, baina aurrera jarraituz gero kanporatu egingo gintuztela mehatxu egin gintuzten ikastolatik, eta eskutitzetako bat apurtzera behartu gintuzten. Beste batean, ikastetxeko zuzendariak kexa hori idatzi zuen ikasle taldeari esan zion ez zutela bertan [Urretxindorran] ikastea merezi. Pintadak egin ziren eta guraso batzuek kexa formalak egin zituzten zuzendaritzan”.

Zentzu horretan, Urretxindorra ikastola “konplizea eta estaltzailea” dela salatu dute: “Ikastetxeak beti estali du pederasta. Neurri egokiak hasieratik hartu izan balira eta irakasle hori babestu izan ez balute, ondorengo gehiegikeria guztiak saihestuko ziren. Beraz, Urretxindorra ikastolako irakasleak eta zuzendariak pederasta horren beharrezko estaltzaile eta konplizetzat hartzen ditugu. Pederasta horrek ezin izango zukeen denbora honetan guztian egin duen bezala jokatu ikastetxearen estaldurarik gabe”.

Azkenik, “zuzendaritzak egungo ikasleei eskatu die publiko ez egiteko kasua, hau guztia ikastetxetik kanpo jakin ez dadin, eta ikastetxeak ez diela gurasoei jakinaraziko, ez dagoelako ezer jakinarazteko”, borobildu du ikasle talde honek, baina ikastolako zuzendari taldeari kasurik ez eta Instagram bidez kaleratu dute adierazpen publikoa.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Tren bat errailetik irten da Usansolon: ez da zauritu larririk egon

|

Tren bat errailetik irten da Usansolon, geltokitik 300 metrora. Gertaera 13:10ak aldera jazo da, luizi baten ondorioz, eta momentu honetan Lemoa eta Usansolo arteko zerbitzua moztuta dago eta autobus bat jarri dute zerbitzua emateko, Euskotrenetik jakinarazi dutenez.

Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, ez da zauritu larririk egon eta bidaiariak trenetik irten eta oinez joan dira Usansoloko geltokiraino.

Osorik irakurri