Nork ez ditu ezagutzen herri txikietako plazan egon ohi diren denda eta taberna? Komertzio gutxi egon arren, inoiz ez da falta oinarrizko produktuak saltzen dituen herriko denda eta lagunekin egoteko plazako taberna. Praktikoak, gertukoak eta beti prest. Halakoak izan ohi dira eta herritarren artean harrera ona izaten dute. Bada, kontzeptu horri helduta, Zaratamoko Udalak Elexalde auzoan duen plazako taberna biziberritu gura du.
Aurten bukatuko da kontratua eta baldintza berriak prestatu ditu Udalak. Orain taberna itxita dago -ez da alokairurik kobratu- eta azken urteotan kudeatu dutenek ez dute lehiaketa berrian parte hartzeko asmorik agertu. Kontratu berriaren baldintzak ekainaren erdialdean egingo den osoko bilkuran onartzea aurreikusten dute udal ordezkariek.
“Orain arte plazako taberna baliabide bat izan da, diru iturri bat jasotzeko bidea, bai Udalarentzat, bai esleipendunarentzat. Diru eskaintza zen baldintzetan nagusi. Orain, ostera, proposamen ekonomikoari garrantzia kendu nahi diogu, kobratu behar dugun gutxienekoa kobratu, eta ustiaketa proiektua gehiago baloratu”, adierazi du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.
Zaratamoko Elexaldeko guneak inguruan ez dauka komertziorik. Herrigunea berpizteko eta gutxieneko zerbitzua emateko proiektu bezala aurkeztu gura dute. Horretarako, ‘taberna-denda’ ideia berreskuratu dute. “Gure ustez, kontzeptu hori sortzea litzateke aproposena. Aspaldiko ostatuen estilokoa, herriko denda, taberna izateaz gain, oinarrizko produktuak saltzen zituena. Oraingo kafetegi-jatetxe izatetik, taberna-denda izatera. Uste dugu herritarrentzat proiektu hobeak aurkez daitezkeela, zerbitzu zabalagoa eta erabilgarriagoa emateko”, dio Ugarrizak. Berarekin plazako tabernara inguratu gara eta bertan langileak ari ziren lanean. Itxialdian taberna itxita egon denez, egin beharreko moldaketak egiteko aprobetxatu du Udalak: “Begira, jatetxearen zati batean apalak jarri ditugu, eta txoko horretan denda jartzea da asmoa. Txukun-txukun jartzeko ahalegin handia egiten ari gara”.
NEGOZIOA ZABALDU. Gai honekin bueltaka ari baziren ere, osasun krisiak eragindako itxialdia izan da klika. Herritarrek hilabete hauetan faltan bota dute oinarrizko produktuak gertu erosteko aukera: “Ideia herritarrekin partekatu dugu eta gustatu zaie, batez ere, negozioa zabaldu egiten delako. Ogia, esnea, letxugak, jamon york, solomoa, arrautzak… Hori guztia etxetik gertu edukitzea gauza handia da”. Horrekin batera, etxez etxeko zerbitzua edo prestatutako janaria saltzeko aukerak ere aipatu dituzte udal ordezkariek: “Sukalde elegante bat ere badauka, jatetxea ere izan baita. Baina, etxez etxeko zerbitzua edo janaria bertan prestatzea ere aukera bat da, denda bat izaki, oinarrizko produktuak bertan edukiko dituztelako. Etxez etxe janaria eraman, tabernan bertan prestatu eta jendeak bertan erostea… Aukera asko daude. Eta terraza ere badu, toki handia dago plazan bertan”.
Datozen egunetan taberna-denda izango dena ahalik eta hoberen atontzen jarraituko dute, proiektu berriak inbertsio handirik behar ez dezan.
