Sareak

☉ Zaratamo

Bideoa / Karraskarien izurriteak murrizteko tranpa mekanikoak jarri dituzte Zaratamoko Arkotxa auzoan

Zaratamoko Udalak karraxkarien izurriteak murrizteko tranpa mekaniko bereziak jarri ditu Arkotxa auzoko estoldetan. Aurretik Elexalden jarri zituzten mota honetako tranpak: “Elexalden era honetako tranpa mekanikoak jarri genituen arratoi izurriteak saihesteko eta benetan arrakastatsuak izan ziren”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak

|

Zaratamoko Udalak karraxkarien izurriteak murrizteko tranpa mekaniko bereziak jarri ditu Arkotxa auzoko estoldetan. Aurretik Elexalden jarri zituzten mota honetako tranpak: “Elexalden era honetako tranpa mekanikoak jarri genituen arratoi izurriteak saihesteko eta benetan arrakastatsuak izan ziren”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Smart Pipe deritzon tranpa hau dardoen bidez funtzionatzen du: arratoia tranpara gerturatzen denean, sensore batek animaliaren mugimendua eta gorputzeko tenperatura detektatu egiten ditu. Arratoia tranparen azpian jartzen den momentuan, gailuak dardoak jaurti eta momentuan hiltzen du animalia. Gorpua estolda sistemara joango da: “Pozoin tradizionala erabiltzen duten tranpetan jausten diren karraskariek heriotz gogorra eta luzea izan ohi dute eta dardoen bidezko gailu hauen bidez ez dute inolako sufrimendurik”, azaldu du Anticimex enpresako langileak.

“Pozoin bidezko tranpekin ez bezala, sistema mekaniko honek ez dio kalterik egiten naturari, errontizidarik eta elementu kimikorik erabiltzen ez duelako”, azaldu du Ugarrizak. GPSaren bidez, gailuaren funtzionamendua monitorizatuta dago eta karraskarien populazioparen kontrol zehatza egin daiteke. Karraskarien jardueraren datuak eta harrapaketa kopuruak biltzen dituen txostenak bidaliko dizkio Anticimex enpresak Zaratamoko Udalari.

Enpresako langileak hilabetero joango dira Arkotxara, gailuaren funtzionamendua egokia den ikusi eta momentura arte egindako lanaren fruituak aztertzera.

Arratoi-plagak saihesteko tranpa mekanikoak jarriko dituzte Zaratamoko Arkotxa auzoan

☉ Zaratamo

Eduardo Jiménez: “Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzaren jazarpenak denori eragingo digu”

Lan Arloko Epaitegiak langile grebalari baten kaleratzea baliogabetu du “enpresaren zigorra” izateagatik eta EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du 2023ko apirilean planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea

|

Ugaotik Zeberiora egindako martxa, 2021ean // Geuria

Iazko irailean, Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresak ELA sindikatuan afiliatutako eta greban parte hartutako zortzi langile kaleratu zituen: “ELAk beste epaiketa bat irabazia du ildo berean beste lankide baten kaleratzeagatik. Beraz, hau da bigarrena, eta epaiak berriro behartzen du enpresa kaleratuak berriro hartzera, eta kaleratze egunetik aurrera ordaintzera soldata”, azaldu dute sindikatutik.

GEURIAk enpresa eta langileen arteko gatazkaren jarraipena egin du arazoa azaleratu zen lehen momentutik eta Eduardo Jiménez langilearekin harremanetan izan da: “Erabaki honek bizitzen ari garen egoera azalerazi du berriro”, izan dira langilearen berbak.

“Langileon aurkako eraso indiskriminatua da honako hau: lehenik eta behin bake eta greba amaieraren hitzarmena sinatu genituen. Gero Aldi baterako lan erregulazioko espedientea ezarri ziguten eta EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen eta gero greban parte hartutako eta ELAn afiliatutako zortzi langile kaleratu zituzten modu automatikoan”.

Lehen langile kaleratuaren epaiketaren emaitza kaleratze nulo bezala kalifikatu zuen epaileak, eta enpresari 20.000 euroko kalte ordainak eskatu zizkion. Orain beste lankide baten epaiketa izan da, baina ez da azkena izango: “Maiatzean beste epaiketa bi ditugu eta ekainean beste bi”, esan du Jimenezek. “Azken bolada epaitegietan ematen ari gara”.

Vulcanizados Zuloaga enpresako sarrera, Zaratamon // Geuria

“Enpresaren jokabidea ez da batere ona. Egia esateko ez dakit zein helburu ezkutatzen duen baina epaileek arrazoia langileei ematen ari dira behin eta berriro. Grebarekin bat egin izanagatik eskubideak urratu direla ikusten ari gara. Atzo lan-arloko epaitegian izan ginen lehen kaleratuaren kautelazko epaia eskatzen, langilea urtarriletik kobratu gabe zegoelako”, kexatu da Jiménez.

Eduardo Jimenez: “Enpresak ez du langilea ikusi nahi; nahiago du etxean geratzea soldata jasotzen duen bitartean”

Sententziaren arabera, langilea lanean hasi eta soldata jasotzen hasi behar zen: “Epaileak enpresa zuzendaritzako abokatuari atentzioa eman zion, langilea oraindik ez duelako dirurik ikusi, baina hori ez da dena: enpresak ez du langilea ikusi nahi; nahiago du langilea etxean geratzea soldata jasotzen duen bitartean”.

Vulcanizados Zuloagako langileak, grebaren 200. egunean, Zaratamoko lantegian // Geuria

Gainontzeko langileen inguruan galdetzean, Eduardok dio egoerak pertsona guztiei “laster edo berandu” eragingo diela: “Nire ustez Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzaren jazarpenak denori eragingo digu, greban parte hartzeagatik. Enpresako ordezkarien arabera langileak dira egoera honen errudunak, baina horrek ez du bat egiten epailearen erabakiarekin”. Eduardok langileen negoziatzeko borondatea gogorarazi du gatazkari irtenbidea emateko eta kaleratutako langileak berriro kontratatzeko: “Enpresaburuak ez ditu langile horiek berriro ikusi nahi. Horrela gaude”.

GEURIAn aipatu lez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 2023ko apirilean Vulcanizados Zuloaga planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea, epaiaren arabera “ez baitu ekoizpen kausa autonomorik ikusi, baizik eta plantillak urte eta erdian egindako grebarekin lotura duela”. Ondorio modura, Lan arloko epaitegiak 25.000 euroko kalte ordaina ezarri dio Zaratamoko enpresari

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

EAEko Auzitegi Nagusiak Vulcanizados Zuloagako langile grebalari baten kaleratzea baliogabetu du

Langile horren eta beste zazpi beharginen aurkako neurria enpresaren zigorra izan zela salatu zuen ELA sindikatuak, eta Lan Arloko Epaitegiak hori berretsi du

|

Hurrengo hilabeteetan antzeko beste epaiketa batzuk izango direla aurreratu dute ELA sindikatutik / Geuria

ELA sindikatuak Vulcanizados Zuloaga enpresako langileei eragiten dien bi sententzien berri eman du, biak ala biak Lan Arloko Epaitegiari dagozkionak: alde batetik aldi baterako lan erregulazioa bertan behera utzi du epaitegiak, eta bestetik langile grebalari baten kaleratzea baliogabetu du.

Lan erregulazioari dagokionez, sindikatuak berak argitu ditu sententziaren nondik norakoak: “Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 2023ko apirilean planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea, ez baitu ekoizpen kausa autonomorik ikusi, baizik eta plantillak urte eta erdian egindako grebarekin lotura duela dio epaiak. Beraz, Lan Arloko Epaitegiak jada ezarritako 25.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio enpresak ELAri kalte moralengatik”.

Bestetik, Lan Arloko Epaitegiak ELAko afiliatu baten kaleratzea bertan behera utzi du,  “Vulcanizados Zuloagak langile horren eta beste zazpi langileren aurka greba egiteagatik hartutako neurria dela iritzita”.

2023ko irailean enpresak zortzi langile kaleratu zituen, “guztiak ELAko afiliatuak eta greba egindakoak”. Sindikatutik gogoratu dutenaren arabera, “ELAk beste epaiketa bat irabazia du ildo berean beste lankide baten kaleratzeagatik. Beraz, hau da bigarrena, eta epaiak berriro behartzen du enpresa kaleratuak berriro hartzera, eta kaleratze egunetik aurrera ordaintzera soldata”. Kaleratutako langileei 20.000 euroko kalte ordaina ordaintzeko betebeharra ezarri dio enpresari.

Azkenik, sindikatuak gainerako kaleratuak  “berehala berriz hartzeko exijitu du, eta enpresari askatasun sindikalaren aurkako erasoak eteteko”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxa auzoko kontsultorio berriaren lanak irailean bukatuko dituzte

Guztira 148.000 euro bideratu dituzte Arkotxako kontsultorioaren bigarren eta azken fase honetarako

|

Arkotxako kontsultorioaren kanpoaldea, gaur egun // Geuria

Zaratamoko Arkotxa auzoko kontsultorioak eraberritzeko lanak azken fasean murgilduko dira eta Udalak, barruko antolaketari ekiteaz gainera aerotermia energia-sistema ipiniko du bertan.

Bigarren faseko lan hauetarako 137.000 euro bideratuko ditu Udalak eraikinaren barru antolamenduko lanak burutzeko. Obrak aste bi barru hasiko dituztela iragarri dute, “ondo bidean” eta lanen iraupena bost hilabetekoa izango dela aurreratu diote GEURIAri.

“Azken fase honetan ikusi beharko dugu nola moldatu garen herritarrei zerbitzua behar bezala emateko”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak.”Irailerako lanak bukatuta egon beharko dira”.

Alberto Ugarriza: “Azken fase honetan ikusi beharko dugu nola moldatu garen herritarrei zerbitzua behar bezala emateko”

Bigarren fasean honetan inguratzaile termikoa hobetzea, fatxadaren inguratzaile termikoa hobetzea, forjaketa sanitarioaren isolamendua, estalitako inguratzaile termikoa hobetzea, kanpoko arotzeria ordeztea eta instalazioen eraginkortasuna hobetuko ditute.

Aerotermia sistema ezartzeko EBEK Kudeaketaren 11.000 euroko diru-laguntza jaso du Zaratamoko Udalak: “Horrela, eraikina energia berriztagarrien iturrien bidez hornituta geratzea ahalbidetuko da. Proposatutako sistemek energia aurrezteaz gain, emisioak eta ingurumen-inpaktua murrizteko aukera emango dute”, jasotzen du proiektuaren memoriak.

Kontsultorioa, 2021ean // Geuria

Bizi berri bat

Lanen helburua Arkotxako eskola zaharren eraikina kontsultategi mediko gisa eraberritzeko obrak gauzatzea da, eraginkortasun energetikoko eta energia berriztagarrien inplementazioko irizpideak jarraituz.

Jakina denez, Arkotxako kontsultategia auzoko eskola zenaren eraikinean dago. Eraberritzeko memorian azaldu bezala, kokalekuan “auzoaren erdigune neuralgikoa” bilatzen zen, irisgarritasuna errazteko eta goiko posizioan, fatxada guztiak libre zeudelarik.

Fatxada nagusia hegoalderantz orientatzen zen, klima- eta argiztapen-baldintza hobeak zituelako, eta eraikina iparraldeko orientaziotik babesten zen. Aireztapena modu naturalean aurreikusten zen atari batera irekitzen zuen sarrerako atetik, bat-bateko tenperatura-aldaketak saihesteko.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Bigarren aukera, animalia askoren ezinezko ametsa

Hego Uribe eskualdean, iazko azaroan GEURIAn iragarri bezala, 11.968 txakur daude erroldatuta, baina ezer gutxi esaten da zerrenda horietan agertzen ez diren txakurrez

|

Txakurrei bigarren aukera eman diete "La casa del Perro"-n

Martin Zaratamon topatutako tamaina ertaineko txakurra da. “Jatorra eta maitakorra” bezala definitu dute udaletxeko langileek. “Ez dakigu zer dela eta inork ez du txakurra momentura arte adoptatu”. Martin 2020an agertu zen Zaratamon, pandemia garaian. Urte hartan, Udalak Zaunk txakurtegiarekin egiten zuen lan eta bertara eraman zuten. Gaur egun, txakurtegia itxi zutenetik La Casa del Perrok kudeatzen du.

Egun hartatik hainbat txakur igaro dira txakurtegitik eta Martin ez da leku horretatik irten, eta egia esateko, zail du bigarren aukera bat erdiesteko: zazpi urte ditu, ertaina da eta 23 kilo pisatzen ditu. Txakur bat adoptatuko duten pertsona askorentzat ez dira ezaugarri positiboak: jendeak txakur gazteak eta txikiak nahi ditu orokorrean. Espektro horretatik aldentzen diren hautagaiek aukera oso gutxi dituzte aukeratuak izateko. Errealitate tristea da, txakurrari geratzen zaion bizitza ziurrenik zentro horretan emango duelako.

Hego Uribe eskualdean, iazko azaroan GEURIAn iragarri bezala, 11.968 txakur daude erroldatuta, baina ezer gutxi esaten da zerrenda horietan agertzen ez diren txakurrez. Are gehiago, gero eta normalizatuago eta barneratuago daukagu Martin bezalako animalia askok pairatzen dituzten tratu txarrak eta abandonuak. Sare sozialek ia egunero kalean, inolako identifikaziorik gabe topatutako txakurren berri ematen dute eta erabiltzaileok gero eta erraztasun handiagoa dugu, hoztasunez, beste alde batera begiratzeko.

“Txakurarren adina eta tamaina faktore erabakigarriak dira adopzio prozesua martxan jartzean”

Hego Uriben, kopurua oso handia ez bada ere, animalien abandonu kasuak egon badaude, eta horretarako animalien harrera zentroetako zenbakietara begiratzea besterik ez dago. Udalerriek txakurtegi baten zerbitzuak kontratatu ohi ditu galdutako edo abandonatutako animaliak jaso eta kudeatzeko. Hego Uribeko eskualdean Quincocan, La Casa del Perro eta Kantarriketas enpresen zerbitzuak kontratatu dituzte: Arrigorriagak, Etxebarrik eta Ugaok Quincocan, Basaurik, Zaratamok eta Galdakaok La Casa del Perro eta Zeberiok Kantarriketas. Gaur egun Quincocanek eskualdean topatutako zazpi txakur ditu, bost Etxebarrin eta bi Arrigorriagan. Egun hauetan ez dago Ugaon aurkitutako txakurrik. La Casa del Perrok 100 animalia baino gehiago ditu Sopelako txakurtegian eta horietako 29 Basaurin aurkitutakoak dira, 15 Galdakaon eta bat Zaratamon (Martin). Eskatu bazitzaien ere, Kantarriketasekoek ez diote bere txakurtegiko kopururik eman GEURIA komunikabideari.

Protokoloa, gertutik

Edozein herritarrek topa dezake galdutako edo abandonatutako animalia bat udalerrian. Kasu horretan, Zaratamo bezalako Udalek gomendio garrantzitsu bat luzatu diete herritarrei: animalia topatu bezain pronto udaltzainei deitu animalia jaso eta jabea lokalizatzeko prozesua ahalik eta lasterren abiarazteko.

“Galdutako animalia bat topatzean egin beharreko lehen gauza udaltzainei abisatzea da, jabea topatzeko”

Udaltzainek txakurra jaso bezain pronto animaliaren identifikazio lanak martxan ipintzen dituzte eta irakurle baten bidez txakurrak txipa duen ikusten dute. Txipa izatekotan, bertan jabearen informazioa ageriko da eta pertsona horrekin harremanetan jarriko dira udal langileak eta bestela udalerriari dagokion txakurtegiarekin. “Momentu horretan jabeak 15 egun izango ditu txakurra txakurtegitik jasotzeko”, azaldu du Marta del Moral La Casa del Perroko langileak. Epe hori igarota eta jabea agertu barik jarraitzen badu, txakurtegia Udalarekin harremanetan jarriko da eta 10 eguneko epea izango dute udal langileek jabea lokalizatzeko. “Bigarren epe hori igarota jabearen seinalerik ez badago txakurrari txipa kenduko zaio eta Udalaren izenean dagoen txip berria jarriko diote”, gehitu du La Casa del Perroko langileak. “Baina horrek ez du esan nahi txakurra berreskuratzeko aukerak amaitu zaizkiola. Txakurrak, Udaleko txipa ipinita izanik ere, jabeak eskatutako dokumentazioa aurkezten badu txakurra berreskuratuko luke, baina adopzio prozesu baten bidez”. Kasu hori idealena litzateke txakurrarentzat, ziurrenik galduta egon zitekeelako eta etxera itzultzeko aukera izango lukeelako, gehienetan. 

Animaliak txipik ez badu bilaketa lanak zailduko lirateke langileentzat eta hipotesi gehiago sartuko lirateke jokoan: tratu txarrak, abandonua… Talde honen barruan dago Martin, inork egunen batean bere etxean hartu eta bere bizitzari bigarren aukera emango dion itxaropena galdu barik.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Urrutikoetxea eta Elezkano II pilotari zaratamarrek Bizkaia Torneoan hartuko dute parte

Danel Elezkano zaratamarra Gorbeia taldean arituko da lau t’erdiko espezialitatean. Urrutikoetxea, ostera, Kolitzan lehiatuko da Albisurekin batera eskuz binakakoan

|

Gaur goizean ekainaren 1ean Urdulizen hasiko den Bizkaia Torneoaren 11. edizioaren aurkezpen ofiziala egin dute Bilbon. Bertan Leixuri Arrizabalaga Euskara eta Kultura diputatua, Aspe eta Baiko Pilota enpresetako ordezkariekin bildu da. Guztira 24 pilotarik hartuko dute parte aurtengo edizioan eta horien artean Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano zaratamarrak daude.

Bizkaia Torneoa taldeka eta hiru espezialitateak jokatzen dituen esku pilota lehiaketa bakarra da. Talde bakoitzak Bizkaiko mendi baten izena dauka: Ganekogorta, Oiz, Gorbeia, Sollube, Anboto eta Kolitza. Talde bakoitzean lau pilotari ageri dira: bi binakako modalitatean, bat lau t’erdian eta beste bat banakakoan.

Danel Elezkano zaratamarra Gorbeia taldean arituko da lau t’erdiko espezialitatean. Bere taldean Elordi eta Zabaleta binakakoan izango dira eta Salaberria banakakoan. “Pozik nago Gorbeia taldean jokatzea tokatu izanagatik”, aitortu dio Elezkanok GEURIAri bere taldekideen berri izan duenean.

Danel Elezkano // Geuria

Mikel Urrutikoetxea Kolitza taldean egongo da Albisurekin batera eskuz binakako modalitatean. Jaka lau t’erdian neurtuko da eta Zubizarreta III.a banakakoan.

Mikel Urrutikoetxea // Geuria

Lehiaketa sistema

Final-laurdenetako, finalerdietako eta finaleko kanporaketa sistemaren arabera jokatuko dute pilotariek eta kanporaketa bakoitzean gutxienez bi garaipen lortu dituen taldea sailkatuko da. Antolakuntzatik azaldu dute partidak 22 tantora jokatuko dituztela eskuz binakako modalitatekoek eta 18ra banakako kanporaketetan.

Txapelketa Urdulizen, Zeanurin, Mallabian eta Bilbon jokatuko da eta kanporaketak ekainaren 14, 15 eta 16an jokatuko dituzte. Finala abuztuaren 20an antolatu dute Bilboko Bizkaia Frontoian. Sarrerak webgune honetan eskuratu daitezke.

Osorik irakurri