Auzoan elkarbizitza sustatzeko asmoz, ‘Arkotxan ondo bizi’ kanpaina jarri dute martxan hainbat herri eragilek. Uztailaren 7tik 18ra bitartean balkoiak eta leihoak apaintzeko deia egin dute. Lehiaketa bat izango da, kanpainaren lema erabilita, auzoa elkarbizitza mezuz apaintzeko helburuarekin. Gaztek Abi, ehiza eta arrantza, motorzale elkartea, jai batzordea, norbanakoak, eta Udala bera. Azken horrek kanpainaren berri emateko kartel batzuk atera ditu. Sari banaketa uztailaren 18an izango da 14:00etan Iturriko plazan.
Horrekin batera, hilaren 17an eta 18an Arkotxako argazkien erakusketa antolatu dute. Auzoko toki ezberdinetan argazki panelak jarriko dira eta horietan herritar eta elkarte bakoitzak argazki esanguratsuak itsatsiko ditu. Dagoeneko argazki bilketa egiten ari dira. “Argazki asko izango dira, denak ezberdinak, toki, ekintza eta une ezberdinekoak. Horrela auzoaren argazki erraldoi bat egingo dugu”, dio Alberto Ugarriza alkateak: “Auzoarekin identifikatzeko urrats bat izango da hau”.
Arkotxako eta Elexaldeko jaiak
Kanpainari amaiera emateko hainbat ideia izan dituzte buruan antolatzaileek, baina oraingoz jaiekin lotutakoak bertan behera geratu dira. “Jendeak gogoa du eta zerbait egitea beharrezkoa dela uste dugu. Adibidez, herri bazkari bat, hogeiko taldeetan banatuta, elektrotxaranga batekin bueltaka… baina ez gara ausartzen, azkenean jendea batu eta kontrolatzea zaila delako”, adierazi du Ugarrizak. Ez du erabat baztertu kanpainari amaiera emateko ekintza xumeren bat egitea, baina oraindik erabakitzeke dago.
