☉ Usansolo
Eusko Legebiltzarrera joango dira Usansoloko herritarrak metro geltokia erdigunean eraiki dezaten eskatzera
Urriaren 22an Garraio batzordean egingo dute agerraldia Geltokia Erdigunean plataformako kideek. Usansolotik 60 herritar bertaratuko dira eta elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarraren aurrean
Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko aldarrikapenekin jarraitzen dute herritarrek Geltokia Erdigunean plataformaren babesarekin.
Bizkaiko Batzar Nagusietan ekainaren 21ean agerraldia egin ondoren, urriaren 22an, asteartez, Eusko Legebiltzarrak duen Garraio batzordean parte hartzeko hitzordua eman diete plataformako kideei.
“Bizkaiko Batzar Nagusietan egin genuen bezala, gure egoera azaltzeko eta Usansolok zerbitzurik galdu ezin duela berriro ere defendatzeko joko dugu Eusko Legebiltzarrera”, adierazi dio GEURIAri Jon Atxutegi plataformako kideak.
Atxutegirekin batera Josu Grandibal usansolotarra izango da hitzordu horretan. Baina ez dira bakarrik egongo: Usansolotik autobus bat bete dute urriaren 22an Gasteiza joateko.
“Asteartea, laneguna eta goizez izan arren, lortu dugu 60 usansolotar mobilizatzea Gasteizera! Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egingo dugu gure agerraldia baino aurretik. Gasteizen argi eta garbi entzungo eta ikusiko gaituzte”, dio Atxutegik, eta gaineratu du: “Gure helburua lortu arte jarraituko dugu”.
Manifestazioa Bilbon
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea, eta bi alternatiba aurkeztu zizkieten herritarrei irailaren 18an egin zuten bilera irekian: alde batetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua; eta bestetik, tunel luzeago bat, 500 metro luzerakoa, Usansolo erdigunera iritsiko litzatekeena. Bi erakundeek onetsi egiten dute lanzaderaren aukera.
Usansolotarrak ez daude ados bi aukera horiekin eta horregatik protestan ari dira. Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteaz gain, urriaren 26an, larunbatez, manifestazioa deitu du Geltokia Erdigunean plataformak Bilbon.
“Urriak 26an Bilbon manifestazioa antolatuko dugu. Sorpresa nahikotxo egongo dira, beraz, apuntatu agendan!”, dio Atxutegik. Aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.
☉ Usansolo
Pasang Temba, Idoia Ibarretxe, Jabi Artetxe eta Andoni Linaza protagonista, Usansoloko Mendi Astean
Azaroaren 18tik 24ra bitartean Mendi Astea antolatuko dute Usansolon. Aurtengoa 22. edizioa da eta Pasang Temba xerpa nepaldarra eta Burtotza Mendi Taldeko Idoia Ibarretxe, Jabi Artetxe eta Andoni Linaza izango dira protagonista nagusiak.
Pasang Temba xerpa ezaguna da euskal alpinismoan, 1980ko maiatzean Martin Zabaleta lagundu baitzuen Everest gailurreraino. Tontorrean ikurrina atera zuen Tembak. Azaroaren 18an, astelehenez, hitzaldia emango du Tembak Txapelena Baserrian, 19:15ean. Alex Txikon ere bertaratuko da Pasang Temba laguntzera.
Bestetik, azaroaren 22an, ostiralez, Idoia Ibarretxe bekearra eta Jabi Artetxe usansolotarra Marokoko Toubkal mendia (4.167 metro; Atlas mendietako eta Magreb osoko mendirik altuena da) igo zuteneko esperientziaz arituko dira Txapelenean (19:15).
Era berean, Andoni Linaza usansolotarrak beste hitzaldi bat ere emango du azaroaren 22an bertan (Txapelena, 19:15): ‘2024 Trepada batzuk’.
Usansoloko XXII. Mendi Asteari amaiera emateko, azaroaren 23an, larunbatez, Burtotza Mendi Taldeko bazkideek bazkaria izango dute, eta azaroaren 24an, igandez, Burtotza mendira irteera antolatu dute (09:00).
☉ Usansolo
Xabier Urrutikoetxea: «Valentzian jendea negarrez etortzen zaizu, batzuk eskerrak emanez»
Valentziako hondamendian laguntza emateko Euskal Herritik ehun suhiltzaile baino gehiago joan dira bertara. Tartean, Xabier Urrutikoetxea Apraiz usansolotarra (Usansolo, 1984). Atzo goizean atera ziren Arkautetik eta gauean iritsi ziren Valentziara. Urrutikoetxearekin telefonoz berba egiteko aukera izan dugu.
Euskal Herriko ehun suhiltzaile baino gehiago zaudete Valentzian, zu tartean. Telebistan ikusi genuenean Valentzian gertatu zena jarraian jarri ginen suhiltzaile talde guztiak lanean, eta Euskadiko eta Nafarroako zerbitzu guztiak prest jarri ginen Valentziara joateko.
Hondamendia gertatu eta ordu gutxira prest zeudeten Valentziara joateko, baina arazoak izan zenituzten bertaratzeko, ezta? Bai. Politika kontuengatik edo kudeaketa arazoengatik ez digute utzi arinago etortzen. Baina, tira, gu boluntario bezala antolatu ginen eta etortzen utzi digutenean bada etorri gara.
Atzo atera zineten Valentziara bidean. Bai. Zerbitzu guztiak Arkauten batu ginen atzo goizean eta konboian etorri ginen Valentziara ibilgailu mota guztiekin.
Valentziara heldu zinetenean zein da aurkitu zenuten egoera? Gauez heldu ginen. Kriston euri zaparrada ari zuen, eta txarrena pentsatzen hasi ginen. Berriro ur-jasak izango zirela pentsatu genuen, eta Valentziako sarrera dramatikoa izan zen: ibai artifizial bat egin zuten bere garaian eta normalean ur gutxi darama, baina atzo gauean goraino zihoan. Ez zegoen argindarrik eta sirenak baino ez ziren ikusten. Hori Valentzia hiriburuan.
Momentu honetan non zaudete? Sedaví herrian gaude, Paiporta eta Catarroja arteko herri batean (Benetusser, Alfafar eta Massanassa daude ondoan). Bertara iritsi ginenean kotxe guztiak pilatuta aurkitu genituen, baten bat zuhaitzetatan zintzilik, lokatza, ez zegoen inor kaletik ez zegoelako argindarrik… Ematen zuen hondamendiaren lehen eguna zela, eta ez seigarrena.
Eta zelan ikusi dituzue bertako herritarrak? Oso gaizki. Jendea etortzen zaizu negarrez, batzuk eskerrak emanez. Jende asko beheko pisuetan bizi da eta etxeak eta kotxeak galdu dituzte. Hondamendiaren zazpigarren eguna da eta batzuk ur gabe jarraitzen dute, argindarrik gabe… Batzuek ogi apur batekin ikusten zaituzte eta ogia eskatzen dizute, baina ez gose direlako; baizik eta zazpi egun daramatelako agian ogi barik. Ematen du txorakeria bat, baina heritarrak daude denbora gelditu izan balitz bezala.
Sedavín zein da egoera? Bada hemen oraindik lokatza orkatiletik gora dago leku askotan.
Zuek aparte, badago laguntza profesionalik bertan? Bai. Nik uste politikariak bertatik egon zirenean konturatu ziren hau oso oso larria zela. Esango nuke Estatuko suhiltzaile guztiak ez badira etorri, ia gehienak hemen gaudela.
Euskal Herriko suhiltzaileok zelan ari zarete kudeatzen laguntza? Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko ordezkariek Valentziako agintariekin daude harreman etengabean eta horien bitartez ari gara lanean. Gu atzo hasi ginen garajeetan begiratzen ea pertsonarik dagoen harrapatuta, eta bertatik ura ateratzen ari gara.
Badakizue noiz arte geratuko zareten Valentzian? Berez, 48-72 ordu egongo gara Valentzian. Ikeako aparkalekuan gaude lo egiten, lurrean, opinarrizko kanpamendu batean, Gurutze Gorriarekin eta Dyarekin koordinatuta. Esan digute agian kiroldegira joan gaitezkeela lotara, baina momentuz hemen geratuko gara.
Sareetan bolo-bolo dabilen esaldia: “Herriak bakarrik salba dezake herria”. Hausnarketa horrekin bat egiten duzu? Nik ez. Herriak ez du salbatu behar herria. Herriak hauteskundeetan ondo bozkatu behar du herria salbu egon dadin. Eta hemen profesionalak egon behar dira lanean. Boluntarioek ginarra batekin ezin dute ezer egin; hemen behar da makinaria ona eta handia, eta jende profesionala. Suhiltzaileak eta kamioi-bonbak dira beharrezkoak.
Zerbitzu publikoak egon behar dira herri hauetan, prestatuta eta lekuan bertan. Hori da herriak egin behar duena: hori bozkatu hauteskundeetan.
Boluntarioek borondate onez egiten dute lana, baina gehiago behar da. Hori da. Boluntarioek egiten duten lanak noski balio duela, baina ez dute ia ezer egiten 10.000 pertsonak supermerkatuko erratz batekin eta plastikozko jasotzaile batekin. Lokatza leku askotan belaunetara arte dago, eta hori makinaria handiarekin baino ezin da kendu.
Boluntarioak bai behar dira, baina ez adibidez lokatza kentzeko. Jendeari laguntzeko, komuneko papera zein janaria banatzeko behar dira boluntarioak. Seigarren egunean etorri gara Valentziara, eta nahiz eta boluntario pila bat egon, zelan hustuko dute hiru solairuko garaje bat? Hori kuboekin ezin da egin. Hemen jende profesionala behar da. Gaur, adibidez, Polizia Nazionala tankeekin etorri da: pala bat tankearen aurrean jarri dute eta elurra kentzeko makinak bezala, kaleak zabaltzen aritu dira. Hori herriak ezin du egin.
Hemen egon dena da kudeaketa arazo izugarria. Gugatik izan balitz, lehen edo bigarren egunetik egongo gintzezan hemen, baina seigarren egunera arte ez digute utzi etortzen. Egia da hau ez dela erraza kudeatzen: ekarri hainbeste jende, suhiltzaileak, kamioiak, ez dago argirik, errepide asko moztuta daude, kamioiak lokatzetan geratzen dira trinkatuta… Nik ulertzen dut ez dela erraza kudeatzen.
☉ Usansolo
Usansoloko Udalak 5,7 milioi euro jasoko ditu Galdakaokoaren diruzaintzako gerakinetik
2023ko ekitalditik Galdakaoko Udaletik Usansolori dagokion gerakina zehaztu dute Galdakaoko Udaleko, Usansoloko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek: 5,7 milioi euro. Diru banaketa hori atzo onartu zuen Galdakaoko udalbatzak, EH Bilduren, UHren, Auzoaken eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin.
Zehazki, 5,7 milioi euro emango dizkio Galdakako Udalak Usansoloko Udalari. Zenbateko hori honela kalkulatu du lantalde teknikoak: Usansolo herri bihurtu zen egunean (2023ko abenduaren 22an) 38,2 milioi euroko gerakina zuen Galdakaoko Udalak; kopuru horri herri bakoitzari dagokion portzentajea ezarri diote, eta 2023ko abenduaren 22tik 2023ko amaierara bitartean Galdakaok ordaindutako Usansoloren gastuak deskontatu dituzte. Biztanleria ratioa kontuan hartuta, gerakinaren % 15,44 dagokio Usansolori, bere garaian alde guztiek onartutako memoriaren arabera, eta horixe da banaketa egiteko erabili duten oinarrizko irizpidea.
“Usansoloren segregazio prozesuan beste aurrerapauso bat eman dugu. Erabaki hau Batzorde Mistoaren akordioaren parte da, Bizkaiko Foru Aldundiak gainbegiratuta eta Galdakaoko osoko bilkura honetan onartuta. Usansolok orain arte Galdakaon ekarpenak egin ditu, besteak beste, herritarrek goza dezaten, baina orain bakoitzari dagokiona banatzeko unea da”, adierazi zuen atzo osoko bilkuran Unai Etxezarraga Usansolo Herriako zinegotziak.
Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdakaoko Udalak teknikoki eta politikoki “akordio horretara iristeko egin duten ahalegina” eskertu ditu Etxezarragak: “Akordio honen azkartasuna eta eraginkortasuna nabarmendu nahi ditut, ez baikara Batzorde Arbitrariora iritsi behar izan, eta horrek erakusten du Bizkaiko Foru Aldundiaren, Usansoloko Udalaren eta Galdakaoko Udalaren arteko elkarulertzea oso ona dela eta sintonia ona dagoela”.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearen arabera, adostutako diru banaketa herri bientzat “urrats oso garrantzitsua” da: “Hemendik aurrera bideak are bananduago egiten jarraituko dugu, bakoitza bere aldetik”.
☉ Usansolo
Argazkiak / Geltokia Usansolo erdigunean aldarrikatzeko aldarria Bilboko kaleetara ere iritsi da
Manifestazioa egin dute gaur eguerdian usansolotarrek Bilbon, metro geltokia erdigunean eraiki dezaten eskatzeko
Bilbon manifestazioa egin dute gaur eguerdian usansolotarrek helburu argi batekin: metro geltokia Usansolo erdigunean eskatzea. Eguraldiak lagundu ez izan arren, 1.500 usansolotarrek hartu dituzte Bilboko kaleak Geltokia Erdigunean plataformako kideen arabera, Areatzatik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiraino. Hauek herritarrek GEURIAri bidali dizkiguten argazkiak:
☉ Usansolo
Jon Atxutegi: “Eusko Legebiltzarraren aurrean ere argi utzi dugu Usansolo erdigunean nahi dugula geltokia”
Eusko Legebiltzarraren aurrean, Mugikortasun Jasangarria Batzordean, agerraldia egin dute gaur eguerdian Geltokia Erdigunean plataformako Jon Atxutegik eta Josu Grandivalek.
“Plataformatik gustura gaude Eusko Legebiltzarraren aurrean egin dugun esku-hartzearekin. Beste behin oso argi adierazi dugu zein den plataformaren aldarrikapena eta nahia: geltokia erdigunean eraikitzea”, adierazi dio GEURIAri Atxutegik.
Batzordean ordezkaritza duten alderdien gehiengoaren babesa izan du plataformak: “Sumarrek, PPk eta EH Bilduk erabat ulertu dute zein den gure kezka, eta bat egin dute gurekin. EAJk ez du erabat alde egin, baina behintzat adierazi dute prest daudela lanean jarraitzeko. Eta PSEk oraindik ere su eta gar defendatzen du lanzaderaren proposamena: ez dute bideragarri ikusten geltokia erdigunean eraikitzea eta euren jarrera mantentzen dute”, dio Atxutegik.
Atxutegi eta Grandibal ez dira Usansoloko bakarrak izan Gasteizen. Izan ere, goizean autobus oso bat atera da Usansolotik Gasteiza, Eusko Legebiltzarraren aurreran egoteko eta plataformakoei babesa adierazteko. Usansolotik irten diren momentua jaso dugu GEURIAn eta Joseba Artetxe plataformako kidearekin berba egiteko aukera izan dugu.
Manifestazioa Bilbon
“Plataformatik oso argi daukagu zer da egin behar duguna hurrengo hilabeteetan: jarraitu protestan eta mobilizazioak egiten. Ez gara geldirik geratuko”, dio Atxutegik.
Zentzu horretan, urriaren 26an, larunbatez, manifestazioa egingo dute Bilbon: Areatzatik irtengo da martxa 12:00etan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregian bukatuko da. Plataformatik beltzez eta gorriz jantzita joateko deia egin dute.