Sareak

☉ Usansolo

Bideoa / Arratiako Korua Usansolotik igaro da Santa Ageda bezperan

|

Otsailak 4 ditu gaur, Santa Ageda bezpera. Arratiako Koruak bere ibilbidea hasi du gaur goizean, eta besteak beste, Usansolotik igaro da. Garazi Navas usansolotarra da Koruko zuzendaria eta herrikideek adierazi dutenez, “oso hunkigarria” izan da.

☉ Usansolo

Antton Irusta Zamalloa: «Ipuinak balio etikoak lantzeko tresna dira eta balioen transmisioen eragile»

“Ipuin antzeko alegia baliosak” ipuin-sorta argitaratu du Antton Irusta Zamalloa usansolotarrak. Gizartean balio etikoen gabezia dagoela dio, eta ipuinak horiek lantzeko tresna baliotsua direla aldarrikatu du.

|

Mikel Zarateren ‘Ipuin antzeko alegi mingotsak’ (1975) liburua izan du abiapuntutzat Irustak // Geuria

Liburuak balioen transmisio-eragile funtsezkoak direla dio Antton Irusta usansolotarrak (Usansolo, 1963). Irakaslea, idazlea eta ipuin kontalaria, ‘Ipuin antzeko alegi baliosak’ ipuin-sorta kaleratu du aurten, lehen aldiz autoeditatuta, Enrique Morente ilustratzaile galdakoztarrarekin batera.

Bizikidetzan, balio etikoetan eta errespetuan gabeziak ikusten ditu Irustak, eta hutsune horiek betetzeko ipuinak baliagarriak izan daitezkeela uste du. Anttonekin batu gara bere Usansolo maitean eta solasaldi interesgarria izan dugu.

‘Ipuin antzeko alegi baliosak’ ipuin-sorta kaleratu duzu aurten, Antton.
Bai. Hirurogei urte dituzunean gauzak ikusten dituzu seigarren solairutik, eta hainbat liburu idatzi ondoren, banuen asmoa liburu bat nik neronek autoeditatzeko. Idatzi nahi nuen gaur egun gizartean dauden gabezia askoren inguruan. Irakaslea naizen aldetik, konturatu naiz gaur egun, batez ere DBHn eta Batxilergoan, gabezia handia dagoela balio etikoei erreparatuz. Nik nahi nuen balio etikoak erdigunera ekarri.

Zeintzuk dira gizartean dauden gabezia edo hutsune horiek?
Euskaraz esaten dugu: “Umeen zentzuna, etxean entzuna” edo “Umearen ikasia, etxean ikusia”. Gabezia handiak ikusten ditut batez ere bizikidetzan, balio etikoetan, errespetuan, ikasleen artean dagoen agresibitatean edota hizkuntza sexistan. Orduan, konturatu nintzen ipuinak baliagarriak izan daitezkeela hutsune horiek betetzeko. Eta hortik dator ‘Ipuin antzeko alegi baliosak’. Ipuin laburrez osatutako bilduma da.

Mikel Zarateren ‘Ipuin antzeko alegi mingotsak’ (1975) liburua izan duzu abiapuntu zurea idazteko.
Txikia nintzenean irakurri nuen ‘Ipuin antzeko alegi mingotsak’ eta zur eta lur geratu nintzen, maitemindu nintzen. Euskaraz irakurri nuen lehen liburua izan zen, eta barruan zerbait piztu zidan. Euskarak badauka bere mundua, bere mundu magikoa eta niretzat oso baliotsua da.

Nagusitan Mikelek idatzitako horrelako zerbait idatziko ote nuen galdetzen nion nire buruari. Eta hara! Badira dagoeneko dozenaka liburu publikatu ditudanak!

Ipuin antzekoak dira, laburtxoak eta alegia horietan balioak lantzeko materiala agertzen da.
Mikel Zarateren anaia eta iloba ezagutzen ditut eta esan nien nire asmoa zela Mikelen omenez liburua ateratzea. Mikel beti izan da nire bizitza literarioan zutabe bat. Idazle oso aberatsa, naturarekin harreman estua zuena, ahozkotasunaren mundutik zetorrena…

Liburuaren hitzaurrean agertzen da aholkuak ematen dituzula liburuan.
Hitzaurrean aldarrikatzen dut ipuinak balio etikoak lantzeko tresna direla. Ipuinak balioen transmisioen eragile funtsezkoak dira. Aukeratu ditudan ipuinak oso laburrak dira eta bakoitzak balio etiko bat aldarrikatzen du.

Esate baterako, ‘Arrakastarako bidea da akatsa’ Thomas Edisonen liburuan esaten du derrigorrezkoa dela bizitzan aurrera egiteko akatsak egitea. Gaur egun, mundu teknologiko honetan, dena berehala nahi dugu, ezin dugu akatsik egin, berehalakoa da guztia, ez dago denborarik pentsatzeko… Horrexegatik aukeratu ditut ipuin batzuk pentsarazteko, bai gurasoei bai gazteei.

“Gazteek ez dakite balio kritikorik egiten: eta horregatik ere atera dut liburua, hausnarketa egin dezaten

Zein aholku nabarmenduko zenuke, adibidez?
Ipuin bakoitzean badago halako mezu sakon bat. Adibidez, lehenengo ipuinean, ‘Munduko zazpi mirariak’ izenekoan, behin ikasleei galdetu nien: “Aizue, zer uste duzue mirariei buruz?” eta Erromako Colisseoa edo Txinako Harresia zirela uste zuten.

Eta nik ipuin honetan adierazten dut zeintzuk diren benetako munduko zazpi mirariak: 1-Pentsatu ahal izatea 2-Hitz egin ahal izatea 3-Sentitu ahal izatea 4-Erantzun ahal izatea 5- Irribarre egin ahal izatea 6-Ukitu ahal izatea 7-Eta garrantzitsuena… maitatu ahal izatea. Badira kanpoan mirariak, baina gure barnera begiratu behar dugu benetako mirariak zeintzuk diren jakiteko.

Liburuak aukera ematen du egunean 5-10 minutuan ipuin bat irakurtzeko eta pentsatzeko eta esateko: gauzak denborarekin egin ditzagun, patxadaz, norberak bere aisialdiari balioa emanez eta zentratuta geure buruarekin.

Hitzaurrean honakoa ere badiozu: “Ziurrenik etxeko eta eskolako hezibideak ez du zuzenean lagunduko gure mundua aldatzen, baina bai mundu hori noizbait aldatu ahal izango duten pertsonak aldatzen”.
Guraso askok pentsatzen dute balio etikoen aldarrikapena eskolari dagokiola, eta hori etxean irakatsi beharrekoa da, zalantzarik gabe. Guk ikastetxeetan balio batzuk sendotu ditzakegu, baina balio etikorik gabeko ikaslea, eskolara datorrena, ezezko borobila inoiz jaso ez duena, gauzak berehala egin nahi dituena, ez dakiena frustraziorako tolerantzia izaten…hori arazoa da gizartean, etxeko zentzu hori ez dagoelako landuta.

Gu, gurasook, hezteko gaude eta gero seme-alabek euren bidea egin behar dute jaso dituzten balio etikoetan oinarrituta. Bidea egitea eurei dagokie, eta bide horretan, besteak beste, frustrazioa zer den ikasi behar dute.

Ikasleen artean gero eta jazarpen handiagoa dago, eta adinez arinago hasten dira. Lehen 14 urterekin izaten zen; orain 8-10 urterekin. Arazo handiak daude, eta pentsatzen dut lehentasuna dela etxean lantzea errespetua, barkamena edota frustrazioa. Horregatik liburua gurasoei zuzenduta ere badago, eta eskolan zubi-lana baino ez genuke egin behar.

Liburua ez da, hortaz, bakarrik gazteei zuzendutakoa. Ez da bakarrik haurrentzako literatura. Gurasoei zuzendutako liburua ere bada. Gaur egun ez dago frustrazioarekiko tolerantziarik. Etxean balioak ez badira lantzen, eskoletan ezinezkoa da. Orduan, horren aldeko aldarrikapena ere bada liburua: gurasoek ere aukera izan dezaten oso abandonatuta dagoen mundu hau berreraikitzeko eta birbideratzeko.

Hezibidean liburuak tresna direla diozu. Zein paper jokatzen dute liburuek gugan?
Gero eta gutxiago irakurtzen da. Irakurtzearen plazera ez da etxean lantzen. Gaur egun ikaslea zentratuta dago gailu teknologikoetan eta irakurtzen duen informazioa ez da batere kritikoa. Gazteek ez dakite balio kritikorik egiten. Eta horregatik ere atera dut liburua, gazteek hausnarketa egin dezaten. Irakurzaletasuna guztiz abandonatuta dago eta aldarrikatzen dut hutsune horren baitan leku bat egin behar zaiola irakurketari, ipuinari, komunikazioari eta ahozko adierazpenari, eta horiek guztiak gaur egungo teknologiarekin txertatuta egon behar dira.

Liburu honetan bidelagun izan duzu beste behin Enrique Morente ilustratzaile galdakoztarra. Nolakoa da berarekin lan egitea?
Enrique eta biok bikote ofiziala gara bide honetan! 1996an ezagutu nuen Enrique, urteak dira! ‘Katxin’ lehen liburua berarekin argitaratu nuen, eta esan behar dut ideia bat edo istorio bat daukadanean buruan, Enrique beti prest dagoela nire ipuinei bere ukitu pertsonala emateko. Eta horregatik eskerrak ematen dizkiot azken liburuan: “Enrique Morenteri, nire ipuin liburu guztien marrazkilari apartari, apala bezain jantzia, handia bezain jatorra. Harro nago nire ipuina zurekin partekatzeaz”.

Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta ondo konpontzen gara. Ni ez naiz marrazki munduan oso aditua, baina berehala ikusten ditut haren irudiak eta badaukate gatza eta piperra, badute zerbait diferentea beste marrazkilariekin konparatuz. Seguru asko estilo kontuak dira, baina niretzat plazera da berarekin lan egitea.

Irakurzaletasuna guztiz abandonatuta dago eta aldarrikatzen dut hutsune horren baitan leku bat egin behar zaiola irakurketari

Hasieran aipatu duzu ‘Ipuin antzeko alegi baliosak’ autoeditatutakoa izan dela. Azalduko diguzu zein den liburu bat autoeditatzeko prozesua?
Pamiela argitaletxeko maketazioan aditua den Esteban Montorio ezagutzen dut, eta gertutik ikusi dut maketazio prozesua. Letra mota, portada, hitzaurrea, ipuinaren egitura eta diseinua aukeratu behar izan ditut. Hainbat proba egin behar izan genituen, eta emaitzarekin oso pozik nago. Estebanek lan oso handia, polita eta berezia egin du.

Nola definituko zenuke autoeditatzearen esperientzia?
Prozesua gertu-gertutik jarraitu dut, inprentaren munduan barneratu naiz eta ikusi dut zelako konexio zuzena izan duen Enriquek liburuarekin. Beste batzuetan argitaletxeak berak egiten du hori guztia.

Besteak beste, Usansolo herriari ere eskaini diozu zure azken liburua.
Bai, esker onak eta eskaintzak egin ditut liburuan. Aukera ona zen nire bizitzan eragina izan duten lagun hurkoei halako eskaintza bat egiteko. Adibidez, Usansolo herriari eskaintzen diot liburua. Berton jaio nintzen, berton ezkondu nintzen, berton jaio ziren gure bi semeak. “Agur bero bat Bizkaiko 113. herrian bizitzeko harrotasuna eta poza sentitzen dituzuen usansolotar guzti-guztiei”, diot.

Izaskun Rekalderi ere eskaini diozu liburua.
Bai. Duela urtebete hil zen eta hil aurretik topo egin genuen hitzaldi batean. Balio oso handiak zituen Izaskunek, oso emakume arduratsua zen, euskara lau haizeetara aldarrikatzen zuen. “Euskaltzale, borrokalari eta gure lemazain erraldoiari. Bizirik zaude bizipoza eragiten gugan. Zure adoreak gure begietan txertaturik geratu dira betiko”. Usansolotarrak izanik, Usansoloren izena hara eta hona ere eraman zuen, eta euskara geldirik egon baino, nahi zuen zabaltzea. Lan ikaragarria egin zuen euskararen alde.

Liburu gehiago idazteko asmoa duzu?
Bai, zergatik ez! Etxe ondoan lonja bat erosi berri dut. Leku bat lasai egoteko, idazteko, nire burua zentratzeko, niretzat propio. Seguru asko, irakaskuntzatik jubilatu orduko jarraituko dut idazten. Usansoloko lekuak ipuin baten bidez islatu nahiko nituzke, erreferentzia kulturala ekartzeko Usansolori. Horrelako zerbait egin nahiko nuke. Sinple bezain tinko, ez dugu etsiko!

Osorik irakurri

☉ Usansolo

‘Geltokia erdigunean’ aldarrikatzeko bigarren manifestazioa deitu du plataformak Usansolon maiatzaren 28an

|

Maiatzaren 17ko manifestazioa / Geuria

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko manifestazio bat egin zuen “Geltokia Erdigunean” plataformak joan den maiatzaren 17ko goizaldean. Meatzetako aparkalekuan hasi eta Galdakao-Usansoloko ospitaletik igaro ondoren herriko kaleetan bukatu zuten ibilbidea.

Orduko hartan, Jon Atxutegi plataformako kideak GEURIAari adierazi zion ez zela mobilizazio bakarra izango, eta hori horrela, plataformatik jakinarazi dute datorren maiatzaren 28an bigarren manifestazio bat egingo dutela. Ibilbideari dagokionez, honako honetan Usansolo kaleetatik irtengo dira 7:15etan, eta ospitalera jo ondoren autopistarako sarreran dagoen biribilgunera ere joango dira, herrira bueltatu aurretik.

Lanzaderaren aukera, onetsita

Bitartean, Metroa Galdakao-Usansolo ospitalera heltzeko lanek aurrera darraite. Aurreikuspenen arabera 2027an iritsiko da metroa Galdakaora eta 2029an Usansoloko ospitalera eta Durangaldearekin lotura. Hortik Usansoloko erdigunera zelan helduko den, baina, kalapita sortu du hasieratik.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Trenbide Sareak eta Eusko Jaurlaritzak lanzaderaren aldeko apustua onetsi dute, eta hortaz, metroak bere ibilbidea Galdakao-Usansolo ospitalean bukatuko luke.

Lanzaderaren proposamen horrek, aldiz, ez du Usansoloko Kudeaketa Batzordearen babesa, aitzitik, Usansolo Herriak plataformak, EH Bilduk eta EAJk geltokia herriko erdigunera heltzea eskatzen dute. Aldarri hori bera plazaratu zuten hiru alderdiek, herriko beste hainbat eragilerekin batera, apirilaren 14an egin zuten manifestazio jendetsuan.

Herritik Batzar Nagusietara

Eztabaidak herritik Batzar Nagusietara salto egin zuen apirilean bertan, EH Bilduk mozioa aurkeztu ondoren. Idatzian Usansolo Herriak plataformaren eta herriko eragile ezberdinen eskariak jaso zituen koalizio soberanistak: kudeaketa batzordeak beste erakundeekin batera bileretan parte hartzea, alternatiben azterketaren aurkezpen publiko bat egitea (lau alternatiben abantailak eta desabantailak azalduz), eta azken erabakia “erakundeen arteko lankidetzan” oinarritzea, besteak beste.

Modu berean, 2022an Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen plangintzara bueltatzea eskatu zuten, bertan herrigunean geltokia egitea aurreikusten baitzen.

Mozioak ez zuen aurrera egin, EAJk eta PSEk kontra bozkatu, eta PPk abstentziora jo zuelako. Jeltzaleen kasuan, ez dute uste Foru Aldundiaren eskumena denik halako erabaki bat hartzea, “Eusko Jaurlaritzaren parte hartzerik gabe”, baina proposamenak entzun eta aztertzeko prest daudela adierazi zuten. PSEk ere antzera jokatu zuen, eta behar beste bilera egiteko prest agertu zen.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Bideoa / Jon Atxutegi, Geltokia Erdigunean: “Hau ez da hemen bukatzen; mobilizazioekin jarraituko dugu”

|

Metro geltokia erdigunean eskatzeko manifestazioa egin dute gaur 07:00etan usansolotarrek. Meatzetatik ospitalerako bidea egin dute eta handik berriro herrigunera. Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kidearekin berba egin dugu.

Platafomatik mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dio GEURIAri Atxutegik. Gainera, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin batuko dira.

Aste honetan Bizkaiko PPrekin bildu dira platafomako kideak, eta datorren astean EH Bildurekin batuko dira. “Beste bi alderdi nagusien zain gaude. EAJk esan digu gugaz biltzeko prest daudela, baina oraindik data bat ez digu eman; eta PSEk ez digu erantzun. Gu prest gaude guztiekin hitz egiteko, gure proposamena helarazi nahi diegulako”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Argazkiak / Usansolon metro geltokia erdigunean eskatzeko manifestazio goiztiarra egin dute herritarrek

|

Usansolotarrak goiz jaiki dira gaur metro geltokia erdigunean eskatzeko aldarriarekin. Manifestazio goiztiarra egin dute 07:00etan eta Meatzetako aparkalekutik Galdakao-Usansolo ospitalera heldu dira ehun lagunetik gora “Geltokia erdigunean” aldarrikatzeko. Manifestazioa Usansolon bertan bukatu da.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansoloko metro geltokiaren kokapenaz “hitza eta erabakia herritarrei ematea” eskatu du Udalak

|

Usansoloko Udaleko udal ordezkariak Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean // Usansoloko Udala

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko beste manifestazio bat deitu du ‘Geltokia Erdigunean’ plataformak maiatzaren 17an.

Albistea GEURIAn publikatu genuen egun berean, atzo, maiatzak 15, Usansoloko Udala -Usansolo Herriako eta EH Bilduko ordezkariekin- Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiarekin bildu zen.

“Bilera horretan Usansoloren egungo egoera azaldu genuen. Gaur egun, gure udalerriak tren geltoki bat du erdigunean, irisgarria, sarbide onekoa eta puntu beltzik gabekoa, Bilborekin konexio-zerbitzu ona ematen duena eta usansolotarrek horrela baloratzen dutena”, diote UHko eta EH Bilduko ordezkariek.

Eusko Jaurlaritzaren, ETSren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren gaur egungo proiektuaren arabera, egungo Usansoloko tren geltokia desagertuko da, eta berria Galdakao-Usansolo ospitalaren inguruetan eraikiko dute. “Hau da, herrigunetik urrun dagoen geltoki bat. Eta urrun dagoenez, lanzadera-zerbitzu bat onetsi dute hiru erakundeek, egungo tren geltokiaren aldean zerbitzuaren kalitatea galduz”, salatu dute.

Ildo horretan, UHk eta Usansoloko EH Bilduk salatu dute proposamen hori edo alternatiba posibleak “ez dituztela azaldu, ez eztabaidatu ez adostu” Usansoloko udal ordezkariekin, “are gutxiago usansolotarrekin, gu guztiongan gaitzespena eta haserrea eraginez”, diote.

“Azken proposamenak gaur egun dugun kalitatezko zerbitzu bera bermatu behar du: geltoki bat erdigunean, lanzadera-zerbitzua alternatiba bat izan ez dadin”, diote.

Zentzu horretan, Usansoloko Udaleko UHtik eta EH Bildutik herritarren kexak entzun eta aintzat hartzeko eskatu dute, “baita herriarekin prozesu parte-hartzaile bat egiteko ere”, diote. “Alternatiba guztiak jendaurrean azaltzea, egoera bakoitzaren abantailak eta eragozpenak azalduz, eta Usansoloko Udalarekin erakundeen arteko lankidetza-esparru bat ezartzea, Usansolorako aukerarik onena adostasunez definitzeko”, diote.

PPrekin bilera

Beste alde batetik, Geltokia Erdigunean plataforma ere atzo bildu zen Bizkaiko PPko ordezkariekin. Bilera horretan izan ziren plataformako bi kide eta Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidentea, Eduardo Andrade Bizkaiko PPko idazkari nagusia eta Mari Carmen Sanchez Galdakaoko PPko zinegotzia izandakoa.

Geltokia Erdigunean plataformako kideak Bizkaiko PPrekin bilera izan zuten maiatzaren 15ean // PP Bizkaia

Osorik irakurri