Zaratamon Pasio Biziaren antzezpena bertan behera geratu da bigarren urtez jarraian. 2019an “herritarren konpromiso faltagatik” eta aurten osasun krisiagatik. “Erantzukizun kontua da erabaki hau hartzea. Aurten gogotsu geunden Pasio Bizia Arkotxan berriro antzezteko, baina gauza batzuk ezin dira kontrolatu, eta tamalez, bertan behera utzi beharko dugu”, dio Jose Antonio Chica Gaztek-Abi elkarteko presidenteak.
Aurtengo Pasio Bizia antzezteko lantaldea eta baliabide ekonomikoak bazituztenez, urtea bukatu aurretik egungo egoerara egokitutako ekintzaren bat antolatzeko pausoak ematen ari dira. Horrekin batera, 2021ean antzezpena egin ahal izatea espero dute.
