☉ Usansolo
Batzar Nagusiek ez dute Usansoloko Metro geltokiari buruzko mozioa onartu
Eztabaidak herritik Batzar Nagusietara salto egin du, EH Bilduk mozioa aurkeztu ondoren. Idatzian Usansolo Herriak plataformaren eta herriko eragile ezberdinen eskariak jaso ditu koalizio soberanistak
Metroa Galdakao-Usansolo ospitalera heltzeko lanek aurrera darraite. Aurreikuspenen arabera 2027an iritsiko da metroa Galdakaora eta 2029an Usansoloko Ospitalera eta Durangaldearekin lotura. Hortik Usansoloko erdigunera zelan helduko den, baina, kalapita sortu du hasieratik. Aurreikuspenak betez gero, Galdakaoko ospitalean bukatuko luke bere ibilbidea metroak, eta hortik aurrera 4 aukera aztertu diren arren, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Trenbide Sareak eta Eusko Jaurlaritzak lanzaderaren aldeko apustua onetsi dute.
Proposamen horrek, aldiz, ez du Usansoloko Kudeaketa Batzordearen babesa, aitzitik, Usansolo Herriak plataformak, EH Bilduk eta EAJk geltokia herriko erdigunera heltzea eskatzen dute. Aldarri hori bera plazaratu zuten hiru alderdiek, herriko beste hainbat eragilerekin batera, joan den larunbatean egin zuten manifestazio jendetsuan.
EH Bilduren mozioa Batzar Nagusietan
Eztabaidak herritik Batzar Nagusietara salto egin du, EH Bilduk mozioa aurkeztu ondoren. Idatzian Usansolo Herriak plataformaren eta herriko eragile ezberdinen eskariak jaso ditu koalizio soberanistak: kudeaketa batzordeak beste erakundeekin batera bileretan parte hartzea, alternatiben azterketaren aurkezpen publiko bat egitea (lau alternatiben abantailak eta desabantailak azalduz), eta azken erabakia “erakundeen arteko lankidetzan” oinarritzea, besteak beste. Modu berean, 2022an Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen plangintzara bueltatzea eskatzen dute, bertan herrigunean geltokia egitea aurreikusten baitzen.
Mozioak ez zuen aurrera egin, EAJk eta PSEk kontra bozkatu, eta PPk abstentziora jo zuelako. Jeltzaleen kasuan, ez dute uste Foru Aldundiaren eskumena denik halako erabaki bat hartzea, “Eusko Jaurlaritzaren parte hartzerik gabe”, baina proposamenak entzun eta aztertzeko prest daudela adierazi dute. PSEk ere antzera jokatu du, eta behar beste bilera egiteko prest agertu da.
☉ Usansolo
Manifestazioa deitu dute urriaren 5ean Usansolon: “Geltokia erdigunean, lortu arte!”
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea. Hori adierazi zuten irailaren 18an Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorrak eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoak, Geltokia Erdigunean plataformak antolatu zuen asanblada irekian.
Usansolotarrak ez dira erabaki horren aldekoak, eta horregatik kalera aterako dira beste behin ere, geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten aldarrikatzeko. Urriaren 5ean, larunbatez, manifestazioa deitu du plataformak: 12:00etan hasiko da Meatzetatik.
“Asanbladan ikusi eta entzun gintuzten, baina jaramon gutxi egin digute geroztik. Horregatik, kaleak hartu behar ditugu, Usansolotik hasita Bilbora arte!”, adierazi dute plataformatik: “Usansolo osoa mobilizatu behar dugu! Zuek zarete herria, eta zuei dagokizue Usansolok nahi duena argi eta garbi adieraztea: Geltokia Erdigunean! Lortu arte!”.
☉ Usansolo
Usansoloko VII. Herri Lasterketak 500 korrikalari baino gehiago hartuko ditu
Usansoloko Herri Lasterketa urriaren 6an, igandez, izango da. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta Arlo Baltza plazan izango du irteera eta helmuga.
Dagoeneko 530 korrikalarik eman dute izena lasterketa herrikoian, baina oraindik izena emateko epea zabalik dago: gaur gauerdira arte 5 eta 1 euro ordainduko dituzte partaideek, eta lasterketaren egunean bertan 10 eta 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Parte-hartzaile guztiek probaren kamiseta teknikoa jasoko dute opari.
Usansoloko Herri Lasterketa U113 Traitloi Taldeak antolatzen du.
Usansoloko VII. Herri Lasterketa
Urriak 6, igandez
Arlo Baltza plaza
11:45 Txikiak (0-4 urte) – 200 metro
12:00 Umeak (5-9 urte) – 500 metro
12:15 Gazteak (10-16 urte) – 1 kilometro
12:30 Nagusiak (+16 urte) – 7 kilometro
Usansoloko Udalak adierazi duenez, 12:00etatik 13:30era ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo da lasterketaren ibilbidean.
☉ Usansolo
Bideoa / “ETSk entzun du Usansolok zer nahi duen, eta jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”
Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean: alde batetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua; eta bestetik, tunel luzeago bat, 500 metro luzerakoa, Usansolo erdigunera iritsiko litzatekeena
Usansoloko Metro geltokiaren aferaz asanblada irekia egin zuten atzo herrian. Bertan izan ziren Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa.
Bi erakundeetako ordezkariek azaldu zutenez, baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea: “Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu zuen De Juanek.
Adierazpen horiek asanblada irekira bertaratu ziren herritarren haserrea piztu zuen: “Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi zuen atzo herritar batek.
Hain zuzen ere, metroaren geltoki berria Ospitalaren ondoan eraikiko dute, Usansoloko Unkina plazatik 900 metrora (gaur egungo Euskotreneko geltokia, desagertu egingo dena, 450 metrora dago).
Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean metro geltokia Usansolo erdigunearekin lotzeko: alde batetik, lurazpiko tunel bat eraikitzea, 500 metro luzerakoa, Laminarrieta, Meatzeta eta Torreondo kaleen arteko bidegurutzera iritsiko litzatekeena; eta bestetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua uztartzea.
Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dute bigarren aukera; lanzaderarena, alegia. “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”, zehaztu zuen De Juanek. Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak, atzo ere adierazi zutenez.
Geltokia Erdigunean plataformatik adierazi dute “euren helburua lortu arte” jarraituko dutela borrokan: “Eusko Jaurlaritzak eta ETSk entzun dute Usansolok zer nahi duen, eta, hortaz, jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”, adierazi dio GEURIAri Josu Grandibal plataformako kideak.
“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdetu zuen atzo asanbladan Jon Atxutegi plataformako kideak.
☉ Usansolo
Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea. Gaur asanblada irekia egin dute eta bertan baieztatu du hori Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak.
“Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu du De Juanek.
Ildo berean, De Juanek adierazi du Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dutela lanzaderaren aukera: “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”.
Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak.
Lanzaderaz gain, bi erakundeek mahai gainean duten beste aukera da tunel bat eraikitzea, 500 metroko luzerakoa, ospitalean eraikiko duten geltokia Usansolo erdigunera hurbiltzeko.
Loly De Juanekin batera, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa izan dira asanbladan.
“Koherenteak izaten saiatu gara. Mahai gainean dauden proposamenak jasangarrienak dira sozialki zein ekonomikoki. Usansolo herriari zerbitzua emateko modurik onena dira. Ospitalea eta herria lotzeko puntu bakarra, Usansoloko zentroari zerbitzua eskaintzeari utzi gabe”, adierazi du Ferrazek.
Bi erakundeek euren proposamenak aurkeztu ondoren adierazi dute usansolotarrek erabaki ahal izango dutela bi aukeretatik bat. Hala ere, Usansoloko herritarrak ez daude ados ez aukera batekin ez bestearekin.
Herritarrak haserre
Asanblada irekia Geltokia Erdigunean plataformak antolatu du, eta Jon Atxutegi bozeramaileak hitza hartu du: “Gure helburua da metro geltokia erdigunean eraikitzea, hirugarren aukera izan daitekeena. Herritarron interesak defendatzen dituen aukerarik onena da”.
“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdegin du Atxutegik.
Usansoloko San Andres eliza bete-beteta egon da asanblada irekian, eta bi erakundeetako ordezkarien berbak hautsak harrotu ditu bertaratu diren herritarren artean.
“Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi du herritar batek.
☉ Usansolo
Usansoloko EAJk Metro geltokia Emakumeen parkean eraikitzea proposatu du
Usansoloko Metro geltoki berria herri erdigunearekin lotzeko proposamenek ez dituzte herritarren nahiak asetu. Herritarrek geltokia erdigunean eraiki dezaten nahi dute, baina gaur egun Eusko Jaurlaritza geltokia Ospitaletik gertu eraikitzen ari da, eta hura erdigunearekin lotzeko mahai gainean dituen aukerak bi dira: lanzadera zerbitzua jartzea ala lurazpiko tunel bat eraikitzea.
Usansoloko Udala (UH, EH Bildu eta EAJ) bi aukera horien kontra agertu da. Alde batetik, UHk eta EH Bilduk “irmoki” arbuiatu dute Jaurlaritzak, Aldundiak eta ETSk mahai gainean dituzten bi aukera horiek, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eurek eskatuta, eta, “alternatiben azterketa kontuan hartuta”, “aukerarik onena” udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea dela uste dute: “Aukera hori teknikoki egingarria izateaz gainera, erabiltzaile kopuru handiena jasoko duena da, 3.000 pertsonari baino gehiagori zerbitzua emango baitio, geltokira 10 minutuko eremuan”, diote.
Bestetik, Usansoloko EAJk ere tunelaren zein lanzaderaren proiektua atzera botatzeko eskatu du: “Uztailaren 18an, Usansoloko Udaleko osoko bilkuran onartu ahal izan zen Usansoloko EAJren proposamena, ETSk proposatutako lanzadera zerbitzu berria baimentzeari uko egiteko”, diote.
“Udala bera, EAJk proposatuta, bere eskumenak erabiliz lanzadera zerbitzua galarazten du, eta ondorioz, ETSk proposatutako tunelaren proiektua bideraezina da”, zehaztu dute Usansoloko jeltzaleek.
Ildo horretan, proposamen bat egin du Usansoloko EAJk: “Aukerarik onena Emakumeen parkearen inguruan sarbidea izango duen geltoki bat eraikitzea da, Ibaiondo eta Ander Deuna kaleen arteko elkargunean. Izan ere, irtenbide horrek Usansoloko biztanle gehienei sarbide hurbilena ematen die eta Gorosibai -biztanle gehien dituen gune sakabanatua- ere hartzen du”, diote.
Usansoloko Metro geltokiaren aferaren inguruan, bihar, irailak 18, asanblada irekia deitu dute Usansoloko San Andres elizan. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izango dira, tartean, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendaria.