☉ Usansolo
Herri galdeketa egingo dute urrian Usansolon, geltokiaren eta trenbide-konexioen inguruan
Urriko herri galdeketa bultzatzeko asmoz, gaur mozioa aurkeztuko du EH Bilduk, Geltokia Erdigunean plataformaren ekimenez

Geltokia Erdigunean plataformak borrokan jarraitzen du Usansoloko tren geltokia herri erdian mantendu dezaten eskatzeko.
Apirilean giza katea egin ostean, ohiko elkarretaratzeak egin dituzte ETSren, EAJren eta PSEren egoitzen aurrean, Bilbon.
Eta oraingoan beste ekimen bat ari dira antolatzen: herri galdeketa bat, hain zuzen. Urriaren 5ean izango litzateke.
Kontsulta loteslea ez dela izango adierazi dute plataformatik, “baina eskura ditugun berme guztiak izango ditu, hala nola, erroldaren egiaztatzea eta kanpoko egiaztatzaileak. Bada garaia Usansolok botoa eman eta bozkatutakoa baliarazteko”, diote.
“Beti defendatu izan dugu herri bati eragiten dioten politikek herritarren kontrastatea eta kontsulta behar dutela. Eta Usansoloko trenbide-lotura ezin da salbuespena izan. Gaur egungo tren geltokia kentzeak zuzenean eragingo dio Usansoloko herri mugikortasunari, eta inork ez digu ezer kontsultatu. Plataformatik uste dugu hori akats bat dela: oldartzea dagokigu, alternatibak ezagutzea eta, auzokide garen heinean, gehien komeni zaiguna aukeratzea”, diote.
Mozioa uztaileko osoko bilkuran
Urriko herri galdeketa bultzatzeko asmoz, gaur mozioa aurkeztuko du EH Bilduk, Geltokia Erdigunean plataformaren ekimenez.
Mozioaren bitartez, urriaren 5erako deitutako herri galdeketa bultzatzeko konpromisoa hartzea eskatuko diote Udalari.
“Usansoloko tren geltokia kentzeak ezinegon eta kezka handia sortu du udalerriko herritar guztiengan. Azpiegitura hori galtzeak eragina izango du eguneroko mugikortasunean, garraio publikorako sarbidean eta, ondorioz, gure bizilagunen bizi-kalitatean”, adierazi dute mozioaren testuan.
☉ Usansolo
Usansoloko ikasleek Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzua “laster” izango dutela dio Jaurlaritzak
Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu ziren ikasturte hasieran, toki faltagatik

Usansoloko ikasle talde batek salatu duenez, Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzurik gabe daude ikasturte hasieratik, GEURIAn aurreratu bezala.
Zehazki, zortzi dira autobus-zerbitzurik gabe geratu diren ikasleak, euren bizilekuaren eta ikastetxearen artean lau kilometro baino gutxiago daudelako, eta autobusean lekurik ez dagoelako.
Irizpide hori Eusko Jaurlaritzak jarri du, eta horregatik irailetik oinez egin behar dute ibilbidea. Ikasleek salatu dutenez, bidea ez da segurua eta autobusa aldarrikatu dute.
Jaurlaritzatik adierazi dutenez, Usansoloko ikasle horiek eskola-garraioa izango dute “laster, egun gutxiren buruan”.
☉ Usansolo
Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute
Institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi diren Usansoloko zortzi ikasle geratu dira autobus zerbitzurik gabe. Irizpide hori Eusko Jaurlaritzarena da

Elexaldeko DBHko 4. mailako zortzi ikasle, Usansolokoak, institutura joateko autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute.
“Ez dagoenez eserleku nahikoa denontzat autobusean, institututik 4 kilometro baino gutxiagora bizi garen Usansoloko zortzi ikasle garraio zerbitzurik gabe geratu gara”, adierazi dute sare sozialetan.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, ikastetxea bizilekutik lau kilometrora edo gehiagora duten ikasleek erabil dezakete autobus zerbitzua.
Oinez joateko erabili behar duten biderik zuzenena segurua ez dela esan dute: “Gorosibaikoentzat errepide bazterra da biderik zuzenena institutura joateko, baina ez da segurua ez dagoelako espaloirik eta ibilgailu, kamioi eta autobus asko igariotzen direlako. Orduan, Bekeatik joan behar dugu”, diote. Eta ibilbide hori lau kilometro baino gehiagokoa dela adierazi dute.
Ver esta publicación en Instagram
Usansoloko ikasleekiko elkartasuna adierazteko, ikasle talde batek oinez egin du bidea Elexaldeko Instituturaino: 08:10ean atera dira oinez tren geltokiaren ondotik eta 09:10ean heldu dira.
☉ Usansolo
Bideoa I 200 pertsona batu dira Usansolon Palestinari elkartasuna adierazteko
Elkarretaratzea jendetsua egin dute herriko plazan, 19:30ean

Palestinaren aldeko greba eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herrian. Lanuzteak deitu dituzte lantoki eta ikastetxetxeetan, eta manifestazioa jendetsua egin da eguerdian Bilboko kaleetan zehar.
Arratsalderako, ostera, kontzentrazioak egin dira herri gehienetan, baita Hego Uriben ere. Usansoloren kasuan, “Genozidioari Stop, Palestinarekin konpromisoa” lelopean batu dira herritarrak.
“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik.
“Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.
☉ Usansolo
Usansolo erdigunerako geltoki propioa aldarrikatu dute galdeketan parte hartu duten herritarren % 94,7ak
“Demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena da instituzioek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea”, esan dio Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak GEURIAri

Herri galdeketa egin zuten atzo Usansolon, herrirako zein tren-konexio nahi duten adierazteko. Eta emaitza, argia: herri erdigunean geltokia nahi dute herritarrek.
Datuak datu, 1.741 lagunek eman zuten atzo bozka, eta horietatik 1.648k geltokia erdigunean aldarrikatu zuten, hau da, bozken % 94,7a.
Tunel ibiltariaren alde 43 herritarrek bozkatu zuten (% 2,5) eta autobus-lanzaderaren alde 33k (% 1,9). Bozka baliogabeak 17 izan ziren (% 0,9).
Galdeketa ez da loteslea, baina Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak atzo eguerdian GEURIAri adierazi zionez, herritarren borondatea errespetatuko dute: “Guk plataforma bezala geltokia erdigunearen aldeko aldarrikapen horri eutsiko diogu eta ahotsa eramango dugu beste behin Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta egokitzen den leku guztietara”.
“Ulertzen dugu herri batek bozkatzen duenean eta erabakitzen duenean, demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena dela instituzio horiek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea martxan dagoen proiektuan”, esan zuen Atxutegik.
☉ Usansolo
Argazkiak | Galdeketa Usansolon: zein tren-konexio nahi duten bozkatzen ari dira herritarrak

Usansolotarrak kalera irten dira gaur adierazteko zer nahi duten herriko tren-konexioari dagokionez. Galdeketa antolatu du Geltokia Erdigunean plataformak, Usansoloko Udalaren babesarekin, eta eguerdian Unkina plazara bertaratu gara [ikusi bideoa hemen].



































