☉ Usansolo
Usansoloko metro geltokiaren auziak zalaparta eta eztabaida piztu du beste behin Batzar Nagusietan
EH Bilduk mozioa aurkeztu du, besteak beste, Aldundiak Geltokia Erdigunean plataformarekin batera koordinazio mahai bat sortzeko. EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute

Usansoloko metro geltokiari buruzko eztabaida egon da gaur goizean Gernikako Batzar Nagusietan.
EH Bilduk mozioa aurkeztu du, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Geltokia Erdigunean plataformaren arteko lankidetza-esparru bat ezartzeko.
“Plataformaren eta erakunde eskudunen arteko zubiak erraztu eta sortu behar direla uste dugu, egungo egoeraren diagnostikoa egin ahal izateko eta neurri zehatzak eta komunak ezarri ahal izateko”, adierazi du gaurko osoko bilkuran Raul Mendez Urigoitia EH Bilduko bozeramaileak.
Mendezek urriaren 5ean Geltokia Erdigunean plataformak Usansolon antolatu zuen galdeketa izan du oinarri bere hitzaldian: “Kontsulta hori legez loteslea ez izan arren, horrelako ekimenek garrantzia sozial eta politikoa dutela uste dugu. Ezin dugu alde batera utzi sakoneko arazo baten aurrean gaudela eta ezin diogula pasatzen utzi irtenbide bat emateko. Uste dugu Aldundiak herritarren parte hartze prozesuak sustatu beharko lituzkeela Usansoloko geltoki berriari buruzko erabakietan. Erabakiak ezin ditugu irizpide teknikoetan bakarrik utzi, irizpide teknikoek beraiek adierazi dutenean alternatibak egingarriak direla, eta horri buruzko erabaki politiko bat hartzea dagokigula”, esan du Mendezek.

Elkarrekin Podemoseko ordezkariak hitza hartu duenean // Utzitakoa
Richar Vaquero Moreno Elkarrekin Bizkaiko bozeramaileak babesa eman dio EH Bilduren moziari: “Usansolon egin dena ez litzateke salbuespena izan behar, araua izan beharko litzateke: erabaki estrategikoak hartu aurretik herritarrei galdetzea, hain zuzen”.
PPko ordezkari den Pablo Gomez-Guadalupe Garcia-Tejedorrek adierazi du alderdi popularra Usansoloko erdigunean geltoki bat egitearen alde dagoela: “Ez gaude irtenbide periferiko baten alde, herritarrak kanpoaldera mugitzera behartzen dituena metrora sartu ahal izateko”. Aldundia eta Eusko Jaurlaritza “ez entzunarena egiten” ari direla esan du, baina abstentziora jo dute: “Ezin dugu inolako oinarri juridikorik gabe egiten den kontsulta batean oinarritzen den mozio bat babestu”, esan du Gomez-Guadalupek.
EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosek aldeko botoekin eta PPren abstentziorekin ez da nahikoa izan mozioa onartzeko. Izan ere, EAJk eta PSEk koordinazio mahai hori sortzearen kontra bozkatu dute.
Alderdi jeltzaleko Irene Edesa Gomez batzarkideak adierazi duenez, “EH Bilduk hausnarketa bat egin behar du: ekuaziotik kendu ditu bi eragile garrantzitsu: ETS eta Usansoloko Udala. Usansolo Galdakaoko parte zenean, Galdakaoko Udalak berak, EH Bilduren gidaritzapean, eskatu zion ETSri Usansoloko geltokia ospitaletik ahalik eta gertuen egon zedin”.
“Gaur ere berriro esango dugu: Usansoloko Udalak lan egin beharko luke ETSrekin batera, herrirako konexio formularik onenak bilatzeko”, esan du Edesak. Hain zuzen ere, jeltzaleak adierazi duen moduan, ETSk erabakitzen du geltokiak non jarri, “eta ez Aldundiak”.
Eta, EH Bilduko bozeramaileak erantzun dio: “Usansoloko Udalak askotan esan du zein den bere jarrera: geltokiak erdigunean egon behar duela. Eta guk eskatzen duguna da Aldundiak gainerako erakundeekin trakzionatzea”.
Ignacio Jeronimo Moreno PSEko ordezkariak “beharrak eta itxaropenak desberdinak” direla esan du bere agerraldian, eta beharrak “beteta” daudela adierazi du: “Alder sozialistan ez gaude itxaropen faltsuak sortzeko, beharrak kalitatez betetzeko eta jendearen kezkei irtenbideak bilatzeko gaude. Eta zorroztasun- eta erantzukizun-irizpideak jarraitu ditugu, errentagarritasun sozial eta ekonomikoan eta irizpide teknikoetan oinarrituta, komenigarriena denari dagokionez”.
☉ Usansolo
Laminarrietako aparkalekuko 48 plaza esleitzeko zozketa egingo du Usansoloko Udalak
Laminarrietako aparkalekuan dauden udal-garajeko plazen errentamendu-eskaera egin dute 66 herritarrek eta horregatik zozketa egingo du Udalak

2025eko azaroaren 24tik abenduaren 26ra bitartean Usansoloko Udalak Laminarrietako aparkalekuan dauden udal-garajeko plazen errentamendu-eskaerak aurkezteko epea zabaldu zuen.
Guztira 48 plaza eskaintzen ditu Udalak eta eskaerak 66 izan dira. Eta eskaera kopurua eskaintza baino handiagoa denez, zozketa egingo du laster Udalak Laminarrietako aparkalekuko 48 plazak esleitzeko.
Usansoloko Udalak urtarrilaren 12an publikatu zuen Laminarrietako aparkaleku-plazak esleitzeko prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.
Eskaera guztietatik bostek ez dituzte baldintzak betetzen—gidabaimena ez aurkezteagatik edo gidabaimena indarrean ez egoteagatik, besteak beste—.
Hala ere, hamar egun balioduneko epea zabaldu du Udalak eskabideak zuzentzeko, urtarrilaren 23ra arte.
☉ Usansolo
Jon Azkueta usansolotarrak liburu berria kaleratuko du urtarrilaren 14an
‘Las trece caracolas’ du izena Azkuetaren laugarren eleberriak. Thriller bat da eta Bermeon dago oinarrituta

Jon Azkueta idazle usansolotarrak bere laugarren eleberria publikatuko du urtarrilaren 14an, asteazkenez.
‘Las trece caracolas’ du izena: thriller bat da eta Bermeon dago oinarrituta.
Aurreko liburuak ez bezala, honakoa ez da Interneten irakurgai egongo eta, hortaz, liburu-dendetan erosi beharko dute interesa daukatenek.
Planeta argitaletxearen Crossbooks markarekin publikatuko du Azkuetak bere azken nobela. Aurretik ere marka berarekin argitaratu ditu: ’69 segundos para conquistarte’ (Planeta, Crossbooks, 2022) ‘Huyendo del vicio’ (Planeta, Crossbook, 2023), eta ‘El último amanecer de agosto’ (Planeta, Crossbook, 2024).
Eta Planetatik adierazi dutenez, “bere lanik helduena da: publiko gaztearentzat zein helduarentzat”.
Lagunak, maitasuna eta sekretuak
Jon Azkuetaren ‘Las trece caracolas’ eleberriaren sinopsiak honela dio:
Norak bizimodu erosoa du bere familia aberatsari esker, eta Bermeoko apartamentu-eraikin baten kudeaketaz arduratzea onartzen du. Eraikin horren jabeak gurasoen lagunak dira. Eta, Nora herrira iristean, denek Aneri buruz hitz egiten dute, arrastorik utzi gabe desagertu den neska bati buruz.
Bertan, kasuko hiru pieza garrantzitsuenak ezagutuko ditu Norak: Dylan, surflari sexia, bere bizilaguna; Eder, Aneren mutil-laguna; eta Sara, bere ahizpa. Elkarrekin, Anek zuzentzen zuen lagun-taldea osatzen dute, denborarekin Nora integratuko duena.
Baina adiskidetasunak eta maitasunak ez ezik, zira hori baten azpian ezkutatutako pertsona misteriotsuak ere funtsezko papera beteko du. Noten eta jazarpenen bidez, Nora otsoaren ahoan sartzera bultzatuko du, Aneren desagerpena konpontzeko.
☉ Usansolo
Pala egokitua eta emakumezkoen finala hartuko du Usansolok abenduaren 21ean
Naia Zugaza eta Jone Bidasolo bikoteak Enara Anitua eta Irati Saez bikotearen aurka jokatuko du finala

Pala protagonista izango da abenduaren 21ean, igandez, Usansolon. Alde batetik, pala egokituko partida bat jokatuko da, eta bestetik, emakumezkoen palako finala.
Emakumezkoen finalari dagokionez, Naia Zugaza eta Jone Bidasolo bikoteak Enara Anitua eta Irati Saez bikotearen aurka jokatuko du.
Partidak 17:30ean hasiko dira, Usansoloko frontoian. Zozketak eta opariak egongo direla adierazi dute.
☉ Usansolo
Galdakao-Usansolo ospitalea handitzeko lanak 2029an hasiko ditu Eusko Jaurlaritzak
Kanpo-kontsultetarako eraikin berria izango da. Guztira, 136,8 milioi euro inbertituko dituzte 2032ra bitartean, baina lanak ez dira ordurako bukatuta egongo

Galdakao-Usansoloko ospitalea handituko du Osakidetzak. Iazko otsailean GEURIAn aurreratu bezala, kanpo-kontsultetarako eraikin berria eraikiko dute ospitale-barrutiaren iparraldean, heliportuaren eta Larrialdi zerbitzuen ondoan.
Atzo, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuenez, lanak 2029an hasiko dituzte. Guztira, 136,8 milioi euro inbertituko dituzte 2032ra bitartean, baina Osasun Saileko ordezkariek adierazi dutenez, lanak ez dira bukatuta egongo 2032rako.
2024ko otsailean zabaldutako proiektuaren arabera, erakin berriak 58.000 metro karratuko azalera izango du eta bederatzi solairu izango ditu: lau solairu lurrazalean eta bost lurrazpian (aparkalekuak).
Eraikina hiru eremu handitan bereiziko da. Lehena asistentzia-erabilerarako eremua izango da eta bertan kokatuko dituzte kanpo-kontsultak, erradiologia anbulatorioa eta farmazia anbulatorioa. Bigarren eremuan, zuzendaritza- eta administrazio-eremuak eta irakaskuntza-gelak egongo dira, eta, hirugarren eremuan, 1.129 aparkaleku eraikiko dituzte bost solairutan.

Eraikin berria heliportua eta Larrialdi zerbitzuen artean eraikiko dute // Irekia
Kanpo-kontsultetarako eraikin berriaz gain, Galdakao-Usansolo ospitaleko ospitalizazio-solairuak eraberritzen ari da Osakidetza. Kasu honetan lanak dagoeneko hasi dituzte eta 2028ra arte luzatuko dira.
Aparkaleku gehiago
Galdakao-Usansolo ospitaleko egungo aparkatze-arazoari erantzuna emateko asmoz, kanpo-kontsultetarako eraikin berrian 1.129 aparkaleku eraikiko dituzte.
Baina, ez dira bakarrak izango. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak azaroan iragarri bezala, aparkaleku berriak birgaituko dituzte ospitalearen atzeko aldean.
Ospitalearen inguruko titulartasun publikoko partzeletan eraikiko dituzte aparkaleku berriak, eta partzeletako bat Osakidetzaren jabetzakoa da.
Lanak 2026an hastea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak, “2028an plaza gehiago izateko helburuarekin”, eta inbertsioa 1,6 milioi eurokoa izango da.
☉ Usansolo
Ander Deuna kalea noranzko bakarrekoa izango da Usansolon
Errei bakarrekoa bihurtuko du Udalak Ander Deuna kalea. Era berean, lineako eta bateriako aparkaleku berriak sortuko dituzte herrian

Trafikoa, aparkalekuak eta oinezkoentzako pasabideak berrantolatuko ditu Usansoloko Udalak.
Helburua da hiri-mugikortasuna eta oinezkoen eta gidarien arteko elkarbizitza hobetzea.
Eta, asmo horrekin, jarduera nagusia izango da Ander Deuna kalea noranzko bakarrekoa eta errei bakarrekoa bihurtzea.
“Neurri horri esker bigarren ilaran aparkatzea saihestuko da eta trafikoaren arintasuna hobetuko da”, diote udal ordezkariek.
Gainera, berrantolaketa horrekin pilaketak murriztuko direla eta segurtasuna handituko dela adierazi dute Usansoloko Udaletik.
“Etorkizunean, Ander Deuna kalean espaloiak handitzea aztertu ahal izango da, kale nagusi honi izaera atseginago, irisgarriago eta pertsonengan zentratuago bat emateko”, diote.
Aparkalekuen berrantolaketa
Herriko aparkalekuen berrantolaketa izango da Udalak gauzatuko duen beste jarduera bat.
Ildo horretan, aparkatzeko guneak behar bezala ezarri eta mugatuko ditu Udalak, “ibilgailuak leku desegokietan aparkatzea saihesteko eta oinezkoen zirkulazioa eta sarbide-guneak errespetatzea bermatzeko”, diote.
“Aparkalekuen antolaketa argi baten faltak eragin du ibilgailu asko gaizki aparkatzea, gune ez egokituak okupatuz, oinezkoen pasabideak inbadituz eta oinezkoen zirkulazioa oztopatuz. Egoera honek zailtasunak sortzen ditu bai ibilgailuen zirkulazioan bai oinezkoen mugikortasunean, eta gainera, pertsonen segurtasunerako arrisku bat ere badakar”, esan dute.
Besteak beste, Ander Deuna kalean —Txapelena Baserriaren parean eta Unkina plazaren ondoan— , lineako aparkaleku berriak sortuko dituzte.
Eta, Ander Deuna kaleko 8tik 12ra, Oletxe eta Iturritxu kaleen artean, bateriako aparkaleku berriak sortuko dituzte.
Lineako aparkaleku berriak ere egokituko dituzte Oletxe, Oio Baroja eta Taberna Zaharra kaleetan eta Lekubaso bidearen trenbide gaineko zubian.
Arreta bereziko guneak
Halaber, oinezkoen pasabidearen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko xedearekin, Laminarrieta kalean, eskoletarako bidean, esku hartuko du Usansoloko Udalak.
“Puntu hori arreta bereziko gune gisa seinaleztatuko da eta pasabidearen ikusgarritasuna eta egoera hobetuko dira, eskolara doazen ikasleen eta ibilbide hori erabiltzen duten gainerako oinezkoen segurtasuna indartuz”, diote.
Usansoloko Udalak aparkaleku eta zirkulazio arauak errespetatzearen garrantzia azpimarratuko du, “eta haien betetzea bermatzeko beharrezko neurriak hartuko dira, Ertzaintzaren eta datorren urtean martxan egotea espero den Udaltzaingoaren bitartez”, diote: “Horrela, espazio publikoaren erabileran errespetu eta erantzukizunaren kultura sendotu nahi da, hirigune seguruago, ordenatuago eta irisgarriago bat sortuz herriko bizilagun guztientzat”.










