☉ Usansolo
Urretxindorra ikastolako irakaslearen kontrako salaketak jasotzeko kontu propioa sortu dute Instagramen

Bilboko Urretxindorra ikastolako irakasle batek sexu jazarpena egin izana salatu dute hainbat neskak eta emakumek Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan.
Atzo GEURIAn publikatu bezala, irakasle hori, A.I. izenekoa, Usansolokoa da eta ezaguna da euskal kulturgintzan, idazlea ere badelako: ume zein gazte literaturan ibilbide luzea du egina. GEURIAn saiatu gara berarekin berba egiten bi aldeen adierazpenak jasotzeko asmoz, baina orain arte ez da posible izan.
Irakasleak egindako hainbat abusu mota zehaztu dituzte: nesken aldageletan sartu eta bideoak grabatzea, nesken janzkerari buruzko komentario desegokiak esatea, neska ikasleak magalean hartzea, sexuarekin lotutako gauzak esatea, berak ematen zuen ikasgaiarekin inolako loturarik gabeko film erotikoak eskola orduetan jartzea edota ikasle zituen mutilei sexu harremanak norekin eta zenbatetan izan zituzten galdetzea.
Denuncias Euskal Herria kontuan hamar bat testigantza jaso ostean, Urretxindorrako ikasle eta ikasle ohiek idatzi oso bat argitaratu zuten atzo, Urretxindorra Ikasle Ohiak gisa sinatuta. Adierazpena osorik gazteleraz argitaratu da Instagram kontuan.
Ildo horretan, testigantza gehiago jasotzeko asmoz, kontu propio bat sortu dute Instagramen: @urretxindorrako_salaketak.
Usansoloko irakasle horren sexu jazarpena salatzeaz gain, Hego Uribe eskualdean ere sexu erasoak jazo direla hamaika testigantza jasotzen ditu @denuncias_euskalherria kontuak, Arrigorriagako institutuko irakasle baten kontra, hain zuzen ere.
☉ Usansolo
Txulalai taldeak dantzan jarriko ditu gaur Usansoloko umeak eta familiak
Korrika Kulturalaren barruan kontzertua eskainiko du Usansoloko eta Galdakaoko taldeak gaur, martxoak 13, Unkinako plazan

Korrika Kulturalaren barruan umeentzako eskulanak eta Txulalai taldearen kontzertua antolatu dituzte gaur, martxoak 13, Usansolon.
Jarduerak Unkina plazan izango dira 17:00etatik aurrera: hasieran eskulanak egiteko tailerra egongo da Usansoloko Ludotekako kideen eskutik, eta ondoren, 18:00etan, Txulalai taldeak dantzan jarriko ditu umeak eta familiak.
Gaurko jarduerez gain, Usansolon ekintza gehiago antolatu dituzte Korrikaren testuinguruan: martxoaren 26an Korrika Txikia (11:00) eta Dantzatzeko Prest ikuskizuna ikastetxean (15:00), eta martxoaren 27an Korrika (07:33ean Urgoititik) eta txokolatada Unkina plazan (08:00).
☉ Usansolo
Usansoloko gobernu taldeak EAJren etxebizitzaren inguruko proposamena aztertuko du
Era berean, osoko bilkura izan aurretik bilera egin nahi du Usansolo Herriak EAJrekin, baita EH Bildurekin ere

Alokairu eskuragarria izatea, HAPOa eguneratzea eta babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak lehenestea, Gazteentzako Etxebizitza Plana sortzea, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea, eta, “legez kanpoko okupazioaren aurrean jarduteko udal protokoloa” egitea proposatuko dute jeltzaleek.
Agustin Aizpuru Usansoloko alkatearekin (UH) berba egin dugu GEURIAn: “EAJren dokumentua eta proposamena aztertuko ditugu eta osoko bilkura baino lehen bilera egin nahiko genuke bai eurekin bai EH Bildurekin”, esan du.
☉ Usansolo
Usansoloko EAJk etxebizitza eskuratzeko “plan integral bat” egitea proposatuko du osoko bilkuran
HAPOa eguneratzea, gazteentzako Etxebizitza Plana bultzatzea eta “legez kanpoko okupazioaren aurrean jardutea” eskatzeko mozioa aurkeztuko du EAJk osoko bilkuran

Usansoloko EAJk mozio bat aurkeztu du martxoko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Eta proposamena honakoa: etxebizitza eskuratzeko “plan integrala” egitea, “alokairua eskuragarria izateko eta udalerrian legez kanpoko okupazioaren aurrean segurtasun juridikoa indartzeko”.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eguneratzea eskatuko diote jeltzaleek Usansolo Herriako (UH) gobernu taldeari, “lurzorua libre uzteko bizitegi-sustapen berrietarako, babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak lehenetsiz”, diote.
Ildo horretan, Gazteentzako Etxebizitza Plana sortzea ere jasotzen du mozioak, “lankidetza publiko-pribatuko formulak sustatzeko, alokairu eskuragarria bultzatzeko eta emantzipazioa errazteko”, diote.
“Etxebizitza eskaintza zabaltzea beharrezko neurria da gazteentzat eta familientzat benetako aukerak sortzeko”, esan dute jeltzaleek.
“Legez kanpoko okupazioaren” protokoloa
Beste alde batetik, “legez kanpoko okupazioaren aurrean” jarduteko udal protokolo bat egitea proposatuko du EAJk: “Protokolo horrek barne hartuko lituzke kaltetutako jabeentzako aholkularitza juridikoa, Ertzaintzarekin eta udal zerbitzuekin koordinazioa, eta okupazio-arriskuan dauden etxebizitzen zaintza”.
“Etxebizitza eskuratzea, legea errespetatzearekin bat etorri behar da, eskutik doaz. Alokairu merkatuak ondo funtzionatu dezan, ezinbestekoa da etxebizitza alokairuan jartzen dutenek bermeak eta segurtasuna izatea”, azpimarratu dute.
Era berean, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurriak planteatuko dituzte: “Hala nola, zerga-neurriak eta birgaitzeko laguntzak aztertzea”.
Agustin Aizpuru Usansoloko alkatearekin (UH) berba egin dugu GEURIAn: “EAJren dokumentua eta proposamena aztertuko ditugu eta osoko bilkura baino lehen bilera egin nahiko genuke bai eurekin bai EH Bildurekin”, esan du.
☉ Usansolo
Unkina kiroldegiko estalkia konpontzeko 13.000 euroko dirulaguntza jaso du Usansoloko Udalak
Obrak “laster” hasiko dituztela esan dute Usansoloko udal ordezkariek

Unkina kiroldegiko estalkia konponduko du Usansoloko Udalak. Horretarako, 13.000 euroko dirulaguntza jaso dute.
Obrak “laster” hasiko dituztela adierazi dute udal ordezkariek.
☉ Usansolo
Xabier Capetillo usansolotarra bosgarren izan da Espainiako Pista Estaliko Txapelketan
Espainiako Pista Estaliko Txapelketako finalerdietan 200 metroko lasterketan bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; aurrekoa 21,53 zen

Xabier Capetillo Landajo usansolotarrak Espainiako Pista Estaliko Txapelketa jokatu du asteburuan Valentzian, Galdakao Atletismo Taldearekin.
Otsailaren 27an, ostiralez, 200 metroko lasterketan finalerdietarako txartela lortu zuen Capetillok. Gainera, bere marka pertsonala hobetu zuen 21,46ko denborarekin; bere aurreko marka 21,53 zen.
Larunbatean hirugarren sailkatu zen bere finalerdian, eta zuzenean lortu zuen finalerako txartela.
Eta, igandeko finalean, bosgarren postuan bukatu zuen Capetillok.










