Aurtengo aurrekontua onartu du Zaratamoko Udalak maiatzean ospatu den osoko bilkuran. Guztira, 2.781.116 euro izango ditu Udalak, iaz baino 112.449 euro gehiago (%4,23 gehiago, alegia). Zenbateko horretatik gastu sozialak mantentzea lortu du Udalak. “Arlo sozialean aurreko urteetan eman ditugun laguntza guztiak mantenduko ditugu aurten ere”, dio Jon Ajuria alkateak. Besteak beste, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei, Etxez etxeko Laguntzei eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentei eutsiko diete. “Gainera, aurten zerbitzu berri bat eskaintzeko asmoa daukagu, Gizarte Hezitzailearena, hain zuzen ere”, dio Ajuriak: “Orain arte Gizarte Langilea izan dugu, baina zerbitzu hori osatzeko hezitzaile baten premia handia dagoela ikusi dugu. Gauzak horrela, lehiaketara aterako dugu plaza hori”.
Era berean, aurreko urteko diruzaintza gordekina positiboa izan dela eta horrek inbertsioetarako dirua izatea ahalbidetuko diela gaineratu du Ajuriak. Soberakin hori 234.133 eurokoa da (aurreko aurrekontuetako metaketa da). Horren harira, inbertsioetarako erabiliko duten aurrekontua 743.433 eurokoa izango da. Inbertsiorik garrantzitsuena Elexaldeko frontoia eraberritzea izango da (178.361 euro): aldagelak bikoiztu, publikorako komuna jarri eta irisgarritasuna hobetuko dute.
Tren geltoki berria
Bestetik, Plan Orokorrean aldaketa bat egingo dute, “Arkotxan, Outokumpu zegoen eremuan, tren geltoki bat eraiki ahal izateko”, dio Ajuriak. Herri mailako plan berezi hori egiteko, 30.000 euroko partida jarriko dute Udaletik: “Euskal Trenbideen Sarearekin (ETS) hitz egin dugu eta eurek posible ikusten dute tren geltokia egitea, baina aurretik plan orokorrean aldaketak egin behar ditugu. Gero, Euskadiko Lurralde-Antolamenduko Batzordearen oniritzia beharko genuke”.
Gainerako inbertsioen artean daude, besteak beste, eskolan obrak egitea (hala nola, igogailuak konpondu -diru-laguntzen bidez- eta jolas-tokiko zorua aldatu), auzoetako saneamenduan hobekuntzak egitea, eta Kultur Etxeetan hornidura-obrak egitea.
Diru-laguntzen aldetik, “kultur eta kirol elkarte guztiek jasoko dituzte diru-laguntzak, eta euskara eta ingelesa ikasteko bekak eskainiko ditugu”. Halaber, etxebizitzetan igogailuak jartzeko laguntzak emango dituzte. “Momentuz, 30.000 euroko partida bideratu dugu igogailuak jartzera. Datorren osoko bilkuran ordenantza berria onartu eta lehiaketara aterako dugu”, dio Ajuriak.
