☉ Usansolo
Usansoloko Udalak metroaren obra “alternatiboa” geldiarazi du, baimenik ez duelako
Geltokia Erdigunean plataformaren protestak ekidin nahian obren ardura duen ETSk (Euskal Trenbide Sarea) bidezidor bat bilatu nahi izan du, obrak beste leku batetik bideratzeko
Geltokia Erdigunean plataformak mobilizazioak egin ditu azken hilabeteetan, metro geltoki berria Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko.
Uztailaren 1ean obretako kamioiak geldiarazi zituzten goizean (bideoa hemen), eta ordutik hona kontzentrazioak egin zituzten uztailaren 8an, 10ean eta 12an ere: Meatzeta bidean, kiroldegiaren eta Unkina ikastetxearen ondoan herritarrak bide erdian batu eta kamioiak bertatik ez pasatzea lortu zuten.
Geltokia Erdigunean plataformaren protestak ekidin nahian obren ardura duen ETSk (Euskal Trenbide Sarea) bidezidor bat bilatu nahi izan du, obrak beste leku batetik bideratzeko.
Geltokia Erdigunean plataformatik jakitera eman dutenaren arabera “Meatzetako aparkalekuaren eta ibaiaren artean hasi berri diren obrei dagokienez (kontzentrazioek metroaren obren aurrerapena eten ez dezaten irekitzen dabiltzan ordezko bide), jakinarazi behar dizuegu gaur bertan obrak geldiarazi direla udal-dekretu bidez“.
“Ez dute baimen egokirik” gaineratu dute, “eta, beraz, eremua zigilatzeko eta ziurtatzeko eskatu zaie”.
Modu berean, irailean kontzentrazioekin jarraituko dutela iragarri dute.
☉ Usansolo
Bideoa / “ETSk entzun du Usansolok zer nahi duen, eta jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”
Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean: alde batetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua; eta bestetik, tunel luzeago bat, 500 metro luzerakoa, Usansolo erdigunera iritsiko litzatekeena
Usansoloko Metro geltokiaren aferaz asanblada irekia egin zuten atzo herrian. Bertan izan ziren Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa.
Bi erakundeetako ordezkariek azaldu zutenez, baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea: “Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu zuen De Juanek.
Adierazpen horiek asanblada irekira bertaratu ziren herritarren haserrea piztu zuen: “Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi zuen atzo herritar batek.
Hain zuzen ere, metroaren geltoki berria Ospitalaren ondoan eraikiko dute, Usansoloko Unkina plazatik 900 metrora (gaur egungo Euskotreneko geltokia, desagertu egingo dena, 450 metrora dago).
Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean metro geltokia Usansolo erdigunearekin lotzeko: alde batetik, lurazpiko tunel bat eraikitzea, 500 metro luzerakoa, Laminarrieta, Meatzeta eta Torreondo kaleen arteko bidegurutzera iritsiko litzatekeena; eta bestetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua uztartzea.
Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dute bigarren aukera; lanzaderarena, alegia. “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”, zehaztu zuen De Juanek. Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak, atzo ere adierazi zutenez.
Geltokia Erdigunean plataformatik adierazi dute “euren helburua lortu arte” jarraituko dutela borrokan: “Eusko Jaurlaritzak eta ETSk entzun dute Usansolok zer nahi duen, eta, hortaz, jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”, adierazi dio GEURIAri Josu Grandibal plataformako kideak.
“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdetu zuen atzo asanbladan Jon Atxutegi plataformako kideak.
☉ Usansolo
Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea. Gaur asanblada irekia egin dute eta bertan baieztatu du hori Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak.
“Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu du De Juanek.
Ildo berean, De Juanek adierazi du Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dutela lanzaderaren aukera: “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”.
Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak.
Lanzaderaz gain, bi erakundeek mahai gainean duten beste aukera da tunel bat eraikitzea, 500 metroko luzerakoa, ospitalean eraikiko duten geltokia Usansolo erdigunera hurbiltzeko.
Loly De Juanekin batera, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa izan dira asanbladan.
“Koherenteak izaten saiatu gara. Mahai gainean dauden proposamenak jasangarrienak dira sozialki zein ekonomikoki. Usansolo herriari zerbitzua emateko modurik onena dira. Ospitalea eta herria lotzeko puntu bakarra, Usansoloko zentroari zerbitzua eskaintzeari utzi gabe”, adierazi du Ferrazek.
Bi erakundeek euren proposamenak aurkeztu ondoren adierazi dute usansolotarrek erabaki ahal izango dutela bi aukeretatik bat. Hala ere, Usansoloko herritarrak ez daude ados ez aukera batekin ez bestearekin.
Herritarrak haserre
Asanblada irekia Geltokia Erdigunean plataformak antolatu du, eta Jon Atxutegi bozeramaileak hitza hartu du: “Gure helburua da metro geltokia erdigunean eraikitzea, hirugarren aukera izan daitekeena. Herritarron interesak defendatzen dituen aukerarik onena da”.
“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdegin du Atxutegik.
Usansoloko San Andres eliza bete-beteta egon da asanblada irekian, eta bi erakundeetako ordezkarien berbak hautsak harrotu ditu bertaratu diren herritarren artean.
“Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi du herritar batek.
☉ Usansolo
Usansoloko EAJk Metro geltokia Emakumeen parkean eraikitzea proposatu du
Usansoloko Metro geltoki berria herri erdigunearekin lotzeko proposamenek ez dituzte herritarren nahiak asetu. Herritarrek geltokia erdigunean eraiki dezaten nahi dute, baina gaur egun Eusko Jaurlaritza geltokia Ospitaletik gertu eraikitzen ari da, eta hura erdigunearekin lotzeko mahai gainean dituen aukerak bi dira: lanzadera zerbitzua jartzea ala lurazpiko tunel bat eraikitzea.
Usansoloko Udala (UH, EH Bildu eta EAJ) bi aukera horien kontra agertu da. Alde batetik, UHk eta EH Bilduk “irmoki” arbuiatu dute Jaurlaritzak, Aldundiak eta ETSk mahai gainean dituzten bi aukera horiek, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eurek eskatuta, eta, “alternatiben azterketa kontuan hartuta”, “aukerarik onena” udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea dela uste dute: “Aukera hori teknikoki egingarria izateaz gainera, erabiltzaile kopuru handiena jasoko duena da, 3.000 pertsonari baino gehiagori zerbitzua emango baitio, geltokira 10 minutuko eremuan”, diote.
Bestetik, Usansoloko EAJk ere tunelaren zein lanzaderaren proiektua atzera botatzeko eskatu du: “Uztailaren 18an, Usansoloko Udaleko osoko bilkuran onartu ahal izan zen Usansoloko EAJren proposamena, ETSk proposatutako lanzadera zerbitzu berria baimentzeari uko egiteko”, diote.
“Udala bera, EAJk proposatuta, bere eskumenak erabiliz lanzadera zerbitzua galarazten du, eta ondorioz, ETSk proposatutako tunelaren proiektua bideraezina da”, zehaztu dute Usansoloko jeltzaleek.
Ildo horretan, proposamen bat egin du Usansoloko EAJk: “Aukerarik onena Emakumeen parkearen inguruan sarbidea izango duen geltoki bat eraikitzea da, Ibaiondo eta Ander Deuna kaleen arteko elkargunean. Izan ere, irtenbide horrek Usansoloko biztanle gehienei sarbide hurbilena ematen die eta Gorosibai -biztanle gehien dituen gune sakabanatua- ere hartzen du”, diote.
Usansoloko Metro geltokiaren aferaren inguruan, bihar, irailak 18, asanblada irekia deitu dute Usansoloko San Andres elizan. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izango dira, tartean, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendaria.
☉ Usansolo
Jon Azkueta Castro: «Irakurle gazteak hurbilago sentitu ditut betidanik, Wattpad eta sare sozialei esker»
Jon Azkueta idazle usansolotarrak bere hirugarren liburua publikatuko du irailaren 18an: ‘El último amanecer de agosto’. Hilaren 20an aurkezpena egingo du Bilbon, baina aurretik berarekin batu gara bere ibilbideaz berba egiteko
Txikitatik sortu ditu istorioak Jon Azkueta Castro (Usansolo, 1998) usansolotarrak, eta horrek eraman du idazle izatera. Wattpad plataforman hasi zen bere istorioak publikatzen eta 2022an Planeta Editorialak fitxatu zuen: orduan publikatu zuen bere lehen liburua, 69 segundos para conquistarte (Planeta, Crossbooks, 2022). Urtebeteren ondoren, Huyendo del vicio (Planeta, Crossbook, 2023) argitaratu zuen, eta aurten El último amanecer de agosto (Planeta, Crossbook, 2024).
Irailaren 18an kaleratuko du liburua eta hilaren 20an 19:00etan aurkezpena egingo du Bilboko Campus liburu-dendan (San Mames Zumarkalea, 40); liburuak sinatuko ditu bertan. Bere azken eleberria Usansolon oinarrituta dago eta bertan batu gara berarekin liburuaz eta bere ibilbideaz hitz egiteko.
Irailaren 18an liburu berria kaleratuko duzu, Jon: ‘El último amanecer de agosto’. Bai, hala da. Eleberri hau misterioz eta amodioz betea dago. Elena da protagonista nagusia, eta bere aitonaren familia berriarekiko gorrotoa sentitzen du. Bere aitona hiltzean, denek elkarrekin bizi beharko dute jauregi handi batean: Elena, Elenaren lagunak eta Ibarra anaiak. Egunak aurrera joan ahala, harremanak estutuko dira eta umorea eta maitasuna guztiz areagotuko dira. Hala ere, iragan ilun baten itzala nabarituko da eta sentimenduak erabat nahastuko dira.
Sinopsia irakurrita, familia aberats eta xume biren arteko harremanak hautematen dira liburu berrian. Hori da liburuaren abiapuntua? Ez nuke esango abiapuntua denik, baina egia da kontraste horren mamia erabili dudala istorioan zehar hainbat emozio eraikitzeko; esate baterako, umorea sortzeko.
“Mundu desberdinak” mundu “errealean” elkarrekin bizi daitezkeela uste duzu? Bai. Bi mundu hauek oso desberdinak dira arlo askotan baina kasu ugaritan antzekotasun nabarmenak aurki daitezke. Bi mundu hauek bateragarriak izan daitezke. Horregatik, kontraste eta parekotasun hauekin jolastu nahi izan dut, interpretazio zabalak eraikiz.
Bestetik, harreman homosexual bat ere aipatzen da liburuaren sinopsian. Erreferente gehiago behar dira literaturan harreman homosexualei dagokienez? Egia esan ez dut horren inguruan asko hausnartu. Gaur egun erreferenteak badaude, baina zenbat eta gehiago egon, hobeto.
“Kontraste eta parekotasunekin jokatu nahi izan dut, mundu biren arte talka erakusteko elaberrian”
Maitasuna, luxua eta misterioa dira eleberriaren gai nagusiak. Bai. Hirurak baliagarriak direlako landu ditut nobela berrian, bai irakurleen arreta pizteko bai idazle bezala nire motibazioa areagotzeko. Gainera, gai hauen bitartez bestelako kontzeptuak landu daitezke. Halaber, maitasunak, luxuak zein misterioak hainbat konturen inguruan hausnartzera bultzatu gaitzakete.
Zure idazle ibilbidearen hasieraz galdetuko banizu. Txikitatik sortu ditut istorioak. Hasiera batean, ahoz partekatzen nituen, baita komikien bitartez ere, baina Lehen Hezkuntzako seigarren mailan nengoela, irakasleak idaztera bultzatu gintuen, eta horri esker, buruan eraikitako istorioak paperean plazaratzeko zaletasun hau aurkitu nuen.
Zaletasun hori hartuta, Wattpad online plataforman publikatu zenituen zure lehen istorioak. Zer eskaintzen die plataforma horrek? Argitaratzeko aukera. Argitaletxe batera heltzea oso zaila da, eta idazten hasi nintzenean oso gaztea nintzen, beraz, nire idatziak internetera igotzea aukera egokia zela iruditu zitzaidan. Gaur egun ere Wattpad plataforman idazten dut, nahiz eta argitaletxearekin lan egin. Wattpadi esker irakurle kopuru handia lortu dut eta nire abiapuntua izan da. Horregatik jarraitzen dut bertan idazten. Gainera, oso baliagarria da irakurleen feedback-a jasotzeko.
Plataforma horretan zure lanek milioika irakurraldi dituzte. Horrek presiorik eragin izan dizu? Ez, kontrakoa, Wattpadeko irakurleek segurtasuna eman didate. Benetako presioa euskarri fisikoan nabaritu dut. Nire liburua dendetan ikusteak, horrek eman dit ikara. Argitaletxe handi batek nigatik apustu egiteak, horrek dakarrenarekin, errespetua eman dit, baina Wattpadi esker nire istorioengan konfiantza daukat, bertan maitasun asko sentitu baitut.
Eta noizbait sentitu duzun presio horri nola egin diozu aurre? Presioa sentitzen dudanean familiarengana zein lagunengana jotzen dut, horiek badakite nolakoa naizen eta. Beraien gomendioak entzutea eta horiei kasu egitea ondo datorkit. Egia esan, nirekin pazientzia handia daukate (kar, kar, kar).
Wattpaden bitartez Hego Amerikan egin zinen ezagun. Gaur egun ere Hego Amerikako publikoa mantentzen duzu? Hasiera batean Wattpad Hego Amerikan famatua zelako egin nintzen bertan ezagun; ondoren beste herrialde askotara zabaldu zen. Eta bai, bertoko irakurleak mantentzen ditut, Wattpaden idazten jarraitzen dudalako eta nire eleberri batzuk bertan argitaratu direlako.
Feedbacka aipatu duzu lehen. Bai. Irakurle askorekin harreman estua dut. Hasieratik egon diren irakurle asko, gaur egun nire irakurle “betak” dira: hau da, beraiek irakurtzen dituzte nire idatziak argitaratu aurretik. Haien iritzia kontuan izatea gustatzen zait, feedback oso aberatsa ematen didatelako.
Wattpadek banatzen dituen Wattys sariak irabazi dituzu 2017an eta 2020an. Sariak jasotzea asko eskertzen da. Gainera, Wattpadeko sari horiei esker, plataforman asko hazi nintzela esan dezaket. Ezagutzera eman ninduten.
Zein sari “handi” irabaztea gustatuko litzaizuke? Planetan lan eginda, Planeta Saria irabaztea gustatuko litzaidake, noski. Zintzoa izanez, uste dut saria milioi bat euro direla! Bada, pozik hartuko nituzke! (kar, kar, kar)
Planetak 2022an fitxatu zintuen. Zer suposatu du horrek zure ibilbidean? Aukera horri esker liburu-dendetara heldu naiz, sinadurak egin ditut, irakurle zein idazle asko ezagutu ditut… Eta idaztea nire denbora-pasa izatetik lan izatera igaro da. Nire liburuak euskarri fisikoan publikatu ditut Planetari esker.
Digitalean zein fisikoan publikatu dituzu liburuak. Zein da bakoitzaren alde positiboa? Eta alde negatiborik ba al dago? Digitalean mundu zabaleko irakurle guztietara hel zaitezke, gainera feedbacka zuzenean jaso dezakezu. Paperean, berriz, liburu-dendetara heltzen zara, eta horrek ilusio handia egiten du. Euskarri fisikoaren alde negatiboa, Hego Ameriketako herrialde batzuetan nire liburuek duten prezioa da. Hainbat herrialdetan hauek lortzea oso zaila eta garestia da.
Idazle izateaz gain, irakurle ere izango zara. Liburuak nola irakurtzea duzu nahiago: fisikoan ala digitalean? Biak ditut gustuko, baina bat aukeratu beharko banu fisikoa aukeratuko nuke; hain zuzen ere, txikitatik horrela irakurri dudalako eta ohitu egin naizelako.
Eta irakurle bezala, zer irakurtzea gustatzen zaizu? Misteriozko eleberriak batez ere. Agatha Christie, Lisa Jenner… Baina genero guztiak irakurtzen saiatzen naiz.
Idazle bezala, gazte literaturan zentratu zara orain arte. Gazteek ba al dute gaur egun irakurzaletasunik? Liburu berri hau helduei zuzenduta ere badago: young adult delako kategorian dago sartuta. Baina, bai, betidanik irakurle gazteak hurbilago sentitu ditut: Wattpad eta sare sozialei esker batez ere. Aipatu beharra dago irakurle gazteen kopurua oso handia dela, eta argitaletxeetako estatistikek ere hori erakusten dute. Gero eta gazte gehiagok irakurtzen du, horregatik dago interneten liburuei buruz hitz egiten duten hainbeste influencer.
Zein generok erakartzen du gehien irakurlea? Maitasunak, zalantzarik gabe. Nahiz eta istorioen elementu nagusia maitasuna ez izan, amodiozko trama bat egotea oso erakargarria izan daiteke, beti ere, idazten ari garen estilora egokituta.
Zure hurrengo liburuekin beste publiko batengana jotzeko asmorik baduzu? Ez dakit, suposatzen dut nagusi egin ahala nire istorioak publiko heldu batera gero eta gehiago bideratuko ditudala, baina horrek ez nau momentuz kezkatzen.
Orain arte publikatutako liburuak gaztelaniaz idatzi dituzu. Pentsatu duzu noizbait euskaraz edo beste hizkuntza batean publikatzea? Euskaraz idaztea gustatuko litzaidake. Etorkizunean aukera izatekotan, euskaraz eleberri polit bat sortzen saiatuko nintzateke.
Zure liburu berria labetik ateratzeko zain, baduzu beste proiekturik buruan? Bai, noski. Hurrengo hilabeteetan nobela berri honen promozioan zentratuko naiz, baina tarteka bestelako proiektuetan nabil, momentuz ezer aurreratu ezin dudan arren.
☉ Usansolo
Usansoloko Metro geltokiaren aferaz berba egingo du Loly de Juanek irailaren 18ko asanblada irekian
Usansolo erdigunea Metro geltokiarekin lotzeko gaur egun mahai gainean dauden aukerak bi dira: lanzadera edo tunela. Horren berri eman zieten Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Euskal Trenbide Sareko ordezkariek Geltokia Erdigunean plataformako kideei joan den irailaren 3an izan zuten bileran.
Herritarrak eta Usansoloko Kudeaketa Batzordea osatzen duten UH eta EH Bildu aukera horien kontra agertu dira, eta geltokia erdigunean eraikitzeko aldarrikapenekin jarraitzen dute.
Zentzu horretan, bihar, irailak 18, herri asanblada irekia antolatu dute 18:45ean Usansoloko San Andres elizan. Bertan Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariaria izango da: “Eusko Jaurlaritzak gure gonbidapena onartu dau eta bertan izango da bere proiektuaren gain ditugun galdera eta oharrei erantzuteko. Hau da hainbeste itxaron dugun unea Usansolok zer nahi duen argi eta garbi adierazteko: erdiguneko geltokia da irtenbide bakarra!”, diote Geltokia Erdigunean plataformako ordezkariek.
Asanblada hasi aurretik elkarretaratzea deitu du plataformak 18:30ean, “platafornaren eskaerak Usansolo osoaren bultzada duela jakin dezaten”, diote. “Herri osoa bertan egotea ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak ikusi eta entzun gaitzan. Oraingo honetan bertan behar zaitugu! Zenbat eta gehiago izan hobe!”, diote.
Ez da lehen aldia ETSko edo Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Hego Uribe eskualdeko herritarren iritziak entzun eta euren galderak erantzuten dituztena, Metroko linea eta geltoki berrien inguruan: duela bi urte, 2022ko abenduan, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendariak —Basauriko alkate ohia (PSE, 2007-2011)— eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoak informazio-hitzaldia eskaini zuten Galdakaoko Torrezabalen, eta iazko otsailean gauza bera egin zuten Basauriko Ibaigane Kultur Etxean, Metroaren 5. Lineaz eta Sarratuko geltokiaz herritarrek zituzten zalantzak argitzeko.
Usansoloko EAJren aukera
Irailaren 13an, ostiralez, Usansolo erdigunean Metro geltokia ezartzeko proposamena aurkeztu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, baina ez zen aurrera atera, nahiz eta PPk alde bozkatu arren, EAJk eta PSEk kontran bozkatu zutelako.
Hala eta guztiz ere, Usansoloko EAJtik adierazi dutenez, UH eta EH Bildu bezala, ez daude ados lanzaderaren proposamenarekin, ezta ETSk proposatutako kanoiarekin: “Proiektua bideraezina da”.
Usansoloko EAJtik irtenbide bat planteatu dute: “Emakumeen parkearen inguruan sarbidea izango duen geltoki bat erakitzea, Ibaiondo eta Ander Deuna kaleen arteko elkargunean”, diote.
“Uste dugu irtenbide horrek Usansoloko biztanle gehienei sarbide hurbilena ematen diela, eta Gorosibai -biztanle gehien dituen gune sakabanatua- ere hartzen duela”, adierazi dute Usansoloko EAJtik.