☉ Usansolo
Osakidetzaren kontratazio-zerrendak eguneratzea eskatzeko elkarretaratzea egin dute Galdakao-Usansolo ospitalean
LAB sindikatutik salatu dutenez, “Osakidetzako zuzendaritzak urtebete baino gehiago darama aldi baterako kontratazio-zerrendak eguneratu gabe”

Osakidetzaren kontratazio-zerrendak eguneratzea eskatzeko elkarretaratzeak egin ditu LAB sindikatuak zazpi ospitaletan. Tartean, Galdakao-Usansoloko ospitalean.
Sindikatutik salatu dutenez, “Osakidetzako zuzendaritzak urtebete baino gehiago darama aldi baterako kontratazio-zerrendak eguneratu gabe, egungo kontratazio-protokoloa bete gabe”.
LABek adierazi du ez dituztela izena eman duten pertsona berriak zerrendan sartzen, ez dituztela zerrendak eguneratu 2018-2019ko EPEko notekin eta langileek aukeratutako ESIren bat aldatzea eskatzen dutenean, aldaketa ez dela islatzen.
“Hori guztia lanerako eskubidea urratzea da, batez ere behin-behineko langileei eta oro har, Ente Publikoan enplegua lortu nahi duten herritar guztiei. Osakidetzako zuzendaritza kontratazio-akordioa urratzen ari da, nahiko berria dena eta azken hamarkadan lortutako bakarrenetakoa. Ondorioz, LAB sindikatutik egiten dugun irakurketa da Osakidetzako akordioek ez dutela ezer bermatzen”, diote sindikatuko ordezkariek.
Era berean, kontratazioen egoera kontrolatzeko gaitutako aplikazioak “aldi luzez” gaizki funtzionatu duela salatu dute LABetik: “Horrek erabateko babesgabetasun-egoeran jarri ditu kontratazio-zerrendetako kide guztiak”.
LABen ustez, lankidetza publiko-pribatu eredua da honen erantzulea, “EAJ behin eta berriz gaitz guztien irtenbide gisa saldu nahi digun eredua, alegia”, diote.
“Guztiok dakigu Osakidetzak prozesu horietarako erabiltzen dituen aplikazio informatiko gehienak kanpoko enpresek diseinatzen dituztela. Enpresa horiek, diru publiko asko poltsikoratzen dute, eta kasu askotan ez dute betetzen eskatzen zaien gutxieneko eraginkortasuna ere”, diote.
Galdakao-Usansolo ospitaleaz gain, mobilizazioak egin ditu LABek Urduliz, Gurutzeta, Basurtu, Donostia, Txagorritxu eta Santiagoko ospitaleetan.
☉ Usansolo
Usansoloko ikasleek Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzua “laster” izango dutela dio Jaurlaritzak
Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu ziren ikasturte hasieran, toki faltagatik

Usansoloko ikasle talde batek salatu duenez, Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzurik gabe daude ikasturte hasieratik, GEURIAn aurreratu bezala.
Zehazki, zortzi dira autobus-zerbitzurik gabe geratu diren ikasleak, euren bizilekuaren eta ikastetxearen artean lau kilometro baino gutxiago daudelako, eta autobusean lekurik ez dagoelako.
Irizpide hori Eusko Jaurlaritzak jarri du, eta horregatik irailetik oinez egin behar dute ibilbidea. Ikasleek salatu dutenez, bidea ez da segurua eta autobusa aldarrikatu dute.
Jaurlaritzatik adierazi dutenez, Usansoloko ikasle horiek eskola-garraioa izango dute “laster, egun gutxiren buruan”.
☉ Usansolo
Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute
Institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi diren Usansoloko zortzi ikasle geratu dira autobus zerbitzurik gabe. Irizpide hori Eusko Jaurlaritzarena da

Elexaldeko DBHko 4. mailako zortzi ikasle, Usansolokoak, institutura joateko autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute.
“Ez dagoenez eserleku nahikoa denontzat autobusean, institututik 4 kilometro baino gutxiagora bizi garen Usansoloko zortzi ikasle garraio zerbitzurik gabe geratu gara”, adierazi dute sare sozialetan.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, ikastetxea bizilekutik lau kilometrora edo gehiagora duten ikasleek erabil dezakete autobus zerbitzua.
Oinez joateko erabili behar duten biderik zuzenena segurua ez dela esan dute: “Gorosibaikoentzat errepide bazterra da biderik zuzenena institutura joateko, baina ez da segurua ez dagoelako espaloirik eta ibilgailu, kamioi eta autobus asko igariotzen direlako. Orduan, Bekeatik joan behar dugu”, diote. Eta ibilbide hori lau kilometro baino gehiagokoa dela adierazi dute.
Ver esta publicación en Instagram
Usansoloko ikasleekiko elkartasuna adierazteko, ikasle talde batek oinez egin du bidea Elexaldeko Instituturaino: 08:10ean atera dira oinez tren geltokiaren ondotik eta 09:10ean heldu dira.
☉ Usansolo
Bideoa I 200 pertsona batu dira Usansolon Palestinari elkartasuna adierazteko
Elkarretaratzea jendetsua egin dute herriko plazan, 19:30ean

Palestinaren aldeko greba eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herrian. Lanuzteak deitu dituzte lantoki eta ikastetxetxeetan, eta manifestazioa jendetsua egin da eguerdian Bilboko kaleetan zehar.
Arratsalderako, ostera, kontzentrazioak egin dira herri gehienetan, baita Hego Uriben ere. Usansoloren kasuan, “Genozidioari Stop, Palestinarekin konpromisoa” lelopean batu dira herritarrak.
“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik.
“Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.
☉ Usansolo
Usansolo erdigunerako geltoki propioa aldarrikatu dute galdeketan parte hartu duten herritarren % 94,7ak
“Demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena da instituzioek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea”, esan dio Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak GEURIAri

Herri galdeketa egin zuten atzo Usansolon, herrirako zein tren-konexio nahi duten adierazteko. Eta emaitza, argia: herri erdigunean geltokia nahi dute herritarrek.
Datuak datu, 1.741 lagunek eman zuten atzo bozka, eta horietatik 1.648k geltokia erdigunean aldarrikatu zuten, hau da, bozken % 94,7a.
Tunel ibiltariaren alde 43 herritarrek bozkatu zuten (% 2,5) eta autobus-lanzaderaren alde 33k (% 1,9). Bozka baliogabeak 17 izan ziren (% 0,9).
Galdeketa ez da loteslea, baina Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak atzo eguerdian GEURIAri adierazi zionez, herritarren borondatea errespetatuko dute: “Guk plataforma bezala geltokia erdigunearen aldeko aldarrikapen horri eutsiko diogu eta ahotsa eramango dugu beste behin Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta egokitzen den leku guztietara”.
“Ulertzen dugu herri batek bozkatzen duenean eta erabakitzen duenean, demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena dela instituzio horiek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea martxan dagoen proiektuan”, esan zuen Atxutegik.
☉ Usansolo
Argazkiak | Galdeketa Usansolon: zein tren-konexio nahi duten bozkatzen ari dira herritarrak

Usansolotarrak kalera irten dira gaur adierazteko zer nahi duten herriko tren-konexioari dagokionez. Galdeketa antolatu du Geltokia Erdigunean plataformak, Usansoloko Udalaren babesarekin, eta eguerdian Unkina plazara bertaratu gara [ikusi bideoa hemen].


































