→Arrigorriaga

Egitaraua | Iratxe Fresneda, Maider Altuna eta Arkaitz Zipitria arrigorriagarrek hartuko dute parte Loraldia festibalean

Loraldia kultur elkarteak “euskal iruteri berria” ikusarazteko musika, literatura, zinema, bertsolaritza, antzerki eta gastronomia ekitaldien festa antolatu du Hego Uriben. Arrigorriagan eta Zaratamon sei kultur jardunaldi egingo dituzte udazkenean, irailaren 30etik urriaren 9a bitartean, euskal kultura garaikideari “plaza zabaltzeko”.

Arrigorriagako eta Zaratamoko udal ordezkariak, Loraldia elkarteko ordezkariekin // Geuria

Loraldia kultur elkarteak “euskal iruditeri berria” ikusarazteko musika, literatura, zinema, bertsolaritza, antzerki eta gastronomia ekitaldien festibal herrikoia antolatu du Hego Uriben. Arrigorriagan eta Zaratamon sei kultur jardunaldi egingo dituzte irailaren 30etik urriaren 9ra bitartean, euskal kultura garaikideari eta Hego Uribeko artista lokalei ikusgarritasuna emateko: besteak beste, Iratxe Fresneda zinemagileak eta Maider Altuna eta Arkaitz Zipitria bertsolari arrigorriagarrek hartuko dute parte festibalean.

Udal ordezkariek eta Loraldiko arduradunek gaur, irailak 21, egin dute programaren aurkezpen ofiziala. Bertan egon dira Maite Ibarra, Arrigorriagako alkatea, Ostaiska Gabiria, Zaratamoko alkateordea eta Amaia Ocerin, Loraldiko komunikazio arduraduna. Udalek eta elkarteak udaberritik jardun dute lankidetzan “Plazarik Plaza!” ekimena Hego Uribera hurbiltzeko, eta egitasmoa aurrera ateratzea “ohorea” izango dela nabarmendu dute biek ala biek.

Ocerinek azaldu du jaialdia martxan jartzeko erabakigarria izan dela Arrigorriagako eta Zaratamoko kultur elkarteekin eta taldeekin egindako lankidetza: “Kanpotik datorren programazioa erakargarria iruditzea nahi dugun arren, herritarrek beren proiektua propioa dela sentitzea nahi dugu”. Horregatik, berebiziko garrantzia izan du artista lokalen laguntza izateak, “publiko guztientzako programazio plurala” atontze aldera.

Hego Uribeko ekintzaileen artean, erakusleiho berezia eman nahi izan diote emakume sortzaileen lanari ere. Urriaren 6an, Iratxe Fresneda Arrigorriagako zinemagileak “primizia” moduan eskainiko du Tetuán bere hirugarren film luzearen aurrerapen bat, lana azaroan Xixongo FICX zinemaldian aurkeztu baino lehen. Hainbat irudi erakusteaz gain, zuzendaria bertan izango da pelikularen sortze prozesuaren nondik norakoak lehen pertsonan kontatzeko.

Urriaren 7an, berriz, Maider Altuna eta Arkaitz Zipitria arrigorriagarrak egongo dira bertsotan, Alaine Agirre idazlearen testuak musikatzeko. Agirrek etorzkizunaren inguruko hausnarketa irakurriko du, eta Olatz Salvadorrek musika jarrita, bi bertsolariek gaiaren inguruan sortu beharko dituzte zortzikoak. Artistek, halere, ez dute aldez aurretik jakingo Agirreren hitzak zeintzuk izango diren, eta bat-batean botako dituzte haiek ere beren gogoetak.

Guztientzako proposamena

Kantua eta musika ardatz, lehen egunetik bultzatu nahi dituzte euskal kultura garaikidea irisgarri eta entrenigarri egiteko bideak. Festibala, hain zuzen, literatura musikarekin uztartzen duen ikuskizunarekin hasiko da Zaratamon, irailaren 30ean. Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak “bidaia musikal bihurtzen den proposamena”, Katuen kontuak, ikuskizuna eskainiko dute.

Loraldiko arduradunek eta Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, formatu eta izaera anitzeko ekitaldi horiek kultura publiko guztiei hurbiltzen lagunduko dute. “Zer garen, nor garen eta kultura nola egiten dugun” erakutsi nahi dutela azaldu du Ocerinek, eta gogoratu du dinamika ezberdinak bateratuz, ideia hori euskalduna den zein ez den publikoari hedatzea dela ekimenaren helburua.

Izen-emateak

Ekitaldietara joan ahal izateko, sarrerak egunean bertan edo aldez aurretik eskuratu ahalko dira Loraldiaren webgunean. Elkartearen lagunentzako deskontuak egongo dira ordainpekoak diren ikuskizunetan.

LORALDIA ARRIGORRAGAN ETA ZARATAMON | PROGRAMA

Irailak 30, ostirala
Olatu arteko txalupa arraroa
Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia
Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean
19:30
Doan

Urriak 6, osteguna
Tetuán filma (making of)
Iratxe Fresneda
Lonbo Aretoan
19:30
Doan

Urriak 7, ostirala
Gelajauziak
Kukai
Abusuko Kultur Zentroan
19:00
Doan

Urriak 7, ostirala
Gerorik balego
Alaine Agirre, Olatz Salvador, Maider Altuna, Arkaitz Zipitria eta Amaia Agirre
Arrigorriagako udaletxeko erakusgelan
20:30
5 euro / Lorazainak: 3 euro

Urriak 8, larunbata
Laboa. Txoria nuen maite
Iñaki Salvador, Ainara Ortega, Angel Unzu, Maria Berasarte, Javier Mayor de la Iglesia eta Hasier Oleaga
Lonbo Aretoan
19:30
10 euro / Lorazainak: 8 euro

Urriak 9, igandea
Topa dagigun. Pauline & Juliette. Kantak eta bermuta
Pauline & Juliette bikotea eta Imanol Sarasola (Acha upeldegia)
Arrigorriagako udaletxeko arkupeetan
13:00
5 euro / Lorazainak: 3 euro

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak