Sareak

☉ Zaratamo

Eugenio Arriaga: "Altxor kulturala dira betizuak eta ez ditugu galdu nahi"

|

Eugenio Arriaga, Betizuekin // Geuria

Antzinako 'gauzen' maitale bezala definitzen dute euren burua Eugenio eta Braulio Arriaga anaiek. Orozkotik Zaratamora 1.895 urtean etorritako Arriagaren birlobak eta Ordiziatik Arrigorriagara 1848 urtean etorritako Garmendia familiakoak. Suhiltzaileak ofizioz, aititea abeltzaina zen eta nolabait Euskal Herriko ganadu mota zaharrenarenganako maitasuna kutsatu zien biei. Gaur egun, betizuak hazten dituzte Zornotzako basoetan eta euren haragia oso preziatua da: Bilboko Guggenheim museoko jatetxean eta Larrabetzuko Azurmendin izan dute, besteak beste. Eugeniorekin eta betizu iletsuekin goiza eman dugu, animalia hauen mundua gertutik ezagutuz.

Eugenio eta bere behiak // Geuria

Nola hasi zineten betizu arrazako behiak hazten?
Zaratamon betidanik egon dira betizuak, eta ez hemen bakarrik: Zeberion, Orozkon… 70. hamarkadan basoko saneamendu kanpainak martxan jarri ziren. Garai hartan, betizuak basoetan bizi ziren, beren kabuz, eta kanpaina hauen ondorioz, animalia hauek batzen hasi ziren abeltzainak.

Baina berez betizuak harrapatzearen lana ez da makala!
Behi izuak esaten zaie, eta jende asko ez zen prest agertu lan horiek egiteko. Horregatik behi asko tiroka hil zituzten eta betizu kopurua nabarmenki jaitsi zen. Harrapatzea lortzen zituzten abeltzainek okela gutxi ematen duen animaliak zirela ikusi zuten. Horregatik, betizuak bestelako arraza okelatsuagoekin gurutzatzen hasi ziren.

Nolako izaera dute betizuek?
Denetarik dago. Betizuak herriko jaietan erabiltzen ziren antzina, zezen-jokoetan bereziki. Nik urteak daramatzat hauekin lanean, baina egia da barruan tenperamentua daukatela.

Familian anaia bi zarete: biak suhiltzaileak eta biak abeltzainak
Braulio eta niri betidanik gustatu zaizkigu antzinako gauzak: historia, kultura, arbasoak… Euskararekin gertatzen den bezalaxe, pena da betizu arraza galtzea. Gure aititea artzaina zen eta gu basoko ganaduarekin 1985en hasi ginen beharrean, Enkarterrietatik eta Orozkotik ekarritako ganadua hazten. 1998an behi arraza hauen inguruko elkartea sortu zen eta Europako diru-laguntzak jaso genituen Terreñak eta betizuak berreskuratzeko helburuarekin. Diputazioko teknikari bat etorri zen gure lursaileko behiak ikustera eta berreskuratzeko animaliak zirela baieztatu zuen.

Betizuak, baserrian // Geuria

Nola uztartzen dituzue suhiltzaile eta abeltzain lanak?
Braulio eta biok txanda ezberdinetan egin dugu lan betidanik eta ez dugu problemarik izan ganadua zaintzeko tarteak topatzeko, azken batean behi hauek ez baitute esne behiek ematen duten lanik ematen. Etxe inguruan jan ostean, 11:00ak aldera, emazteak behiak soltatzen ditu eta mendira doaz, hurrengo egunera arte.

Nolako behiak bizi dira Zaratamon?
Zaratamoko basoetan basabehiak eta behiusoak egon dira betidanik. Aitaren lehengusu batek gerra ostean Gutiolotik Gorbeiara eraman ohi zituen arraza horretako animaliak. Bere hitzetan, hemengo behiak gorriak izan ohi ziren eta Terreñei 'behi arabarrak' esaten zieten. Garai hartan hasi ginen gu betizu behiak berreskuratzeko asmoarekin, eta lehen behi mistoak Orozkon bertan erosi genituen. Gaur egun betizuak eta terreñak ditugu.

Eugenio, animaliak elikatzen // Geuria

Baina arraza biak ez dituzue Zaratamon.
Ustiategia Zaratamon egon arren, arraza biak zonalde berean mantentzea zaila da: zezenak aparte mantendu behar dira eta horrek arazo handiak dakartza. Orduan, erosotasunagatik terreñak Zaratamoko Gutiolo auzoan utzi genituen eta betizuak, Zornotzako landetan. Zaratamoko basoak zabalak dira eta Zornotzan itxidura gehiago dauzkate lursailek. Terreñek okela gehiago ematen dute, eta nahastuta egongo balira eta betizuekin ernalduz gero, nahasketatik jaiotako behiaren prezioak behera egingo luke haragi gutxiago izateagatik.

Betizuen sinonimo al dira zezengorriak, behigorriak, txahalgorriak, ahatxegorriak eta idigorriak?
Bai, Diman katamizerrak ere esaten diete. 1916an Austriako ikerlari bat etorri zen eta euskal arrazako behi mota bi bereiz zitezkeela esan zuen: euskal arraza zahar edo rustikoa (betizua) eta hobetutako arraza. Hobetutako arrazako behiak Pirinioetan topa daitezkeenak dira, denboran zehar bertako mendi inguruetara doitzen joan direlako. Betizua berez paleolitiko garaitik bizi da Akitania, Aragoi eta Kantabria arteko lurretan. Denborak aurrera egin ahala, betizuen behi kopuruak behera egin du eta Bizkaian Andoni Errekagorri bere kabuz zonalde ezberdinetako behiak erosten joan zen, arraza berreskuratzeko asmoz. Gipuzkoan, Urnieta, Hernani eta Astigarragako betizuek mendian gora egin dute urteek aurrera egin ahala. Nafarroan, Agoizko urtegi inguruetan betizuak berreskuratzeko ahalegina egin zuten 60ko hamarkadan, inguruetan hainbat behi utziz, eta urte batzuk geroago Nafarroako Gobernua arduratu zen.

Baserriko Betizuak // Geuria

Zergatik daude desagertzeko zorian?
Alde batetik, errentagarria ez delako. Europatik datozen diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintza gogorrak bete behar ditu abeltzainak. Beste alde batetik, okela gutxi ematen du betizuak, eta harakin askok ez dute haragi mota hau saldu nahi: azken batean, behi txiki hauen okela prestatzeko beste arraza bateko behi nagusi batena besteko denbora behar delako eta ez du merezi egun oso bat ematea 40 haragi kilo eskuratzeko.

Okela honekin lan egin nahi ez badute ere, hainbat jatetxe ospetsutan egondakoa da betizuena
Animaliak hil eta behar besteko osasun-kontrolak igaro ostean, etxera ekartzen ditugu eta paketeak prestatzen ditugu lagunentzat, senideentzat eta Zaratamoko lagunentzat. Bezero horiez gain, gure betizuen okelak inguruko jatetxe onenetan egon dira: Guggenheim museoko jatetxean, Azurmendin, Meliá hotelean… gaur egun Artxandako Ostalaritza Eskolan, Garena jatetxean eta Areetako Pablo Urzayn dasta daiteke.

Nola egiten dute lan Arriaga anaiek?
Europatik datozen diru-laguntzekin, eurek ezartzen dituzten baldintzak betez. Ez dugu irabazi askorik. Dagoeneko, nire lagunen zaletasunak eskalatzea, surfa… hori maite dute. Nire zaletasuna abeltzaintza da, baina lan honekin ez dut diru irabazirik.

Betizuak, ez hain izuak // Geuria

Esaten da baita ere animalia mitologikoak direla betizuak
Joxemiel Barandiaran berak betizua "animalia zaputza" bezala definitzen du (Elhuyar hiztegiaren arabera, zaputza eta betizua hitzak sinonimoak dira). Braulio eta biok 2000. urtean hasi ginen betizuak hazten, eta urte hartan Nafarroatik ekarritako zezentxo bat eroan genuen Orozkoko lehiaketa morfologiko batera. Bertakoak aho bete hortz lotu ziren animaliaren izaera ikusi bezain pronto: "Zezen hori izanik txakurrik ez duzue behar!", esan ziguten. Antza, animalia hark Barandiaranen kobazuloko sarrerako ahotik sua botatzen zuen zezen gorriaren antza zuen.

Zein da Betizuen bizileku aproposena?
Behi hauen bizileku naturala berez mendia da. Elurra egin izan duen urte hasierako egunetan, egokiena belar fardo batzuk hartu eta basora botatzea izan beharko litzateke, eurek badakitelako bertan nola moldatu. Nafarroan horixe bera egiten dute: Goizuetako egoera zoragarria da, bertan betizu arrazako behiak dauzkatelako soilik, legez. Bizkaian, ordea, ez dago horrelako behar besteko leku zabalik. Errepide, trenbide eta azpiegitura gehiegi daude animalia hauek libre izateko. Gutiolotik Orozkorainoko tartean, esaterako, badira leku zabal ugari, baina horietan dagoeneko badaude estelako arrazako behiak, eta bertako abeltzainek ez dituzte betizuekin nahastu nahi. Altxor kulturala dira betizuak eta ez ditugu galdu nahi, Euskal Herriko ganadu mota zaharrena baita.

Betizu behia, kumearekin // Geuria

☉ Zaratamo

Zaratamok emakume migratuen inguruko bost saio antolatu ditu Arkotxan

Saio hauek adin guztietako publikoarentzat prestatu dituzte iraila amaieran eta urrian zehar

|

Emakume baten eskuak // Geuria

Zaratamoko Udalak, Emakunde eta Foru Aldundiaren babesarekin eta Wayra elkartearekin elkarlanean, 'Emakume migratuen boterea' izeneko bost saio antolatu ditu Arkotxako txokoan.

Lehen saioa joan den irailaren 23an antolatu zuten, eta bertan emakumeek elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Hurrengo saioetan, irailaren 30ean eta urriaren 7an, 21ean eta 28an, emakume hauen jatorriaz, euren jaioterritik gaurdaino egin duten ibilbideaz, helmugaz eta ekintza kolektiboen garrantziaz arituko dira.

Saio hauek adin guztietako publikoarentzat prestatu dituzte, eta bertan parte hartzeko 663 342 056 telefono zenbakia jarri dute herritarrentzat.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Vulcanizados Zuloaga enpresako zortzi langile kaleratu dituztela salatu du ELA sindikatuak

Epaitegiak aldi baterako lan erregulazioko espedientea baliogabetu "eta ordu gutxira" Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzak zortzi kaleratze gutun bidali dituela salatu du ELA sindikatuak

|

Argazkia: ELA sindikatua

Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresak apirilean aurkeztutako aldi baterako lan erregulazioko espedientea Bilboko Lan Arloko epaitegiak baliogabetu ondoren, orain zortzi langile kaleratu dituztela salatu du ELA sindikatuak: "Epaia eman eta ordu gutxira, Vulcanizados Zuloagak zortzi kaleratze gutun bidali ditu, arrazoi 'objektiboak' argudiatuz, itxuraz".

Kaleratu dituzten langile guztiak ELAko afiliatuak direla adierazi dute sindikatutik, "eta urte eta erdiz greban egondakoak", diote, eta gaineratu dute: "Sindikatuaren aurkako beste jarrera baten aurrean gaude".

ELAk kaleratu guztiak "berehala" lanpostura itzultzea eskatu du, "eta horretarako bitarteko egokienak jarriko ditugu martxan", diote.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Justiziak Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresaren Aldi Baterako Espedientea baliogabetu du

ELA sindikatuaren arabera, ABEEaren neurria baliogabea da arrazoi birengatik: alde batetik, kausak ez daude akreditatuta eta bestetik espedientea greba egitearen erantzun modura ipini dute

|

Vulcanizados Zuloagako grebalariak, Ugaotik Zeberiora egindako martxa batean, 2021ean // Geuria

Bilboko Lan Arloko Epaitegiak Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresak joan den apirilean bertako langileei proposatutako Aldi Baterako Espediente Erregulatzailea (ABEEa, ERTE, gaztelaniaz) baliogabetu du: "Vulcanizados Zuloagak askatasun sindikalaren eskubidea urratu du, grebarako eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz", azaldu dute Justizia Epaitegitik.

Joan den martxoan akordioa erdietsi zuen Vulcanizados Zuloaga enpresak greban zeuden ekoizpeneko langile guztiekin, urte eta erdiko (617 egun) grebari amaiera emateko helburuarekin , lan baldintzen hobekuntzekin. Grebari amaiera eman zitzaion eta langileek disfrutatzeke zituzten egunak hartu zituzten. "Langileak, lan egin barik, lehen egunean Aldi Baterako Espediente Erregulatzaile batekin egin zuten topo", azaldu dio Mikel Etxebarria ELA sindikatuko kideak GEURIAri. "Enpresak lan-karga jaitsi zela argudiatu zuen baina guk argi eta garbi ikusi genuen ABEE hori diskriminatzailea zela grebalarien aurka eta greba bera egiteagatik zigor modura ezarri dutela".

Grebalari bat, pegatina bat ipintzen martxa batean // Geuria

"Langileak, lan egin barik, lehen egunean Aldi Baterako Espediente Erregulatzaile batekin egin zuten topo"

Etxebarriaren arabera, ondorio modura, grebalariak maiatzetik egon dira ABEErekin eta erantzun modura, ELAk errekurtsoa ipini zuen eta atzo bertan jaso zuten Bilboko Lan Arloko Epaitegiaren erantzuna: "Epaileak sententzian adierazi duenez, ABEEaren neurria baliogabea da arrazoi birengatik: alde batetik, kausak ez daude akreditatuta eta bestetik espedientea greba egitearen erantzun modura ipini dute", izan dira ELAko kidearen berbak. Sententziaren arabera, greba egitearen eskubidea eta askatasun sindikala bortxatu du Zaratamoko enpresak

"Horiek horrela, enpresak etendako lan kontratu guztiei berehala ekin behar die berriro, eta eraginpeko langileek jaso ez dituzten soldatak ordaintzera kondenatuko du Zuloaga", azaldu dute sindikatutik. Ondorio modura eta sindikatuak azaldu bezala, epaiak ELA sindikatuari 25.000 euro ordaintzera kondenatzen du enpresa, kalte moralagatiko kalte ordain gisa.

"Buruarekin" jokatuz

Sententzia errekurrigarria bada ere, "justizia egiten duela" azaldu du Etxebarriak: "Erabaki honek egoera txarrean utzi du enpresa"eta enpresak "burua jarri" behar duela azaldu du Mikelek: "Enpresak ulertu behar du bere langileak errespetatu behar dituela, inolako diskriminaziorik egin gabe. Langileek beren lan-egoera hobetu dituzte eta horixe bera errespetatu behar du Zuloagak. Ez dago besterik".

"Enpresak burua erabili behar du, langileek lan baldintza onekin lan egiteko prest daudelako"

ELAko kidearen arabera, enpresak, "burua erabili baino tripak erabili ditu" momentura arte, haserrearekin eta modu desegokian jokatuz: "Enpresak burua erabili behar du, langileek lan baldintza onekin lan egiteko prest daudelako".

Greba hasi zutenetik, grebalariek mobilizazio ugari antolatu dituzte Hego Uribe eskualde osoan zehar: Zaratamon (enpresaren egoitzan bertan zein udaletxean), Arrigorriagan, Ugaon, Galdakaon eta baita Zeberion ere.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamok txakurren Espainiako Obedientzia Txapelketa hartuko du lehen aldiz urrian

Ordutegiak erabakita ez badaude ere, jarduera egun osokoa izango dela aurretu du Marie Deitieux hezitzaileak eta edozein motako txakurrek parte hartu ahalko dutela azaldu digu

|

Marieren txakurra // Geuria

Datorren urriaren 14an txakurren Espainiako Obedientzia Txapelketa (ODU bezala ezaguna) hartuko du Zaratamok Gurutzaldeko futbol zelai ohian. Ekitaldia Zaratamoko 100% Orekan klubak antolatu du: "Urtean zehar ligarako puntuak jasotzen ibili dira parte-hartzaileak Espainian zehar antolatutako txapelketa ezberdinetan", azaldu dio GEURIAri Marie Deitieux 100% Orekan klubeko arduradunak.

"Klubeko kideok Toledon izan ginen joan den apirilean, Nafarroan ekainean eta Gipuzkoan uztailean, ligarako puntuak eskuratzen"

Ordutegiak erabakita ez badaude ere, jarduera egun osokoa izango dela aurretu du hezitzaileak: "Edozein arrazako txakurrek parte hartu ahal izango dute txapelketan eta izen emateak txapelketaren eguna baino aste bi lehenago zabalduko ditugu".

Txakurrek jarraipen probei, janariarekin antolatutako ariketei, euste eta bilaketa ariketei egin beharko diete aurre besteak beste, eta lau maila bereiziko dira guztira. "Klubeko kideok Toledon izan ginen joan den apirilean, Nafarroan ekainean eta Gipuzkoan uztailean, ligarako puntuak eskuratzen", azaldu du Deitieuxek. Zaratamoko klubak entrenamendu saioak egiten ditu astelehenero, 17:30ean.

100% Orekan klubeko kideak, Zaratamoko Gurutzalde zelaian // 100% Orekan

Frantziatik Zaratamora

Marie Deitieux Frantziatik Bilbora etorri zen txakur hezitzaile ikasketak egiteko, 2022ko irailean GEURIAn jaso genuen bezalaxe, ikasketa horien inguruko eskola gutxi zeuden Frantzian, gertukoena Parisen. "Ez nuen hain urrutira joan nahi. Horregatik etorri nintzen Bilbora. Bertan formazioa egiteko aukera topatu nuen".

Zaratamora heldu zenean 100% Orekan eskola sortu zuen, txakurrei oinarrizko obedientzia edo ODU ezagutzak irakasteko. Hasiera batean bere etxean bertan lan egin zuen txakurrekin, baina hilabete batzuk geroago, Zaratamoko Udalak Gurutzaldeko futbol zelai ohiko zati bat laga zion bere jarduera burutu ahal izateko. Gaur egun 17 kide ditu 100% Orekanek.

Espainiako Txapelketa Zaratamon lehen aldiz antolatzea "erronka garrantzitsua" da Deitieuxentzat eta Estatu mailatik herrira hurbilduko den jende kopurua kalkulatzea "zaila" dela dio hezitzaileak: "Txapelketa hau finala baino hilabete bat lehenago antolatu dugu eta puntuak lortzeko aproposa da. Horrela izanik jende asko hurbildu beharko litzateke Zaratamora, baina batek daki!".

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Urrian amaituko dituzte Arkotxako oinezkoentzako pasabideko lanak, Zaratamoko Santa Barbaran

Udal ordezkarien arabera, lanak iraila amaieran amaitzea aurreikusta dago eta pieza bakarra falta da pasabide biak lotzeko

|

Pasabide biak konektatuko diren lekua. Bertan ipiniko dute faltan den pieza // Geuria

Zaratamoko Arkotxa auzoko Santa Barbara auzoko Eusko Tren Sarearen trenbidearen gainetik doan pasabidea luzatzeko oinezkoentzako azpiegiturari egunak falta zaizkio inauguraziorako. Errepide gaineko pasabidea eta eraiki berri duten pasabide lotuko duen pieza faltan, Zaratamoko Udaletik iragarri dute lanak hilabete bukaeran bukatuko dituztela, ondo bidean.

"Lanak iraila amaieran amaitzea aurreikusta dago", azaldu dute udal ordezkariek. Abuztuan zehar pasabide biak lotuko dituen pieza sortu dute Igorreko lantegi batean: "Hilabete konplexua da abuztua, tailerrak itxita egon ohi direlako, baina arkitektoak adierazi duenez, pieza irailean bertan ekarriko dute Zaratamora eta ekarri bezain pronto montatzea da asmoa".

"Pasabide biak bateratzeak irisgarritasuna erraztuko du auzoan eta errekarekin konexioa ahalbidetuko du"

Exekuzio-aurrekontua 201.533 eurokoa da eta epea 10 astekoa izango zela aurreikusi zuten 2021eko apirilean sinatutako txostenean. Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak GEURIAri azaldu dio pasabide honen garrantzia "handia" dela: "Laupa bost urteko proiektua da honako hau eta jende asko emaitzaren zain dago", aitortu du Ugarrizak. "Pasabide biak bateratzeak modu nabarmenean erraztuko du auzoan irisgarritasuna eta errekarekin konexioa hobetuko du".

Pasabide berria, obretan, egun hauetan // Geuria

Orain arte, errepide gaineko pasabidea gurutzatzeko asmoa edo beharra duten herritarrek Olaganetik igaro behar dira azpiegituraraino. Jarraian, pasabideko eskailerak edo igogailura igo behar dira. Pasabidea igaro eta errekaraino hel daitezke. Urrats asko eman behar dituzte herritarrek. "Proiektu irisgarri honen bidez, Arkotxako frontoitik errepidearen beste aldera aldaparik gabeko ibilbidea egin ahal izango dute erabiltzaileek, auzoko espaloietatik zehar".

Zaratamoko alkatearen arabera, proiektu honen eragina nabarmenanagoa izango da etorkizunean, "gainontzeko irisgarritasun proiektuak burutzerakoan eta auzoa ordenatuko denean, hain zuzen ere". Pasabide berri honen onuradun nagusiak, beraz, adinekoak izango dira Ugarrizaren ustez, eta hasieratik "pasabide berria frogatzeko zain" agertu direla ziurtatu du.

Osorik irakurri