Eusko Labelen Lau eta Erdiko Txapelketa ostiral honetan (urriak 7) hasiko da, eta Danel Elezkano izango da lehiaketako lehen partida jokatuko duen pilotaria. Zaratamarra Artolaren aurka neurtuko da final-zortzirenetan Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) frontoian, 22:00etan.
Txapelketako bigarren egunean, berriz, larunbatean, beste zaratamar batek jokatuko du Lau eta Erdikoaren hirugarren norgehiagoka: Jaka eta Elordiren arteko partidaren ondoren (17:15ean), Urrutikoetxea Peña II.aren aurka lehiatuko da Zallan (Bizkaia). Agirre eta Darioren partidarekin, igandean itxiko dira final-zortzirenetako partidak.
Txapelketaren aurreko lau edizioetan egin bezala, irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira, eta bertan, Altuna III.a, Laso, Ezkurdia eta Peio Etxebarria zerrendaburuei neurtuko zaizkie. Hau da, Elezkanok irabaziz gero (B multzoan), Lasoren aurka neurtuko da urriaren 15ean, Iruñean. Urrutikoetxeak irabazten badu (A multzoan), Altuna III.aren kontra jokatuko du urriaren 16an, Gasteizen.
Lau eta Erdiko Txapelketa azaroaren 20an bukatuko da. Datorren hilean, Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko dute finala.
