Sareak

☉ Usansolo

Usansoloko Udaleko lehen osoko bilkura egin zuten atzo

|

Besteak beste, idazkari propioa kontratatzeko prozesua hastea onartu zuten atzo Usansoloko lehen osoko bilkuran // Utzitakoa

Usansolo udalerri da jada. Atzo lehenengo osoko bilkura -ez-ohikoa- egin zuten Txapelena Baserrian, eta Udal bezala oinarrizko funtzionamendurako beharrezkoak diren tresna juridiko eta administratiboak onartu zituzten.

Besteak beste, osoko bilkuren aldizkotasuna, Informazio Batzorde iraunkorren, Tokiko Gobernu Batzordearen eta Kontratazio-mahaiaren sorrera, eta idazkari bat kontratatzea onetsi zuten.

Ohiko osoko bilkurak hiru hilabeterik behin ospatuko dira, legeak 5.000 biztanletik beherako herrientzat aurreikusten duen bezala. “Hala ere, ez-ohiko osoko bilkurak deitu ditzakegu behar izanez gero eta onartu beharreko gaien arabera”, adierazi dio GEURIAri Agustin Aizpuru Usansoloko alkateak. Hileko azken ostegunetan izango dira osoko bilkurak, 18:00etan.

Usansoloko idazkariaz galdetuta zera azaldu digu Aizpuruk: “Idazkaria Bizkaiko Foru Aldundiak jarri du, eta Usansoloko Udalaz gain Bizkaiko beste udal batzuetan ari da lanean”, dio Aizpuruk: “Eta atzo idazkari propioa kontratatzeko prozesua hastea onartu genuen”.

UHren eta EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu zituzten aurreikusitako gaiak. Ezkerreko koalizioak “elkarlan falta” azpimarratu zuen eta horregatik jo zuen abstentziora.

Aizpuru alkateak adierazi duenez, “orain arte lanean egon gara buru-belarri eta horrela jarraituko dugu, eta ziurtatzen dut hemendik aurrera harreman estuagoa izango dugula alderdi guztiekin”.

☉ Usansolo

Batzar Nagusiek ez dute Usansoloko Metro geltokiari buruzko mozioa onartu

Eztabaidak herritik Batzar Nagusietara salto egin du, EH Bilduk mozioa aurkeztu ondoren. Idatzian Usansolo Herriak plataformaren eta herriko eragile ezberdinen eskariak jaso ditu koalizio soberanistak

|

Geltokia erdigunera heltzeko aldarrikapena Batzar Nagusietara eraman zuten herritarrek / Utzitakoa

Metroa Galdakao-Usansolo ospitalera heltzeko lanek aurrera darraite. Aurreikuspenen arabera 2027an iritsiko da metroa Galdakaora eta 2029an Usansoloko Ospitalera eta Durangaldearekin lotura. Hortik Usansoloko erdigunera zelan helduko den, baina, kalapita sortu du hasieratik. Aurreikuspenak betez gero, Galdakaoko ospitalean bukatuko luke bere ibilbidea metroak, eta hortik aurrera 4 aukera aztertu diren arren, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Trenbide Sareak eta Eusko Jaurlaritzak lanzaderaren aldeko apustua onetsi dute.

Proposamen horrek, aldiz, ez du Usansoloko Kudeaketa Batzordearen babesa, aitzitik, Usansolo Herriak plataformak, EH Bilduk eta EAJk geltokia herriko erdigunera heltzea eskatzen dute. Aldarri hori bera plazaratu zuten hiru alderdiek, herriko beste hainbat eragilerekin batera, joan den larunbatean egin zuten manifestazio jendetsuan.

Apirilaren 13ko manifestazio jendetsua Usansolon / Utzitakoa

EH Bilduren mozioa Batzar Nagusietan

Eztabaidak herritik Batzar Nagusietara salto egin du, EH Bilduk mozioa aurkeztu ondoren. Idatzian Usansolo Herriak plataformaren eta herriko eragile ezberdinen eskariak jaso ditu koalizio soberanistak: kudeaketa batzordeak beste erakundeekin batera bileretan parte hartzea, alternatiben azterketaren aurkezpen publiko bat egitea (lau alternatiben abantailak eta desabantailak azalduz), eta azken erabakia “erakundeen arteko lankidetzan” oinarritzea, besteak beste. Modu berean, 2022an Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen plangintzara bueltatzea eskatzen dute, bertan herrigunean geltokia egitea aurreikusten baitzen.

Mozioak ez zuen aurrera egin, EAJk eta PSEk kontra bozkatu, eta PPk abstentziora jo zuelako. Jeltzaleen kasuan, ez dute uste Foru Aldundiaren eskumena denik halako erabaki bat hartzea, “Eusko Jaurlaritzaren parte hartzerik gabe”, baina proposamenak entzun eta aztertzeko prest daudela adierazi dute. PSEk ere antzera jokatu du, eta behar beste bilera egiteko prest agertu da.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansolo erdigunean metro geltokia aldarrikatzeko bilera eskatu diote UHk eta EH Bilduk Aldundiari

|

Iaz manifestazioa egin zuten ehunka herritarrek Usansolo erdigunean metro geltokia aldarrikatzeko // Geuria

Metroa Galdakao-Usansolo ospitalera heltzeko lanek aurrera darraite. Aurreikuspenen arabera 2027an iritsiko da metroa Galdakaora eta 2029an helduko da Usansoloko Ospitalera eta Durangaldearekin lotura.

Eusko Jaurlaritzaren azken proposamenaren arabera, ospitalean egongo da geltokia eta lanzadera baten bitartez Usansolo erdigunearekin lotuko dute.

Duela hilabete, martxoaren 14an, Usansoloko Kudeaketa Batzordea Metroaren obren arduraduna den ETSrekin batu zen.

“Bilera horretan jakinarazi ziguten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako proiektuak herriaren erdialdean dugun geralekua kentzeko asmoa duela eta, ordez, usansolotarrak ospitaleko geralekuraino lanzadera zerbitzu batera mugatzea”, adierazi dute komunikatu batean Usansolo Herria (UH) eta EH Bilduko ordezkariek.

Bi alderdiek uste dute proposatutako proiektuak “herriaren egungo egoera okertzen duela eta ez dituela erantzuten herritarren beharrak”.

“Aurkeztutako alegazioetan aurreratu zen bezala, lanzadera ez da alternatiba bat, eta konponbide orok herriaren erdigunean bertan metro sarbidea izan behar du”, diote.

Ildo horretan, Usansolo Herriak eta EH Bilduk bilera bat eskatu dute Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin “usansolotarron interesak defendatzeko”. GEURIAk jakin ahal izan duenez, bilera egiteko eskaera egin dute bi alderdiek, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Usansoloko Kudeaketa Batzordeak (UH, EAJ eta EH Bildu) ez du lortu eskaria modu bateratu batean egitea, alderdi jeltzaleak ez duelako bat egin UHren eta EH Bilduren proposamenarekin.

Manifestazio deia

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko manifestazioa deitu dute herriko hainbat elkartek apirilaren 13an, larunbatez. Manifestazioa 12:00etan hasiko da Unkina plazatik.

“Gure herrian hirigunetik gertuko geltoki bat babesteko eta aldarrikatzeko beste mobilizazio bat izango da apirilaren 13koa eta dei egiten dizuegu usansolotarrei parte hartzeko”, diote manifestazioa deitu dutenek.

Gorosibaiko Auzo Elkarteak, Burtotza Mendi Taldeak, Usansoloko Odol Emaileak, Usansoloko Esku Pilota Taldea, Gazteberri Kultur Elkartea, Gure Etxea Adinekoen Zentroak, Kabilduk, Lamintxu Gazte Asanbladak, Mirari Emakume Taldeak, Oinarin Dantza Taldeak, Usansoloko Orfeoiak, SD Umore Onak, Umore Ona Txokoak, Unkina Saskibaloi Taldeak, U113 Triatloi Taldeak, Ujabak, Usansoloko Ludotekak, Usansolo Racingek, Usansolob Euskaraz Taldeak, Usgaldu Elkarteak eta Usansolo Herriak deitu dute manifestazioa eta EAJk eta EH Bilduk bat egingo dute. 

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Metro geltokia Usansolo erdigunean aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute larunbatean

|

Iaz manifestazioa egin zuten ehunka herritarrek Usansolo erdigunean metro geltokia aldarrikatzeko // Geuria

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko manifestazioa deitu dute apirilaren 13an, larunbatez. Manifestazioa 12:00etan hasiko da Unkina plazatik.

“Gure herrian hirigunetik gertuko geltoki bat babesteko eta aldarrikatzeko beste mobilizazio bat izango da apirilaren 13koa eta dei egiten dizuegu usansolotarrei parte hartzeko”, diote manifestazioa deitu dutenek.

Gorosibaiko Auzo Elkarteak, Burtotza Mendi Taldeak, Usansoloko Odol Emaileak, Usansoloko Esku Pilota Taldea, Gazteberri Kultur Elkartea, Gure Etxea Adinekoen Zentroak, Kabilduk, Lamintxu Gazte Asanbladak, Mirari Emakume Taldeak, Oinarin Dantza Taldeak, Usansoloko Orfeoiak, SD Umore Onak, Umore Ona Txokoak, Unkina Saskibaloi Taldeak, U113 Triatloi Taldeak, Ujabak, Usansoloko Ludotekak, Usansolo Racingek, Usansolob Euskaraz Taldeak, Usgaldu Elkarteak eta Usansolo Herriak deitu dute manifestazioa eta EAJk eta EH Bilduk bat egingo dute. 

Bilera eskaera Aldundian

Duela hilabete, martxoaren 14an, Usansoloko Kudeaketa Batzordea Metroaren obren arduraduna den ETSrekin batu zen.

“Bilera horretan jakinarazi ziguten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako proiektuak herriaren erdialdean dugun geralekua kentzeko asmoa duela eta, ordezko, usansolotarrak Ospitaleko geralekuraino lanzadera zerbitzu batera mugatzea”, adierazi dute komunikatu batean Usansolo Herria (UH) eta EH Bilduko ordezkariek.

Bi alderdiek uste dute proposatutako proiektuak “herriaren egungo egoera okertzen duela eta ez dituela erantzuten herritarren beharrak”.

“Aurkeztutako alegazioetan aurreratu zen bezala, lanzadera ez da alternatiba bat, eta konponbide orok herriaren erdigunean bertan metro sarbidea izan behar du”, diote.

Ildo horretan, Usansolo Herriak eta EH Bilduk bilera bat eskatu dute Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin “usansolotarron interesak defendatzeko”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Argazkiak / Usansolotik Sevillara: bi herritarrek 900 kilometro egin dituzte bizikletan Athleticen finala ikusteko

Josu Gonzalez eta Ricardo Capetillo usansolotarrak Sevillan daude jada Athleticen Kopako finala ikusteko prest. Bertara iristeko ibilbidea ez da ohikoa izan: bizikletaz 900 kilometro egin dituzte, Usansolotik Sevillara

|

Josu Gonzalez eta Ricardo Capetillo usansolotarrek bizikletan egin dituzte 900 kilometro Sevillara iristeko // Utzitakoak

Athleticzaleez beteko da egunotan Sevilla. Apirilaren 6an Kopako finala jokatu du Athleticek Mallorcaren aurka. Hego Uribetik zenbait autobus eta auto irtengo dira asteburuan bertan, baina dagoeneko hasi dira eskualdeko herritarrak Andaluziako hiriburuan lurreratzen.

Josu Gonzalez eta Ricardo Capetillo usansolotarren kasua da. Sevillan daude dagoeneko. Eta bertara iristeko ibilbidea ez da ohikoa izan: bizikletaz 900 kilometro egin dituzte, Usansolotik Sevillara.

“Martxoaren 24an irten ginen Usansolotik eta atzo iritsi ginen Sevillara”, adierazi digu telefonoz Josuk: “Guztira bederatzi etapa egin ditugu: Usansolo-Oña; Oña-Castrojeriz; Castrojeriz-Dueñas; Dueñas-Medina del Campo; Medina del Campo-Alba de Tormes; Alba de Tormes-Hervás; Hervás-Cañaveral; Cañaveral-Mérida; Mérida-Monesterio; eta Monesterio-Sevilla”.

Egunero 100 kilometro inguru egin dituzte eta zortzi orduz eragin diete pedalei bizikleta elektrikoaren gainean. “Euritan, Nelson ekaitzarekin, haizearekin… Eguraldi kaxkarra izan dugu, baina azkenean heldu gara Sevillara!”, dio Josuk. “Aldapan behera ere pedalei ere eragin behar izan diegu!”, esan du barreka usansolotarrak.

Ricardo eta Josu Sevillako Cartuja zelaian // Utzitakoa

Besteak beste, Santander Mediterraneoko bide berdea, Donejakue Bidearen bi zati, Gaztelako kanala, Platako ibilbideko bide berdea, eta Platako bide zaharrari eta Sevillatik ateratzen den Donejakue bidea (N-630) zeharkatu dituzte bi athleticzaleek.

“Ezetz ausartu?”

Athleticek Kopako finalerdia irabazi ostean erabaki zuten Josuk eta Ricardok bidaia Sevillara bizikletan egitea: “Atletico de Madriden kontrako finalerdia Usansoloko Aldatzen tabernan ikusi genuen eta norbaitek esan zigun: ‘Ezetz ausartu Sevillara finala ikusteko bizikletan joatea?’, eta horrela erabaki genuen”, dio Josuk.

Bidean “anekdota bereziak” bizi izan dituztela aitortu digu Josuk: “Oñako hotelera iritsi ginenean bertako jabeak galdetu zigun nongoak ginen, eta guk Bilbokoak ginela esan genion. Berak berriro galdetu zigun ea Bilbo-Bilbokoak ginen eta orduan Usansolokoak ginela esan genion. Eta harrituta esan zigun: ‘Kontxo! Ezagutzen dut Usansolo! Bertan bizi nintzen sei hilabatez!’. Eta ondoren musean jokatu genuen!”.

Josu eta Ricardo Meridako hotelean basauriar batekin egin zuten topo // Utzitakoa

Castrojerizen ere Ricardoren bezero batekin egin zuten topo: “Ricardok harategi bat du Basaurin, Capetillo harategia, eta bere bezeroetako batek etxebizitza du Castrojerizen, eta bertan geundela agurtu gintuen”, dio Josuk.

Meridako hotelean ere beste basauriar bat ezagutu zuten: “Hotelera iritsi ginenean jabeak ohikoa den galdera egin zigun, ea nongoak ginen. Bilbokoak ginela esan ostean, Usansolokoak ginela aitortu genion eta berak erantzun zigun Basaurikoa zela bera! Athleticen bandera bat eman genion eta hotelean jarri du!”, dio Josuk. 

Apirilaren 6ko finala bukatu eta gero Usansolorako itzulera bizikletaz egingo duten galdetu diogu Josuri, eta zera erantzun digu: “Finala irabaztekotan agian bai! Ikusi beharko dugu”, dio.

Hauek Josuk GEURIAri bidali dizkigun argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansolo / Korrika 23 / 2024

|

Martxoaren 21ean igaro da 23. Korrika Usansolotik. Lekukoa heldu aurretiko giroa bizi izan dugu bertatik bertara eta hauek furgonetako argazkiak:

Osorik irakurri