☉ Usansolo
Elkarretaratzeko eta sare feminista osatzeko deialdiak egin dituzte Usansolon
Martxoaren 7an deitu dute elkarretaratzea Usansolon eta hilaren 27an sare feminista osatzeko herri deialdia egin dute

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginda, Usansoloko Talde Feministak ‘Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feminista’ aldarrikapena egingo du martxoan zehar.
Martxoaren 7an elkarretaratzea deitu dute 18:30ean Emakumeen plazan, eta hilaren 8an Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute.
Bestetik, martxoaren 27an, ostegunez, sare feminista osatzeko herri deialdia egin dute. Txapelenan izango da hitzordua 19:00etan.
Egitaraua / M8 Usansolon
Martxoak 7, ostirala
18:30 Kontzentrazioa Emakumeen plazan
Martxoak 8, larunbata
18:00 Manifestazioa Bilbon, Jesusen Bihotzetik
Martxoak 27, osteguna
19:00 Sare feminista osatzeko herri deialdia Txapelenan
☉ Usansolo
Usansoloko gobernu taldeak EAJren etxebizitzaren inguruko proposamena aztertuko du
Era berean, osoko bilkura izan aurretik bilera egin nahi du Usansolo Herriak EAJrekin, baita EH Bildurekin ere

Alokairu eskuragarria izatea, HAPOa eguneratzea eta babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak lehenestea, Gazteentzako Etxebizitza Plana sortzea, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea, eta, “legez kanpoko okupazioaren aurrean jarduteko udal protokoloa” egitea proposatuko dute jeltzaleek.
Agustin Aizpuru Usansoloko alkatearekin (UH) berba egin dugu GEURIAn: “EAJren dokumentua eta proposamena aztertuko ditugu eta osoko bilkura baino lehen bilera egin nahiko genuke bai eurekin bai EH Bildurekin”, esan du.
☉ Usansolo
Usansoloko EAJk etxebizitza eskuratzeko “plan integral bat” egitea proposatuko du osoko bilkuran
HAPOa eguneratzea, gazteentzako Etxebizitza Plana bultzatzea eta “legez kanpoko okupazioaren aurrean jardutea” eskatzeko mozioa aurkeztuko du EAJk osoko bilkuran

Usansoloko EAJk mozio bat aurkeztu du martxoko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Eta proposamena honakoa: etxebizitza eskuratzeko “plan integrala” egitea, “alokairua eskuragarria izateko eta udalerrian legez kanpoko okupazioaren aurrean segurtasun juridikoa indartzeko”.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eguneratzea eskatuko diote jeltzaleek Usansolo Herriako (UH) gobernu taldeari, “lurzorua libre uzteko bizitegi-sustapen berrietarako, babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak lehenetsiz”, diote.
Ildo horretan, Gazteentzako Etxebizitza Plana sortzea ere jasotzen du mozioak, “lankidetza publiko-pribatuko formulak sustatzeko, alokairu eskuragarria bultzatzeko eta emantzipazioa errazteko”, diote.
“Etxebizitza eskaintza zabaltzea beharrezko neurria da gazteentzat eta familientzat benetako aukerak sortzeko”, esan dute jeltzaleek.
“Legez kanpoko okupazioaren” protokoloa
Beste alde batetik, “legez kanpoko okupazioaren aurrean” jarduteko udal protokolo bat egitea proposatuko du EAJk: “Protokolo horrek barne hartuko lituzke kaltetutako jabeentzako aholkularitza juridikoa, Ertzaintzarekin eta udal zerbitzuekin koordinazioa, eta okupazio-arriskuan dauden etxebizitzen zaintza”.
“Etxebizitza eskuratzea, legea errespetatzearekin bat etorri behar da, eskutik doaz. Alokairu merkatuak ondo funtzionatu dezan, ezinbestekoa da etxebizitza alokairuan jartzen dutenek bermeak eta segurtasuna izatea”, azpimarratu dute.
Era berean, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurriak planteatuko dituzte: “Hala nola, zerga-neurriak eta birgaitzeko laguntzak aztertzea”.
Agustin Aizpuru Usansoloko alkatearekin (UH) berba egin dugu GEURIAn: “EAJren dokumentua eta proposamena aztertuko ditugu eta osoko bilkura baino lehen bilera egin nahiko genuke bai eurekin bai EH Bildurekin”, esan du.
☉ Usansolo
Unkina kiroldegiko estalkia konpontzeko 13.000 euroko dirulaguntza jaso du Usansoloko Udalak
Obrak “laster” hasiko dituztela esan dute Usansoloko udal ordezkariek

Unkina kiroldegiko estalkia konponduko du Usansoloko Udalak. Horretarako, 13.000 euroko dirulaguntza jaso dute.
Obrak “laster” hasiko dituztela adierazi dute udal ordezkariek.
☉ Usansolo
Xabier Capetillo usansolotarra bosgarren izan da Espainiako Pista Estaliko Txapelketan
Espainiako Pista Estaliko Txapelketako finalerdietan 200 metroko lasterketan bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; aurrekoa 21,53 zen

Xabier Capetillo Landajo usansolotarrak Espainiako Pista Estaliko Txapelketa jokatu du asteburuan Valentzian, Galdakao Atletismo Taldearekin.
Otsailaren 27an, ostiralez, 200 metroko lasterketan finalerdietarako txartela lortu zuen Capetillok. Gainera, bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; bere aurreko marka 21,53 zen.
Larunbatean hirugarren sailkatu zen bere finalerdian, eta zuzenean lortu zuen finalerako txartela.
Eta, igandeko finalean, bosgarren postuan bukatu zuen Capetillok.

☉ Usansolo
Zaborra eta hondakinak biltzeko zerbitzua 8 urterako esleituko du Usansoloko Udalak 2,6 milioi euroan
Urtean 325.000 euro bideratuko ditu Usansoloko Udalak hondakinak biltzeko zerbitzura. Enpresa interesdunek lehiaketara aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 9ra arte

Zaborra, hondakinak, papera eta landare-olioa biltzeko eta zakarrak garraiatzeko zerbitzua esleitzeko prozesua hasi du Usansoloko Udalak.
Urtarrileko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak etxeko hondakinak biltzeko eta horiek tratamendu-instalaziora garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea.
Guztira, 2,6 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak. Kontratua 8 urterako izango da, eta hortaz, urtean, 325.000 euro bideratuko dituzte.
Enpresa interesdunek eskabideak aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 9ra arte.









